05
Abe
2007

Literaturaren koloreak

Hilean behin hartzen dugun dositik aparte, egunotan ustekabean-edo literaturarekin egin dut topo hiruzpalau biderrez segidan.

Blogosferan hasi zen. Blog honetan euskaltegian eman dioten liburu-zerrendatik zeintzuk aukeratu aholku eske dabilen ikaslea lehenengo. (Liburu ezagunak batzuk, euskaltegiko klasikoen zerrenda egiteko moduan gaudela iruditzen zait). Gomendiotxo pare bat eman diot lagunari.

Blog hori Iñaki Muruaren blogrollean dagoela konturatu naiz ondoren, eta Iñakirenean hain zuzen ere, mezu batean aipu hau topatu dut:

...irakurri aditzak, maitatuk bezala, ez duela agintera jasaten. Are, nire irakasle garaietan baieztapen hori praktikan jartzen saiatzen nintzen.

Ondoren, RSSan Camille Fauquetik  mezu berria: Jon Arretxeren Zazpi Kolore liburuko pasartetxo bat. Ondo.

Bazkaltzeko ordua. Irten eta Bilboko Zazpi Kaleetan zehar etxerantz, Joan Santuen elizaren aurrean (Santos Juanes gure artean) halako rastro edo merkatu txikia, misioetarako edo dirua batzen. Zer dago ba?

Mahai batzuen gainean, trastoak, arropak, apaingarriak eta liburuak, denak zaharrak, jendeak emanda. Liburuen mahaian geratu naiz, kolore eta adin guztietakoen artean hara non dagoen Arretxeren Zazpi Koloreren ale bat.

Hartu, zabaldu eta hau ikusi dut:


zazpi kolore

Erosi egin dut.

Aulki bat elurretan

plisti-plasta (ez da egiaztatu)-(e)k 2007, Abendua 5 - 17:11-(e)an bidalia.

Ze arrazoi duen Iñakik irakurri eta maitatu aditzek ez dutela aginterarik jasaten dioenean!

Zubia bertan dugunez, didaktika eta halako kontuekin baino gozamenarekin zerikusia duen gomendio batekin natorkizue gaurkoan: Aulki bat elurretan Uxue Alberdiren liburua. Aspaldion irakurri dudan libururik onena da, ezbairik gabe. Astiro eta plazerrez dastatzen diren horietakoa: delicatessen hutsa.

Ez naiz ikasle horri gomendatzen ausartu, egia esan. Ez dakit zuk topatu duzun Arretxeren Zazpi Koloreren aleari bezala beste hiru erantsiz goza edo sufritu egiten den eta.

Aipagarria baita ere Katixaren Sua falta zaigu.

Badakizue, bada, egunotan eguraldi txarra egin arren, elurretan dagoen aulkian esertzen ausartzen bazarete, ez zaizue ezer faltako, ezta surik ere.

Gomendioak

Benito-(e)k 2007, Abendua 5 - 20:00-(e)an bidalia.

Aspaldian idatzi nuen zerbait literaturaz eta ikasleez, Xabier Mendigurenen artikulu baten harira. Orain irakurri dut berriro eta funtsean iritzi berdina daukat gaur egun ere.

Klaseak eta literatura dela eta ez dela, galdera bi planteatuko nituzke, asteburu luze honetan edo geroago erantzuteko:

  • Zer lortu nahi dugu euskara klasean literaturari dagokionez?
  • Egiten dugunarekin zer lortzen dugu?

Gomendioetan konforme zurekin erabat, liburu biak asteburu luze batean epeltasunean irakurtzeko gomendagarriak oso.

Euskara ikasle bati liburuok bikainak diren arren ez nioke ezer ziurtatuko hala ere. Harentzat literatura irakurri nahi/behar badu beste gomendio bat daukat:

Irakurri hau (paperzalea bazara, Durangon daukazu)

Erantzunak

plisti-plasta (ez da egiaztatu)-(e)k 2007, Abendua 5 - 20:36-(e)an bidalia.

Zer lortu nahi dugu euskara klasean literaturari dagokionez?

Egiten dugunarekin zer lortzen dugu?

Zeharka erantzungo dizut. Nire ustez, zenbaitetan literaturaz baliatu egiten gara euskara lantzeko. Ikasleak liburua irakurtzean lexikoari edo egitura jakin baten erabilerari erreparatzen dio halakoetan. Zilegi da, baina neurriz. Ez dut uste honetan geratu behar dugunik, inola ere. Fokusa ezin da beti hizkuntzan egon.

Beharrezkoa dugu beste fase bat, non hizkuntzaz baliatuko garen literaturara heltzeko. Ikasleak liburua irakurtzean bere sentimenduak pizten dituenean: dela melakolia, dela umorea, dela jakinmina... arituko gara fokusa literaturan ipintzen.

Badakit faktore askok eragiten dutela jauzi honetan: mailak, irakurzaletasunak... eta kontuak ez direla txuri ala beltz. Baina , hala ere, literatura gehiegi instrumentalizatzen dugun sentsazioa daukat batetik eta , bestetik, geure gustuak gehiegitan inposatzen ditugulako ustea.

Literatura konpartitzen

aitor (ez da egiaztatu)-(e)k 2007, Abendua 11 - 12:25-(e)an bidalia.

Mezu hau, alde batetik, gorago dagoen ikasmaterialen ingurukoarekin lotu nahi nuke. Bertan aipatzen nuen, besteak beste, irakasleok eguneroko lanean sor ditzakegula material egokiak; eta, bestetik, bultzatu egin beharko genukeela materialok partekartzea.

Ildo honetatik, gure euskaltegian hainbat literatur lan jorratu ditugu ikasleekin urteotan. Besteak beste, eta azkenak aipatzeko, honako hauek nabarmenduko nituzke:

- Karmele Jaioren "Hamabost zauri" (Idazlea bera etorri zaigu birritan eta mintza-saio benetan interesgarriak izan ditugu berarekin)Dakizuenez, narrazio laburrak dira eta, salbuepenak salbuespen, ulerterrezak eta, batez ere, iradokitzaileak.
- Idazle beraren "Amaren eskuak". Eleberria. Ulerterreza eta ziraragarria.
- Ana Urkizaren "Bekatuak" Zaila da generoa definitzen, narrazio laburrak eta aipu laburrak nahasten baitira.
- Jokin Muñozen "Bizia lo" Duela bi urteko Euskadi Saria narrazio laburrez osatua dago. Goi mailako ikasleentzat delakoan nago eta literatura aldetik, bikaina, ederra.
- Mari Asun Landaren "Kokrodiloa ohe azpian"
- Jasone Osororen "Korapiloak" Ariketa interesgarri bezain dibertigarria da; izan ere, liburu hau osatzen duten narrazio laburrak elkarrekin loturik daude eta oso erakargarria da barne-lotura horien peskizan aritzea.
- Unai Elorriagaren "SPrako tranbia" eleberria, orain dela urte batzuetako Euskadi Saria.

Une honetan prestatzen ari gara "Mendaroko txokolatea" intrigazko liburuaren lanketa eta Karmele Jaioren "Zu bezain ahul" liburuarena. Honetaz ari naizela, Plistik "Aulki bat elurretan" liburuaz esan duenaren antzekoa esango nuke: benetan liburu gomendagarria; irakurterreza bezain iradokitzailea; ezin aproposagoa ikasleekin lantzeko. Goi mailakoak ertainekoek baino zuku gehiago aterako diotelakoan nago, azaleko ulermenetik haratago asko baita lerro artean sugeritzen dena. Ederra, benetan, nire iritzirako.

Ez dira beste munduko lanketak, etxe barrurako baizik. Beren helburua liburuaren muinera joaten laguntzea da, literaturaz gozatzen ere laguntzea: eta, horrekin, euskaltzaletzea, deskubritzea zer nolako gozamen-iturri izan daitekeen euskaraz jakitea, zer nolako munduko ateak irekitzen dizkigun.

Aurkeztutako zerbaiten interesik izanez gero, esan eta bidaliko dizuet. Esan bezala, ez pentsa altxorra aurkituko duzuenik. Altxorra, inon egotekotan,liburuan bertan aurkituko duzue.

Harremana

Karrajua-(e)k 2007, Abendua 11 - 14:00-(e)an bidalia.

Eskerrik asko eskaintzagatik Aitor.

Ohartxo bat dena dela. Karrajuan iruzkina publikatzen denean zeure izena baino ez da ikusten eta ikusten duten guztiek ez dakite zurekin harremanetan zelan jarri.

Erantzun batean eskatu ahal dizute eta euren e-posta helbidea eman, edo zeuk ere eman ahal duzu. Hala ere, kasu bietan spam-agatik eta ez da oso gomendagarria e-posta helbidea agerian uztea.

Helbidea publikatzerik nahi ez baduzue, eta baten batek materialotan interesa badauka, Karrajuko  harreman-formularioaren bidez idatzi ahal diguzue eta geuk berbidaliko diogu mezua Aitorri.

Literaturaren koloreak

felipe (ez da egiaztatu)-(e)k 2007, Abendua 9 - 17:54-(e)an bidalia.

Ez dakit oso literaturzalea den liburua hala erabiltzen duena, baina euskara ikasteko duen grina itzelezkoa dela uste dut.
Bestalde, ezagutzen ez ditugun berba guztiak hiztegi batean bilatzea ez dela ikasteko metodorik onena begitantzen zait.
Azkenik, ikasle horri ikasitakoa euskaraz dakiten lagunekin edo ezagunekin hitz eginez dela euskara ondo jakiteko bidea.

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia