!name-ren blog-a

22
Aza
2006

Beldurrak kentzen

Tandem fundazioko Jürgen Wolf eduki genuen hizlari atzo Santutxun. Berbalagunak antolatuta Euskaraz hitz egiteko beldurra nola galdu lelo erakargarria zeukan hitzaldiak, berbalagun eta euskaltegian ikasle dabiltzanentzat gehien bat.


Kopia - 100_0792

Neuri ere interesatzen zitzaidan kontua. Tandem-i buruz zerbait entzun dut inoiz. Hizkuntz elkartrukeak antolatzen dituztela, hainbat herritan zabalduta daudela, mintzalagunen inspiratzaileak direla,... Hala ere, ez da bigarren hizkuntzaren ikaskuntzaren munduan sarri entzuten den izena, eta zerbait desberdina aurkitzearren edo.

Eta zerbait desberdina bai..., eta ez.

20
Aza
2006

Teknoendredoen saga: klonaren erasoa eta pokastinaren porrota

Griposo pasatu ditut azken lau egunak etxean, eta Potemkin erizain fidelari kasu egitearren sarean endredatzen ibili gara biok. Esperimentu bitan gehien bat.

18
Aza
2006

Bidasoak

Aste honetan lan kontuak direla-eta, Iparraldeko AEK-ko lankideekin ibili gara elkarri zertan gabiltzan berri ematen. Didaktika zerbitzuaen inguruan gehien bat. Euskalduntzearen mundu honetan -gainerakoetan gertatu ohi den bezala barruntatzen dut- oso mundu desberdinetan bizi garen konbentzimendu-antzekoa izaten dugu sarritan, eta horrela jokatu ohi dugu ondorioz. Eta egia izaten da sarri, baina gehienetan ezetz esango nuke Iparraldeko lankideekin hangoak eta hemengoak elkarri kontatzen ibili ostean.

17
Aza
2006

Gure Txokoa, mintzalagunen bloga

Karrajua klonatzeko prozesuan nabilela, Mahats Orriak auzoko komunitatean blog berrien artean gauza bitxia deskubritu dut. Berbalagun talde baten bloga: Gure txokoa. Hasi berria, baina lehenengo mezuan aurkezpena eta asmoak azaltzearekin batera urtegia inauguratuta utzi digute.

Mahatserriko berbalagunan partaide nabil neu ere, eta behin baino gehiagotan kontatu ditut hangoak. Euskaltegiblogak bataiatu ditugunak ere gero eta gehiago dira, baina, nik dakidala (erratuta banago, esan), hau mintzalagunen blog modura (mintzalagunen beraien bloga, ez egitasmoaren blog ofiziala) lehenengo esperientzia izango litzateke. Interesgarria dirudi ahozko praktika idatzizko praktikara ere zabaltzearen saio hau. Jarraitu egin beharko da. Animoa neska-mutilok! Konturatu barik zuek ere "inbentoa" sortu duzue.

http://www.asapala.org/mahatsorriak/txokoa  


A! ...eta ez da nire taldea.

15
Aza
2006

Moodle talde-lanerako (AEK-ko beste esperientzia bat)

HABEk, badakizuenez, Moodle-era ekartzen dabil bere on-line jarduera. www.ikasten.ikasbil.net gunea atondu eta apurka-apurka formazio ikastaroak berton sartzen dabil.

Aurreko plataforman ez bezala, oraingo honetan badirudi norberak eman dezakeela izena. Nik halaxe egin dut eta arazo barik eman dit alta. Ikastaro zerrendatxoa dago: Osatuz-en ingurukoak, Irakurmena lantzen eta Internet didaktikatzen formazio ikastaroak, 4. maila, Moodle arazo eta galderak, eta Erakunde planteamenduak izenekoa. Azken hau, dirudienez eta asteon euskaltegietara zabaldu duten gutunean diotenez, ez da ikastaro hutsa, lan-taldea baino. Moodlek eskaintzen dituen tresnak ikaskuntzarako barik talde-lanerako erabiliko dituzte dirudienez. AEKn horrekin eduki dugun esperientzia kontatuko dut, zerbaitetarako balio badu-edo.

10
Aza
2006

Slidesharerekin olgetan

Interesantea slideshare horrena. Badakizue, aurkezpenak on-line jartzeko zerbitzua (powerpointak eta enparauak).

Aspaldiko kontua da formazioak aurkezpenak erabiltzea, ez dugu ezer deskubirtu, ez. Hitzaldiren baten erabili dut, baina orain hasi naiz formazio kontuetan (egun baten honetaz jarduteko gogoa daukat) erabiltzen, aste honetan hain zuzen. Ondo-edo, arreta erakartzeko ondo, kontzeptuak eta ideak argiago plazaratzen laguntzen du, eta ohituta ez dabilen jendearen aurrean nobedadeak hasierako puntu batzuk ematen dizkizu. Alde negatiboa ez dut esango, baina arriskutsua bai, kontu teknikoak. Batetik tramakuluekin atzera eta aurrera ibili beharra, bestetik edozein elementuren kale egiteak ekarri ahal dizuna, entxufea urrunegi egotea eta kablerik ez edukitzea adibidez.

