05
Mai
2008

Fifty-fifty

Radio Euskadin euskararen hilabetea dabiltza egiten maiatz honetan. "Radio Euskadi 25 urte euskararen alde" sloganarekin zabaltzen diren elkarrizketa saio batzuk atondu dituzte. Atzokoan Más que palabras saioan helduen euskalduntze-alfabetatzearen txanda izan zen. AEK-ko Mertxe Mugika eta HABEko zuzendari Joseba Erkiziarekin. Radio Euskadiren webgunean duzue entzungai. (edo hemen zuzenean).


powered by ODEO

Gauza interesgarriak esan zituzten biek, aintzat hartu eta jorratzekoak. Radio Euskadi EAEn gehien entzuten den irratia omen dela, leku aproposa gure munduaren berri zabaltzeko eta ideia-suposizio kolektiboetan eragiteko. Are gehiago nahastea ereiten inguruan piztu diren ahaleginekin.

Dena dela aurkepenean esatarietako batek esan dituenekin geratu naiz, eta ez naiz bakarra izango gainera. Halako zerbait entzun dut:

En EH existen dos organismos fundamentales de los que dependen 200 euskaltegis. La mitad se encuentran en HABE, la otra mitad de los centros depende de AEK. (Euskal Herrian bi erakunde nagusi ditugu, haien menpean 200 euskaltegi inguru. Erdia HABEren sare instituzionalean, beste erdia AEKren barruan).

AEK-HABE dikotomia hura jendearen ideietan oraindik nahikoa bizirik dagoela esango nuke, baina apur bat harrituta utzi nau Radio Euskadiren kazetariei horrela entzun izanak. Eta suposatzen dut hainbat saretako jendea harrituta ez ezik, haserretik urrun ere ez dela ibiliko.

Neuri behintzat sarri tokatu zait "profanoei" (eta ez hain profanoei zoritxarrez) azaltzea une honetan EAEn HABEk berak ez daukala euskaltegirik eta euskaltegi guztietako ikasleek jasotzen dutela HABEren dirulaguntza, eta euskaltegi publikoak udal euskaltegiak direla, baina Udalarenak eta ez HABErenak, eta beste guztiak pribatuak direla baina homologatuta daudela, eta abar.

Irudikapen soziala hor dago baina: "Estoy en HABE sacándome el perfil". Sintoma txarra 20 urtetik gorako irudikapen horrekin jarraitzea. Besteak beste, helduen euskalduntzearen inguruko komunikazioari dagokionez.

25 urte eta oraindik horrela!

leire narbaiza (ez da egiaztatu)-(e)k 2008, Maiatza 5 - 20:36-(e)an bidalia.

Nik ere haluzinatu egin dut entzun dudanean. Gainera, inork ez die zuzendu.
Nik ere makinatxo bat bider azaldu behar izan dut udaleko langilea naizela. Eta beste hainbat kontu, jakina
Udal euskaltegiak (barka, Habe :-)) perfila ateratzeko, baina berba egiten ikasteko....
Topiko tipiko pasatuak!!

Adibidea

Benito-(e)k 2008, Maiatza 5 - 22:03-(e)an bidalia.

Kar, kar, kar. Adibidea malaletxe barik joan da ba! Laughing Topiko horiek AEK-kooi ere sarri ez digute mesede handirik egiten gainera: "No lleves boli, que en AEK no se escribe".

Kontua kazetarien hutsa izanda, erroreekin lanean gu baino ohituago gutxi egongo dira, eta badakigu errorea ikasteko tresna ere badela. Seguruenik gurearen berri ematen hobeto asmatu behar dugula dugu ikasgaietako bat. Ezta?

Nahiago nuke bestalde elkarrizketan esandakoei erreparatzea. Gauza mamitsuak daude eta. 

Politikoki zuzenegiak

Josu (ez da egiaztatu)-(e)k 2008, Maiatza 6 - 13:54-(e)an bidalia.

-Zenbat diru sartzen da Radio Euskadin. Eta Euskadi Irratian? Zergatik da dibertigarriagoa, orijinalagoa, hobea Radio Euskadi? Zergatik aspertzen nau Euskadi Irratiak? Radio Euskadi 25 urte euskararen alde... erderaz? Oraindik orain entzun dezakegu “Nafarróa bai” esaterako.
-Erkiziak dio “titulua” lortzeko beharrizan barik ikasteko ikasle kopurua “konstantea” dela; benetan? Ez al daki mundu guztiak gezurra esaten duela inkestetan? Ez du ikasleekin hitz egin?
-Optimistak izan behar dugula ere badio eta ez dugula zalantzan jarri behar “la gran adhesion al euskara por parte de la sociedad vasca”. Eta horren froga hemen goian dugu, Aitorrek aipatzen duen “La ingenuidad va por barrios” izenekoa. Ez dugu barneratuta J.M. Ruiz Soroa hori ez dagoela bakarrik, ondo hornitutako Armada daukala atzetik. Eta jende asko ere bai.
-Laburbilduz, diskurtso politikoki zuzenegia iruditu zait Mertxe eta Josebarena, “buen rollito” gehiegi. Agian ez dugu beste erremediorik euskaldunok, baina bitartean beste batzuk ezpatak zorrozten ari dira...

-Eta amaitzeko, politikari asko dagoela euskara ikasten (egin dezagun barre piska bat............ ............ ...................... ................ Orain jarrai dezakegu) Garai batean Ibarretxe euskara ikasten hasi zenean txantxetan esten genuen LEGA (Lehendakaria izateko Euskara Gaitasun Agiria) atera behar zutela. Garai berean hasi zen ikasten Jauregi: Eta? Euskaraz egiten al du gaur egun? Zenbat politikari ezagutzen duzue –Ibarretxe (eta Iturgaitz) kenduta- euskara ikasi duena? Eta erabiltzen duena?
Enfin, parkatu erantzunaren luzea eta, batez ere, garratza.

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia