Blogak

04
Aza
2009

Lehengo lepoko sorpresak

Eusko Jaurlaritzaren aldaketak Helduen Euskalduntze-Alfabetatzearen bazter hauetara zer ekarriko zuen galdetzen hasi ginen duela hilabete batzuk. Eta, egia esanda, orain arte ez dugu aparteko berrikuntzarik edo berririk jaso, kargu aldaketa pare bat kenduta.

Aurrekontuetan ere berri gutxi, hobeto esanda, berririk ez, edo -nondik ikusten den- bai. HABE da diru-murrizketatik salbatu den bakarra antza, euskararen inguruko politikan bazterrak aztoratuta dabiltzan egunotan hori zerbaiten seinalea izango da, ez dakit zerena baina...

Eta gu zain, zer etorriko eta... gaur gutuna heldu da, HABEtik HABEren gutunazal ofizialean. Zer da ba (pdf eta hemen Ikasbileko lotura)?

"Sinposioa" irakurri dut. Dio! Bost hogerlekoko berbak dabiltza hemen. HABE eta EALTA... dedio! Kategoria ere badabil gero! "Ebaluazioan eta hizkuntza-probetan jokabide egokiak sustatzeko gida-lerroak". Dediole! Serioa da hau ba! Ondoren titularreko subjektu-objektu horiek perpaus konposatuan apaindu dizkigute dagozkion leku-denbora osagarriekin: "Ekitaldia 2009ko azaroaren 13an izango da, 09:00etatik 17:00etara, Donostiako Teknologi Elkartegiko Auditorioan...". Azaroaren 13an? Hori datorren astea da bata! Jeseus! Horrelako gauza serio-kategoriakoetarako ez dira ez dakit zenbat hilabete lehenagotik kanpaiak soltatzen. ala?

Beherantz segitu eta, joño! Good Practice-Buenas prácticas. Internazionala! Hortik aurrera HABEren siglak behin eta berriz, baina sarrera inpaktantea izan da, duda barik.

Hau ez da txikiteoaren erdian derrepentean antolatzen den afaria, ez. Eta orain derrepentean dator horrela? Despistatuta ibili naiz?

Inguruan galdetu dut. Zuek honen berri? Ez,ez, ez.... Ene! Asko da ba!

Zer ote den hausnarrean hasi eta, aaaaamigo! Erregalua gordeta eduki digute. Aldaketak etorri dira, HABEk horrelako sorpresak emango dizkigu hemendik aurrera. Espero ez duzula, tak! To sinposioa! Hurrengoa zer izango? Jakin minaren ilusioa piztu digute. Ole!

Gustatzen zaizkit sorpresak. Txikitan errege magoei gutunean direnak eta ez direnak eskatu ondoren ekarritakoak ikusita hartzen nuen sorpresa gehien bat.

Hori bai, espero dezagun sorpresa hauek ez etortzea "ebazpena" edo "xedapena" abizenekin, baten batek ikatza ekarri diotela pentsa dezake eta.

Hala ere, esango nuke sorpresazaletasun hori ez dela sorpresa izan, ezta?

PD: egiaztatze probekin zerbaitetan dabiltzala dirudi. Ea datorren ostiraleko horretan zer kontatzen duten. Sorpresa gehiago akaso.

12
Urr
2009

Uribarriko gau-eskola aurrera doa

Lagun batek kontatu zidan behin ingeles-hiztun batekin elkartu zela Bilbon eta ingeles arinaiztarrean "city" hitzarekin definitu zuela lekua, ingelesdunak zuzendu-edo egin ei zion: Bilbao "city" berbara baino gehiago hurreratzen dela "town" adierara. Ez da hain handia alegia.

Bilbaino batentzat ingelesaren bereizketa horiek (hala baldin bada) purrustada edo bilbainada bat botatzeko modukoak izango dira seguruenik. Bai, bistan dago Bilbo ez dela ez London, ez New York, ez Sidney (gura lukete haiek ba!), baina mundu asko daude Pagasarri eta Artxanda bitarte honetan. Titaniozko museoa eta erreka bazterreko paseo horietatik alboetarantza apur bat eginda.

Era berean, Bilbo izango da euskara jende heldu gehien ikasten dabilen udalerria, euskaltegi eta ikastegi asko eta jendetsuak, Boluetatik Zorrotzaraino, baina mapamundiko mundu guztietan ez dago aukera hori ziurtatuta: Uribarri, Zurbaran, Otxarkoaga, Abusu edo Errekalde lako auzo jendetsuetan ez dago helduek euskara ikasteko berariazko zentro eraturik. Alboko auzoetara edo erdigunera jaistea izaten da aukera hangoentzat. Bestelako alternatibarik sortzen ez bada behintzat, eta egon da halakorik.

Uribarri auzoan adibidez, partida bat urte dira han egon zen euskaltegia itxi zenetik, eta beste aukerarik ezean lehengo eredura bueltatzea pentsatu zuten bertako euskaltzale batzuek, gau-eskolara hain zuzen ere. Hala bada, bost urtez ibili dira doako eskolak antolatzen interesa duten auzokideentzat, boluntario jardunda eta auzoko eskolako lokalak erabilita, klaseak nahiz bestelako aktibitateak. Eta aurten ere hala egiteko asmoa eduki dute, baina...

Aurten urtero legez, gelak eskatzera joan, eta ez die eskolako lokalak erabiltzen utziko. Hala adierazi dute Bilboko beste elkarte eta euskaltzaleoi bidali diguten mezuan:

Uribarriko Gau Eskolako ikasle eta irakasleok bosgarren ikasturteari ekingo diogu datorren 14an hasiko den ikastaroan. Denbora honetan Uribarriko eskola erabili izan dugu geure jarduerak aurrera eramateko; honela, helduei euskalduntzeko aukera eman diegu, euskara klaseak doan eskainiz. Urte hauetan zehar auzokideen erantzuna gero eta hobea izan da, euskarara musu truk hurbiltzeko aukera topatzeaz gain lagun arteko giro polita sortu baita, auzoko egunerokotasunera ere iritsi dena.

Aurten, ordea, geure harridurarako, EZ DIGUTE URIBARRIKO ESKOLA ERABILTZEN UTZIKO. Gure ustez, erabaki honen zergatiak oso irristakorrak dira, iraingarriak ez direnean, baina ondorioz,  Uribarriko helduei euskalduntzeko aukera bat kentzen zaiela iruditzen zaigu.

Ez dakit zehazki zer gertatu den, baimena nork eta zergatik ukatu dien. Bilboko eskola askoren jabea eta kudeatzailea Udala bera da, beraz azken erabakia Erkoreka plazaren bueltan ibiliko da. Esan dudan modura, ez dakit zein arrazoi izan den tartean, baina Uribarriko euskaltzale horien haserrea pizteko modukoa bai behintzat, eta horrela lanean dabilen jendeari haserretzeko arrazoiak ematea ez dut uste bidezko eta ganorazkoa denik.

Are gutxiago jakinda Bilbon euskara ikasi nahi duen hiritarrak dituen aukerak ez direla beste hainbat udalerritan daudenen bestekoak: ez udal euskaltegirik edo euskaltegi publikorik, eta euskaltegi pribatuetan ikasteko diru-laguntza sistema murritza (gurasoentzat, langabeentzat edo kasu zehatz batzuetarako besterik ez). Hau da, euskara ikasten duten bilbotar askok HABEren diru-laguntza baino ez dute jasoko ( zati handi bat probak gaindituz gero gainera). Doan ikasteko aukera ematen duenari gauzak ez erraztea ez da oso ulergarria, ez.

Tira, arrazoiak arrazoi eta kontuak kontu, Uribarrin aurrera doaz eta asteazken honetan (urriak 14) matrikulazio festa egingo dute auzoko kanpan, euskarara urrun joan barik hurreratu nahi duenari arrimatzeko festa.

Ikusten duzuenez, Bilbon badira beste mundu batzuk, titaniotik eta Q87tik haragokoak. Ea kontua zentzu apur batekin konpontzen den.

08
Urr
2009

Ongi etorri lagun

"Urte berri on!" esatea izango litzateke aproposagoa, guretzat urtea orain hasi da eta, urriaren 1ean. Urteroko ziklo klasikoa, eta klaseak hasita dagoeneko.

"Ongi etorri" esan beharko diegu hala ere -eta seguruenik esan diegu honez gero- euskarara arrimatu guran etorri zaizkigun horiei guztiei, baina badira beste batzuk ongi etorri hori merezi dutenak (eta ez nago seguru beti behar den modura esaten diegun gainera): gure ondoan lanean hasi diren irakasle berriak, lankide berriak.

Ez da sekretua euskaltegietan hainbat jende dagoela lanean ibilita (interesgarria izango litzateke euskaldun edo elebidunen artean zer portzentaje den). Horrek hain zuzen ere, adierazten du sektore honetan langileen mugikortasuna dagoela, aritu eta beterano asko bai, baina aldi berean urtero (edo sarriago) berritzen den multzoa ere bai.

Eta orain izan daiteke sasoi aproposa uztailetik dabilen kontu bati buelta pare bat ematen hasteko: irakasle berrien prestakuntza, edo hasierako prestakuntza.

EHUko Ikastaro hartan hainbat gauza entzun eta ikusi genituen. IKA eta AEK-kook gure glotodidaktika ikastaroak aurkezteko, laburpen hau erabili genuen:

Laburpen modura, honako panorama ikusten dugu:

  • Helduen euskara irakaslearen prestakuntza bermatzen digun ikasketa ofizial gutxi daude. Bestalde, gure harrobia izan litezkeen gazte unibertsitarioek mundu honekin lehendik gero eta harreman gutxiago izandakoak dira.
  • Gurean lan egiteko ez dago prestakuntza eskari administratibotik, erakunde bakoitzaren esku geratzen da hori, nahi izanez gero. Homologaziorik ere ez dago, sare edo euskaltegi batetik bestera irakasleak mugitzen diren arren.
  • Lehen esan dugun bezala, urtero hartu behar izaten dira irakasle berriak, gehienetan azken orduan eta presaz, matrikulazioak eta taldekatzeak zer dakarte, orduantxe. Irakaslegaiari aurretiaz ezin zaio gauza handirik ziurtatu alegia.
  • Trinkotasun handiarekin egiten da lan gurean, hasiera batetik astean 10 klase-ordurekin jardutea arrunta izaten da. Gogor hasi behar da lanean, aurretik gutxi ezagutzen den arloan, eta hasierako prestakuntzarako aukera gutxirekin.

Glotodidaktika ikastaroak hutsune hori betetzera datoz neurri handi batean, baina badago zer hobetu asko, eta dena ez dago gure esku:

  • Hasierako prestakuntza honen beharra eta funtzioa argitzea eta aitortzea, eta berau homologatzea.
  • Prestakuntza eraginkorra lortzea, lanean hasteko bermea emango diena irakaslegaiari zein erakundeari. Prestakuntzaren diseinutik abiatu beharra dago seguruenik: prestakuntzarako ibilbidea, metodologia, ebaluazioa...
  • Hizkuntza-irakaslea zein euskara-irakaslea prestatzen duen sistema. Seguruenik bietatik daukagu denok, ez gara irakasle hutsak, ezta euskaltzale militante hutsak ere.

Eta zer egin? Akaso:

  • Behingoz, honetan interesa daukagun guztiok zerbaitetan elkar hartu eta ekin: administrazioa eta euskaltegiak (eta beste erakunde batzuk ere bai beharbada: unibertsitatea, euskalgintza...). Ez du erraza ematen.
  • Lanerako benetan prestatzen duen zerbait bilatu, ez beste zertifikazio soil bat. Eredu interesgarriak ikusi genituen ikastaroan: CELTA ikastaroetarako praktika-akademia, CLICen prestakuntza eredua, konpetentzien ikuspegia, praktikaren gaineko hausnarketa... Sentsazioa hartu nuen geurean teoria>praktika ibilbide horretan gaudela kateatuta, praktikarako denbora murriztuta, eta beharbada, hortik datoz hainbestetan predikatzen dena eta egiten dena lotzeko ditugun arazoak. Eta hain zuzen ere praktika da azken batean prestakuntzaren azkenengo epailea.
  • Hasierako prestakuntza horri segida emango dioten etengabeko prestakuntza programak eta aukerak. Eta ez nabil ikastaro sorta gehiago, formalagoak eta handiagoak eskaintzeaz soilik, norberaren lanaren gaineko hausnarketa sustatzen eta motibatzen duen giroa sortzea ere beharrezko da nire iritziz: irakasleen arteko komunikazioa eta elkarlana, prestakuntzarako baliabide formal eta informalak, praktika-komunitateak, lanaz hitz egin eta pentsatzeko uneak, guneak eta tresnak... Prestakuntza ikastaroak egitea baino zerbait gehiago dela ulertu beharko da agian, norbaitek eman behar digun zerbait baino gehiago.

Bitartean, ongi etorri lankide berriok. Eta ongi etorri horrezaz gainera zerbait gehiago ematen saiatuko gara, eta zuengandik hartzen ere bai.

26
Ira
2009

Zaharrak berri

Ramon Etxezarreta EAEko Hizkuntz Politikarako sailburuordearen berbekin ekin diogu egunari askok gaur. Diario Vascon elkarrizketa egin diote, eta titular deigarria lortu dute duda barik: «El término euskaldunberri debe desaparecer del habla vasca».

Sustoa ematen du horrelako gauzak irakurtzeak benetan. "Zer da ba?" galdetu eta irakurri egin dut, badaezpada:

...Trabajaremos con la idea de desechar el concepto de fronteras, en la dirección de aceptar o de vincular al ciudadano al euskera en el grado que cada cual de ellos esté dispuesto. Intentaremos desterrar el término euskaldunberri de la jerga de los vascos.

- Explíquese.

Pondré un ejemplo: la consejera de Cultura es una euskaldunberri. En las estadísticas del Gobierno Vasco hasta ahora era una neo euskaldun. En lo que se define como transmisión familiar, sus hijos son euskaldunzaharras. ¿Hasta cuándo se es euskaldunberri? ¿Hasta la muerte? Hay que trabajar otro concepto quizás menos ofensivo y que atraiga y vincule a la gente al euskera. Falla el método. Si hacemos hincapié en la idea de transmisión familiar, algo habrá que cambiar.

Aaa! "Euskaldunberria" mingarria edo iraingarria izan daiteke, antza. Ez ei du jendea euskararantz erakartzen eta hizkuntzarekin lotzen.

Kasualitatez, egunotan agertu da Bat aldizkariaren azken zenbakia, monografikoa, Txillardegiren omenez egina. Euskaldunberri terminoa entzun ahala  gogora etortzen zaizkidan lehenengo izen-ezizenetako bat da Alvarez Enparantzarena, eta nago hain zuzen ere Txillardegi eta beste hainbaten "euskaldunberritasunak" ez duela ezer irainetik, mespretxutik edo uxatzailetik. Alderantziz, bidea ireki digute asko eta askori batetik, eta bestetik, gure ibilbide linguistiko pertsonaletan harro egoteko moduko bidaien ereduak izan dira. Neure kasuan behitzat hala da, eta ez dut uste bakarra naizenik, ezta neurea kasu berezia denik ere.

Argudio batzuk eman ditu Etxezarretak dena dela: familia bidezko transmisioaren lehentasuna, kontzeptuaren mugak eta indefinizioak... Bai, baliteke, kontzeptuak gaur egun aparteko baliorik ez izatea, halaxe aitortu dugu askok eta askok, hemen eta beste leku batzuetan.

Baina kaltegarria da gaur egun termino hori euskaldunen artean? Iraingarria? Baztertzailea? Nik neuk, neure mundu-ikuspegi txikitik behintzat, esango nuke ezetz, argi esan ere. Gaur egun gure artean terminoak gehiago dauka anekdotikotik beste ezeretik baino egia esanda. Eta zerbait bada, kontrakoa da: merituen aitorpena, loreak eta txaloak entzuten izan dira azkenotan gehien bat. Lantzean behin baten baten purrustadaren bat entzuten dela? Baliteke, baina ez dira ezta akorduan izateko beste eta bestekoak ere izaten.

Diskurtso politikoen mundu labainean sartu gara baina. Eta seguruenik horrelakoetan ondo-ondo begiratu behar da nork, nori, zer, nola, non eta zertarako diotsan, kasu honetan ere bai. Eta bada kezkatzen nauen gauza bat diskurtso hauetan.

Euskaldunon artean euskaldun berria mespretxatu egiten dela adierazi nahi da?  Komunitate itxia dela eta arrazakeria linguistiko moduko bat praktikatzen dela? Askok horrelako ondorioak atera eta haizeratuko dituzte erraz. Eta hori bai iraingarria, mingarria eta uxatzailea.

Euskaldun berrien kontu honek -paradoxikoki- topiko zaharrak berri egiteko ahalegina ematen dit. Edo batek esan duen modura, ez dagoen lekuan arazoak konpondu nahi izatea.

Argazkia: Euskaldun berriari esker ona eta aitortza.

Antton Mendizabalen eskulturaren inaugurazioa Altzan.

23
Ira
2009

Jakintza tazitoari tiraka

Uztailean Miramarreko ikastaroan jakintza tazitoaren asuntoa atera nuen, eta baten batek entzun ere bai. Gaur kontzeptu hori bueltan etorri da Julen Iturberen bloga irakurtzean.

Jakintza tazitoa langileek urteetan metatu duten hori da, eginaren eginaz bereganatu eta azaltzen batere erraza izaten ez dena. Gurean ez litzateke zaila izango kontzeptua azaltzea. Urte askoko ibilbidea egin duen jende ugari, kilometroak, miliak eta legoak egindakoa. Irakasle lanetan halako sena garatu du norberak ere deskribatzen jakingo ez lukeena, are gutxiago etorri berriari. Esperientzia hitzaren atzetik ezkutatu ohi da kontzeptua, baina seguruenik ibiliaren ibilia baino gehiagoaren fruitua izan da, edo, hobeto esanda, ibiliaren ibili hutsak ez du jakintza hori bermatzen.

Euskaren normalizazioan azkenotan hitzetik hortzera dabiltzan berba batzuk kontu honetarako ere balio dezakete: transmisioa, geroratzea, biziberritzea. Hizkuntzari ez ezik, jakintza profesional horri aplikatu dakizkioke ondo. Nola ziurtatu urteetan hainbat jendek bereganatu duen hori transmititzea, geroratzea eta biziberritzea, baita hobetu eta sasoi-testuinguru berrietara egokitu? Azaleratu ezik zaila dirudi.

Julenek lehengo urteko jardunaldietan batutako ondorio batzuk ekarri dizkigu, batzuk ekarriko ditut hona abiapuntu gisa:

  • Transferentzia hutsetik harago joan daiteke kontua, "co-construccion" dio han, elkar-eraikuntza edo itzul daiteke. Ez gabiltza batek eman eta besteak hartu erlazio sinple horretan nonbait. Talentuaren garapena ere aipatu da, etengabe garatu beharreko zerbait dela esan daiteke, elkarreraginik gabe ez da hobetuko.
  • Ikasteko espazio naturalak bilatu eta eguneroko praktikan txertatu behar dira. Ikasteko berariazko espazioak, prestakuntzarako jarduera antolatuak adibidez gainditu egin behar dira?
  • Erakundetik haragoko sare pertsonalak eraikitzea komeni da. Erakundeek jakintza "babesteko" duten kultura-tradizio hori gainditu behar ei dago horretarako. Pertsonek, eta ondorioz, erakundeek hartuko luketen etekinaren balioa gehituko nuke nik.
  • Prozedurak ezarri nahi izaten dira, kontrola, baina praktikarekin ikasten da azken batean. Praktikaren (auto)behaketaren eta haren gaineko hausnarketaren bidez seguruenik.
  • Tazituaren transferentzia talde txikietan zentratzea komeni da. Lanarekin zuzenean lotutako jardueretan seguruenik, interesetatik abiatuta eta zerbait zehatza lortzeari begira.
  • Gauzak esplizitu egiteko ardura handiagoa dago transmisioa garatzeko baino. Era berean, neurketa lehenesten zaio prozesuari. Hau da, zerbait "eman" eta zenbatek "hartu" izaten da kezka, zer ikasi eta zertan hobetu den baino gehiago adibidez.

Enpresa munduko hizkera ez zaigu samurra egingo gehienoi, baina nago azken batean oso gauza hurbilak ditugula horiek guztiak. Beharbada labur esanda honako zerbait esan daiteke: jakintza eraikitzen da jardunaren jardunaz, baina ez isolaturik jardunda, eta gainera inor ez da etorriko beti nahi genituzkeen instrukzioak ematera, ez baita erraza denaren instrukzioak azaleratzea.

22
Ira
2009

Kanpaina betean

Urteen poderioz iraileko matrikulazio-kanpaina errutina dugu gurean. Jendea euskaltegira e(ra)karri behar da orain, orain gehien bat,  urtebeteko ibilbidea hil honetako uztak erabakiko baitu, oraingoak gehien bat. Publizitateko inbertsioen marradun grafikoak sekulako tontorra erakutsiko luke bederatzigarren (edo lehenengo) hil honetan duda barik. Kartelen, afixen eta irrati-telebistetako iragarkien sasoia da iraila gurean.

Eta urtetik urtera nahikoa errutinarioa egiten zait neuri behintzat. Iragarkietako ideia berriren bat gorabehera, marmotaren urtearena etortzen zait akordura, gehien bat. Sorpresa helburu duen publizitatearen arteak ez dit sorpresa handiegirik ematen urtetik urtera, baina hori gutxinekoa izango da egia esanda, azken batean kanpaina horien target-a beste batzuk dira, ez geu, eta benetako emaitzak datorren astean ikusiko ditugu. Ea ba.

Aurtengo kanpainan (baten batek azken orduko bolanderaren bat gordeta ez badauka behintzat) dena dela, gauza bat egin zait ohikoa baino deigarriagoa: udal-mailako erakunde batzuen kanpainak. Originaltasuna eta freskotasuna gehien bat hortik etorri dela esango nuke, HABE edo euskaltegien euren kanpainetatik baino gehiago.

Bilboko Udalaren kanpaina hau ikusi nuen lehenegoz. Apartekoa izan barik, erakunde publiko-ofizial batena izateko ukitu freskotxo bat nabaritu nuen.

Baina originaltasunaren bidetik urrats polita izan da Nafarroako euskara zerbitzu batzuek antolatu duten Euskafe hori. Kanpaina osatuagoa eta kanal askotakoa, bideo eta guzti:

Eta hura bezain landua, eta gainera publizitate hutsetik harago, informazio eta zerbitzu batzuez ondo hornituta, Buruntzaldeko euskara zerbitzuen-kanpaina etorri da gero. Gainera sasoi bateko kanpaina baino gehiago izateko asmoz jaio dela dirudi, eskualdeko euskaltegien eta euskalduntzearen informazioa, zerbitzu eta komunikazio gune zentralizatua eskaini guran edo, automailaketa zerbitzua bezalako tresnak adibidez.

Ez da hor amaitu kontua, ez, ukitu biral batekin Gasteizko Udaletik suabe-suabe egin ziguten gonbitea hitza hartzeko ondoren.

Eta errematea, larrosa kolorez jantzia, Donostiatik etorri da. Euskara mon amour leloarekin webgune eta kanpaina grafiko landu eta originala ekarri digute plazara.

Publizitatea juzgatzeko era bi egon daitezke gutxienez, batetik estetikaren gaineko iritzia, eta hor ez naiz sartuko, gustuak, zaletasunak eta aurreiritziak tarteko, alferrik baita eztabaidatzea, eta bestetik, emaitza "komertzialena", eta horretaz ezer esateko informaziorik ez daukagu oraindik (ezta apur batean edukiko ere).

Gauza bakarra okurritzen zait bakarrik: udaletxeetako biltegi-fitxategi-gordeleku ustez ilun horietan badirudi irudimena, freskotasuna eta originaltasuna -edo haiek topatzeko gogoa behintzat- ez direla erabat galdu. Euskaltegietako txoko koloretsuetan baino biziago daudela ere ausartuko nintzateke esatera, hori esatera ausartzeko ausardia handia beharko ez balitz.

17
Ira
2009

Kalera noa (ihesi)

Ainhoa Ezeizak blog estreinatu berrian artikulu gomendagarria eskaini zigun lehengo egunean. Gaztelania irakasle bezala Facebook nola eta zergatik erabili duen kontatu zigun, praktikatik jakintza teorikorekin elkarreraginean jardun duela erakutsi digu lehenengoz, eta hori beti da estimagarria, eta, bigarrengoz, zer pentsatua eman digu, neuri behintzat bai, eta horrek bai balioa.

Moodle-Facebook halako dikotomia baten antzean ipini ditu: formala-informala, erregistro desberdinek batean edo bestean kokatu eta landu,  zein egokien. Facebook bezalako sare sozialetan norberaren alderdi informal, lagunartekoa nola agertzen den, eta hizkuntzaren ikaskuntzarako oztopo barik, tresna interesgarria dugula azken batean, testuinguru horretan kokatuta beti ere.

Eta iruditu zait hizkuntza ikasteko teknologia berriez ari garela, azken batean teknologiarekin lotuta ez dauden kontuekin egingo dugula topo behin eta berriz. Kasu honetan aurrez aurre vs. internet bezalako aukera baten aurrean, formal-informala, Irakaslea vs irakaslea, Ikaslea vs. ikaslea, ikasle-irakasleak vs. pertsonak baten aurrean baino.

Eta "kalea" hitza agertu da Iñaki Muruaren iruzkin batean, komatxo artean: "Zenbait unetan sarea "kalea" bezala hartu behar ikasleekiko harremanetarako. Parekotasunak balio lezake irakaslearen portaerak argitze aldera." Eta uste dut hor dagoela hizkuntza-irakaslearen lanaren gakoetako bat. Ez gara jakintzaren emaile edo instruktore hutsak, ezta -modernitateetan sarturik- tutore edo ikas-prozesuaren gaineko aholkulari-gidari-bideratzaile soilak ere. Pertsonak ere bagara, hizkuntza erabiltzen duten pertsonak, eta pertsonekin dihardugu, hizkuntza horretaz baliatu nahi duten pertsonekin, eta hizkuntzaren ikaskuntza gure artean maila guztietako komunikazioa eratuz, sustatuz eta errotuz bideratuko dugu besteak beste eta ezinbestean.

Hortaz, buelta bat gehiago emanda. Ez zait inoiz gustatu kalea-ikasgela bereizketa hori, baina ez dut jakin inoiz zergatik azaltzen, mania lerdoren bat izango zelakoan edo. Baina oraintxe konturatu naiz, ikasgela ere (gela fisiko ukigarri aurrez aurreko tradizionalena ere bai) "kalea" da, ikasteko eta komunikatzeko gunea, "kalea" ikasteko gunea ere izan daitekeen bezala, eta kalea bezala, etxeko egongela, hondartza exotikoa, mendi tarte bukolikoa edo troka bazter latzena izan daitezkeen bezala, fisikoak nahiz birtualak, pertsonen arteko hartu-emana eta esan-entzuna oparoak eta sentituak diren bitartean behintzat.

11
Ira
2009

Desioa eta errealitatea

Gaurko, irailak 11, hirugarrengoz tradizio bihurtzeko bidean dagoen ekitaldia dago iragarrita: EAEko Ekitaldi Akademikoaren hasiera ekitaldia, HABEk antolatuta. Badakizue dakizuenok, autoritate eta ordezkarien berbatxu batzuk, hizlari baten hitzezko hitzaldia, eta luntxa aka pintxo jana. Behin baino ez naiz egon eta ez dago txarto, kexatzen behintzat ez gara hasiko. 

Aurten baina, Murphyren atzaparrek bete-betean harrapatuta berriro joan barik. Tira ba, jarduteko uneak eta lekuak egongo dira bestela. Pena ematen dit aurtengo gonbidatuari entzuteko aukerarik ez izatea baina.

Iragarri aurretik ez dut ezagutu izan Juli Palou. Puntuak galdu ditut honez gero, baina hala izan da. Bitxia da haren izena ezaguna ez izana gainera, Bartzelonako Unibertsitatetik hizkuntzen irakaskuntaren inguruan dabilen mogimendu interesgarriaren erdigunean dago Palou nonbait, eta HABEkoek utzi diguten hitzaldiaren laburpenean (pdf, eta pantailari buelta emanda irakurrita), zerbait berria kontatzera datorrela iruditu zait. Gai batzuk igarri ditut hortik: hizkuntza ikasleren nortasuna, nortasun horren osaketa, bilakaera horren narrazioa, "niaren idazketa"...

Idazketak, adierazteaz gain, pentsaera eraikitzen du. Norbanakoak bere buruaz, bere esperientziaz idazten duenean, bere burua banatzeko aukera du, eta, beraz, bere buruaren alderdi berriak aurkitzeko egokiera. Niaren idazketa gogoeta egiteko aukera bilakatzen da, norberak pentsatzeko abagune eta ikasten ari den pertsona moduan bere burua ikusteko egokiera.

Eta laburpen hori irakurrita -apur bat kriptikoa akaso, baina horregatik iradokitzaileagoa- pentsatzen jarri naiz hizkuntza ikasteak zer ekarri digun horretan ibiil garenoi , zelan ez garen ibili sarri gauzak esateko modu berri baten bila soilik, eta ibilbide horrek gugan azken batean ergina izan duela konturatu. Eta akaso esperientzia horren berri emateak norberari zein entzun-irakurtzeko gogoa-zortea-patua daukanari zerbait piztuko ote dion.

Esan dut ba, kontu berria eta interesgarria. Lastima zuzenean entzun ezin izana. Inork kontatuko ahal digu! (esperantza handi barik)

Dena dela, Palou ezagutu ez, eta internetomanook hartuta ditugun bizioen artean ez dakiguna segidan gogelatzea denez, hantxe hasi naiz Palouren berriren bila. Eta tontamentean irakasleen prestakuntzan jardun duela jakin dut, eta horretaz idatzi duela, eta berak parte hartutako liburu pare bat Google Books-en topatu. Artikulu baten titulua gustatu zait gainera: "Els professors de llengua: entre el desig i la realitat". Horixe, desioa eta errealitatea, prestakuntzarekin dudan sentsazioa deskribatzeko hitz bi horiexek hautatuko nituzke neuk ere.

Prestakuntza, ene! Uztailetik hona, Miramarreko ikastarokoak, hangoei ekiteko sasoia heldu da bada. Buelta pare bat ematen hasi beharko dugu.

Sindikatu edukia