esperantoa

22
Mai
2009

Komunikazioa-inkomunikazioa

Plisti-plasta | 2009, Maiatza 22 - 11:11

Babeletik esperantora

Hasieran Lurrean hizkuntza bakarra ei zegoen. Gizakiek, baina, zeruraino helduko zen dorrea eraiki nahi izan omen zuten, bertan bizi eta herri bakarra osatzeko. Jainkok horrelakorik gerta ez zedin hizkuntzak sortu, hizkerak nahastu eta eraikitzaileak lurrazalean sakabanatu ei zituen.

XIX. mendean ‘Esperanto’ doktore poloniarrak,  tokian tokiko hizkuntzak errespetatuz,  gizaki guztiek erabiltzeko moduko hizkuntza neutrala bultzatu zuen. Ez dakit zer pentsatuko zuen Jainkok honi buruz, baliteke begi onez ikustea edo baliteke bere borondatearen kontrakotzat jotzea. Kontua da hizkuntzen eta gizakien mundua neutraltasunak baino borrokak gobernatu duela gehiago Babelgo dorrea eraitsi zutenetik.

Dena den, mendeak pasa ahala, zigor biblikoari muzin egin eta gizaki guztiok elkarri ulertzeko gogoak beti bizirik iraun du. Norberak bereari uko egin gabe. Baina horrek eskatzen zituen keriak gogorregiak izan dira.

Esperantotik C-3POra

Hara non, gure garaian gizakiak Babel berria eraikitzeari ekin dion. Internet deitu diote. Zeruan ez baina, espazio birtualean bildu nahi dituzte gizaki guztiak. Komunikazioa gune duen espazioan. Hizkuntzak sartu dituzte bertan eta hauek, betiko moduan, nor baino nor lehiari ekin diote. Baina, aldi berean, medioak eraginda, hizkuntza horien analisi informatikoa garatu da. Eta ez hori bakarrik. Adimen artifizialeranzko urrats sendoak ere ematen ari dira. Gauzen interneta aipatzen hasi gara. Internet semantikoa.  Pertsonen interneta. Badirudi gizakia ez dela izango (dagoeneko ez da) ezagutzaren subjektu bakarra.  Honek komunikazioaren arloan ere ate berriak zabaltzen ditu.

Epe ertainean, hizkuntza batean edo bestean sortutako testuak ezaguna dugun hizkuntzan jaso ahal izatea ez da ameskeria hutsa. Gainera, honek ez dio gizakiari gainkarga eskatuko, makinak egingo baitu lan bere mesedetan. Hizkuntza bera izatetik objektu, komunikazioa izatera abia gaitezke. Nola-tik Zer-era. Ondorioak ondorio (eta horiek ere aztertu beharko dira). Etorkizuna zulotxotik muturtxoa erakusten ari zaigu, hasiak gara  C-3PO sortzen. Utziko al digu Jainkok? Utziko ahal digu Jainkok!

Argazkia: Lost in translation. Eglilea: tochis (Flickr). Lizentzia

Sindikatu edukia