10
Ots
2007

Wiki-wiki

Hizpide 62 irakurtzen hasi naiz, Internet ikasgelan: Wikiak artikulutik hain zuzen ere. Wikiaren definizioa lantzen saiatu dira lehenengoz, gero webpaint zerbitzuan wikia nola sortu azaltzen dute eta azkenengoz erabilpen didaktikoen gainean ideia eta esteka batzuk ematen dituzte. Azkenengoz http://idazketatailerra.wetpaint.com helbidean idazmena lantzeko ikastaro baten parte bezala sortu duten proba azaldu digute gainetik.

Wikien balio didaktikoaz asko egin da berba azkenotan hezkuntza eta formazioaren inguruko guneetan. Baina egia esanda, denok aukera kopuru ikaragarria ikusten diogun arren, martxan konbentzitzen nauten esperientzia gutxi ikusi ditudalakoa daukat. Blogen antzera, "wiki interruptus" asko dabiltzala uste dut. Eta lastima da.

Kasu honetan ere Natxok eta Agurnek proba batekin erakusteko ahalegina egin diguten arren, uste dut teknologia-kontu hauekin dabilen beldur-fobia-ezjakintasuna gainditzeko jendeari zerbait inpaktanteago eta argiagoa erakutsi behar zaiola. Benetan funtzionatzen duen wikia, apur bat espektakularra ahal bada. Artikuluan hala ere, ahalegina egin dute adibide praktikoa sortzeko, eta hori zerbait bada. Asko dira teknologia berriaren marabilak predikatzen dituztenak ezer probatu barik. Ea wiki horrek zer ematen duen.

Wikiaren kontzeptuarekin berarekin daukat sentsazio hori. Wikia oso kontzeptu sinplea da, argia, idatzi zerbait, erakutsi, nahi duzunean aldatu dezakezu, aldaketak gordeta geratzen dira, eta gainera askoren artean idatzi daiteke. Baina, ez dakit zergatik, izenagatik agian, ikaragarri kostatzen da ulertaraztea. Jende askok iniziatuentzako kontzeptua dela segitzen du pentsatzen.

Behin wikiekin hasita egileei proposamentxoa botako diet. Zergatik ez dituzue ipintzen orain arte argitaratu dituzuen hiru artikuluok (webquest-ak, blogak eta wikiak) wiki baten? Horrela denok eskurago izateaz gainera, zuek (eta zuekin kolaboratu ahal duen jendea) eguneratzen eta osatzen joan zaitezkete: ideiak, estekak, lanak, zuzenketak... Ez da formaziorako ideia ona eta webdosazero totala?

ideiatxo bat

Benito-(e)k 2007, Otsaila 12 - 22:09-(e)an bidalia.

Wikiekin zer egin daitekeen gora eta behera, Asapala elkartean egin dugun esperimentu txiki baten berri emango dizuet, ideia modura balio badizue-edo.

Elkartearen jardueren artean hilero antolatzen dugu Irakurlearen Tartea deritzan literatur-tertulia. Idazle bat ekartzen dugu bere liburu baten gainean berbetan, Julen Gabiria idazleak gidatuta. Elkartean mahatsorriak.org blog komunitatea antolatu dugu aurten auzoko komunitate lokal modura, eta komunitateko blogen artean Irakurlearen Tarteari zabaltasun apur bat ematearren bere bloga atondu genuen. Etorriko diren idazleen eta irakurriko ditugun liburuen berri emateko, eta saioen gaineko iruzkinak batzeko. Horrekin batera, konturatu ginen Julenek ekartzen dituela galdera eta kontu batzuk prestatuta, baina interesgarria izango zela saioaren aurretik liburua irakurtzen dugunok galderak edo eztabaidagaiak nonbait apuntatu ahal izatea, Juleni laguntzeko, edo, beste barik saioaren aurreko giroa berotzeko. Hori ez da wikia ba? Pentsatu genuen. Egin dezagun proba! Wikispaces-en txokoa zabaldu: http://tartea.wikispaces.com, saioen zerrendan liburu bakoitzari orri bat eman, eta liburua irakurri ahala hor apuntatzen ditugu galderak, ideiak edo burutazioak edo topatzen ditugun erreferentziak. Hemen daukazue adibidez hil honen amaieran etorriko den Andu Lertxundiren Ihes betearen gainean egiten hasi garena.

Ikusten duzuen bezala, oso ideia sinplea da, baina tontamentean gauzak apuntatzen dira, eta saioetan plazaratu izan dira batzuk. Era kolaboratibo eta irekian egina. Gainera, Wikispaces-ek kode zati bat ematen dizu beste webgune edo blog baten ipintzeko wikiaren azkenengo aldaketak ikusi ahal izateko. Blogaren eskuineko barran ikusiko duzue.

Ez da klaserako ideia izan, beste kontu baterako baino, baina baten bati ideiaren bat ematen badio, hor daukazue.

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia