Blogak

03
Urt
2010

Mundu berri bat?

Lehengo asteko Argian Petra Elserri egin zion elkarrizketa Uxue Alberdik. Petra alemaniarra jaiotzez, aspaldian Euskal Herriratu eta euskaldundu zaigu. Haren bizitza interesgarriaren pasarteen artean euskarekin izan zuen erlazioaz hitz hauek:

...nik euskararekin ez dut hemengo jende askok daukan harreman traumatikoa. Alderantziz, hitz bakoitzak, esaldi bakoitzak mundu bat eman zidan, eta eman zidan gaitasuna gauza gehiago esateko, jendearekin gauza gehiagori buruz hitz egiteko, testuak ulertzeko... Hasieran ez nuen ezer ere ulertzen, gero bat batean hasi nintzen entenditzen... eta erabat ezezaguna zitzaidan zerbait hasi zen irekitzen, lehen niretzat existitzen ez zen mundu bat.

Mundu berri bat zabaltzen da hizkuntza bat ikastearekin, ez da ideia berria, argudio ezaguna eta erabilia azkenotan, baita ikasten animatzeko edo matrikulatzeko kanpainetan ere. Euskarak lana topatzeko titulua baino zerbait gehiago eman dezake.

Duela hilabete batzuk Euskonews & Median Iñaki Martínez de Luna soziolinguistari egin zioten beste elkarrizketa bat. Honako gogoeta utzi zigun han:

...ideologia eta atxikimendu identitarioen gainetik euskarak beste hizkuntzekin lehiatu beharra dauka hizkuntzen merkatuan, euskaldun eleanizdunak erakartzeko. Erantzun beharreko galdera hauxe da: Zer eskaintzen die euskarak euskaldunei, beste hizkuntzetan aurkitzea ezinezkoa zaiena?

(Ba al duzu erantzunik?)

Bertsolaritza eta nortasun-marka bat, adibidez. Eta ez dira gutxi! Baina bere buruan horietan ikusten ez duen euskaldunak (eta euskaldun askok erdaraz lasai egiten dute gehienetan, euskal sentimendua izanik ere) bestelako eskaintza bat beharko du euskararantz erakarria izateko. Ahaleginak eginda ere, ez dut hiritar xumeari erakargarri gerta litzaiokeen beste ezer aurkitzen, kontsumora emanda dagoen gure gizarte honetako parametroetan, behintzat.

Mundu berria agintzen dugu batetik, baina honantz arrimatzea nahi dugun horri Petrak bezain argi jakingo genioke mundu honetan -edo munduaren alde honetan- zer aurkitu duen azaltzen-saltzen?

Petrak aurkitu duenak edonorentzat balio dezake? Azaltzeko modukoa da? Ala Iñaki bezala, erantzuna topatu ezinik geratuko gara? Baieztapen sendo bezain anbiguo batean nonbait.

Akaso galdera horren subjektuan norbera jartzea izan daiteke abiapuntu. Zer eman dit niri?

30
Abe
2009

Teleobjektiboen hizkuntza

Hizkuntz-paisaia: hiztegi urbanoa

Hizkuntza ikasiko bada, prozesu hori etengabe elikatzen duen paisaia, ingurunea behar da, ikas-paisaia edo. Inoiz ibili naiz ideia horri eragiten hemen. 

Paisaia hitza euskara kontuetan aipatu, eta lehenengo lotura "hizkuntz-paisaia" kontzeptuarekin egingo dugu. Lehenengo lotura eta bakarra akaso. Ikutu soziolinguistiko apur batekin beti ere.

Harago goaz ikas-paisaiaren ideiarekin hala ere. Agertzen den hizkuntza, ikusten den hizkuntza, inguruan dabilen hizkuntza, inguratzen gaituena, lanbroak bezala blaitzen gaituena. Hark errazago ipintzen ditu martxan ikasteko mekanismoak: emozioak, hausnarketak, galderak, erantzunak, jarduna, esanahiak... Konturatu gabe ipini ere, konturatzen ez bagara ere.

Zerbait esaten badigu, zerbait esan behar badigu, zerbait esatea behar badugu, zerbait esan beharra badakarkigu eta zer esan hori nabarmentzen bazaigu ingurutik besarkatuko gaitu - konturatu gabe ere- norberarengan norberaren egin arte.

Baina paisaia ez da irudi homogeneoa, mosaiko baten antzera elementu askok osatzen duten irudia da, osagai nabarmenak eta osagai txikiak, ia ezkutuak sarri.

Argazkilaria era askotan jaso ahal du paisaia: panoramika zabalenean edo bazterreko detaile xehea, horren arabera egokituko ditu begia eta objektiboa. Konposizioan bata edo bestea nabarmenduko ditu horrela. Angularra edo teleobjektiboa, enkoadraketa zabala edo itxia, fokoa zehaztuko du horren arabera.

Kamararekin irten nuen lehengoan. Etxe inguruan osteratxoa, paisaien bila. Teleobjektiboa jarrita, distantzia luzeenean, detaileen bila. Eta hantxe aurkitu nuen hizkuntza, fokoaren azkenengo muturrean, enkoadraketa itxi-itxian, nabarmentzen zaila. Begia luze-luze eginda han nonbait.

 

Zaila da horrela ezer esatea, ezer esan behar izatea, ezer esateko ematea edo inor inguratzea. Begi-belarria luze eta zehatz ipini behar izanda.

Teleobjektibo astun eta konplexu batekin bilatu beharreko motiboa; pazientzia, teknika eta  tresneria on eta garestiarekin harrapatu beharrekoa. Zaila kamera merke-dibertigarri batekin gozatzea.

Eta ez nabil argazkilaritzaz berbetan.

15
Abe
2009

Esatekorik ez

Esanaren esanaz ez dugu ezer berririk esango esanda ez dagoenik. Mila ahots mintzatu dira dagoeneko, eta haien mintzoaren oihartzuna baino ez zaigu geratzen.

Egunkaria libre! 

 

09
Abe
2009

Cicero -one

Ahots asko dabiltza munduan, eta sarean adi egonda ez da zaila interesatzen zaizkizunak entzutea. Euskara ikasleen ahotsa -zuzenean edo zeharka- ere entzuten da sarri. Asteon adibidez, Atoanen hiru aipamen ekarri ditugu euskara ikasle banari dagozkionak.

Mixel Usereau Quebec-etik euskara eta Euskal Herrira arrimatu zen, han elebidunak dira asko txikitatik, eta berak segitu eta bospasei hizkuntza dakizki une honetan, euskara haietako bat. Hala esan zien lehenegoan Euskadi Irratian Amarauna saioko lagunei:

Ikasi dudan hizkuntzarik errazena euskara izan da

Juan Martínez de Irujo pelotaria, lau eta erdikoaren finalaren atarian Diario Vascon:

Por mucho que vaya de nuevo al euskaltegi, me seguirá dando vergüenza hablar con la gente. Eso no tiene solución.

Euskaltegira joaten segitu arren, lotsa sentituko nuke mingaina askatzerakoan. Horrek ez du erremediorik (Anjel Lertxundiren itzulpena. Mersi ;-))

Aspaldian jakin genuen Irujo eta Eulate laguna euskaltegian zebiltzala. Gerora, Eulatek euskaltegiko lanaren fruitua erakutsi zigun. Irujok berriz ez du bide bera egin dirudienez.

Hirugarrena zeharkakoa izan da. Argian Onintza Iruretak Gipuzkoako herri euskaldun bateko erdaldun baten kasua kontatu zigun, han jaio, han ibili, integratu, giro abertzale-euskaltzelean murgildu, eta ikasteko ahalegina egin eta:

Herritar bakarra entzun dut gizon horri euskaraz egiten, duela urte batzuk euskaltegian izena eman baitzuen. Herritar bakar hori irakaslea zen, noski

Indioek bezala ez duela hitz egin nahi, eta ez doa aurrera, eta ingurukoek erdaraz egiten diote normal-normal.

Kasu tipikoak edo atipikoak izango dira hiru hauek. Lehenengoa, bistan da, ez da ohikoa izaten. Kanpotik etorri eta euskara ikasi dutenak gutxi izaten dira, nabarmanak izan (eta merezi izan) arren. Beste bien musika ezagunagoa egiten zait baina.

Nekane Arratibelen aspaldiko lan batera jo dut: Helduen euskalduntzean eragiten duten prozesu psikosozialak: motibazioaren errola. Han euskara ikasteari ekiteko orduan faktore batzuk aipatzen dira, soziolinguistikaren munduan beste hainbat konturekin ere lotutakoak sarri: sare soziala eta bertako euskaldunen dentsitatea, bizitasun etnolinguistikoa, identitate etnolinguistikoa, jarrerak, ikuspegiak eta motibazioa.

Eta pentsatzen jarrita, Onintzak aipatu digun kasu horretan zerk egin du huts? Bizitasun etnolinguistiko handiko inguruan (Gipuzkoako herri euskalduna,%80ren bueltan ezagutza), pertsona euskaltzale eta abertzalea, lagun-sarean hiztun euskaldunak nagusi... Eta hala ere, ikas prozesuak huts egin du nonbait.

Irujoren ingurua ez dugu hain zehatz ezagutzen. Berez bizindar etnolinguistiko txikiagoko leku inguru batetik dator, Nafarroako erdi aldetik. Akaso pilotaren munduan ibilita euskararen eta euskaldunen dentsitatea handiagoa da, eta motibagarriagoa agian. Ikasten hasteko jarrera eta motibazioa behintzat eduki zuen, baita hasi ere.

Eta zerk egin du huts orduan? Bistan da prozesuaren erdian gertatu dela hutsa, ez hasieran. Akaso baldintza eta aldagai pertsonalak sartu dira jokoan. Baina hala balitz, ez dut uste lasaitzeko arrazoia direnik. Bi horien moduko kasuak ez dira gutxi, aldeko baldintza ugarirekin ere erdibidean geratzen dira asko alegia, eta hor zerbait pasatzen da.

Onintza Iruretak ingurukoen presio faltari egozten zion nonbait ("Mendian, euskaldun petoen koadrilan, gaztelaniara aldatzen dute (nik gaurtik aurrera ez) bera aurrean dagoenean"). Irujok ingurukoekin jarduteko lotsa aipatu du. Ahaleginak bota ditu atzera beharbada, eurek eman beharreko pausoa. Eta logikoa da era berean, ikasteko ez ezik, egiteko ere ahalegin gehiagarria eskatzen zaio sarri ikasleari, eta guztiak ez daude ahalegin horretarako, motibazioa, ilusioa edo ikasteko abilidadea gorabehera.

Herria irakasle aldarrikatu zen aspaldian. Eta seguraski horrek ez du esan nahi euskaldun guztiak klaseak ematen hasi behar dutenik, ez. Beste gauza bat akaso: euskara ikastea ez da soilik jakintza edo gaitasun baten jabe izateko bidea, hizkuntza batean gertatzen denaren partaide izateko prozesua ere badela esango nuke, eta etxe batekoa izateko bertako ateak (eta leihoak) zabaltzeaz gainera, sartzeko eta geratzeko gonbitea eta motiboak eman behar dira.

Hemen inguruan, Otxarkoaga auzoan kale bat dago Zizeruene izena daukana, lehenagoko baserri baten izena. Bati entzun nion behin etxearen izena Zizeron(e) batetik zetorrela, han ostatua edo halako zerbait egon zen, eta bertokoek egin ohi zuten harreragatik ipini ei zioten izena.

Zizeruene faltan gaude?

Irudia: Wikipedia (lotura eta lizentzia)

02
Abe
2009

Euskarari begira bizi

Tradizioa deitzen zaio une edo okasio batean erritu modura errepikatzen den ekintzari. Iaz, honako egunean Kataluniara egin genuen salto eta handik ekarri genuen jeneroa. Aurtengoan, ustekabean, sasoi berean hango partera joan gara berriro eta handik hemengo diskurtsoetan nekez aurkitzen diren hitzekin bueltan etorri.

Blog hau edo Atoan jarraitzen duzuenok izan duzue honez gero Aprendre Llengües blogaren berri. Enric Serra i Casals blogariak UABeko Servei de Llengües-en dihardu, eta handik hizkuntzen ikuspegiaz eta ikaskuntzaz  gogoeta eta albiste interesgarriak sareratzen dizkigu sarri eta polito. Ni jarraitzaile nau behintzat, eta hizkuntza ikasle. ;-)

Lehengo astean hain zuzen, arreta eman zidan mezu baten tituluak: Viure de cara a l'euskera (euskarari begira bizi), erreferentzia egin genuen Atoan-en hain zuzen ere. Enricek hizkuntz-aniztasuna zer den ondo daki, eta gure hizkuntzari erreferentzia egitea ez da harritzekoa. Baina mezua irakurrita, handik Kataluniatik idatzita, esan zituen batzuk hemen edo edonon aintzat hartzekoak egin zitzaizkidan, eta kolore berri batekoak ere bai. Eta haren baimenarekin mezua itzuli (edo) eta hona ekarri nahi izan dut. Kasualitatez Euskararen Nazioarteko Egunean.

Hona hemen mezua bada, Enricentzat besarkada handi batekin batera.


Euskarari begira bizi

Bellaterra Eskolara joan naiz gaur. Zer esanik ez seigarren mailako maistraren gonbidapena berehala onartu nuela; seigarreneko neska-mutilak Estatuko hizkuntzen aniztasuna lantzen ari dira-eta. Bi mezu bidali nahi izan dizkiet.

Lehenengoa: hizkuntza erromaniko guztietatik hurbil gaude, oso hurbil. Ez da onargarria adibidez galiziera edo aranera ia ahaleginik gabe ez ulertzea. Hain hurbil ditugun hizkuntza hauei guztiei ezin diegu geure burua itxi. Geure neba-arrebak, senideak eta familia ezagutu nahi ez izatea bezala izango litzateke hori.

Bigarrena: euskara ez da hizkuntza itxia, zaila, arrotza eta ezinezkoa, eta bertara hurbiltzeko ahalegina egin behar da.  Ez jariotasunez hitz egiteko seguruenik, baina bai guretzat arrotzak izaten jarraitzerik nahi ez dugun hainbat erreferentzia hobeto ulertzeko.

Jakin nahi dugu Athletic-eko Etxeberria jokalariaren abizena katalanez "Casanova" esango litzatekeela; ulertu nahi dugu autobideetan ikusten ditugun Azkar kamioi urdin horiek "rapids" direla. Lehendakari hitzean "lehen" ('primer') identifikatu nahi dugu akaso; paseoa egin nahi dugu Kataluniako Pirinioko herrietan jakinda hango toponimo asko euskal jatorrikoak direla: Cerdanyako Ur-etik pasa 'aigua' esan nahi duela jakinda; Dorres aldera egin gero 'iturri'-tik datorrela jakinda (eta orduan beste era batera begiratuko diegu bertako iturrietako ur sulforosoei); Val d'Aran bisitatu nahi dugu jakinik Aranek horixe esan nahi duela, 'vall', eta 'val' eranskin okzitaniar hori erredundantzia baino ez dela.

Euskarari begira bizi nahi dugu, gure ingurua osatzen duten hizkuntza guztiei begira bezala. Hitzaldiaren zati bat Loreak Mendian izenaren analisi txikia egiten eman dut. Flors a la muntanya horiek hizpide hartuta, euskarak latinaren maileguetan fonema frikari ezpainkari-horzkari hori nola galdu ohi duen, flos hitzarekin kasu honetan; hitz egin dugu artikulua nola eransten zaion izenari, atzetik; deklinabideaz ere egin dugu berba (mendian, mendiko, mendira...), euskaran ez bezala, katalanean edo galizieran ez dagoena; euskarak duen hitz-ordena bereziaz hitz egin dugu ondoren (subjektua-objektua-aditza hizkuntza, japoniera, koreera, aimara edo ketxuera legez) eta euskararen jatorri bitxi eta eztabaidatuaz.... Hori guztia eta sintagma hori latinean jatorria duten bi izenek osatzen dutela, flos-ris eta mons-tis!

Poliki-poliki, a poc a poc, seigarreneko neska-mutilak biharko hiritarrak izango dira. Eta hiritar horiek euskarari begiratuko diote edo anomalia  bati bezala, zerbait eskuraezina, ezinezkoa, hizkuntz-uniformitate errukigabearen marko batean fabrikako akats bati bezala... edo pertzepzioen putzu ordainezin bati bezala, muzin egin ezineko perspektiba multzoa, plazer eta jakintzaren iturri agortezin bati bezala.

Viure de cara a l'euskera (Aprendre llengües) | Enric Serra i Casals

Argazkia: Snow-covered swimming-pool and bath (Dorreseko bainuak). Egilea: sml! (Flickr). Lizentzia

01
Abe
2009

Mondo difficile

Foreign Office-eko enplegatuek euskarari buruz duten ustezko pertzepzioaren berri haizeratu zen duela aste batzuk. Euskara munduko hizkuntza zailena diosku hango plantilak.

Diplomazia britainiarraren artean nondik zabaldu da hori? Misterioa oraingoz. Akaso enpresako afari batean James Bond (hura ere Foreing Office-ko nominan dago, ezta?) hasi zen kontatzen Bilbon zebilela zapatofonotik abisatu ziotela han "basque" egiten zela, eta Guggenheim-eko kafetegiko terrazan jarrita dagoela galdez hasi zela "shaken, not stirred" nola eskatu behar den "in basque", eta hango pertsonalak ez zion jakin erantzuten, edo baten batek zerbait esan eta halaxe-edo eskatuta martinia barik kaña atera zioten basotubo batean... Badakizue, James hau ezinbestekoa da enpresako afariak animatzeko orduan. Pentsa zelakoa izan daitekeen diplomatiko britainiarrez betetako afaria bestela.

Diplomazia britainiarrak itzal handia du mundu honetan oraindik orain hala ere, eta King Charles Street-etik datorrenari kasu eman behar zaio, izan ere polito janzten du edozein albiste "diplomatiko britainiarren ustez..." batek, eta King Charlesek euskara munduko hardest language dela esaten badu, hardest language izateko puntu asko ditu, dudarik ez. Titular indartsua ematen du gainera.

Well, batzuei aspaldian lau haizetara zabatzeko deseatzen egon direna zabaltzeko "argumentum ad verecundiam" ederra jausi zaie esku artean (latina bai hizkuntza argia!), eta hortik "argumentum ad nauseam" izateko bidean laster jarriko digute, abilak izaten dira horretan gero! Honez gero "argumentum ex populo" bihurtu ez denean.

Tira, beste aldetik era askotako argumentum-ak zabaldu dira: zailtasunaren erlatibitatea, interesak, auctoritate horren auctoritate eskasa horrelakoak esateko... eta abar.

Edozelan ere, gauza bat ezin da ukatu, euskararen zailtasuna topikoa da, eta topikoa izanda errazagoa da hori pentsatzea kontrakoa baino. Eta, zailtasun hori nabarmentzeko interes batzuez gainera, zerk zabaldu du topiko hori? Horren atzetik honako zerbait egon daiteke?

  • Hizkuntza berezia, desberdina, propioa, eta apartatua izatearen fama. "Ez da besteak bezalakoa", horrelako baten aurrean erraza da "zaila izango da orduan" pentsatzea, ezta? Misterio ikutu hori ez diogu geuk ere ematen askotan? Besteetatik zenbat eta urrunago geureago delakoan-edo.
  • "Nola esaten da euskaraz?" eta "Nola esan behar da?" galderak nahastea. Alegia, ez duzue inoiz ikusi jatorrizko euskaldun oso natibo aktibo betikoa euskaraz beti esan duen zerbait galdera horri erantzun modura onartu ezinda dudan eta noraezean? "Argumentum ad auctoritatem" baten faltan edo. Hizkuntza zaintzea eta hizkuntza deskribatzea ez dira gauza bera, ala bai?
  • Eztabaida linguistikoak. Honela esan behar dela, hala esan behar dela... gustatzen zaigu gero! Baina zer pentsatzen ote du urrunago dagoenak hizkuntzaren misterioaren jabe horiek misterioak argitu ezinik ikusita? Eta bera nori kasu egin ez dakiela.
  • "Egingo dizut erdaraz, bestela ez duzu ulertuko". Ummm, honekin ez ote dugu misterioa areagotzen? "Zaila izan behar da gero!" erraz pentsa dezake solaskideak, edo aurretik pentsatuta badauka, hipotesia baieztatzeko zantzua emango diogu.
  • Boligrafo gorria. "Ze txarto egiten dudan!". Inoiz bururatu zaigu ikasleari ondo egiten duenagatik zoriontzea? Seguru nago odolez betetako orri horietan gehienetan gehiago izango direla zuzenak erratuak baino, ez da hala izaten?
  • N-a-ki-o-ke, g-a-itza-te-n, ukan, dautza, elkarrenganako, zaintzuriak, almandrongilak... Ez duzue ukatuko euskarak iniziatuentzako zeinu kabalistikoez betetako kodearen antza har dezakeela askorentzat.
  • "Nire inguruan ez dago euskaldunik". Askoren begietara euskalduna eta bere hizkuntza ez dira halako leienda urbano baten antzerakoak? Ba omen dira, baina ez dira nigana arrimatzen, ez zaizkit agertzen... ez dira izango orduan. Jakina, halako hizkuntza zailarekin, ezinezkoak dira.
  • "Eske euskaldun zaharrei ez zaie ezer ulertzen, oso "itxiak" dira". Ene! Euskaldun zahar peto apartatua, baserrian gordeta. Beste hizkuntza bat da hori, bi hizkuntza orduan, bata bestea baino zailagoa, eta hikan egiten badute, misteriorik misterioena. Zaila da bai, solasaldi bateko partaideekin jardun gabe ulertzea, edo zer esaten den ulertzea zelan esaten den begira bagaude. Areago ezer ulertuko ez dugula asumitu ondoren.
  • "Zer polita den euskara!" Bai, polita, Laboa handiaren kantu hartan bezala, gure barruan pizten diren bazter miresgarriak askotan, lanbroak irudimenean sortutakoak. Baina lanbroak izkutatu egiten du bidea, eta gogortu, eta atertzen duenean bazterrak ez dira hain ederrak izaten.

Zaila da euskara? Ez dakit, diplomatiko britainiarrei egin diezaiekegu kasu, edo bederatzi urteko neskato japoniarrari. Zuek erabaki.

PS: edo hauei ere egin dakieke kasu, aspaldian esan ziguten.

PS2: jakina, ez ditugu ahaztu zailtasuna zailenetan zailena egiteko ahalegin paregabe hauek.

11
Aza
2009

Hizkuntza jakitea, hizkuntza ikastea

Azken egunotan mezu bi aurkitu ditut blogosferan hizkuntzaren ikaskuntzaz oinarri-oinarrizko galderak eta hausnarketak plazaratu dituztenak. Hizkuntza ikastearen eta jakitearen kontzeptuak eurak bueltaka.

Lehenengoan Enric Serrak hizkuntza jakitearen kontzeptuari bueltaka jardun zuen. "Tranpa" zeri esaten diogun abiatuta:

...sovint considerem que una persona que fa servir un corrector ortogràfic que li millora els textos no en sap i en realitat fa trampa; sovint pensem que les consultes a obres lexicogràfiques o d'altra mena en línia tapen les vergonyes de la ignorància lèxica dels alumnes, que fan trampa.

(Uste izaten dugu pertsona batek bere testuak hobetzeko zuzentzaile ortografikoa erabiltzen badu ez dakiela eta tranpatan ari dela; uste izaten dugu sarean ditugun hiztegiak eta obra lexikografikoak kontsultatzen direnean ikasleek ezezagutza lexikoaren lotsa izkutatzen dutela eta tranpa egiten dutela.)

Azterketa batean seguraski halakoak tranpatzat joko genituzke geuk ere. Norbearen ezagutza frogatu behar den horretan ez baita norberaren ezaguza frogatzen, bere horretan ulertuta.

Baina ondoren Serrak beste ikuspuntu bat ematen du: "Zer geratuko litzateke ondo ez dakien hizkuntzan behar duen eguneroko testu bat sarean aurkitu dituen ereduetan oinarrituta sortzen badu, eta hura erabiltzen badu?". Kasu bat eman du: italiera jakin barik, hitz klabeak bilatuta behar denaren moduko testua aurkitu, moldatu eta hegazkin-konpainiari erreklamazio gutuna idazten badiogu?".(Eta gehituko nuke nik: "Eta katalana arauaren arabera jakin barik Enricen bloga irakurtzeko itzultzaile automatikora jotzen badugu?").

Gaur egungo komunikabideek (ez hedabideek soilik) azalera ekartzen ari dira hizkuntza jakitearen kontzeptu "klasiko" horren herrenak nonbait. Beharbada, Serrak dioen modura, honetara hurreratu beharko dugu gero eta gehiago: " Sap llengua, en cert sentit: sap satisfer les seves necessitats lingüístiques" (Hizkuntza daki, nolabait behar izan lingusitikoak asetzen daki").

Zaila egingo zaigu gurean halakoei neurria hartzea. Hizkuntzari eman ohi diogun balio sinbolikoaz gainera, elebitasun-diglosiko batean hizkuntz-beharrak asetzeko estrategia instrumental ohikoa beste hizkuntza batera igarotzea denean, baina era berean, horrek akaso esan nahi digu euskarari balio komunikatibo eta instrumentala eman behar zaiola, "tranpa" horiek tranpa izatetik zerbait lortzeko estrategia bihurtu daitezen denon pertzepzioan, ez hizkuntza ez jakitearen seinale lotsagarriak. Eta balio komunikatibo hori euskara-klasean ere eman dakiokeela uste dut. Ikasleak hiztegia begiratzen duenean begiratu dezala han interesatzen zaion edo behar duen zerbait adierazi edo ulertzeko, ez irakasleari "tranpa" egiteko.

Bigarrena hizkuntza ikasteaz ari da. Curriculum-oinarri batzuk dira. Brasileko Rio Grande do Sul eskualdeko hezkuntza idazkaritzak egindako dokumentu batekoak eta Gonzalo Abiok gaztelaniara ekarrita.

Askorentzat ezagunak izango dira horrelakoak, eta erantzun (politikoki) "zuzena" asmatzea ez zaie kostatuko. Beste batzuentzat "filosofia" eta "didaktika txapak" izango dira.  Beharbada lehenengoek askotan horrelako predikamentuak zabalduko dituzte sarri, froga grafikoak edo praktikoak gutxi edo lauso azalduta, bigarrenekoen eszeptizismoa sustatuz, eta iritzia eta prakitka aldatzeko motiborik eman barik. Beharbada, baina badaezpada hona ekarriko ditut hizkuntza ikastearen ideiaz han plazaratu diren galdera batzuk. Egundo ez du kalterik egiten pentsatzen paratzeak:

  • Hizkuntza ikastea ezer ez jakitetik dena jakitera pasatzea da, ala hizkuntza ikastea zerbait egin edo zerbaitetan jarduteko trebezia eskuratzea da?
  • Hizkuntza ikastea hura nolakoa den eta nola funtzionatzen duen  ulertzea da (hotsak, hiztegia, gramatika arauak) gero hori guztia praktikan jartzeko, ala hizkuntza ikastea hizkuntza hori hemen eta orain nahi dugun jendearekin jarduteeko erabiltzea da?
  • Hizkuntza bat ulertzen (entzun/irakurri) eta egiten (hitz egin/idatzi) trebetasun batzuk hurrenkera batean eskuratzea da, ala hizkuntza hori ulertzen eta egiten ikastea trebetasun guztiak batera erabiltzeko lehenengo aukeratik hasita erabiltzea da?
  • Bigarren hizkuntza baten ikaskuntza bakarrik gerta daiteke ikasle gutxiko taldeetan, ikasmaterial eta baliabideez ondo hornituta eta ordu kopuru serio baten barruan, ala pertsona-kopuru eta testuinguru ugaritan hizkuntza horretan murgiltzea eskatzen duten praktika sozialetan partaide izateko aukera bakoitzean gertatuko da?
  • Hizkuntza ikasteak ez dauka zer ikusirik ez curriculumeko beste disziplinekin ez eguneroko bizitzarekin, ala hizkuntza ikasteak jakintza eta bizitzaren arlo ugaritan jardutea eskatzen du?
  • Ikastea motibazioaren eta arretaren ondorengoa da, ala ikasteak akaso esan nahi du ikasgaiari arreta ematen zaiola ikasi ahala ikasgai horri balioa ematen eta balio horretaz jabetzen garelako?

Ez naiz hasiko erantzun zuzena zein den eztabaidan, beste galdera batekin geratu naiz eta: euskararen balio komunkatiboari nola eutsi eta hura nola erakutsi ikasi nahi duenari?

07
Aza
2009

Juan Jose Zearreta hil da

Ricardo Gomezek eman digu albiste latzaren berri, eta Euskaltzaindiaren oharrera bideratu: Juan Jose Zearreta euskaltzain urgazlea hil da gaur egurdian auto-istripuz.

Euskaltzain urgazlea izan eta erakundearen kudeaketa lanetan ziharduen gaur egun, baina Zearretaren bizitzak eta lanak lotura handia izan du helduen euskalduntze-alfabetatzearekin, Euskaltzaindiaren oharra irakurri besterik ez dago:

Juan Jose Zearreta Urigoitialdekozea Zornotzan jaio zen, 1947ko ekainaren 10ean. 60ko hamarkadaren amaieran hasi zen euskalduntze eta alfabetatze kanpainetan parte hartzen. Hala, 1968-69 ikasturtean Deustuko San Felicisimon euskarazko eskolak sortu ziren, Zearreta talde horretako partaide izan zelarik.

1970ean Lehen Urratsak liburuaren prestaketan jardun zuen, besteak beste, Patxi Elgezabal eta Ricardo Badiolarekin.

Urte horietan lanean zebilen Bizkaiko alfabetatze batzordeko kide izan zen. 1975-76an, herrialde guztietako batzordeak batu eta Alfabetatze eta Euskalduntze Koordinakundea (AEK) sortu zenean, bera izan zen sortzaileetariko bat, idazkari lanak ere bete zituelarik.

1973an hasi zen lanean Euskaltzaindian, Ekonomia arloan, Jose Luis Lizundia orduko idazkariordearen lankiderik hurbilena izan zelarik. 1975eko ekainaren 27an euskaltzain urgazle izendatu zuten.

2003an  Euskaltzaindiaren kudeatzaile izendatu zuen Akademiak.

Euskalduntze prozesuarekin loturik beti ere, hainbat lan argitaratu zituen, elkarlanean:

  • Euskalduntzen (3 liburuki), 1972
  • Alfabetatzen (1975)
  • Euskara: Hizkuntza Ariketak (1976)
  • Euskal Hiztegi Modernoa (1977)
  • Sortzen - I (1978)
  • Hiztegia 80 (1980)

Bilbon euskara eskolak antolatu, ikasmaterial historikoen egile (Lehen Urratsak, Euskalduntzen, Alfabetatzen...) eta AEKren sortzaile. Ez da aipatu gabe uzteko moduko ibilbidea, baina aspaldian beste lanetan hasita, seguraski gaur egun askori ez zaie ezaguna egingo Zearretaren izena.

Ni neu behin suertatu nintzen berarekin. Duela hainbat urte, irakasle lanetan ia hasi berritan, ikasle talde batekin Euskaltzaindia bisitatzera joan nintzen. Plaza Barrian egoitza jarri baino urte batzuk lehenago izan zen, orduan Diputazioaren inguruko kale batean (ez dut orain zeinetan gogoratzen) pisu txiki batean zeukan Euskaltzaindiak Bilboko egoitza.

Ez zen hura gaurko etxe dotorea, ez. Dokumentuak eta altzariak ahal zen moduan apailatuta ziharduten han. Hantxe hartu gintuen Zearretak, eta Euskaltzaindia zer eta zertan zen eta han zegoena erakutsi eta azaldu zigun. Gogoan dut oraindino han zeukaten bilera-gelako horman egon zen organigrama moduko bat: Euskaltzainburua, euskaltzainak, sailak, eta han  behean adartxo bat: AEK.

Ikasleak apur bat harrituta geratu ziren egia esanda, baita neu ere. Eguneratu barik zegoen organigrama hura, urteak ziren AEK Euskaltzaindiaren babesetik irten zela, eta, esango nuke orduko hartan erakunde bien artean harreman handirik ez zegoela. Hala ere, Zearretak organigrama hartaz baliatuta historia kontatu zigun: gau-eskolak, alfabetatze batzordea, koordinakundea...

Helduen euskalduntze-alfabetatzeak gorabehera handiak izan ditu, ordura arte ordutik aurrera: bereizketak, hausturak, pertsonak... Eta organigrama hartako AEK eta nik gaur egun lan egiten dudan lekua urrun daude duda barik. Baina urrun egon arren, lotura asko egon dira bitartean, pertsona eta esperientzia asko. Eta memoria historikoaz hainbeste jarduten den sasoi honetan, gogoratu dezagun geurean ere historia dagoela, nonbaitetik gatozela eta esperientzia ugari ditugula atzetik, gerora begira atzean utzi ezin direnak.

Bego beraz geure gogoan Juanjo Zearreta, bera eta bere lana. Kasualitate latz horietako batean auto-istripuan joan zaigu, helduen euskalduntzearen historian giltzarria izan zen Rikardo Arregi bezala.

Doluminak senideei, lagunei eta lankideei.

Argazkia: Euskaltzaindia

Sindikatu edukia