10
Aza
2006

Berbalagunean gogoetan (egin behar denean ibili beharrean)

Berbalagunaren aurkezpena eduki dugu gaur Santutxuko euskaltegian. Hiru aste gabiltza martxan, baina gaur izan da inaugurazio "ofiziala". Jaiagatik apartekorik ez (zorionez), giro atsegina, jendea pozik ikusten da,... harreman sareak sortzea baldin bazen helburuetako bat lortuta edo lortzeko bidean dago. Koordinatzaileak bota dizkigu datuak, lehengo urtean baino 20 lagun gehiago orain eta eta deiez dabil jendea oraindino, 14ra heltzeko gutxi,   laguntzaile (euskaldun zahar) falta, gurasoen berbalaguna zabaldu egin da aurten eta demanda dauka, eta ideia berri asko aurten.

Neure inpresioak: jendea gustura eta fidel (ikusten ditugunak ikusita harrituta diot, ez bota beharreko lore modura bakarrik), eta gaurko puntua: irakasle-ebaluatzaile paperean sartu naiz oharkabean (oharkabe horri zerbaitek deitzen dio beti hala ere), eta berbalagun koadrila ezagunarekin lehenengoz erreparatu dut benetan jarioa asko hobetu dutela. Gero eta alde txikiagoa dago eurek eta gure artean (bi laguntzaile ibili gara koadrilan momentu horretan), abiaduran eta espresibitatean. Horrez gain, elkarrizketaren protagonismoa kendu egiten digute, hau da, gure abantaila linguistikoak gero eta gutxiago balio digu berbazko hartu emanean arrakasta ziurtatzeko..

Mailak eta tituluetan pentsatu dut. 2. maila: jarioa, erosotasuna, erraztasuna, konfidantza,... 3. maila: zuzentasuna, homologazioa, estandarizazioa... Aztertzaile informalaren paperean sartuta 2.a eman diet duda barik. Euskaltegian dabiltza batzuk orain EGA eta halakoak prestatzen ("bigarrena egin ondoren ez daukazu beste aukerarik"). Kaña sartzen dietela esan dute (aditzak, berridazketak, liburuak...). Ez dute protesta zantzurik erakutsi. Beharrezkoa izango da, ez dakit. Eta ez dakit berbalagunak  beharleku horri oratzen noraino lagundu dien ere, eta jarioa hobetzen, eta euskararen munduko parte izaten. Azterketa serioa egiteko unea dela uste dut.

Horrela, burua nekatzen besteak berriketan dabiltzan bitartean, berriketa horri saltsa eman beharrean. Zelako erraztasuna gurea psikolastoetan ibiltzeko, mundura jaitsi beharrean. Sentsazio bera gaur goizean lankideekin,... zenbat kostatzen zaigu hizkuntza bistan daukagunera ekartzea! Abstrakzioan, teorizazioan, diskurtsogintzan  murgiltzen gara erraz. Gogoetan, batzuetan lehengo egunean aipatu nuen martzianoen modura sentitzeraino. Euskara eta ikaskuntza diskisizio gai modura bakarrik erabiltzen ote ditugun dudan. Berbalagunekin berbetan ibili beharrean garuna egosten ibiltzea bezala. Parafraseatu egin beharko dugu Berbalagunekoek lehengo egunean bota zutena: "Askatu garunak, lagunak!". Seguruenik horrela gure lanerako pista asko ere jasoko ditugu.

07
Aza
2006

Hizkuntza gatazkak kudeatzen ikasi

Hizkuntza gatazkak kudeatzen ikasi - Pasa den astean autoari gurpilak aldatzera joan eta horixe egin nahi nuela mekanikoari esan nioenean, irribarre burlaize batekin erantzun zidan, berari gaztelaniaz egiteko esanaz. [Erabili.com: iritizi muinetik]

Iñaki Arruti euskara teknikariak askotan erreparatzen ez diogun kontua ekarri digu gaur erabili.com-en, hizkuntz-gatazkak pertsona artera ekartzen dituen gatazkak. Eguneroko hartu-emanetan euskaraz jardun nahian topatzen ditugun jarrerak, egoerak eta oztopoak ditu gai nagusi.

Hizkuntza ikastearen ingurumarian ere ez dut uste ondoezak, tira-birak eta (barne) gatazketatik libre gaudenik. Norbaitek espero eta besteak nahi duena, baten konbentzimenduak eta bestearen usteak, halakoak esaten duena eta besteak egiten duena, nahi genukeena eta daukaguna... Hizkuntz-pedagogiarekin batera hizkuntz-psikologia horri kukutxu bat egitea ez litzateke kalterako izango. Ikastea bera ez da hizkuntz-gatazka azken baten?

Sindikatu edukia