30
Urt
2010

Topikoak edo

Hor goian aipatzen dugun "euskaltegien mundu" horretaz mundu-munduak dakiena eta uste duena ez zaigu  beti  bat etortzen barruan dugunarekin edo nahi genukeenarekin. Hala bada, erratuta dauden ideia batzuk agertzen dira lantzean behin, topikoak esan daiteke.

Bat aski zabaldua. Euskaltegiak HABE edo AEK dira. "Ez dakit nor HABEn dabil ikasten", edo AEK-kook batzuetan entzuten ditugu honakoak: "HABEkoak dira horiek, konpetentziakoak", beste edozein euskaltegigatik esanda.

Bistan dago euskaltegien munduaren mapamundia ez dagoela oso argi bazterrotan. Akaso jende gehienarentzat ez da hil ala biziko kontua izango,eta sinplifikazio hori nahikoa zaiola. Apur bat kezkagarriagoa izaten da berriz  honetaz hobeto informatuta espero zenukeen jendearengandik datorrenean: hedabideak, euskaltzaleak...

Atzo, lankide batek erakutsi zigun Euskararen Berripaperaren azkenengo alea. Hau hain zuzen ere:

Eta komentarioa egin zuen. "Ematen du HABEk berak hartu dituela matrikula horiek guztiak". Eta egia esanda, HABEn ez da inor matrikulatzen, zuzenean behintzat. Alegia, matrikula horiek EAEko euskaltegi homologatuetan izena emandako ikasleak dira, AEK, IKA, Batuz, Elkarlan, Udal Euskaltegiak eta abar.

Guk badakigu jakin, eta jende gehiagok ere bai. Baina erakunde publikoetatik datorren informazio-orria, horrek hiritar askori ematen dion zehaztasun bermearekin, euskararen gainean informazioa ahalik eta gehien hedatzea asmo duena eta ele bitan banatua, eta  hor horrela idatzita "HABEren matrikulazio datuak / datos de matriculación de HABE", ba, seguru nago batek baino gehiagok hala pentsatu duela, horiek guztiak HABEren balizko euskaltegietan ibili direla euskara ikasten.

Ez da kontu larria izango, baina sektore honetaz dabilen informazio-hutsune hori estaltzen ez du asko lagunduko. Eta seguru laster batean berriro entzungo diogula ahots serioren bati "En los euskaltegis de HABE" edo horrelako zerbait.

Topikoekin hasita, gaur beste bat irakurri dudala uste dut. ETBk prestatu duen "Kerman mintzalagun bila" saio berriaren aurkezpenean hau irakurri dut (azpimarra nirea):

Kerman ahozko euskara behin betiko menderatzeko helburuz kalera irtengo da. Helburu horrekin, Kermanek liburuak dauden-daudenean utziko ditu eta kale aldera abiatuko da euskara eguneroko bizimoduan erabiltzeko helburuz: euskaltegian urteetan irakatsi dioten teoria guztia benetan aplikatzeko garaia iritsi zaio

Topikoa da, ala topikoa izatea nahi genuke?

Hainbeste urte "komunikatibo" adjektiboa hamaika substantiborekin ezkontzen, hainbeste paradigma aldaketa, HEOK, EEM eta enparau, eta oraindik "teoriari" bueltaka gabiltzala uste du munduak?

Ez da izango?

T(r)opikoak

Jozu (ez da egiaztatu)-(e)k 2010, Urtarrila 31 - 20:33-(e)an bidalia.

Zenbat aldiz ez ote dudan esan: "De HABE no, mu-ni-ci-pal, joder, mu-ni-ci-pal." Baina alferrik, oraindik jendearen imajinarioan, neure inguruan behintzat, bakarrik daude HABE eta AEK. Edo bestela, Bilboko "euskaltegi handiak" (pribatuak, alegia). Beste alde batetik ez dut inoiz ulertu "HABEren dirulaguntzaz" jarri behar izatea ikastaroen publizitatean, adibidez; ez litzateke egokiagoa Eusko Jaurlaritzak lagundua dela, besterik gabe? Eta, topikoak topiko, jendearentzat, badakizu, azterketak gainditzeko "a HABE" etortzen zaizkgu eta berbetan ikasteko "a AEK" joaten zaizkizue ;-)

Eta amaitzeko, inork entzuten ez gaituenez, txutxumutxu bat.

 

Zaharrak berri

Benito-(e)k 2010, Urtarrila 31 - 21:17-(e)an bidalia.

Bai gizona, eta "Ah ¿Pero en AEK hay que traer bolígrafo?"eta beste hainbat. Bistan da imajinario horiek ez direla errazak aldatzen, baina erakunde publikoetatik ere ez dute asko laguntzen batzuetan, adiibideak, Euskararen Berripaperarena bateko, eta aipatu dituzun kartelak besteko. Dena dela, hori oraindik ere horrela bada, seinale euskaltegien komunikazio-politikak ere nonbait egiten duela kale, ze, sentsazioa daukat euskaltegien imajinarioa ez dela 20 urtean asko mugitu.

Bestalde, txutxumutxu hori ez da hain berria izan. Seguruenik batek baino gehiagok pentsatu du: "Patxi Lopez HABEn ari da ikasten".

 

Habeko irakaslea

leire narbaiza (ez da egiaztatu)-(e)k 2010, Otsaila 2 - 11:10-(e)an bidalia.

Josuri moduan nik ere mu-ni-ci-pal esan behar izan dut sarritan. Behin, lagun batekin fitxatzeko txartela erakutsi behar izan nion, ez zidalako sinesten.
Beste behin, Correos-eko bulegoan beste udal euskaltegi batera gutun bat bidali nahi nuen, baina posta-bulegoko zigiluarekin. Postariak esan zidan euskaltegiak ez zirela leku ofizialak; hau da, ez zirela administrazioa. Atzera ere atera behra izan nuen zorioneko txartela. Erdi-konbentzitu nuen.
Dena dela, ez da erraza izaten gure txolopote hau azaltzea.
Ondo segi, lagunok

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia