curriculuma

28
Ots
2010

Auskalogarren maila

8

Helduen euskalduntzearen inguruan albisteak eta elkarren berri jakitea ez da erraza izaten, eta apur bat adi egon nahi baduzu Interneten informazioa kudeatzen duten kontakatiluekin tratua egin beste erremediorik ez da izaten. Hala, osaba Google-i esanda diot "euskaltegi" hitza nonbait aurkitzen duen bakoitzean abisua emateko, eta jakiten dira gauzak horrela.

Gaur esate baterako kontatu dit Javier Madrazo EJko kontseilari ohia politika utzi eta, besteak beste, euskaltegira joan dela bueltan.  Ordu eta erdi egunean, jariotasuna hartzea kostatzen zaio, eta laster zortzigarren mailara heltzea espero ei du.

Madrazo euskaltegietan ari diren 40.000 horien artean askoren antzera ibiliko da seguru asko, baina zenbakiak entzuten hasita pentsatzen jarri naiz: 8. maila gainditzea espero du, seinale dabilen euskaltegian (ofizial edo ez-ofizial, irakasleen edo ikasleen artean) gutxienez 8 mailatan neurtzen dela euskara ikateko ibilbidea. Etxera begiratu eta 1a, 1b, 2, 3 eta horrelako izenak entzuten ditut, izenak diot, ze sarri "altua", "baxua" eta horrelako abizenekin bereizten dira neba-arrebak. Sarean apurtxo bat gehiago endredatu eta oinarrizkoa, erdikoa, EGA eta teknikoa abizenak darabiltzan euskaltegiaren berri izan.

Letra/zenbaki-zopa baten traza hartzen hasita dago hau. Euskara ikasten duten pertsona horiek argi dute nondik nora gabiltzan hemen? Gogoan ditut udan gurekin barnetegia egitera datozenak, etorri eta kokatu aldera orain arte zer egin duten galdetu eta zer mailataraino heldu diren. Erantzunak zenbakiak gehienetan, eta, non ibili diren-eta, zenbaki hori gure zenbakiekin ezkontzeko interrogatorio-ikerketa moduko bat behar izaten dugu, edo zuzenean mailaketa proba bat egin, bestela ez da modurik egoten.

Eta normala da hau? Euskara ikasten duen jendeak non dabilen bere mailarako izen-abizen desberdina eduki. Batzuek 12 urratsen klasikoarekin, beste batzuk HEOKen mailaketaren aldaerekin, beste batzuek bertoko produktuari bertoko izena, eta egon, Europako estiloko letra-zenbakiak datoz lapikora laster, porrusalda konpletoa egiteko.

Horrela daude gauzak, tradizio eta izendapen asko batu dira urteetan, eta nahaste hori argitzen edo artezten ez da inor jarri. Akaso ez da hain larria izango, baina -neure uste apalean- ez da itxura onekoa eta, gainera, ez dut uste ezer onaren seinalea denik ere.

Hala ere, gauza bat argi izatea komeni da: mailak ez dira ikastaroak, eta erreferentzia-mailetarako izendapen eta deskribapen homologatua egon beharko luke lehenago. Une honetan EEMren bidera jarrita gaudela dirudi, eta baliokidetzeak eta parekatzeak jarri dira abian, baina HABEren 12 urrats tradizional horiek fitxa-plantiletan bueltan dabiltzan bitartean ez dute asko lagunduko argitzen.

Bestalde, euskaltegi-erakunde bakoitzak eskaintzen dituen ikastaro-zerbitzuek ere izen argia izan beharko lukete. Hemen zailagoa izan daiteke homologazioa, ze -barruntaten dut- une honetan euskaltegien eskaintza ez da batere homogeneoa eta estandarra. Modulazio, ordu-kopuru eta osaketa desberdin askoko taldeak eta ikastaroak daude martxan ordea.

Baina sikiera pertsona baten maila deskribatu eta izendatzeko orduan ahalegintxoa egin beharko genuke terminologia bat erabiltzeko, ezta? Guk erabili, eta jendeak berak ezagutu dezan eta zoratu ez dadin/gaitezen.

Ala ez?

11
Aza
2009

Hizkuntza jakitea, hizkuntza ikastea

Azken egunotan mezu bi aurkitu ditut blogosferan hizkuntzaren ikaskuntzaz oinarri-oinarrizko galderak eta hausnarketak plazaratu dituztenak. Hizkuntza ikastearen eta jakitearen kontzeptuak eurak bueltaka.

Lehenengoan Enric Serrak hizkuntza jakitearen kontzeptuari bueltaka jardun zuen. "Tranpa" zeri esaten diogun abiatuta:

...sovint considerem que una persona que fa servir un corrector ortogràfic que li millora els textos no en sap i en realitat fa trampa; sovint pensem que les consultes a obres lexicogràfiques o d'altra mena en línia tapen les vergonyes de la ignorància lèxica dels alumnes, que fan trampa.

(Uste izaten dugu pertsona batek bere testuak hobetzeko zuzentzaile ortografikoa erabiltzen badu ez dakiela eta tranpatan ari dela; uste izaten dugu sarean ditugun hiztegiak eta obra lexikografikoak kontsultatzen direnean ikasleek ezezagutza lexikoaren lotsa izkutatzen dutela eta tranpa egiten dutela.)

Azterketa batean seguraski halakoak tranpatzat joko genituzke geuk ere. Norbearen ezagutza frogatu behar den horretan ez baita norberaren ezaguza frogatzen, bere horretan ulertuta.

Baina ondoren Serrak beste ikuspuntu bat ematen du: "Zer geratuko litzateke ondo ez dakien hizkuntzan behar duen eguneroko testu bat sarean aurkitu dituen ereduetan oinarrituta sortzen badu, eta hura erabiltzen badu?". Kasu bat eman du: italiera jakin barik, hitz klabeak bilatuta behar denaren moduko testua aurkitu, moldatu eta hegazkin-konpainiari erreklamazio gutuna idazten badiogu?".(Eta gehituko nuke nik: "Eta katalana arauaren arabera jakin barik Enricen bloga irakurtzeko itzultzaile automatikora jotzen badugu?").

Gaur egungo komunikabideek (ez hedabideek soilik) azalera ekartzen ari dira hizkuntza jakitearen kontzeptu "klasiko" horren herrenak nonbait. Beharbada, Serrak dioen modura, honetara hurreratu beharko dugu gero eta gehiago: " Sap llengua, en cert sentit: sap satisfer les seves necessitats lingüístiques" (Hizkuntza daki, nolabait behar izan lingusitikoak asetzen daki").

Zaila egingo zaigu gurean halakoei neurria hartzea. Hizkuntzari eman ohi diogun balio sinbolikoaz gainera, elebitasun-diglosiko batean hizkuntz-beharrak asetzeko estrategia instrumental ohikoa beste hizkuntza batera igarotzea denean, baina era berean, horrek akaso esan nahi digu euskarari balio komunikatibo eta instrumentala eman behar zaiola, "tranpa" horiek tranpa izatetik zerbait lortzeko estrategia bihurtu daitezen denon pertzepzioan, ez hizkuntza ez jakitearen seinale lotsagarriak. Eta balio komunikatibo hori euskara-klasean ere eman dakiokeela uste dut. Ikasleak hiztegia begiratzen duenean begiratu dezala han interesatzen zaion edo behar duen zerbait adierazi edo ulertzeko, ez irakasleari "tranpa" egiteko.

Bigarrena hizkuntza ikasteaz ari da. Curriculum-oinarri batzuk dira. Brasileko Rio Grande do Sul eskualdeko hezkuntza idazkaritzak egindako dokumentu batekoak eta Gonzalo Abiok gaztelaniara ekarrita.

Askorentzat ezagunak izango dira horrelakoak, eta erantzun (politikoki) "zuzena" asmatzea ez zaie kostatuko. Beste batzuentzat "filosofia" eta "didaktika txapak" izango dira.  Beharbada lehenengoek askotan horrelako predikamentuak zabalduko dituzte sarri, froga grafikoak edo praktikoak gutxi edo lauso azalduta, bigarrenekoen eszeptizismoa sustatuz, eta iritzia eta prakitka aldatzeko motiborik eman barik. Beharbada, baina badaezpada hona ekarriko ditut hizkuntza ikastearen ideiaz han plazaratu diren galdera batzuk. Egundo ez du kalterik egiten pentsatzen paratzeak:

  • Hizkuntza ikastea ezer ez jakitetik dena jakitera pasatzea da, ala hizkuntza ikastea zerbait egin edo zerbaitetan jarduteko trebezia eskuratzea da?
  • Hizkuntza ikastea hura nolakoa den eta nola funtzionatzen duen  ulertzea da (hotsak, hiztegia, gramatika arauak) gero hori guztia praktikan jartzeko, ala hizkuntza ikastea hizkuntza hori hemen eta orain nahi dugun jendearekin jarduteeko erabiltzea da?
  • Hizkuntza bat ulertzen (entzun/irakurri) eta egiten (hitz egin/idatzi) trebetasun batzuk hurrenkera batean eskuratzea da, ala hizkuntza hori ulertzen eta egiten ikastea trebetasun guztiak batera erabiltzeko lehenengo aukeratik hasita erabiltzea da?
  • Bigarren hizkuntza baten ikaskuntza bakarrik gerta daiteke ikasle gutxiko taldeetan, ikasmaterial eta baliabideez ondo hornituta eta ordu kopuru serio baten barruan, ala pertsona-kopuru eta testuinguru ugaritan hizkuntza horretan murgiltzea eskatzen duten praktika sozialetan partaide izateko aukera bakoitzean gertatuko da?
  • Hizkuntza ikasteak ez dauka zer ikusirik ez curriculumeko beste disziplinekin ez eguneroko bizitzarekin, ala hizkuntza ikasteak jakintza eta bizitzaren arlo ugaritan jardutea eskatzen du?
  • Ikastea motibazioaren eta arretaren ondorengoa da, ala ikasteak akaso esan nahi du ikasgaiari arreta ematen zaiola ikasi ahala ikasgai horri balioa ematen eta balio horretaz jabetzen garelako?

Ez naiz hasiko erantzun zuzena zein den eztabaidan, beste galdera batekin geratu naiz eta: euskararen balio komunkatiboari nola eutsi eta hura nola erakutsi ikasi nahi duenari?

17
Abe
2007

3. maila eta bigarren deialdia

HABEtik mezua bidali dute gaur euskaltegietara, azkenotan iragarritako berrikuntzak baiesteko.

Batetik aurten 1. eta 2. mailako probekin batera, 3. mailako proba ere egingo da sistema berdinarekin. Euskaltegien bidez eta HABEk emango du EGAren parekidea izango den 3. mailako agiria.

...honen bitartez berretsi nahi dizut HABEren asmoa dela 2007-2008 ikasturte honetan HEOKaren 3. maila egiaztatzeko probak deitzea, 1. eta 2. mailak egiaztatzeko probekin batera.

Bestalde, proba hauetan guztietan, orain arte ez bezala, azterketariek bigarren deialdia ere edukiko dute.

Gainera, helduen euskalduntzearen sarean euskara ikasten ari diren herritarrek ahalik eta zerbitzurik osoena jaso dezaten 1., 2. eta 3. mailak egiaztatzeko bigarren  deialdia ere egingo dugu 2008an. Beraz, lehenengo deialdiko probak maiatzean eta ekainean izango dira –urtero bezala- eta bigarren deialdikoak urri aldera (data zehatzak urtearen hasieran finkatuko ditugu).

Bigarren deialdiarena argitu barik egon da orain arte. Euskaltegiak oro har eskakizun horretan bat etorri diren arren, HABEn zalantzak egon direla dirudi. Mezua irakurrita erabakia hartuta dago, eta aurten bigarren aukera bat ere egongo da beraz.

Datorren ikasturtean 4. maila etorriko da hau guztia osatzera, eta laster agiri desberdinen baliokidetza sistema indarrean jarriko dela ere jakinarazi digute mezuan.

3. mailako azterketa-eredu berriak aste honetan banatuko direla esan ziguten lehengoan. Gure lanean EGAtik 3. mailarako jauzia zenbaterainokoa den neurtzeko adierazlea izango da azterketa-eredu hori duda barik.

Sindikatu edukia