30
Api
2009

Erdaldunak eta euskara: aurriritziak, jarrerak eta ikasteko oztopoak

Erdaldunen euskararekiko aurreiritziak eta jarrerak ikerketa aurkeztu zen atzo.  EJren Hizkuntza Politikako Sailburuordetzak enkargatu zuen duela hiru urte, eta UNESCO Etxeak eta UNESCO katedrako Amarauna taldeko ikerlariek burutu dute.

Ikerketa interesgarria dirudi, EAEko erdaldunek (elebakarrak suposatzen dut)euskarari buruz zer pentsatzen duten, zer (aurr)iritzi duten eta zer harreman izan duten aztertu dute. Helduen euskalduntzean bereziki interesgarria gainera, azken batean kolektibo hori euskaltegion "target" nagusietako bat izaten da.

Baikor egoteko motiboa izan dezakegu zabaldu diren lehenengo datuak ikusita: %55 euskaren mundutik hurbil sentitzen ei dira, laurden batek dio hurbiltzeko interesa dutela, gehienek euskara ezin dela galtzen utzi eta euren seme-alabek jakitea nahi luketela.

Ikasteari dagokionez datu deigarriak hala ere: %65 inguruk dio inoiz saiatu egin da euskara ikasten, eta erdiek baino gehiago jakin nahi luketela diote. Lagin baten gaineko datuak dira, baina portzentaiok EAEko erdaldun elebakarren kopuru osora (900.000 inguru) ekarriko bagenitu, esan genezake 600.000 bat lagun saiatu direla inoiz ikasten, eta une honetan 500.000 inguruk jakin nahi luketela euskara .

Deigarria, esperantzagarria edo kezkagarria, nondik begiratzen zaion.

Eta zergatik ez dute ikasi/ikasten? UNESCO Etxearen webguneko laburpenean azalpen hau dugu:

Hiru oztopo-mota aipatu dira: hizkuntza zaila dela eta heldutan ikastea ia ezinezkoa dela perzibitzea; euskara ikasteko modu bakarra euskaltegira joatea dela pentsatzea eta horretarako denborarik ez izatea; eta, euskalduntze-sistemaren helburu bakarra “bikain” ikastea eta azterketa bat gainditzea dela uste izatea. Sarri helburu apalagoetarako eskaintzarik ez dagoela pentsatzen da: tabernan eskatu ahal izateko, seme-alabei etxeko lanekin laguntzeko, ulertzeko beste jakiteko edo “pixka bat” hitz egiteko.

Hizkuntza zaila da euskara, areago helduaroan ikasteko, topikoa izan daiteke, baina pertzepzio hori zabal dabil duda barik. Hizkuntzaren beraren ustezko zailtasunari ikasten laguntzen ez duen ingurune soziala gehitu beharko zaio seguruenik.

Modu bakarra euskaltegia dela. Hala baldin bada bistan dago nondik jo beharko genukeen: Mahomari etortzeko bidea eman, edo Mahomarenganaino mendia eraman bestela.

Eta bikaintasuna eta tituluak lortzera baino ez dela bideratzen eskaintza... zalantza pare bat datozkit.

  • Batetik, tituluek jendea euskara ikastera ez zuten motibatu behar? Kontrakoa lortu dutela esan daiteke? Ala fase berri batean sartu behar dugula akaso?
  • Bestalde, bitxia kezka hori nondik datorren, orain arte "titulitisaren" kalteak eta euskararen irakaskuntza erabilera errealarekin lotu beharra euskaltzale "erradikalen" leloak izan ei dira. Kontrako muturretik arazo berdina ikusten da orduan? Era berean "pixka bat es mucho" horren atzetik dagoenaren baieztapena ere izan liteke.

Informazio hau guztia orain arte zabaldu diren albisteetatik hartu dut, une honetan ez dakit ikerketa osorik non aurkitu daitekeen.

Loturak:

pozgarria

Aitor (ez da egiaztatu)-(e)k 2009, Apirila 30 - 09:08-(e)an bidalia.

Ikerketa honen lehenengo datuen berri izan eta lehenengo erreakzioa ona da, pozgarria, itxaropentsua. Zergatik? Ba susmo okerragoak nituelako. Uste nuen erdaldunen euskararekiko jarrera ezkorragoa zela. Ez dakit nondik zetorkidan susmo hori. Agian nik bizi dudan inguru hurbilean, nire ondo-ondokoan (esparru nagusiki erdaldunean bizi naiz)horrelaxe sumatu dudalako. Kasu batzuetan lana bilatzeko oztopo gisa bizi dutelako, besteetan inguruan edo kontsumitzen duten komunikabideetan nagusi den sentsibilitate politiko jakin batek bultzatua delako... nire eguneroko bizitzan euskararekin edo, gutxienez, orain arte eraman den Hizkuntza Politikarekin "erreta" sentitzen dudan ezagun askorekin egiten dut topo. Hauetako asko, jakina, aldaketaren zain dago irrikitan. Eztabaida luzeak izan ditugu, beraien ikuspegitik ikusteko ahaleginak egin ditut, neuere beste ikuspegi batetik ikus dezaten saiatu naiz... baina halaxe ikusten ditut. Baina, esan bezala, ikerketa honen emaitzek,nire susmo hori nolabait ezeztatzen duten neurrian, poztu egiten naute. Azkenik, euskara zaila den ala ez den, honen inguruan oso interesgarria iruditu zitzaidan Moreno Cabrera irakasleak bere garaian "Hizkunea" izeneko agerkari digitalean argitaratu zuen artikulu hau

Bururatzen zaizkit kontu

Josu (ez da egiaztatu)-(e)k 2009, Apirila 30 - 10:47-(e)an bidalia.

Bururatzen zaizkit kontu bi:

-Jendeak, oro har, gezurra esaten du galdetegietan, galdetegiaren egilearen tesietara hurbiltzeko joera du. Stockholm sindromearen aldaeraren bat, akaso. Euskaltegietan egiten ditugun inkestetan bezala: dena ondo, aldatzeko proposamenik apenas...

-Asmoen inguruan are gezur handiagoak esaten dira (ditugu): Ikasiko zenuke euskara? Bai; ikasiko DUZU? Eske ez dut astirik, agian geroago... Hipotetikoan eroso bizi gara.

Beraz, uste dut datuei zati bat kendu behar zaiela.

Usteak eta eginak

Benito-(e)k 2009, Apirila 30 - 12:06-(e)an bidalia.

Ez dakit, ez nintzateke hain ezkorra izango. Alde batetik, argi izan dezagun, ez da inkesta globala izan, lagin-multzo batekin egindako ikerketa baino. Suposatzen dut UNESCOko jendeak alde teknikoak ondo zaindu dituela eta multzo horren aukeraketa multzo osoaren isla izango dela neurri handi batean. Hala ere, egin dudan estrapolazio global horri jolas balioa baino ez diot ematen oraingoz. Beste kontu bat gainera, ikerketa hori -oker ez banago- EAEn baino ez da egin. Akaso Nafarroa eta Iparraldean bestelako jarrerak eta iritziak aurkituko ziren.

Bestetik, usteak eta jarrerak bilatu dira, eta esango nuke maila horretan euskararen sustapenaren kontra gutxi daudela printzipioz. Esatea politikoki zuzena ez izateaz gainera, ez dut uste benetan gehienek hala uste dutenik. Egia da, beste gauza bat da ustetik eginera pasatzea, baina eman diren azalpenetan eta guk ezagutzen dugunean aurkitu daitezke pista batzuk:

  1. Euskara zaila, konplexua da. Ikasteko ahalegin handia eskatzen du ondorioz, eta gainera gaur egungo ikas-sistema oraindino gogorrago egiten duen "bikaintasun" bat lortzera bideratuta dago. Pertzepzio hori ere badago, eta bistan da ez duela animatzen asko laguntzen.
  2. Euskara gorde beharreko ondarea delako iritzia izatea erraza da, (politikoki eta sozialki) zuzena, eta -zergatik ez?- halaxe sentituko dute askok, benetan. Baina euskara izaki bizidun eta norberaren bizimodutik (ez sentimenduetatik) gertuko sentitzea ez da hain erraza eta hain ohikoa. Erdaldun elebakar askoren bizimoduan euskarazko komunikazioa anekdotikoa dela esango nuke, ikastera bultzatu eta (nahigabe ere) ikasten lagunduko liekeen komunikazio-jario hori hain zuzen ere. Badakizue,"eske Alemaniara bazoaz han alemana berez ikasten da...". 
  3. Euskara ikastea ahalegin handiko beharlekutzat du jende askok batetik. Bestetik, irudi hori ere zabaltzen dugu sarri. Adibidez, euskaldun berriei egiten diren omenaldi, aipamen eta lore-jaurtiketetan: "egindako ahaleginagatik", "zuek bai meritua!" eta abar, eta abar. Merezi dute duda barik, baina bide hori egitea lortu ez duena horrekin animatu ala ikaratu egiten dugu gehiago? ("lan handia da hori"). Edo konplexua sortzen diogu? ("Nik ez dut balio ikasteko", "Ze lotsa! Horrek ikasi du eta ni...).

Ez dut uste jendea hain gezurtia denik azken batean, seguruenik ahalegina-emaitza erlazioa aztertu baino ez du egiten.

Patxi Baztarrikaren irakurketa

Benito-(e)k 2009, Apirila 30 - 11:29-(e)an bidalia.

Patxi Baztarrikak bere irakurketa plazaratu du Erabili.com-en: Denoi egitea dagokigun bidea.

Hitz batzuk laburpen gisa:

Euskara biziberritzeko prozesua arrakastatsua izango baldin bada bi bide uztartu behar dira, nahitaez: batetik, euskarak eta euskararen munduek seduzitu, liluratu eta ilusionatu egin behar dituzte euskararen kontra ez baina gaur oraindik euskaratik urrun dauden herritarrak. Inork ezeri -ez gaztelaniari eta ez inolako pentsaera politikori- uko egin beharrik gabe, eta inork gogoko ez duen ezer irentsi beharrik gabe hurbildu ahal izan behar da euskarara. Eta, bestetik, horrekin batera garbi izan dezagun euskarara hurbiltzeko -eta euskara gero eta gehiago benetan guztiona izan dadin- ahalegin handiagoak egin beharko dituztela gaur oraindik euskaratik urrun daudenek, eta euskararen munduen kolore politikoen aniztasuna areagotzeko soluziobidea falta direnak euskarara hurbiltzea dela.

Datu gehiago

Benito-(e)k 2009, Apirila 30 - 16:29-(e)an bidalia.

Deiako artikulu batean datu eta informazio gehiago eman digute: Euskera sí, pero...

Besteak beste euskara ikasten saiatu diren horien motiboak zeintzuk izan diren:

Es especialmente revelador el hecho de que el 65,7% haya intentado aprender euskera en algún momento de su vida. Las razones esgrimidas para querer aprender van desde "porque es nuestra lengua" (23,70%) o poder ayudar a los niños con los deberes (23,70%), hasta poder optar a más trabajos (17,30%), comunicarse con vascohablantes (12,60%).

 

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia