lana

23
Ots
2010

Erreta

Burn outApurka-apurka nabil azkenengo Hizpideri kolpetxoa egiten. Azkenengo ale honetan artikulu ugari eta, orain artekoaren aldean, izen eta gai berriak agertu zaizkigu. Haien artean izenburutik bertatik arreta ematen duen bat: Burn out: irakaslearen ajeak.

Ilazki euskaltegiko Idoia Goñiren eskutik heldu zaigu artikulua (Ilazkikoa dela testua irakurrita jakin dut, ez lirateke txarto etorriko egileen aurkezpen zehatzagoak akaso, badakit garrantzitsuena edukia dela, baina pertsonak apur bat kokatzea estimatu egiten da, eta bera nahiz erakundearentzako meritua ere bada, ezta?), eta esperientzia pertsonaletik abiatuta gaia garatu eta euskaltegian garatzeko proposamen batera heldu da. Zertaz ari gara baina? Irakaslearen nekea, higadura profesional eta psikologikoa, desilusioa, pertsonaren abaildura.... erretzea deitzen den hori, ingelesez aspaldian burn out bataiatu zutena.

Jendaurrean lan egin behar dutenen gaitza ei da burn out hori: erizainak, gizarte-laguntzaileak., eta nola ez... irakasleak. Sintomak: akidura fisikoa, mentala, nekea, gogogabetzea, jarrera hotza, urruntzea eta isolatzea,  zinismoa, besteen gutxiespena, erruen banaketa indiskrimiatua, eta norberaren burua horrekin zuritu, defentsarako jarrera.

Gaitzaren deskribapen zehatza egin digu Idoiak: faseak, arrazoiak, teoriak, aldagaiak. Deskribapen argia, eta -esango nuke- ez zaigu kostatuko inguruan halako kasuren bat identifikatzea.

Ez, ez zait arrotza egin Idoiak kontatzen duena. Bere euskaltegian ere konturatu direla dirudi, eta lan-giroa zein langileen asetasun maila hobetzeko plana jarri dute abian. Irtenbideari begira, bereziki interesgarriak egin zaizkit aipamen hauek:

Horregatik, agerikoa izan arren, honako ideia azpimarratu nahi nuke: lan-giro egoki eta lasai batean lan egiten duen profesionalak formazio-maila altuagoa izaten du, lantaldeko kideekin ezagutzak trukatzen baititu, eta, horrela, aberasgarriagoa gertatzen da eguneroko Lana.

Eta beste neurri bi hauek:

  • Urraskako eta moduluz moduluko bilerak.
  • Lanean egiten diren bilera guztiek helburu zehatza izan beharko lukete. Honekin batera, hasiera- eta bukaera-ordua ere bai; bukatu gabe gelditzen denari hurrengo bilera batean emango baitzaio amaiera.

Edozelan ere bi gogoeta utzi dizkit artikuluak:

Lantokiko antolakuntza ez ezagutzea, lanaren nondik norakoak ez ulertzea izatean ei da arrazoietako bat. Gurera hurbiltzen diren lankide berriak etorri zaizkit gogora. Non sartu diren tamaina hartzeko informazioa, lan-giroa, komunikazioa aurkitzen dute? Zer eginak eta zelan eginak argi dituzte? Argitzen laguntzen diegu?

Beste kontu bat zeharka etorri zait gogora. Konpromiso, kontzientzia, militantzia edo dena delakoaren puntu handia duen lana ei da euskara irakaslearena, espektatiba handiak askotan, handiak bezain lausoak sarri, ilusio hori jarri da sarri jardunaren motore, baina jendaurrean lan egiteak, jendearekin, erraz zapuzten ditu ilusiook hori lurrera ekartzen eta arrazionalizatzen jakiten ez bada. Beharbada hor dago hainbeste erreduraren gakoa. Edo ez.

Edozelan ere, gomendatzeko moduko artikulua, eta, batez ere, hartaz pentsatzeko moduko gaia, arreta ematekoa.

11
Ots
2008

Lan-eskaintza AEKn

AEK-k lan-eskaintza zabaldu du bere webgune berrituan. Irakasleen, mintza-praktika dinamizatzaileen eta hizkuntz-teknikarien lan-poltsak osatu nahi dira.

Hau da eskaintza:

:: GUREKIN LAN EGIN NAHI DUZU? ::

LANPOSTU NAGUSIAK

  • Irakasle.
  • Dinamizatzaile mintza praktika egitasmoetan (berbalagun, mintzakide,...).
  • Teknikari normalkuntza planen diseinuan (AHIZE).

ZER ESKATZEN DUGU?

  • Euskaltzaletasuna.
  • Lanerako gogoa.
  • Erdi mailako titulazioa.
  • EGA edo baliokidea.
  • Arloaren araberako oinarrizko formazioa edota formazio hori jasotzeko gogoa eta disponibilitatea.

ZER ESKAINTZEN DUGU?

  • Lanaren arabera, jardun osoz edo partzialez aritzeko aukera.
  • Norberaren disponibilitatearen araberako lan ordutegiak.
  • Lan giro atsegina.
  • Euskal Herri osoan ari den erakunde baten partaide izatea.
  • Beharren araberako punta-puntako barne formazio ekimenetan parte hartzeko aukera.
  • Egun osoko jardunaren kasuan, 20.000 €-tik gorako urteko soldata gordina.

Pertsonal-falta aipatzen da azkenotan HEAren sektorean. Aho txikiarekin akaso, ez da erraz aitortzen den kontua eta. AEK-koek publikoan eskatzea erabaki dute. Baliagarria izango al da!

Sindikatu edukia