08
Urr
2009

Ongi etorri lagun

"Urte berri on!" esatea izango litzateke aproposagoa, guretzat urtea orain hasi da eta, urriaren 1ean. Urteroko ziklo klasikoa, eta klaseak hasita dagoeneko.

"Ongi etorri" esan beharko diegu hala ere -eta seguruenik esan diegu honez gero- euskarara arrimatu guran etorri zaizkigun horiei guztiei, baina badira beste batzuk ongi etorri hori merezi dutenak (eta ez nago seguru beti behar den modura esaten diegun gainera): gure ondoan lanean hasi diren irakasle berriak, lankide berriak.

Ez da sekretua euskaltegietan hainbat jende dagoela lanean ibilita (interesgarria izango litzateke euskaldun edo elebidunen artean zer portzentaje den). Horrek hain zuzen ere, adierazten du sektore honetan langileen mugikortasuna dagoela, aritu eta beterano asko bai, baina aldi berean urtero (edo sarriago) berritzen den multzoa ere bai.

Eta orain izan daiteke sasoi aproposa uztailetik dabilen kontu bati buelta pare bat ematen hasteko: irakasle berrien prestakuntza, edo hasierako prestakuntza.

EHUko Ikastaro hartan hainbat gauza entzun eta ikusi genituen. IKA eta AEK-kook gure glotodidaktika ikastaroak aurkezteko, laburpen hau erabili genuen:

Laburpen modura, honako panorama ikusten dugu:

  • Helduen euskara irakaslearen prestakuntza bermatzen digun ikasketa ofizial gutxi daude. Bestalde, gure harrobia izan litezkeen gazte unibertsitarioek mundu honekin lehendik gero eta harreman gutxiago izandakoak dira.
  • Gurean lan egiteko ez dago prestakuntza eskari administratibotik, erakunde bakoitzaren esku geratzen da hori, nahi izanez gero. Homologaziorik ere ez dago, sare edo euskaltegi batetik bestera irakasleak mugitzen diren arren.
  • Lehen esan dugun bezala, urtero hartu behar izaten dira irakasle berriak, gehienetan azken orduan eta presaz, matrikulazioak eta taldekatzeak zer dakarte, orduantxe. Irakaslegaiari aurretiaz ezin zaio gauza handirik ziurtatu alegia.
  • Trinkotasun handiarekin egiten da lan gurean, hasiera batetik astean 10 klase-ordurekin jardutea arrunta izaten da. Gogor hasi behar da lanean, aurretik gutxi ezagutzen den arloan, eta hasierako prestakuntzarako aukera gutxirekin.

Glotodidaktika ikastaroak hutsune hori betetzera datoz neurri handi batean, baina badago zer hobetu asko, eta dena ez dago gure esku:

  • Hasierako prestakuntza honen beharra eta funtzioa argitzea eta aitortzea, eta berau homologatzea.
  • Prestakuntza eraginkorra lortzea, lanean hasteko bermea emango diena irakaslegaiari zein erakundeari. Prestakuntzaren diseinutik abiatu beharra dago seguruenik: prestakuntzarako ibilbidea, metodologia, ebaluazioa...
  • Hizkuntza-irakaslea zein euskara-irakaslea prestatzen duen sistema. Seguruenik bietatik daukagu denok, ez gara irakasle hutsak, ezta euskaltzale militante hutsak ere.

Eta zer egin? Akaso:

  • Behingoz, honetan interesa daukagun guztiok zerbaitetan elkar hartu eta ekin: administrazioa eta euskaltegiak (eta beste erakunde batzuk ere bai beharbada: unibertsitatea, euskalgintza...). Ez du erraza ematen.
  • Lanerako benetan prestatzen duen zerbait bilatu, ez beste zertifikazio soil bat. Eredu interesgarriak ikusi genituen ikastaroan: CELTA ikastaroetarako praktika-akademia, CLICen prestakuntza eredua, konpetentzien ikuspegia, praktikaren gaineko hausnarketa... Sentsazioa hartu nuen geurean teoria>praktika ibilbide horretan gaudela kateatuta, praktikarako denbora murriztuta, eta beharbada, hortik datoz hainbestetan predikatzen dena eta egiten dena lotzeko ditugun arazoak. Eta hain zuzen ere praktika da azken batean prestakuntzaren azkenengo epailea.
  • Hasierako prestakuntza horri segida emango dioten etengabeko prestakuntza programak eta aukerak. Eta ez nabil ikastaro sorta gehiago, formalagoak eta handiagoak eskaintzeaz soilik, norberaren lanaren gaineko hausnarketa sustatzen eta motibatzen duen giroa sortzea ere beharrezko da nire iritziz: irakasleen arteko komunikazioa eta elkarlana, prestakuntzarako baliabide formal eta informalak, praktika-komunitateak, lanaz hitz egin eta pentsatzeko uneak, guneak eta tresnak... Prestakuntza ikastaroak egitea baino zerbait gehiago dela ulertu beharko da agian, norbaitek eman behar digun zerbait baino gehiago.

Bitartean, ongi etorri lankide berriok. Eta ongi etorri horrezaz gainera zerbait gehiago ematen saiatuko gara, eta zuengandik hartzen ere bai.

Ikasle paper aktiboa

Benito-(e)k 2009, Urria 9 - 12:51-(e)an bidalia.

Julen Iturberen blogean prestakuntzaren gaineko gogoeta irakurri dugu gaur. Mezuan bota dudan azkenengo ideia horrekin lotuta, prestakuntza ez da norbaitek emango digun zerbait, norberak landu behar den zerbait baino.

Pentsatzeko modukoak hitz hauek:

Reconozco racionalmente que quiero aprender pero no asumo el rol activo de hacerlo. Delego entonces en quien debe proporcionarme la enseñanza. Desplazo al formador la responsabilidad de que yo aprenda.

Ikasten ikastea, ikaslearen autonomia, autoikaskuntza, ikastea prozesu pertsonal bezala aldarrikatu eta sustatu nahi diren garai honetan galdetu beharko genuke norberaren prestakuntzari ere horrelakoak aplikatzen dizkiogun.

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia