Ikasmaterialen argitalpena

Benito(e)k bidalita 2007, abendua 9 - 07:10(e)an.

material zaharrak Leire Narbaizak lehengo eguneko artikuluan hau idatzi zuen:

Horren harira, logikoa denez, gure baliabideak urriak eta zaharrak dira askotan. Material espezifikoa irakasle bakoitzak sortzen du, edo zentroak. Argitaletxeek ez gaituzte kontua hartzen. Eurendako gu farmazeutikendako gaixotasun arraroak dauzkatenak bezalakoak gara: gutxi eta etekin ekonomikoa, berez, hutsaren hurrengoa.

Ez da hura izan irakurri edo entzun nuen lehenengo aldia, ezta azkena ere. Argitaletxeak ez dira gurekin akordatzen, material gutxi argitaratzen dela, eta ondorioz eduki ere gutxi daukagula, zahartuta...

Durangoren egunak izan dira hauek, argitalpenak eta azoka berriro hizpide. Aurtengo katalogoa sarean daukagu eta handik pasatu ez naizenez, saretik kontsultatu dut. Guretzat badago ezer?

Ez da erraza katalogoan gai edo arlo zehatz batekoak kokatzea (iradokizuna: katalogoan argitalpenak kategoria edo gaika sailkatzea), hitz klabe, argitaldaria edo egilearen izenaren arabera egin behar da. Helduen Euskalduntzerako material didaktiko modura zer daukagun peskizan, nobedade gutxi aurkitu ditut.

Eta oraingoz ez dut beste ezer aurkitu. Egongo da zerbait. Hala bada esan mesedez.

Materiala argitaratzearen kontu hau ez dut garbi ikusten hala ere.

  • HABE izan da azken urteotan material gehien sortu eta zabaldu duena. Hala ere, materialon ohiko banaketa bideak barik, internet izan da berauek eskuratzeko bide nagusia. Ikasbilen bitartez gehien bat.
  • Argitaletxeentzat ez ei gara negozio. Ez dakit euskarazko argitalpenetan negozioa izateko muga non dagoen, baina esango nuke euskaltegiak ez direla argitaletxeek baztertutako nitxoa.
  • Orain arte material gehien argitaratu dituztenak euskaltegiak eta euskaltegi-sareak izan dira. Baina azken urteotan oso gutxi argitaratu da (ohiko formatoetan behintzat). Hala ere, materialgintza lana egiten jarraitu da. AEKn, IKAn eta beste batzuetan behintzat badakit horretan ari(tu) direla. Ez dira kanporatzen baina. Edizio arazoak? Argitaratzeko eskubideekiko arazoak? Kosto ekonomikoa?
  • Paperezko edo multimedia materialak diseinatu, editatu eta argitaratzeak kosto handiak dauzka. Baten batek oraindik pentsatzen du inorentzako diru-iturri oparoa izan daitekeela, baina (dirulaguntzak jasota ere) parra eginda pozik egoteko motibo nahikoa dagoela esango nuke.
  • Gure sektorean komunikazio teknologia berrietarako errezeloak ei daude. Hala ere, badago gurean ondo baino hobeto erabiltzen jakiten dugun teknologia: erreprografia, fotokopiak alegia.
  • Didaktikaren munduan halako sasoi "kaotikoan" bizi gara. Plistik arrazoia emango lidake seguruenik. Testu-liburuaren filosofia atzean utzita daukagula dirudi, teorian behintzat. Bestelako zerbait beharko litzateke, baina ez dugu zer asmatzen. Eta honek dakarren noraezean zaila da inor argitalpen proiektu handi bati ekiten ausartzea. Egokia izango ez delakoan, berehala zahartuko delakoan... Ez geu, ezta argitaletxeak ere.

Bitartean, irakasleen artean material berri gutxi dagoelako sentsazioa zabaltzen da, baliabide falta. Pertzepzioa errealitatearekin bat dator? Erabat ez esango nuke, baina pertzpezio horrek arrazoi argiak dauzka eta gainera ez du batere laguntzen.

Eta zer egin daiteke? Gauzak nondik nora dabiltzan ikusita honako irtenbide batzuk zirriborratu daitezke:

  • Euskarri eta kanal berrietara jo. Ikasmaterialen edizio-banaketa sistema tradizionalek (papera, CD-DVDa....) une honetan gehiegi mugatzen gaituzte. Ikasbilen banaketa eredua neuri behintzat arina, erabilgarria eta egokia iruditzen zait, edukiak kalitate eta erabilgarritasun handiago eta txikiagokoak izango dira, baina denbora, kostoa eta eskuragarritasuna asko hobetu dira.
  • Norberak argitalpenekin bere negozioa bilatu beharrean, euskaltegien artean (eta bestelako eragileekin: administrazioa, argitaletxeak, hezkuntzaren mundua...) kolaborazioa eta aliantzak gehiago landu. Interes eta behar izan komunak dauzkagu, eta batuta bakarka baino gehiago egin daitekeela uste dut.
  • Ikasmaterialak banatzeko "liburu" formatoa ahaztu. Une honetan ezin da itxaron ez dakit zenbat orrialde bete arte ezer editatu eta zabaltzeko. Bizkortasun handiagoa behar da, eta pisu gutxiago. Pilulen etengabeko hornidura nonbait. Hedabideen munduan gertatzen den antzera.
  • Materialgileak espezializatu eta dedikatu. Edozein irakaslek jakin beharko luke materiala sortzen edo egokitzen, bai. Baina gure sektorean dagoen lan bolumenarekin materialgintza zerbitzuak ezinbestekoak dira. Eta espezializazio horrek etengabeko prestakuntza dakar, bi arlotan: didaktikoa eta teknikoa.
  • Baina -web2.0 eta partekatzearen sasoi honetan ezin ahaztu- erabiltzaileek (irakasleek hain zuzen ere) euren edukiak zabaltzeko aukera ere beharrezkoa da. Gure material-ideia iturri nagusietakoa dira egunean-egunean klasea prestatzen dihardutenak, sortzeko, egokitzeko eta hobetzeko. 1.500 pertsona baino gehiago ari dira, hor asko dago konpartitu eta zabaltzeko, dudarik ez. Hori egiteko bideak eta motibazioa ematea da gakoa.

Horraino ailegatu naiz ni, eta hor dago kontua, eztabaidatzeko edo, hobeto, irtenbideak proposatzen hasteko.

Etiketak: | |
Benito (r)en bloga | View blog reactions

Erantzunak

Benitok ia dena esanda dago.

Edozelan be, nire gogoetatxoa jarri aurretik, gauza bat argi utzi nahi nuke: ondoren datorrena euskaltegiotan lan baldintza duin samarrak ditugunontzat dela; hau da, "lau eskola ordu, hiru gainontzeko zereginetarako" eskemara egokitu ahal garenok. Badakit mundu honetan ari diren nahikotxoren lan baldintzek ez dutela aukera handirik eskaintzen ur handiagoetan bustitzeko eta nahikoa dela eskola duin bat eskaintzeko baldintza minimoak izatea.

Hau argi utzita, tituluan diodana azpimarratu nahi nuke: asko balio dugu, gai gara material berria sortzeko, geu gara egokienak horretarako, geure ikastalde eta ikasleentzat pentsatuak eta diseinatuak baitaude. Honen osagarri leudeke Benitok komentatzen dituen hainbat kontu: materialok sortzeko eskura ditugun euskarri informatiko berriak, materialok konpartitzeko sortu beharko liratekeen informazio-sareak edo partekatzeko guneak... Ez dut inolaz ere uste "aitatxo HABEk" edo "amatxo AEK"k emango digutenaren "janaria"ren zain egon behar dugunik.

HABE aipatu dudala, berak kudeatzen "Ikasbil" gunea (behin baino sarriago esan dut) aspaldiko urteetan eskaini duen zerbitzurik onena, zentzukoena eta erabilgarriena da; orain, gainera, "Osatuz" zerbitzuak osatuta. Bertan eskaintzen diren dokumentu errealetan oinarrituta (eta hainbat kasutan lantzeko prozedurez edo-ta sekuentziez ornituta) makinatxo bat lan egin daiteke/dezakegu. Gogoan ditut garai haiek (duela 15-20 urteko kontuez ari naiz) Emakumearen Eguna, Eguberriak, Santa Ageda edo dena delako ospakizuna hurbiltzen zenean, zenbat eta zenbat denbora erabili behar izaten genuen egunari edo garaiari lotutako dokumentu ziztrin baten bila... Orain di-da batean eskura genezake handik edo hemendik, edonoren esku dauden bilatzaileen bidez, dokumentu egokia.

Beste kontu bat da lanketa prozedura eredugarriak eskaintzea eta partekatzea.Honen premia nabaritzen dut; baina premia honi erantzutea ere gure esku dagoelakoan nago.

Aitor (ez da egiaztatu) | 2007, abendua 10 - 18:56 | erantzun honi

Irakasle lanpetuen asuntua komentatzeko modukoa dela uste dut. Hala ere, uste dut batzuetan ikasmateriala sortzea gehiegi lotzen dugula ondo editatu, maketatu eta hornitutako dokumentuekin, edo liburuekin.

Eta ikasmateriala askotan jarduera baten kontakizuna, ideia bat izan daiteke beste barik. Honelako, honelako edo honelako zerbait adibidez.

Jakina horrelakoak egiteko gauza batzuk behar dira: zer kontatua eduki (baina askoren artean zer kontatua derrigor egon behar da), kontatzeko modua eduki (denbora, bideak, tresnak, trebezia,..) eta kontatu nahi izatea (motibazioa, trukean zerbait jasotzea, jarrera, ausardia...). Azken bi hauek dira kritikoenak nire ustez.

Ez da erraza izaten konpartitzen jartzea, areago inork ez badizu eskertzen, komentatzen edo baloratzen, inork ez badu zure modura egiten, eta gainera egiten duzunak meriturik ez daukala uste baduzu. Ahaleginak ez duela merezi sentitzen baduzu azken batean.

Ze, ahaleginak merezi duela sentituz gero beharbada lan-kargaren pisua arindu ere egin litekeela uste dut. Ala ez?

Benito | 2007, abendua 11 - 00:50 | erantzun honi

Esker bila bagabiltza, ikasleak eurak dira eskertzen lehenak. Ondo egindako lanak (hau da, mimoz, kariño pizka batez...) ia beti dauka bere ordaina.
Eta ikasleez gain, ondoan dituzun lankideak. Hortik aurrera, ikusteko dago.

Aitor (ez da egiaztatu) | 2007, abendua 11 - 10:45 | erantzun honi

Zer esanik ez, Aitor. Hori ondo egindako lanaren pagua da beti.
Konpartitzeagatik hartu behar den aparteko lana eskertzeagatik nabil ostera. Hori ez da hain erraz ematen eta sumatzen.

Benito | 2007, abendua 11 - 13:21 | erantzun honi

Baten bat faltako zela, eta halaxe da.

Elkarrek 100 ARIKETA EGA AZTERKETAKO IDAZLANA ERRAZ EGITEKO atera du, Josu Erkiagak egina.

Ez dakit Durangorako ala lehenagokoa den. 2007koa dauka argitalpen data behinik behin.

Inork aztertu du? Zelan dago?

Dena dela, 3. maila datorrela ez dakit izenarekin asmatu duten.

PD: Liburu hau ez dator bakarrik, Roberto Tejera-Bollainek atondutako Portugoieta sortako beste hiru hauekin dator (batzuk lehenago argitaratuta daude):

Elkar-ekoak euskaltegietan eskaintza egiten ei dabiltza gainera. Ez gara ahaztutako nitxoa, ez.

Benito | 2007, abendua 13 - 19:24 | erantzun honi

Aldatu beharko litzateke gaur egun "argitaratu" hitzaren esanahia. Biderik eraginkorrena, nire ustez, dena (testu, liburu, bideo, entzungai, argazki, power-point...) sareratzea da. Aurreko euskaltegiblogs&beers hartan zirriborratutakoaren haritik, adibidez (scribd...). Kontua da horrek eskatzen duela nolabaiteko zentralizazioa; Ikasbil paralelo baten antza izan lezakeena. Horretarako ezinbestekoa litzateke euskaltegi guztietan irakasleen eskura ordenagailu asko eta onak, banda zabalera nahikoa... "Konekta zaitez" haren antzekoa euskaltegientzat. Eta jakina, irakasle bakoitzaren prestakuntza teknikoa eta -zailena dena, agian- irakasle bakoitzak bere material kutuna musutruk partekatzeko borondatea.

Josu (ez da egiaztatu) | 2007, abendua 14 - 13:57 | erantzun honi

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
  • Lineak eta paragrafoak automatikoki egiten dira.
  • Link to content with [[some text]], where "some text" is the title of existing content or the title of a new piece of content to create. You can also link text to a different title by using [[link to this title|show this text]]. Link to outside URLs with [[http://www.example.com|some text]], or even [[http://www.example.com]].
  • Web and e-mail addresses are automatically converted into links.
  • Use <!--pagebreak--> to create page breaks.
Formatu aukerei buruz informazio gehiago Captcha Image: you will need to recognize the text in it.
Tekleatu goian ikusten dituzun letrak edo zenbakiak, mesedez.

Azkenak

Harpidetu (RSS)

Harpidetu

Bloga Webgunea Feedburner Erantzunak

opml Gure jarioak(OPML)

xFruits Karraju "guztiak": Xfruits


Bloglines-en harpidetu
Markatu del.icio.us-en

Mugikorretarako bertsioa


Creative Commons License
lan hau
Creative Commons-en baimen baten mende dago.

Jarraitu Karrajua e-postaz

Sartu hemen zure e-posta

Iruzkinak eta erantzunak e-postaz jarraitu



Powered by FeedBlitz


Send Me A Message

Estatistikak