31
Mai
2006

Zapatuko plana


Mintzalagunblogak zapaturako kanpainan dabiltza.

I. mintza-eguna dugu, Euskal Herrian mintzapraktika egiten dabiltzanak ez dira bigarren dibisiokoak daborduko, eurek ere euren eguna daukate orain.

Egun hau ez da bereziki nabarmenduko ez ohiko prentsan ez euskalgintzaren medioetan seguruenik. Partaide kopurua ere ez da inondik ere Ibilaldia eta enparauen bestekoa izango. Partaideok gainera ez dira joango medioetan bala-bala dabilen makrojai batera, euren betiko jarduna beste leku baten egingo dute beste barik, jai giroan eta lagungiroan,... eta seguru egun honetan inor ez dela kexatuko jendetza bai baina denak erdaraz eta halakoekin.

Euskalgintzak eta euskaltegiok gutxietsitako fenomenoak izan dira mintzalagunen kontu hau eta  orohar euskara praktikatzearena. Eta ez dut zergatia ondo ulertzen.

Euskara erabil dadin bi gauza behar dira besteak beste: hizkuntza ondo jakitea, eta hizkuntza erabiltzeko aukerak. Hizkuntza praktikatzea ezinbesteko osagaia da bigarren hizkuntzaren ikaskuntzan, hori Kutsidazu bidea Ixabel-en protagonistatik hasita umea EEBBra bidaltzen duten gurasoetaraino asumitzen da. Motibazio pittin bat daukan edozein ikaslek bilatuko du praktika hori. Ez dugu ezer deskubritu ez baina hizkuntza ondo menperatzeko tresna bati ez diogula behar besteko garrantzirik ematen sumatzen dut.

Bestalde, gurea bezalako hizkuntza baten kasuan praktikak beste bide bat zabaltzen du, hizkuntza praktikatzea erabiltzea da, eta praktikatzen duten horiek gutxi-asko erabileraren kantitatea ez ezik, euskaldunen arteko harreman sareak, hizkuntz ohiturak eta harekiko jarrerak ere onerako ari dira aldatzen, ikasi dutenari zentzua ematen eta sarritan (neure berbalagunekin konprobatu dut) gurditik tiratzen ere bai: jende gehiago ekartzen eta animatzen eta irudi positiboa ematen.

Ez dira hauek bakarrik euskara salbatuko dutenak seguruenik, eta Iruñean batuko diren berrehun, hirurehun edo laurehun lagunei Ibilaldietako milaka partaideen besteko zorionak, eskerrikaskoak eta bibak ez zaizkie dedikatuko. Ez dute espero izango gainera, ezta eskatuko ere. Euskaraz egiten, lagunartean eta jende berria ezagututa zapatua gustura emanda konformatuko dira.

Ez dakit zergatik baina niri zapatuko planak beste askok baino ilusio gehiago egiten dit. Burlatako aperitifagatik igual? Ala Atarrabiko bildotsa izango da?

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia