programa

25
Aza
2006

Ikasmateriala=ikastaroa?

Dendaketan materialaren aurkezpenarekin batera aspaldian darabildan gogoeta airera botatzeko gogoa etorri zait: Ikastaro bat antolatzeko ikasmateriala nahikoa da?

Mutur eta adar askoko kontua da hau, neuk ere ez daukat argi-argi, baina ez dakit material didaktikoaren pisua gainbaloratzen ote dugun ikastaro bat antolatzeko orduan. Lan egiteko erak eta aukera ezberdinak egon daitezke tartean, eta ikasmaterial kontzeptuaren adiera anintzak ere bai. Baina kezkatxo batzuk dauzkat.

10
Aza
2006

Slidesharerekin olgetan

Interesantea slideshare horrena. Badakizue, aurkezpenak on-line jartzeko zerbitzua (powerpointak eta enparauak).

Aspaldiko kontua da formazioak aurkezpenak erabiltzea, ez dugu ezer deskubirtu, ez. Hitzaldiren baten erabili dut, baina orain hasi naiz formazio kontuetan (egun baten honetaz jarduteko gogoa daukat) erabiltzen, aste honetan hain zuzen. Ondo-edo, arreta erakartzeko ondo, kontzeptuak eta ideak argiago plazaratzen laguntzen du, eta ohituta ez dabilen jendearen aurrean nobedadeak hasierako puntu batzuk ematen dizkizu. Alde negatiboa ez dut esango, baina arriskutsua bai, kontu teknikoak. Batetik tramakuluekin atzera eta aurrera ibili beharra, bestetik edozein elementuren kale egiteak ekarri ahal dizuna, entxufea urrunegi egotea eta kablerik ez edukitzea adibidez.

09
Mai
2006

Programa

Testuak atalean programa edo syllabus-en diseinuaz egin ditudan apunte batzuk sartu ditut.
Duela urte pare bat kontu honi bueltak ematen hasi nintzen. Gure sektorean askotan barruntatu dut halako etsipen puntua: jendeak ez duela ikasten, gure lana alferrikakoa izaten dela, egiten duzuna egiten duzula ikasleek berdin-berdin jarraitzen dutela,... Honakoekin ez dut bat egiten, baina halako sentsazioak ibili badabiltzala ezin ukatu, goi-mailetan gehien bat. Eta gure beharlekua aurrera eroateko ez dira onak izango seguruenera.

300 orduko ikastaro baten ezer ikasten ez duenik ez dagoela uste dut. Guk espero genuenik ikasi ez duenik asko ostera. Baina zer espero dugu "ikastea"? Zelan ikasiko dute espero dugun hori? Zer ibilbide markatu daiteke horra heltzeko?

Sarritan sentsazioa eduki dut halako ikastaro luzeetan batez ere, iparra ondo markatu barik, edo iparra galduta ibiltzen garela.

Egunez egun prestatzen dugu klasea, egin egiten dugu eta geu ere "zerbait ikasiko zuten" geure artean pentsatzearekin konformatu ohi gara.

Irakasle asko klasearen balorazioa egitean "gustura egon dira", "pozik", "ondo pasatu dugu" eta halakoak bota ohi dituzte lehenengo baten, eta aurrerapenari buruz galdetuta,... "Ondo ibili dira", "Lan asko egin dute"... eta halakoetan geratzea ohikoa izaten da. Ez da kasu generala, eta motibazioa eta giro onaren garrantzia ez dut ukatuko, pentsatu ere ez! Baina irakasle papera batzutan instruktore eta animatzaile sozio-kulturala aldi berean izatea dela dirudi.

Lehengo eguenan Plisti-plastaren blogean (bide batez, egiozue bisita, gauza mamitsuak botatzen ditu eta) bota nuen bezala, hizkuntza ikastea lehenengo eta behin erabiltzen trebatzea dela uste dut, eta trebakuntza guztiak bezala progresio bat behar du. Lortu nahi dugun erabilera maila zehaztu, helburuak ezarri eta helburu horiek lortzeko bidea diseinatu eta tresnak eskuratu behar dira. Hori da bide nagusia nire ustez.

Hori dena kurrikuluak azaltzen du, esango duzue askok. Bai eta ez. Kurrikuluak zer lortu behar dudan azalduko dit, etapetan banatu eta lortzeko ildoak zehazten ditu (ikuspegi metodologikoa), baina hori guztia ikastaro zehatz baten nola gauzatu behar den ikusi ditudan kurrikulu gehienek ez digute pista handirik ematen. Hau da, zelan egin behar da ikastaro baten programa?

Programa hitzaren inguruan bila hasita, konturatu nintzen leku gehienetan bereizketa egiten dela kurrikulua, programa eta programazioaren artean. Ingelesez syllabus terminoa erabiltzen dute (Erresuma Batuko tradizioan gehien bat), eta HABEren glotodidaktika hiztegian euskaraz ere horrela itzuli dute (gaztelaniaz programa erabiltzen dute ordea).

Honela bada,ingurura kolpe egin eta kurrikuluaren ondoren topatzen den dokumentu bakarra "programazioa" da, eta programazio hauek egunez egunez egiten dugunaren zerrenda baino ez dira, kurrikuluarekin lotzen zailak.

Horretan nabilela, iaz HABEren itzulpen sailean argitaratutako liburua topatu nuen (badakizue euskaltegietara lantzean behin bidaltzen dizkiguten liburu zuri-berde-laranja horiek), Susan Feez Australiako irakaslearen "Testu bidezko syllabus-diseinua" (HABE, itzulpen saila 46), liburu horretan hain zuzen galdutako katebegi horren aipua topatu ere. Syllabus-diseinua edo nola antolatu ikastaroa.

Liburuan irakurritakoaz ondorioa atera nuen segituan. Ikastaroen programak ez dira gauza berriak, eta denok ezagutu ditugu antxinako programa eraduak. Programa estrukturalak eta nozio-funtzionalak hain zuzen ere. Eduki linguistikoetan oinarrituta helburuak argi eta bidea argiago. Baina haien ikuspegi metodologikoa gaindituta geratu zen eta jardunbide berriak agertu ziren: AOI, prozesuzko programak.... Ikuspegi metodologiko zabalagoa, eragingarriagoa eta politagoa ere bai. Baina ikuspegi hauek, bertuteak bertute, iparra galtzearen sentsazioa ekarri dutela dirudi, izan ere, ez dute programa egiteko eredu argia eskaintzen. "Komunikatiboak" dira, baina komunikazio-gaitasun maila batera heltzeko bidea lausotuta azaltzen dute.

Susan Feezek praktikotasuna eta eklektizismorantzako iraulia proposatzen duela begitandu zait. Testu bidezko syllabus diseinuarekin aurreko guztiaren onarekin eta testuaren pedagogiako ekarpen batzuekin eredu interesgarria garatu duela uste dut. Gehien baten uneoro lortu beharrekoari begira diharduelako, eta ondorioz syllabusa ondo diseinatzearen garrantzia azpimarratzen duelako.

Lortu ahal-behar denari begira gehiago jartzea ez da izango gure etsipentxo horiek gainditzeko era bat?

Sindikatu edukia