15
Aza
2006

Moodle talde-lanerako (AEK-ko beste esperientzia bat)

HABEk, badakizuenez, Moodle-era ekartzen dabil bere on-line jarduera. www.ikasten.ikasbil.net gunea atondu eta apurka-apurka formazio ikastaroak berton sartzen dabil.

Aurreko plataforman ez bezala, oraingo honetan badirudi norberak eman dezakeela izena. Nik halaxe egin dut eta arazo barik eman dit alta. Ikastaro zerrendatxoa dago: Osatuz-en ingurukoak, Irakurmena lantzen eta Internet didaktikatzen formazio ikastaroak, 4. maila, Moodle arazo eta galderak, eta Erakunde planteamenduak izenekoa. Azken hau, dirudienez eta asteon euskaltegietara zabaldu duten gutunean diotenez, ez da ikastaro hutsa, lan-taldea baino. Moodlek eskaintzen dituen tresnak ikaskuntzarako barik talde-lanerako erabiliko dituzte dirudienez. AEKn horrekin eduki dugun esperientzia kontatuko dut, zerbaitetarako balio badu-edo.




Duela urtebete hasi ginen. Moodle lantzen hasi ginenean konturatu ginen formaziorako eta on-line ikastaroak eskaintzeko ez ezik gure arteko komunikazio eta lan-tresna modura ere erabiltzeko aukera ematen zuela. Horrela bada, intranet modura guretzako gunea antolatzea eta probatzea erabaki genuen (sentitzen dut, gustura erakutsiko nizueke barrukoa, baina ez dago nire esku). Arrazoiak?:

  • Kezkatuta genbiltzan batzuk aspaldi komunikazioarekin eta leku desberdinetako jendearen arteko elkarlanarekin. AEKren moduko sakabanateka geografikoa duen erakunde baten komunikazioa eta ezagutzaren konpartitzea, plazaratzea eta biltzea errazten duten tresnen beharra bistakoa da.
  • E-posta eta telefonoa arinak eta eragingarriak izaten dira, baina komunikazio horren segimendua eta biltzea konplexu egiten da. Interesatu guztiak gehiago batzen dituen zerbait behar da. Erreferentzia gunea-edo. Azpiegitura tekniko minimoa behintzat bagenuen (zerbitzaria, sarea, konexioa,...).

Honela bada, Moodle aztertzen hasi eta guretzako hasiera baten tresna eragingarriena foroak izan ziren (eta dira) dudarik gabe. Interesatu guztiak "enrolatu", eta badakizu foro horretara bidaltzen duzun guztia denei helduko zaiela (e-postaz bidaltzea aktibatuta), eta "elkarrizketa" horiek gainera hor geratuko dira artxibatuta, kontsultatzea eta jarraitzea erraztuz. Horrez gain, talde bakoitzarentzat gune horretan baliabide gehiago eskaini ahal dira: behar diren fitxategiak artxibatzeko lekua, dokumentazioa eskaintzeko gunea, bozketak,... Haiek ere apurka-apurka erabiltzen hasi ginen. Une honetan lan-talderako eta dokumentaziorako wikiekin hasi gara, dokumentu sinpleekin gehien bat (aktak, gai-ordenak, zerrendak, txostentxoak....). Hala ere, foroak dira oraindik ere taldeen ardatzak.

Holantxe hasi, eta urtebetea eginda honako ondorioak atera ditut:

Arazoak, kezkak eta oztopoak:

  • Hasierako shock-a eta teknofobia. Erabiltzaile gehienentzat hasieran apur bat martzianoa egiten zen. Ez zeuden ohituta horrelakoekin eta gainera konplexuak agertzen ziren: "nik ez dakit informatikaz", "betikoa da onena", ...
  • Komunikazioarekiko jarrerak. Deigarria egin zitzaidan zelan erabiltzaile batzuentzat derrepentean gure arteko informazio joan-etorria areagotzeak ito egiten zituen, parrastadarako ez zeuden prestatuta nonbait. Shock hau dena dela, uste dut azkenean neurri baten baliagarria izan dela leku desberdinetan diharduen jendearen arteko kohesioa areagotzeko. Kontu deigarria egin zitzaidan hala ere orduan nola azaleratu ziren komunikazioarekiko jarrera uzkur batzuk, teknofobia hura batzuetan plazara irtetea ekiditeko atxakia baino ez zela-edo susmatu nuen batzuetan. Oso kasu gutxi hala ere baina kezkagarriak. Hala ere, euskaltegiblogintza (eutsi horri palabroari!) honetatik ere halako diagnosia egin dugu inoiz, publikora eta idatzira irtetea kostatzen zaigun sektorea gara.
  • Trebakuntza. Moodle-ekin erabiltzaile aritzeak ez dut uste aparteko trebeziarik eskatzen duenik, berriaren aurreko ikara izaten da arazo nagusia, baina trebezia eta ohitura batzuk ere eskatzen ditu. Bi gehien bat: sarea eta honako komunitate birtualaren funtzionamendua konprenitzea batetik, eta idatzizko komunikazioan trebakuntza eta ohitura hartzea bestetik. Azken hau dela-eta, konturatu nintzen oso ohituta gaudela berbaz funtzionatzen, aurrez aurre edo telefonoan, eta jende askok arazoak dituela gaur egungo teknologia berriek eskatzen duten idazkera arina eta zehatzera etortzen, idazlan eta txosten asko gure bizitzan nonbait. Beste alde batetik administratzaileok ere ikasiz joan gara erabili ahala, eta hori, hasieran gehien bat, igarri egiten zen.
  • Teknikoak: esan bezala, Moodle ez dago honetarako pentsatuta, baina funtzionalitateen aldetik, oztopoa integratutako tresnen potentzia edo diseinua izan da gehiago aukera falta baino. Arazo tekniko hadiena hala ere, AEKide guztiei e-posta helbide bana eman ezina izan da, horrekin batera guztiei ordenagailua lanean erabiltzeko modu erraza eman ezin izana.
  • Erabilera. Oso desberdina izan da taldeen arabera. Batzuek berehala hartu zuten ohitura berton jarduteko baina beste batzuei aukera eman arren asko kostatu z(itz)aie(n) hastea. Beste arazo bat nire ustez, honako gune bati lan-taldeearentzako funtzionalitate zehatzik ez aurkitzea izan zen. Gune bat daukazu baina, aukerak ez ezagutzeagatik zein behar izan edo motibazio zehatzik gabe hilda geratzen da. Azken baten blog askori gertatu zaien fenomeno berdina dela uste dut.
  • Lan-taldean aritzekoak. Hau berez, ez da arazo teknologikoa edo Moodle-ekikoa, baina ispiluarena egin duela uste dut: erantzunik gabeko proposamenak eta mezuak, amaierarik gabeko eztabaida hariak ondorio batera heldu gabe, dibagazioak, elkarri zer esanik ez daukaten taldeak... Orain bistan daude horiek guztiak, aztertzeko eta hobetzeko tresna bat daukagu sikieran.

Ekarpenak, alde positiboak eta alegrantzia apur bat eman digutenak:

  • Erabiliaren erabiliaz, esan bezala, AEKide batzuen artean kohesioa eta komunikazioa hobetu dela uste dut.
  • Orain arte ezinezkoak ziren jarduera batzuk martxan jartzea ahalbidetu digu: on-line ikastaroak, leku ezberdinetako jendearen taldeak,..
  • Moodle erabiltzen eta posibilitateei etekina ateratzen ikasi dugu
  • AEKide asko tontamentean beldurra galtzea eta trebatzea lortu dugu.
  • Ikasturte amaieran erabiltzaileen artean egin genuen inkestan balorazio ona jaso zuen ekimenak.
  • Aukera berriak lantzen hasi gara. Wikiak adibidez, izenarekin bakarrik ikaratzetik batzuk gustura erabiltzera pasatu gara. Chat-a ere erabili dute batzuk gustura.
  • Teknologiarekiko beldurra urratzen hasi gara.
  • Erabileran sistematizazioa lortu dugu arlo batzuetan: eztabaidak, ekarpenak...
  • Foro orokorren bidez gehien bat, hainbat asuntu mahaigaineratu eta eztabaidatzeko aukera izan dugu, bilera luze eguna-jarri-ezin eta dena-tratatu-ezinekoetan ibili behar barik, gainera besteena aztertzeko eta pentsatzeko denborarekin.

Erronkak, hemendik aurrerakoak, ondorioak eta amaitzeko bota behar diren horietakoak:

  • Moodle-ek espero ez diren aukerak ematen baditu ere, tresna hobeak daude eta seguruenik hemendik aurrera, jendea sarearen munduan trebatzen hasita dagoela, haietara jo beharko dugu, Groupware aplikazioak edo CMS indartsuagoetara (Postnuke eta Drupal-ekin ere ari gara). Bestalde, web2.0 delakoaren tresnetara ere hurbiltzen hasi beharko dugu (wikiak, fitxategie eta irudien biltegiak, sareko bulego aplikazioak, ...eta bai, blogak).
  • Teknologiaren inguruko formazioan eta trebakuntzan aurrera jarraitu beharko dugu. Moodle ikastaroa zabaldu genuen iaz eta aurten berriro hasi gara. Dagoneko 30 lagunetik gora ibili dira trebatzen. Honez gain, sasoia da teknologiaren inguruko formazioa eta ezagutzaren bidez aplikazio gehiagotara zabaltzeko, jarduera didaktikora gehien bat.
  • Hobekuntza gunea erakundearen beste arlo eta sail batzuetara zabaldu behar dugu. Didaktikariak izan dira aintzindariak baina orain kudeketa, komunikazioa, administrazio eta, jakina, irakasleak eurak gurdian sartzen joan beharko dugu. "Eske ni informatikaz....." horrekin berriro hasi beharko dugu borrokan.
  • Komunikaziorako eta konpartitzerako jarrerak sustatzen segitu behar dugu. Teknofobia gainditzearekin batera, gurea bezalako erakunde bati honek guztiak onura gehiago ekarriko digu kaltea baino. Hala ere, ez da erraza izaten (enpresa munduan ohikoa izaten da dirudienez). Hori bai, teknopop-ekin jendea itsutzeko eta engainatzeko tentazioan jausi barik, hau da, benetako erabilera eman behar zaio honi, erakunde barruko lan-tresna bihurtu, eta ez jostailu. Ezagutzaren eta komunikazioaren nondik-norakoak sano dabiltzan aldatzen, eta gaur egin ezik, bihar berandu igual.

Tira ba, hau izan AEKn urte honetan Moodle-ekin gertatu denaren neure pertzepzioa, proiektuaren barrutik. Ez dut bolanderarik botako, ez da hainbesterako eta, balorazio orokorra ere ez da 10koa izango, nekosoa izan da, dena ez dira loreak izan, (bueno, galdetegi batzuetan bai, kemaj@@@@s!). Baina (baina bat espero zenuten, ezta?), ni neu gustura nabil geure obra ikusita... tira, ...ez hainbeste, asko daukagu aurretik eta... 1.7a instalatuta igual, ze esan didate dakarrela....

Ea ba, Inori laguntzen badio, hau izan da gurea orain arte. Eta inork nahi badu hemen gaude.

emandako informazioa osatuz

Iñaki Murua (ez da egiaztatu)-(e)k 2006, Azaroa 17 - 15:41-(e)an bidalia.

Benito, ematen duzun informazioa osatze aldera:

  1. Egitasmoa eta Memoria taldea 2002ko abenduan jarri zen abian HABEren Irakaslearen gunean, plan zabalago baten baitan; lau urteko ibilbidea du, alegia. Hau honela, eraberritzearen emaitza da aipatzen duzun Erakunde Planteamenduak lan-taldea. 
  2. Erakunde hezitzaile bakoitzak izendatu ditu bere ordezkariak "Egitasmoa eta memoria" taldean orain arte. Bestela esanda, partaidetza borondatezkoa izan da. Alderdi honetan ez dago oraingoz aldaketarik: taldea itxia izango da baina atxikitzea askea. 
  3. Hausnarketarako tarteak izan ditugu urteotan eta, besteak beste, partaidetzaren inguruko ikerketa burutu dugu aurtengo udaberrian. Ikerketa horren berri HIZPIDE aldizkarian ateratzear dago. Hartu diren erabakietarako baliagarri izateaz gain, kanpoko foroetan izan du oihartzunik, EDUTEC kongresuan esaterako.

Adeitasunez,

Iñaki Murua

Bai, egia esanda geurea

Karrajua-(e)k 2006, Azaroa 17 - 17:26-(e)an bidalia.

Bai, egia esanda geurea kontatzeko presarekin kontua nondik datorren ondo azaldu gabe utzi dut. Badakizu, blogeoaren azelerazioa. Eskerrik asko azalpenagatik. Ikerketa horren zain geratzen gara. Lehenago zerbait aurreratzen ez badiguzue behintzat.

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia