HABE

12
Ira
2008

David Crystalekin

Aitor | 2008, Iraila 12 - 21:21

Oharra: Gaur egin da EAEko 0809 ikasturtearen hasiera ekitaldia Donostian. Nik ez dut joaterik izan baina Aitorrek bai, eta han ikusi eta entzundakoa kontatu digu iruzkin batean, David Crystalek esandakoak gehien bat. Ikasturte akademikoa hasi dela iragartzeko iruzkina mezu batera ekarri dut. Hona hemen Aitorren kronikatxoa (eskerrik asko bide batez):

Zure jakinmina (eta Karrajuko lagunena) asetze aldera, gaur Miramar jauregian bizitakoa laburbiltzen saiatuko naiz. Toki ederra, eguraldia halamoduzkoa, pintxoak gozo-gozoak, konpainia ona: Joseba Erkizia eta Patxi Bastarrikaz gain, aurpegi ezagun nahiko: Joxe Manuel Odriozola, Mikel Zalbide, Iñaki Pikabea, Erramun Osa, Iñaki Irazabalbeitia, Pello Esnal, Mertxe Mugika, Gurutze Sarasola... eta HEAko beste hainbat lagun eta ezagun.

Harira joanda, interesgarria eta atsegina izan da Crystal irakaslearen jarduna, itzulpen-zerbitzu bikainaren bitartekotzarekin. Esandako ia ideia guztiak aurreko mezuan aipatu nuen "Hizkuntzaren iraultza" (eta ez "borroka") liburuan azaltzen ditu:

- Normalizaziorako ezinbesteko osagaiak: "goitik beherakoak" (lege-marko egokia, bitarteko egokiak...)
- Eta behetik gorakoak (herritarren atxikimendua, familia barruko transmisioa...)

Honen barruan berebiziko garrantzia eman dio gazteen munduari eta berau erakartzeko bitartekoei. Hauen artean, teknologia orokorrean, eta internet bereziki, nabarmendu ditu beste guztien gainetik. Hau dela eta, balio erlatiboa eman dio berauetaz baliatuz egiten den hizkuntza erabilera askeari eta ez "hain zuzenari" (hau azpimarratu nahi dut goragoko mezuan akatsei ematen zaien garrantzia ikusirik, ñabardurak ñabardura)

Bertan egon zareten besteok gehitu edo zuzenduko dituzue urgentziazko laburpen honetan agertzen ari naizen ideiok. Nik Crystal irakaslearen beste ideia nagusi hau azpimarratu nahi nuke. Normala da hizkuntza txikietako erabiltzaileok izatea, bereziki, hizkuntza horren ardura eta kezka nagusia. Baina, bere ustez, mundu osoaren ardura da hizkuntza txikien biziraupena. Izan ere, hainbat eta hainbat hizkuntza daude gaur egun galtzeko zorian eta bidean (hamabostean behin bat galtzen omen da; historian zehar hizkuntza batzuk galtzen joan dira, baina sekula ere ez gaurko abiaduran. Eta hizkuntza bakoitza mundua eta bizitza ikusteko eta barneratzeko ikuskera berezi bat da. Batek ere ez du osoa eta globala eskaintzen, berea baizik. Hau dela eta, mundu osoak egon beharko luke kezkatuta hizkuntzen iraupenaz. Naturan ematen den hondamenediarekiko adinako sentiberatasunik ez du ikusten hizkuntzen alorrean. Eta hori lortu beharra dago,kontzientzia hori sortu beharra dago.

Hizkuntzen defentsa sutsua egin du. Baztarrikak Crystalen aurkezpenean azpimarratu duenez, eskertzekoa da munduko hizkuntzarik boteretsuenean, hots, inglesean nabarmendu den hizkuntzalari bat nabarmentzea, hain zuzen ere, hizkutza txikien defentsan.

16
Mai
2008

Azterketak :-P

Bihar, maiatzak 17, EAEn mailakako azterketak hasiko dira (airean igartzen da...). Honez gero, interesatuok denok jakingo duzue proba non eta noiz daukazuen. HABEkoek Ikasbilen publikatu dituzte, eta badaezpada hona ekarriko ditugu. Sikieran populazioaren zati handi bat tentsiogune posiblea non izango den jakitun egon dadin.

Read this doc on Scribd: Azterketak lekuak ordutegia 080516 1018

Animoa denoi! Azterketak eta aztertzaileek ikus dezatela zenbat balio duzuen!

Eguneraketa: eta hau guztia gutxi bada, sibaritentzat beste hau: 4. maila egiaztatzeko 2008ko azterketa-deialdia

05
Mai
2008

Fifty-fifty

Radio Euskadin euskararen hilabetea dabiltza egiten maiatz honetan. "Radio Euskadi 25 urte euskararen alde" sloganarekin zabaltzen diren elkarrizketa saio batzuk atondu dituzte. Atzokoan Más que palabras saioan helduen euskalduntze-alfabetatzearen txanda izan zen. AEK-ko Mertxe Mugika eta HABEko zuzendari Joseba Erkiziarekin. Radio Euskadiren webgunean duzue entzungai. (edo hemen zuzenean).


powered by ODEO

Gauza interesgarriak esan zituzten biek, aintzat hartu eta jorratzekoak. Radio Euskadi EAEn gehien entzuten den irratia omen dela, leku aproposa gure munduaren berri zabaltzeko eta ideia-suposizio kolektiboetan eragiteko. Are gehiago nahastea ereiten inguruan piztu diren ahaleginekin.

Dena dela aurkepenean esatarietako batek esan dituenekin geratu naiz, eta ez naiz bakarra izango gainera. Halako zerbait entzun dut:

En EH existen dos organismos fundamentales de los que dependen 200 euskaltegis. La mitad se encuentran en HABE, la otra mitad de los centros depende de AEK. (Euskal Herrian bi erakunde nagusi ditugu, haien menpean 200 euskaltegi inguru. Erdia HABEren sare instituzionalean, beste erdia AEKren barruan).

AEK-HABE dikotomia hura jendearen ideietan oraindik nahikoa bizirik dagoela esango nuke, baina apur bat harrituta utzi nau Radio Euskadiren kazetariei horrela entzun izanak. Eta suposatzen dut hainbat saretako jendea harrituta ez ezik, haserretik urrun ere ez dela ibiliko.

Neuri behintzat sarri tokatu zait "profanoei" (eta ez hain profanoei zoritxarrez) azaltzea une honetan EAEn HABEk berak ez daukala euskaltegirik eta euskaltegi guztietako ikasleek jasotzen dutela HABEren dirulaguntza, eta euskaltegi publikoak udal euskaltegiak direla, baina Udalarenak eta ez HABErenak, eta beste guztiak pribatuak direla baina homologatuta daudela, eta abar.

Irudikapen soziala hor dago baina: "Estoy en HABE sacándome el perfil". Sintoma txarra 20 urtetik gorako irudikapen horrekin jarraitzea. Besteak beste, helduen euskalduntzearen inguruko komunikazioari dagokionez.

10
Mar
2008

Akademiaren batzordea

Bihar Batzorde Akademikoaren bilera daukagu berriro. Aurrekoan esan zitzaigun bezala, oraingoan hiru hilean behin batzeko asmoa dago, eta betetzen ari da.

Gai-ordena ikusita, litekeena da sorpresatxoren batekin etortzea.

30
Urt
2008

Azterketen egutegia

[2007-2008 ikasturteko mailak egiaztatzeko deialdien egutegia (Ikasbil)]

HABEk mailako azterketen egutegia zabaldu du Ikasbilen bidez. Aipatzeko moduko bi:

  • Lehenengo aldiz HEOKeko 4 mailak egiaztatzeko probak egongo dira,
  • Bi deialditan gainera, apirila-ekaina bitartean lehenengoa eta iraila-azaroa bitartean bigarrena.

3. mailako proba izango da aurten interes handiena erakarriko duena seguruenik. Dena dela, ez ahaztu oraindik fase pilotuan egon arren, hor dauzkagula 4. mailakoak ere.

Proba hauek EAEko euskaltegi homologatuetan matrikulatutako ikasleentzat dira soilik.

Egutegia ikusita, hilabete eta erditik bi hilabeterako tartea dago lehenengo probatik azkenengora. Eta irakasle modura galdera etorri zait.

Zelakoak izaten dira eskolak proben artean? Probek, haien emaitzek eta bestelako faktoreek ( udaberria-eguraldia, ikasturte amaiera...) nola balditzatzen dituzte klaseak (giroa, asistentzia, programazioa...)?

19
Abe
2007

3. mailako azterketa-eredua

3. mailako azterketa izango denaren eredua (pdf) zabaldu dute gaur HABEkoek. Ikasbilen Euskara-agiriak atalean jarri dute ikusgai 3. mailaren gainerako xehetasunekin batera.


  3. maila egiaztatzeko azterketa eredua (behin-behinekoa)

Gainetik begiratu dut. Orain artekoekin aldeak:

  1. Aurretik jakina. Ez da atariko probarik egongo. Horren ordez euskaltegian ikasleak 112 urratsa gaindituta eduki beharko du. Horretarako euskaltegi bakoitzak zehaztuko du ebaluazio-bidea.
  2. Gainditzeko gutxieneko puntu-kopurua 55ekoa izango da, 100 puntutik.
  3. Irakurmen eta entzumen probak orain artekoaren antzekoa izango dira seguruenik (ereduan ez dut ikusi halako probarik behintzat)
  4. Idatzizko azterketan 300 hitzeko testu bat edo 180ko bi eskatu daitezke. Eskatu den testua kontestualizatuta egongo da: artikulua, gutuna, txostena... Ereduan herriko aldizkariko artikulua eskatu dute, testu bakarra, euskarazko hedabideen kontsumoari buruzkoa (interesgarria izan liteke jakitea azterketariek zer pentsatzen duten gai horretaz, ezta?)
  5. Gramatika eta hiztegia atalean proba eta ariketa desberdinak daude. Testu batean oinarrituta egin nahi direla dirudi. Ereduan Andoni Egaña eta Koldo Izagirreren idatziak erabili dira adibidez, artikuluak dirudite. Probak: sinomimoen berridazketa klasikoak, akatsak zuzentzeko proba (berria, ereduan deklinabide akatsak dira gehien bat), sinonimoak (beste klasiko bat, baina orain testuan hautatutako hitzarentzat zerrenda edo multzo batetik aukeratu behar da), hitzak eta definizioak lotzea (berria esango nuke), eta cloze testa (beste klasiko bat, baina apur bat ahaztua akaso). Atal honetan ez dakit zehazki zenbat proba egin beharko diren.
  6. Ahozko proban ohiko gaiaren bakarrizketaz gainera (jaiotze-tasa baxuak ereduan), bigarren proba bat egongo da, elkarrizketa aztertzaileekin edo beste azterketariren batekin. Bertsolarien antzera irudi edo testuren batean oinarrituta berriketan hasi, hori bai, errima barik. Ereduan lehengo eta gaurko jostailuak aukeratu dira mintzagai.

Berrikuntzak daude, ez gehiegi, aurten behintzat ez dirudi EGA azterketetatik aldea handiegia izango denik beraz. Beste kontu bat da azterketa bera zelakoa izango den.

Entrenatzen hasteko bilatu erroreak mezu honetan. ;)

17
Abe
2007

3. maila eta bigarren deialdia

HABEtik mezua bidali dute gaur euskaltegietara, azkenotan iragarritako berrikuntzak baiesteko.

Batetik aurten 1. eta 2. mailako probekin batera, 3. mailako proba ere egingo da sistema berdinarekin. Euskaltegien bidez eta HABEk emango du EGAren parekidea izango den 3. mailako agiria.

...honen bitartez berretsi nahi dizut HABEren asmoa dela 2007-2008 ikasturte honetan HEOKaren 3. maila egiaztatzeko probak deitzea, 1. eta 2. mailak egiaztatzeko probekin batera.

Bestalde, proba hauetan guztietan, orain arte ez bezala, azterketariek bigarren deialdia ere edukiko dute.

Gainera, helduen euskalduntzearen sarean euskara ikasten ari diren herritarrek ahalik eta zerbitzurik osoena jaso dezaten 1., 2. eta 3. mailak egiaztatzeko bigarren  deialdia ere egingo dugu 2008an. Beraz, lehenengo deialdiko probak maiatzean eta ekainean izango dira –urtero bezala- eta bigarren deialdikoak urri aldera (data zehatzak urtearen hasieran finkatuko ditugu).

Bigarren deialdiarena argitu barik egon da orain arte. Euskaltegiak oro har eskakizun horretan bat etorri diren arren, HABEn zalantzak egon direla dirudi. Mezua irakurrita erabakia hartuta dago, eta aurten bigarren aukera bat ere egongo da beraz.

Datorren ikasturtean 4. maila etorriko da hau guztia osatzera, eta laster agiri desberdinen baliokidetza sistema indarrean jarriko dela ere jakinarazi digute mezuan.

3. mailako azterketa-eredu berriak aste honetan banatuko direla esan ziguten lehengoan. Gure lanean EGAtik 3. mailarako jauzia zenbaterainokoa den neurtzeko adierazlea izango da azterketa-eredu hori duda barik.

10
Abe
2007

Batzorde akademikoa

Gaur HABEren Batzorde akademikoa bilduko da aspaldiko partez. Azken bilera duela lau urte luze egin zen hain zuzen ere.

EAEko Batzorde akademikoa ez da ezaguna izango seguruenik, orain arte gutxitan bildu dela dirudi eta bileron artean urteetako tartea egon da askotan. Beraz, askok izena ere egundo entzun barik edukiko duzue.

Zertarako da? HABEren antolamenduan honela azaltzen da:

Batzorde Akademikoari, gai akademikoetan eta pedagogikoetan analisiak egitea eta euskaltegien jardueren ebaluazioa dagozkio eta, orobat, HABEren Urteko Memoriaz informatzea.

1996ko dekretu honetan dauzkazue zehaztapen gehiago.

Didaktika kontuak azken batean.

Didaktika-eraketa "dikotomia" horretaz egun batean esan beharko dugu zerbait. Gaur zelako umorearekin amaitzen dugun...

Sindikatu edukia