22
Mai
2009

Komunikazioa-inkomunikazioa

Plisti-plasta | 2009, Maiatza 22 - 11:11

Babeletik esperantora

Hasieran Lurrean hizkuntza bakarra ei zegoen. Gizakiek, baina, zeruraino helduko zen dorrea eraiki nahi izan omen zuten, bertan bizi eta herri bakarra osatzeko. Jainkok horrelakorik gerta ez zedin hizkuntzak sortu, hizkerak nahastu eta eraikitzaileak lurrazalean sakabanatu ei zituen.

XIX. mendean ‘Esperanto’ doktore poloniarrak,  tokian tokiko hizkuntzak errespetatuz,  gizaki guztiek erabiltzeko moduko hizkuntza neutrala bultzatu zuen. Ez dakit zer pentsatuko zuen Jainkok honi buruz, baliteke begi onez ikustea edo baliteke bere borondatearen kontrakotzat jotzea. Kontua da hizkuntzen eta gizakien mundua neutraltasunak baino borrokak gobernatu duela gehiago Babelgo dorrea eraitsi zutenetik.

Dena den, mendeak pasa ahala, zigor biblikoari muzin egin eta gizaki guztiok elkarri ulertzeko gogoak beti bizirik iraun du. Norberak bereari uko egin gabe. Baina horrek eskatzen zituen keriak gogorregiak izan dira.

Esperantotik C-3POra

Hara non, gure garaian gizakiak Babel berria eraikitzeari ekin dion. Internet deitu diote. Zeruan ez baina, espazio birtualean bildu nahi dituzte gizaki guztiak. Komunikazioa gune duen espazioan. Hizkuntzak sartu dituzte bertan eta hauek, betiko moduan, nor baino nor lehiari ekin diote. Baina, aldi berean, medioak eraginda, hizkuntza horien analisi informatikoa garatu da. Eta ez hori bakarrik. Adimen artifizialeranzko urrats sendoak ere ematen ari dira. Gauzen interneta aipatzen hasi gara. Internet semantikoa.  Pertsonen interneta. Badirudi gizakia ez dela izango (dagoeneko ez da) ezagutzaren subjektu bakarra.  Honek komunikazioaren arloan ere ate berriak zabaltzen ditu.

Epe ertainean, hizkuntza batean edo bestean sortutako testuak ezaguna dugun hizkuntzan jaso ahal izatea ez da ameskeria hutsa. Gainera, honek ez dio gizakiari gainkarga eskatuko, makinak egingo baitu lan bere mesedetan. Hizkuntza bera izatetik objektu, komunikazioa izatera abia gaitezke. Nola-tik Zer-era. Ondorioak ondorio (eta horiek ere aztertu beharko dira). Etorkizuna zulotxotik muturtxoa erakusten ari zaigu, hasiak gara  C-3PO sortzen. Utziko al digu Jainkok? Utziko ahal digu Jainkok!

Argazkia: Lost in translation. Eglilea: tochis (Flickr). Lizentzia

Etiketak: Babel | C-3PO | esperantoa | etorkizuna | komunikazioa |
Bidalitako artikuluak

Hori eginda dago!

Benito-(e)k 2009, Maiatza 22 - 21:53-(e)an bidalia.

Beitu:

Dejar *al nos tiene Dios? Dejar nos puede Dios!

Dediooo

Eta:

Hitzak guztira 269
Hitz ezberdinak guztira 218
Hitz dentsitatea 81%

Irakurgarritasun indizea  (6-erraza 20-zaila)

10.6
Karaktereak: 2149
Espazio-tarterik gabeko karaktereak: 1793
Silabak hitzeko batez beste: 2.56
Perpausak: 31
Perpausaren batez besteko neurria (hitzak) : 9.29
Perpausik luzeena (hitzak) : 19

 Irakurgarritasun indize hori... ummmm... ;-)

* bide batez, beste analizatzaile bat.

Neurriak eta ondorioak

Plisti-plasta (ez da egiaztatu)-(e)k 2009, Maiatza 23 - 11:41-(e)an bidalia.

Batzuk neurria hartu ezinda eta beste batzuk, berriz, dentsitateak, karaktereak eta beste hamaika deabrukeria neurtzen. 19 hitzeko perpausa idatzi omen dut! Honetan laburra luzea baino hobea ezta, Benito? (9 puntuko irakugarritasun indizea aplikatu galdera honi, mesedez) ;-)

Adarra gorde, bekozkoa zimurtu, eta komunikazio-inkomunikazio honek guztiak ekar ditzakeen ondorio pare bati begiratuko diet:

Lagun batek esaten zidan planteatzen dudan honek bazuela ajea. Hau da, C-3POren garapenak hizkuntza boteretsuenen hedakuntza murriz lezakeela medio birtualean, ingelesarena kasu. Kontuan izanda hizkuntzen analisia informatikoan ahalegin handienak egin dituzten enpresen 'ama-hizkuntza' ingelesa dela, nekez joko dutela zabalkuntza murriztera.
Nire ustetan, ostera, enpresa hauek merkatua eta dirua dute helburu eta xede honen menpe jarriko dituzte hizkuntzarekiko erabakiak ere.

Bestalde, etorkizunean nahiz eta igorlearen hizkuntza eta hartzailearen hizkuntza ezberdina izan, honek sortutako interferentzia makinen bidez gainditzen bada, argi daukat ezein hizkuntzaren izaera instrumentala areagotuko dela, baita uniformizazioranzko eta estandarizazioranzko joera ere.

Gainera, interneten noranahikotasunak, mundu birtualaren eta errealaren arteko lausotzeak eta gizakiaren ziborg-tzeak irudimena bor-borka jar liezaguke, baita hizkuntzen alorrean ere. Agian, Babelgo maldizioa gainditu ahal izango dugu, euskara galdu gabe gainera. Agian, Jainkok behingoz ulertu egingo digu. Edo ez.

Ziborg-tzea abian?

Benito-(e)k 2009, Maiatza 23 - 17:12-(e)an bidalia.

Hizkuntzaren analisi eta trataera informatizatua edo konputazionala (asmatuko al dugu izenekin?) aspaldiko kontua da. Hamarkada batzuk atzera, itzulpen automatikoa berehala etorri beharreko kontua izango zela uste zen. Gerora dirudienez, emaitzak etorri ez eta ia kontrako muturrera joan zen, makinek ezin izango dute inoiz hizkuntzarekin ezer egin edo.

Dena dela, hizkuntzak eta makinak konbinazio horretatik dudarik gabe uste baino fruitu gehiago etor daitezke. Ez dakit hizkuntza gure antzera erabiliko duten makinak etorriko ote diren (gure antzera erabiltzea zer den argi badaukagu), baina aplikazio batzuk hor daude dagoeneko: Tabako-makinen eskertzatik, itzulpen automatiko lagungarrira (to adibide bat), zuzentzaileak, analizatzaileak, ahotsaren sintetizatzaileak eta interpretatzaileak, web semantikoa, hizkuntza naturalaren prozesamendua eta abar.

Hizkuntza handiak-txikiak dema edo dena delako horretan, ez dakit, logikoa da hizkuntza handiek pisua izatea, hor dugu asteon zabaldu den Wolframalpha hori adibidez. Baina era berean gurea bezalako hizkuntza txiki baten kasuan zerbaitetan ari dira batzuk. Eusko Jaurlaritzak adibidez, lan interesgarri batzuentzat eman ditu laguntzak aspaldian. Gehienak ikerlarien lantegietan daude gordeta oraindik eta kostatzen da haien berri izatea hala ere, baina bada zerbait.

Edonola ere, bada asuntu honetan bueltaka etortzen zaidan ideia bat. Azkenotan konektibismoa eta halakoek jakintza konexioetan dagoela, dena ez daukagula geure neuronetan eta halako ideia bat itxuratzen ari direla iruditu zait. Hizkuntzaren kasuan honelako tresna eta baliabideekin azken batean ez da horrelako zerbait gertatuko? Alegia, hizkuntza jakitea norberak "a capella" edo tresnetatik biluztuta duen gaitasun(komunikatibo-edo) hori ez ezik, hizkuntza desberdinetan jardun, ulertu, sortu eta interaktuatzeko baliabide horiekin ere jokatuta duen gaitasuna ere ez da izango?

Informazioaren boterea hura izatea baino hura kudeatzeko abilezia omen dela, hizkuntzarekin ere ez da antzeko zerbait gertatuko? Eskuz, palaz, txisteraz edo erraketaz baina sakea eta errestoa egin. Hor doa galdera.

Springer Saria

Plisti-plasta (ez da egiaztatu)-(e)k 2009, Maiatza 23 - 23:45-(e)an bidalia.

Hara, hara, hara ari ari gara!!! Zorionak, IXA taldekoei!

Beste urrats bat

Plisti-plasta (ez da egiaztatu)-(e)k 2009, Ekaina 22 - 10:59-(e)an bidalia.

Mezu honetan aipatutako norabidean urrats berri bat izan liteke honako hau: Babelwith.me

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia