!name-ren blog-a

28
Mar
2007

Karrajua Irratia.com-en

Irratia.com-eko lagunek saioa egin dute gaur Karrajua eta Karrajukoak motibo hartuta. Biok jardun dugu, Andoni (Astigarragatik) eta Benito (Bilbo Hiriaren estudioan berton), Jabi Zabala eta Patxi Gaztelumendirekin gaur eguerdian.

Karrajutik hasi, Korrikatik pasatu (15 eta 2.0, biak), ikasleak, webdosazero, Twitter zuzenean, ... Parrapladatxu ederra lagunarteko giroan. Juntatu garen laurokin ordu batzuetarako berriketa ere edukiko genuen seguruenik.

Entzun nahi baduzue:

  • http://www.irratia.com/blog/119

edo hemen zuzenean:

78. saioa: Euskaltegien mundua Karrajuan

Podcasterook hemen daukazue Irratia.com-eko jarioa:

  • http://www.irratia.com/blog/feed
27
Mar
2007

Egonaldiak Familia Euskaldunetan 2007

Ikasbilen irakurrita:

Egonaldiak Familia Euskaldunetan 2007 

Abian da Egonaldiak Familia Euskaldunetan egitasmoaren 2007ko ekitaldia. Parte hartu nahi duten familiek apirilaren 20a arteko epea dute izena emateko. Ikasleentzako epea maiatzaren 2tik 31ra bitarteko epea dago.

Egonaldiak Familia Euskaldunetan programak bere webgunea dauka:

http://www.egonaldiak.net

Han informazio gehiago dago:

Programa honen bidez, euskara ikasten edo hobetu nahian, nahiz bertako euskalkia ezagutzeko asmotan dabilen pertsonari familia euskaldun batean hilabete bat edo bi pasatzeko aukera emango zaio (uztailean, abuztuan edo irailean) eta, aldi berean, herri euskaldunen bizimodua eta ohiturak ezagutzeko parada ere emango zaio.

Epeak

Familientzat: Martxoaren 12tik apirilaren 20ra
Ikasleentzat: Maiatzaren 2tik 31ra

Informazio gehiago:

  • Familiak: http://www.egonaldiak.net/famili.htm
  • Ikasleak: http://www.egonaldiak.net/ikasle.htm
24
Mar
2007

Korrika.org jausita. Informazioa Aizunet eta AEKneten

Korrikaren webgune ofiziala (www.korrika.org) jausita dago atzo goizetik espero gabeko bisita kopuru handiagatik.

Konpondu bitartean (astelehenera arte omen) Aizu!ren eta AEKren webgunetatik ari dira informazioa zabaltzen AEK-koak.

Ohar hau zabaldu dute:

Korrika 15en oharra:
ostiral goizean, Korrikaren bigarren egunarekin batera, www.korrika.org gunean egon zen sarrera piloaren ondorioz, web orria bertan behera geratu zen, eta ezin izango da berriro martxan jarri datorren astelehenera arte (martxoak 26). Sentimendu ezberdinak eragiten dizkigu AEK-ko kideoi kontu honek. Alde batetik, amorrua ematen digu orri hori martxan ez egoteak, baina, beste alde batetik, zergatik gertatu den gogoratuta, sekulako poza sentitzen dugu! Bitartean, www.aeknet.net AEKren web gunean izango dituzue Korrika 15en eguneko kronika eta argazki batzuk. Zuek sartu beldurrik gabe, honek agoantatuko du eta! Eskerrik asko guztioi!

Hemen daukazue oharra eta gaurko kronika osorik:

argazkia: aek

22
Mar
2007

Korrika15: euskaltegietarako atazak

Korrika gora eta Korrika behera, klaseak aurrera jarraitzen du. Eta AEK-koek hori aintzat hartuta Korrika sasoian klasean erabiltzeko ataza sorta plazaratu dute.

Korrikaren webgunetik jaitsi daitezke pdf formatuan. Hauek dira:

Euskaltegietako Atazak

Hona hemen Korrika dela eta AEK-ko materialgintza lantaldeak sortu dituen atazak. Maila guztietarako lanak eskaini nahi dizkizuegu, eta horretarako aukeratu ditugun gaiak honako hauek dira:

  • Korrika 15en hasiera eta amaiera lekuak : "Karrantza aldean, 3. maila", "Iruñea, 1A maila" eta "Euskara Nafarroan, 2. maila".
  • Korrika 15en kanta eta omenduak : "Heldu Korrikari, 2. maila", "Euskararen transmisioa, 1B maila" eta "Sexismoa hizkuntzan, 2. maila".
  • Korrikari buruzko bestelako kontuak : "Korrika irudietan, 1A maila", "Zer da Korrika?, 1A maila", "Korrikaren alde ezkutua, 1B maila", "Euskaldun berriak, 1B maila", "Euskarari bai, 2. maila", "Korrika

Eskola mundukoek gogoratu zuentzako ere badaudela Korrikaren inguruko adin eta maila desberdinetarako unitate didaktikoak.

Estekak:

22
Mar
2007

Twitter

Luistxo Fernandezek zabaldu du Twitter modako web2.0 zerbitzua probatzeko gonbitea.

Twitter halako blog intentsiboa dela esan daiteke, oso mezu laburrak plazaratzen dira "what are you doing?" (zertan ari zara?) galderari erantzunez. Arrakasta itzela eduki ei du, batzuentzat estresagarria, beste batzuentzat adiktiboa, beste batzuentzat alferrikakoa,.... Arrakastaren beraren ajeak. Web2.0 aplikazio askorekin bezala, erabilerak topatzea izan daiteke gakoa.

Probatu barik kritikatzea gustatzen ez zaigunez, Korrika gaur hasiko dela-ta, saiatu gara lehenengo aplikazio praktikoa ematen. AEKren bulegotik Korrikaren inguruan jasotzen ditugun albisteak Twitter-era bidaliko ditugu, eta han ematen duten zerbitzuari esker, Karrajuko orri nagusiko eskuin aldeko blokean ere joango dira agertzen.

Ea ba! Proposamen edo ideia gehiago badauzkazue bota beldur barik.

20
Mar
2007

Eguneraketa eta look berria

Karrajua.org-en instalazioa eguneratu dugu Drupal 4.6 bertsiotik 4.7ra. Bide batez, eta lehengoaren diseinua ere bertsio berriarekin ibiltzeko eguneratu behar zela, diseinu berria ematea erabaki dugu. SEO Position eta Refresh diseinuen popurria egin dugu itxura berria emateko, norberaren ikutu batzuekin.

Honelako eguneraketa egitean beti geratzen da zerbait ondo-ondo eguneratu edo egokitu gabe, erroreak,... Proba batzuk egin ditugu eta gehiena ondo dabilela dirudi, detaile pare bat konpondu behar dira beste barik. Ibilian-ibilian hala ere, baliteke erreparatu ez diogun zerbaitez konturatzea. Eskertuko genuke jakinaraztea.

Bestalde, 4.7. ez da Drupalen azkenengo bertsioa, Drupal 5 berriagoa ere badago. Asmoa daukagu eguneraketa 5. bertsio horretara eramateko, baina euskarazko itzulpenarekin arazo batzuk daudela dirudi eta apur bat itxaron beharko dugu.

Bertsio-berritze honekin gainera, aukera berriak ere baditugu. Aurrerantzean joango gara probatzen. Ez ahaztu karrajua.org hau gune esperimentala dela gehien bat.

12
Mar
2007

Karrajua.kom

Gaur Joxe Arantzabalen blogean interneten sare sozial deitzen direnen inguruko mezua irakurri dut. Ning izeneko baten berri ematen digu hain zuzen ere.

Interneteko sare sozialak azken baten gune bateko erabiltzaileak interesen, gustuen, beharren edo gaien arabera batzen da. Talde horietako bakoitzari komunikaziorako baliabide desberdinak ematen zaizkio: blogak, foroak, fitxategien direktoriak, multimedia biltegiak, wikiak, eta abar. Foruen kontzeptu tradizionala osatuago nonbait. Gauza askotarako baliagarria izan daitezke: iritziak trukatzeko eta eztabaidatzeko, proiektuak bideratzeko eta jarraitzeko, fitxategiak eta dokumentuak konpartitzeko edo osatzeko, jarduerak eta ekimenak antolatzeko, edo beste barik, gai baten inguruan jarduteko.

Ning horrezaz gainera sare sozialak sortzeko eta antolatzeko hainbat eta hainbat tresna daude, eta inoiz hemen egin diegu erreferentzia batzuei: Orkut, Goingon, Elgg,... beste asko eta asko gehiago daude. Batzuk edozelako sareak sortzekoak izaten dira, eta beste batzuk gai edo interes batzuen ingurukoak. Hemen daukazue wwwhat´s new webgunearen zerrenda adibidez. Hor abaniko handia aurkituko duzue.

Aspaldian esan nuenez, karrajua.com domeinua daukat hartuta probak egiteko. Azkenengo proba Drupal 5 instalatzea izan da, eta instalazioarekin teknoendredatzen zer egin pentsatzen nenbilela Groups.Drupal ezagutu nuen, Drupal komunitateko kideak proiektu desberdinen arabera antolatzeko sare soziala. Gainera berton azaltzen dute zelan dagoen konfiguratuta.

Horrela bada, antzeko zerbait imitatzen saiatu naiz. Eta karrajua.com-en "com" horretatik tiratuta komunitatea edo sare soziala antolatzeko gunea sortzea okurritu zait. Euskalduntzean dabilen jendeari interesen araberako taldeak antolatzeko aukera ematea. Proiektuak talde-lanean garatzeko edo ikastaroak emateko ere balio dezake, Moodle-ek baino baliabide gutxiagorekin, baina malgutasun handiagoarekin aldi berean.

Kontua da alde batetik interesgarria iruditzen zaidala horrelako zerbait, baina ez dakit euskalduntzearen mundu honetan zerbaitetarako balioko lukeen. Patxitraperok aspaldian bota zuen sare sozial moduko zerbait sortzeko proposamena, eta erantzun gutxi eta baten bat eszeptikoa ere eduki zituen.

Beraz, eskertuko genizueke karrajua.com horri bisitatxoa egin eta iritzia ematea. Sartu eta saltseatu beldur barik.

Erabiltzeko sortu kontu berria ipintzen duen lekuan klikatu eta kontua sortuko duzue. Behin barruan dagoen talde batera batu, edo talde berria sortzeko aukera edukiko duzue. Talde bakoitzean momentuz hiru motako edukiak sortu ahal dira: istorioak edo mezu arruntak (blog baten antzera), liburuak edo testuak (wikia izatera heldu gabe, testu egituratuak sortu daitezke) eta inkesta sinpleak. Baliabide gehiago ipini daitezke, ideiaren bat badago, edo Drupal.org-en modulu interesgarriren bat ikusten baduzue, esan eta saiatuko gara probatzen.

Esan dudan bezala, proba baino ez da, hutsune asko dauzka oraindino (itzulpena, diseinua, antolaketa,..). Alpha bertsioan barik, alfalfa bertsioaren demoa edo jolasa baino ez dela esan daiteke, baina ideia nondik nora doan igarri daiteke.

Zer deritzozue? Merezi du horrelako zerbait antolatzea?

Esteka:

12
Mar
2007

Ikasten plataforma euskaltegiei irekita

HABEk duela gutxi zabaldu duen Ikasten plataforman euskaltegiei euren gunea kudeatzeko aukera emango die, ikastaroak eskaintzeko nahiz barne kudeaketa eta komunikaziorako, Moodle instalazioa erabiltzeko aukera azken baten.

Hemen daukazue HABEtik bidali duten informazioa:

IKASTEN plataforma erabiltzeko eskaintza

HABE erakundeak euskararen irakaskuntzan Informazio eta Komunikazio Teknologia berriak sustatzeko asmotan, IKASTEN izeneko plataforma euskaltegien esku jartzea erabaki du. IKASTEN plataforma Moodle-n oinarrituta dago. Moodle ikastaroak sortzeko eta kudeatzeko software multzoa da eta GNU (Iturri irekia) lizentzia publikoaren baitan garatzen da.

IKASTEN plataformaren bidez euskaltegiek mota askotako jarduerak burutu ditzakete: ikastaroak eman, ikasle eta irakasleen arteko komunikazioa indartu, klaustroaren zereginak bideratu, euskaltegiko egutegi eta jarduerak antolatu, ikastaro eskaintza zabaldu eta abar.

Erabilpen hori modu eraginkorrean burutu ahal izateko, euskaltegi bakoitzak IKASTEN plataforma orokorrean esparru berezitua izango du, beste euskaltegietatik aparte, baina betiere IKASTEN marka nagusiaren azpian. Euskaltegi bakoitzak administrari bat izendatu beharko du eta hau arduratuko da euskaltegiaren esparrua kudeatzeaz.

Euskaltegi bakoitzak zerbitzariaren diskoan 5 Gb-eko espazioa izango du bere jarduerak bideratzeko. Horretaz gain, euskaltegi bakoitzak bere esparruaren itxura aldatu ahal izango du muga batzuen barruan.

HABE erakundea arduratuko da IKASTEN plataforma bideratuko duen zerbitzaria eta honek behar dituen softwareak eguneratu eta mantentzeaz. Bestalde, IKASTEN plataformaren orrialde nagusian euskaltegi guztien ikastaro eskaintza erakutsiko da.

IKASTEN plataforma erabili nahi duen euskaltegiak ezinbestekoa du ondoren datorren eskaera-orria osatzea. Bertan berari dagozkion datuak beteko ditu eta euskaltegiko arduradunaren izenean sinatuta, HABE erakundeari helaraziko dio. Agiri horretan jasoak daude, besteak beste, euskaltegiak bere gain hartzen dituen betebeharrak.

Agiri hori jasotzean, HABEren zuzendariak ebazpen bidez onartuko dio Euskaltegi horri IKASTEN plataforma erabiltzeko eskubidea.

Hezi Top-ek norberaren ikastaroak eskaintzeko aukera eman zigun duela egun batzuk, orain HABEk ikasten plataforma zabaldu die euskaltegiei. Zerbitzua interesgarria da, baina alde batetik euskaltegiei inor Moodle kudeatzen trebatzea eskatzen die eta bestetik euskaltegi eta erakunde batzuk euren plataformak antolatzen hasita daude dagoeneko, ez dakigu eskaintza hau beranduegi ez ote datorren hain zuzen ere orain arte aktiboenak izan direnentzat.

Bestalde,  euskaltegi bakoitzak bere gunea edukitzeko pentsatuta dago, interesgarria izango litzateke, irakasleek, pertsonak alegia, eurek elkarrekin komunikatzeko eta konpartitzeko aukera edukitzea era berean.

Sindikatu edukia