12
Ira
2008

David Crystalekin

Aitor | 2008, Iraila 12 - 20:21

Oharra: Gaur egin da EAEko 0809 ikasturtearen hasiera ekitaldia Donostian. Nik ez dut joaterik izan baina Aitorrek bai, eta han ikusi eta entzundakoa kontatu digu iruzkin batean, David Crystalek esandakoak gehien bat. Ikasturte akademikoa hasi dela iragartzeko iruzkina mezu batera ekarri dut. Hona hemen Aitorren kronikatxoa (eskerrik asko bide batez):

Zure jakinmina (eta Karrajuko lagunena) asetze aldera, gaur Miramar jauregian bizitakoa laburbiltzen saiatuko naiz. Toki ederra, eguraldia halamoduzkoa, pintxoak gozo-gozoak, konpainia ona: Joseba Erkizia eta Patxi Bastarrikaz gain, aurpegi ezagun nahiko: Joxe Manuel Odriozola, Mikel Zalbide, Iñaki Pikabea, Erramun Osa, Iñaki Irazabalbeitia, Pello Esnal, Mertxe Mugika, Gurutze Sarasola... eta HEAko beste hainbat lagun eta ezagun.

Harira joanda, interesgarria eta atsegina izan da Crystal irakaslearen jarduna, itzulpen-zerbitzu bikainaren bitartekotzarekin. Esandako ia ideia guztiak aurreko mezuan aipatu nuen "Hizkuntzaren iraultza" (eta ez "borroka") liburuan azaltzen ditu:

- Normalizaziorako ezinbesteko osagaiak: "goitik beherakoak" (lege-marko egokia, bitarteko egokiak...)
- Eta behetik gorakoak (herritarren atxikimendua, familia barruko transmisioa...)

Honen barruan berebiziko garrantzia eman dio gazteen munduari eta berau erakartzeko bitartekoei. Hauen artean, teknologia orokorrean, eta internet bereziki, nabarmendu ditu beste guztien gainetik. Hau dela eta, balio erlatiboa eman dio berauetaz baliatuz egiten den hizkuntza erabilera askeari eta ez "hain zuzenari" (hau azpimarratu nahi dut goragoko mezuan akatsei ematen zaien garrantzia ikusirik, ñabardurak ñabardura)

Bertan egon zareten besteok gehitu edo zuzenduko dituzue urgentziazko laburpen honetan agertzen ari naizen ideiok. Nik Crystal irakaslearen beste ideia nagusi hau azpimarratu nahi nuke. Normala da hizkuntza txikietako erabiltzaileok izatea, bereziki, hizkuntza horren ardura eta kezka nagusia. Baina, bere ustez, mundu osoaren ardura da hizkuntza txikien biziraupena. Izan ere, hainbat eta hainbat hizkuntza daude gaur egun galtzeko zorian eta bidean (hamabostean behin bat galtzen omen da; historian zehar hizkuntza batzuk galtzen joan dira, baina sekula ere ez gaurko abiaduran. Eta hizkuntza bakoitza mundua eta bizitza ikusteko eta barneratzeko ikuskera berezi bat da. Batek ere ez du osoa eta globala eskaintzen, berea baizik. Hau dela eta, mundu osoak egon beharko luke kezkatuta hizkuntzen iraupenaz. Naturan ematen den hondamenediarekiko adinako sentiberatasunik ez du ikusten hizkuntzen alorrean. Eta hori lortu beharra dago,kontzientzia hori sortu beharra dago.

Hizkuntzen defentsa sutsua egin du. Baztarrikak Crystalen aurkezpenean azpimarratu duenez, eskertzekoa da munduko hizkuntzarik boteretsuenean, hots, inglesean nabarmendu den hizkuntzalari bat nabarmentzea, hain zuzen ere, hizkutza txikien defentsan.

Etiketak: 0809 | HABE | hizkuntza | ikasturtea | soziolinguistika |
Bidalitako artikuluak

Hedabideetan

Benito-(e)k 2008, Iraila 12 - 21:23-(e)an bidalia.

Erreferentzia hauek aurkitu ditut hedabideetan orain arte:

Ondorio bidean

Benito-(e)k 2008, Iraila 16 - 20:35-(e)an bidalia.

Crystalen hitzaldian jaso dituzun ideietatik tiraka:

  • Goitik behera eta behetik gora. Ekitaldi horretan baten batek esan bide zuen helduen euskalduntzea sektore estrategikoa dela. Ez dakit estrategikotasun hori nondik nora neurtu duten egia esanda, ez nuke kontrakorik ere esango baina estrategikotasun horretaz konturatu eta bera adosten hasi beharko genuke goikoek eta behekoek. Hau da, sustengu publikoa behar dugu (zer esanik ez), baina aldi berean, geuk ere kargutu behar dugu estrategikoa izatea zer den. Estrategikoa garrantzitsuaren sinonimotzan ulertu ohi da, baina haren esanahian sakonduz, estrategikoa estrategiatik dator, eta estrategia norabait garamatzan bidea da. Bide hori zein den eta norantz doan argi eduki behar dugu goian eta behean.
  • Gazteak, hizkuntzaren erabilera "ez hain zuzena". Ez da gauza berria, akatsei garrantzia ematen zaie gaur egun, handia. Ez da hori okerrena, hizkuntzaren balio komunikatiboaren (zentzu estuan esanda, hizkuntzak zerbait esateko-egiteko balio behar du, ez parekatu komunikatiboa ludikoa edo txatxiguairekin soilik) galera ekar dezake horrek, ardura handiegia gauzak ondo esan-txarto esan horretan. Egingo nuke munduan hizkuntza gutxitan daudela gurean zuzentasunarekin dauden konplexuak eta esturak. Eta gazteei batik bat ez zaizkie konplexuak eta esturak gustatzen. Eta ez gara gu makalenak horretan.
  • Hizkuntzak ondare unibertsala, ikuskerak. Egia esanda, Crystalen ideia horrek ez nau inoiz bete-betean ase. Hizkuntza bakoitzak munduaren ikuskera bana eta bakarra, baliteke, baina hizkuntza ingurune, jendarte eta bizimodu baten fruitua den neurrian gertatzen dela susmatzen dut. Globalizazioarena esan daiteke, baina hurbilagora etorrita, zalantza etortzen zait. EHan bizi garenok, euskaldun, elebidun edo erdaldun, pasibo, aktibo eta proaktibo, hizkuntza baten edo bestean munduaren ikuskera desberdina proiektatu edo jasotzen dugu? Eduki soziokulturalen kontuaz egin zen berba sarri duela urte batzuk. Ingurune sozial berean, harreman sare berdinetan bizi garela, euskaraz edo erdaraz ikuskera desberdina proiektatzen dugu? Hizkuntza ote da gure ikuskeraren aldagai bakarra eta nagusia? Baliteke. Zalantza asko sortzen zaizkit dena dela. Euskara ikasi eta euskaraz egin nahi duen pertsonak munduaren bere ikuskera aldatu nahi du? Ala komunitate bateko partaide izan beste barik?

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia