entzumena

14
Abe
2006

Euskara ikasteko podcast-ak

Atzo zabaldu.com-era albiste hau bidali zen:

Hizkuntzak ikasteko podcast-ak

Albisteak Open Culture webgunean argitaratu duten zerrenda bati egiten zion erreferentzia. Hizkuntza ezberdinak ikasteko (arabiera, txinera, ingelesa, gaztelania,...) sarean aurkitu daitezkeen podcast-en zerrenda azken baten.

Euskara ez dago zerrendan, seguruenik hizkuntza txikiak aintzat hartu ez direlako, baina egia esanda, egon ere ez nuke esango halako podcast pedagogikorik asko dagoenik. Joxe Aranzabalek mezu honetan irratiengatik dioena beste hainbat arlotara zabaldu daitekeela uste dut. Zer daukagu bada euskaraz?

Irrati emisora batzuek podcast-a prestatuta daukate aspaldion. Karrajuaren jarioetan pare bat dauzkagu sartuta: Bilbo Hiria Irratia, Irratia.com eta Info7, hauezaz gainera saio pare bat egon da informatika munduan. Zerbait badago dokumentu mailan, entzungai-iturriak alegia.

Open Culture-n zerrendan agertzen direnak hizkuntza ikasteko blogak dira eta horretara enfokatuta daude hala ere, ez dira dokumentu hutsak, hizkuntza horiek ezagutzeko eta batez ere entutezkoaren ulermena lantzeko audio-materialak dira.

Pentsatzen hasiz gero, gurean ez daukagu halako askorik. Ikasbil-en entzungai bilduman Euskadi irratiko grabazioak eskaintzen dira, baina ez da haientzako jarduera didaktikorik eman ohi. Bestelako atazetan lantzean behin agertzen da entzungairen bat. Ahalegin bat agertu da duela gutxi Gizon arruntaren bloga sortu berrian, halaxe aitortzen zuten hasierako post-ean behintzat. Eta entzungaia-bideoarekin hornituta ikas-jarduera proposatazen duten mezu pare bat agertu dira dagoeneko.

Podcast-a gauza oso berritzailea eta konplexua iruditu dezake lehenengo baten, niri ez zait hainbesterako iruditzen. Azken baten audio-blog edo audio-jarioa dela esan daiteke.

Entzungaiak rss modura publikatzen dira eta ordenagailuarekin zein bestelako tresnekin (ipod,...) jarraipena egiten zaio. Webgune edo blogarekin osatu daiteke eta halako multimedia gunea sortu dezakegu. Eta zer diferentzia dago orduan Ikasbil-en bildumarekin adibidez. Nire ustez asko ez, publikatzeko eta erakusteko modua akaso. Baina hor egon daiteke klabea. RSSa edo blog-en moduko publikazioak entzungaiok denboran antolatzen eta jarduera didaktikoekin osatzeko aukera interesgarria eta erraza eman dezakete klaseak antolatzeko edo norberaren audio bildumak osatu eta konpartitzeko.

Boteprontoan ez dirudi beste munduko ezer, baina buelta pare bat emanez gero jorratzeko moduko aukera interesgarriak zabaldu daitezke. Begiratu adibidez gaztelania ikasteko podcast honetan entzungaiak material osagarriak saltzeko zelan erabili duten.

Aurreko baten saiatu nintzen Ikasbil-eko entzungaiekin podcast-a osatzen eta huts egin nuen, baina hemen dauzkat entzungai batzuk eta saiatuko naiz beste zerbait egiten. Ea denbora apur bat hartzen dudan.

23
Aza
2006

Klaserako kaseto erraza (mp3 ta guzti)

Mp3ekin eta CDekin zoratuta ibiltzen dira batzuk: batetik bestera pasatzen, CDak grabatzen, kasetoak bilatzen, aparatoak batetik bestera eroaten,... Soluzio erraza proposatu nahi dugu. Ez dugu bolborarik asmatu, ez, honez gero askori okurritu zaie, seguru!. Baina askotan azaltzen eta ulertarazten erraza izaten ez denez, hemen azalpen grafikoa.

Zelan egin klaserako "kasetoa" mp3 erreproduzigailuarekin eta ordenagailuko bozgoragailuekin?

  • Hartu mp3-a. Sartu barruan behar dituzun entzungaiak. Aurikularrak ipinita badauzka, kendu.

20
Aza
2006

Teknoendredoen saga: klonaren erasoa eta pokastinaren porrota

Griposo pasatu ditut azken lau egunak etxean, eta Potemkin erizain fidelari kasu egitearren sarean endredatzen ibili gara biok. Esperimentu bitan gehien bat.

13
Eka
2006

Hizpide 61

hizpideGaur heldu zait HABEk argitaratzen duen Hizpideren azkenengo alea, 61.a. Ez dut irakurtzeko astirik izan oraindik, gainetik ikusi baino ez. Lau artikulu datoz oraingoan:

  • Corpus linguistikoa eta konkordantzien gaineko bat. Nati Abasolo eta M. Jose Lasherasek sinatuta. Azkenotan HABEtik konkordantziaren ingurukoak dabiltza zabaltzen, ikastaro pare bat ere egin da.
  • Hiztegia ebaluatzeko tresna eta teknikak izeneko bat, Rosa Maria Jimenezek eginda. Titulua erakargarria da, irakurri beharko.
  • Pello Esnalek puntuazioa lantzearen inguruko artikulua dakar oraingoan. Pello lehenago ere ibilita dago puntuazioa eta idazkera zaindua lantzeko materialak eta liburuak egiten. Lankide batek gomendatu digu gainera.
  • Larry Vandergrift-en artikulu baten itzulpena: Ikusteko entzutea ala entzuten ikastea. Izenburu erakargarria hau ere, neuretzat eta besteren batentzat behintzat (gure erreguak entzun ote dituzte?). Hemendik hasiko naiz irakurtzen.

Aurreko baten ere galdera bera egin nuen. Hizpide irakurtzen da euskaltegietan? Haren gainean zerbait komentatu edo egiten duzue? Orduan ez nuen erantzunik jaso, hain gutxi irakurtzen da?

Irakurtzen duzuenok zelan baloratzen duzue? Nik neuk behintzat azkenengoetan gauza interesgarri pare bat topatu ditut. Gaur berton adibidez lankide batzuk ibili gara azkenengo argitatalpenetako baten gainean lantxo bat antolatzen.

Dena dela ez dakit zergatik urruneko sentsazioa ematen dizkit bertako artikulu askok. Hizkera ote? Maketazioa? Ez dakit, artikuluak idatzi baino blogeatzea nahiago dudan arrazoi berdina izango da?

Tira ba, edozelan ere artikuluon gainean zerbait komentatu nahi baduzue besterik ezean hemen daukazue plazatxu bat. Neu ere irakurri ahala saiatuko naiz berton zeozer plazaratzen. Ea ba! 

07
Mai
2006

Podcast-ak datoz

Podcast-ak datoz

Karrajua.org honetan blogetik aparte beste atal batzuk daude. Klaserako baliabideak deitu dudan horretan interneten zehar irakasleontzat eskola prestatzeko baliabideak eskaintzen dizkiguten guneak apuntatu eta etiketatzen ditut. Sartu ditudan azkenen artean entzungaiak eta bideoak eskaintzen dituztenak daude: irratia.com, Bilbo Hiria, EITB,... Lehenengo biak podcast erara atondu dira. Podcast-ak zabaltzen ari dira eta gurera ere heldu beharko ziren nonbait.
Berauen aplikazio pedagokikoez ere entzunda gaude aspaldion. Gaur sarean gora eta behera ingelesa ikasteko pare baten berri izan dut hemen.  Bi podcast-en berri eman da hain zuzen ere: dagoeneko martxan dabilen hau eta hasteko dabilen beste hau.

ESLpod-en ibili naiz apur baten. Testua entzuteko aukerarekin batera, transkripzio idatzia eta entzungaian bertan hitz eta esamoldeen azalpenak ere ematen dituzte. Aizu! eta HABEren moduko aldizkariak etorri zaizkit gogora. Irakurgaia eta ondoan hiztegiaren kaxatxoa. Hemen berriz, itzulpena barik azalpen polita ematen dute ahoz.

Pocast-en asuntu honek ez nau bereziki harritzen. Espero izatekoa izan da, ikusentzunezko testuak zabalzeko bideak digitalizazioarekin aspaldi hasi ziren errazten, eta denbora kontua izan da honakoak heltzea. Edonola ere, ez dut ukatuko erakargarria dela, eta gurean ere denbora kontua baino ez da izango honakoak martxan jartzea. Hizkuntza ikasteko podcast-a edo entungaien biltegiak mp3-en bilduma hutsa baino zerbait gehiago izan behar duela argi edukita ildo erkargarri (nire ustez) bezain beharrezkoa zabaltzen da, hizkuntz-laginak ezagutu, aztertu eta lantzeko aukera irekia, idatzizko testuak zabaltzeko daukaten erraztasunera hurbilduz. Nik neuk inoiz ametsetan egin dut behin eta berriz eman dudan azalpena grabatu, artxibatu eta ikasleen eskura jartzeko aukerarekin. Eta ikasle modura, entzungai bat harrapatu eta entzuketa kontrolatzeko aukerarekin. Horri transkripzioa, azalpena eta ondo entzuteko aukera gehitzen badiogu askoz hobeto.

Atzo kasualitatez gune honetako testuak atalean entzuzteko ulermenari buruzko apunte batzuk sartu ditut. Apunteak besterik ez dira, handik eta hemendik batu ditudan ideia batzuk, ordenarik gabe, biribildu gabe eta neure artean pentsatutakoak. Ez dezala inork eskulibururik edo dotrinarik bilatu beraz. Edozelan ere komentarioak, iritziak, kritikak, zuzenketak edo eztabaida baletoz poz-pozik. Komentatzeko aukera dago guztietan. Eta norbaiti euskara ikasteko podcasta antolatzen lagundu ahal badiote pozik baino pozago.
Nik bitartean belarria ingelesera egiten jarraituko dut.

27
Api
2006

Plisti-plasta: blog berria

Aurreko post-aren erantun baten bidez blog berria ezagutu dugu: Plisti-plasta. Sorpresa ona benetan. Autoikaskuntzan diharduen irakasle batek eskola-jarduneko sentsazioak eta gogoetak konpartitu nahi ditu guztiokin. Entzumena eta autoikaskuntzaren inguruko perla birekin hasi zaigu, eta irakurtzea ezezik, harekin gogoeta konpartitzera ere animatzen zaituztet, merezi du eta. Ni neu gehiagoaren zain nago. Eta entzumena eta autoikasuntzaren inguruan buruari buelta pare bat ematen.

Sindikatu edukia