0809

12
Ira
2008

David Crystalekin

Aitor | 2008, Iraila 12 - 21:21

Oharra: Gaur egin da EAEko 0809 ikasturtearen hasiera ekitaldia Donostian. Nik ez dut joaterik izan baina Aitorrek bai, eta han ikusi eta entzundakoa kontatu digu iruzkin batean, David Crystalek esandakoak gehien bat. Ikasturte akademikoa hasi dela iragartzeko iruzkina mezu batera ekarri dut. Hona hemen Aitorren kronikatxoa (eskerrik asko bide batez):

Zure jakinmina (eta Karrajuko lagunena) asetze aldera, gaur Miramar jauregian bizitakoa laburbiltzen saiatuko naiz. Toki ederra, eguraldia halamoduzkoa, pintxoak gozo-gozoak, konpainia ona: Joseba Erkizia eta Patxi Bastarrikaz gain, aurpegi ezagun nahiko: Joxe Manuel Odriozola, Mikel Zalbide, Iñaki Pikabea, Erramun Osa, Iñaki Irazabalbeitia, Pello Esnal, Mertxe Mugika, Gurutze Sarasola... eta HEAko beste hainbat lagun eta ezagun.

Harira joanda, interesgarria eta atsegina izan da Crystal irakaslearen jarduna, itzulpen-zerbitzu bikainaren bitartekotzarekin. Esandako ia ideia guztiak aurreko mezuan aipatu nuen "Hizkuntzaren iraultza" (eta ez "borroka") liburuan azaltzen ditu:

- Normalizaziorako ezinbesteko osagaiak: "goitik beherakoak" (lege-marko egokia, bitarteko egokiak...)
- Eta behetik gorakoak (herritarren atxikimendua, familia barruko transmisioa...)

Honen barruan berebiziko garrantzia eman dio gazteen munduari eta berau erakartzeko bitartekoei. Hauen artean, teknologia orokorrean, eta internet bereziki, nabarmendu ditu beste guztien gainetik. Hau dela eta, balio erlatiboa eman dio berauetaz baliatuz egiten den hizkuntza erabilera askeari eta ez "hain zuzenari" (hau azpimarratu nahi dut goragoko mezuan akatsei ematen zaien garrantzia ikusirik, ñabardurak ñabardura)

Bertan egon zareten besteok gehitu edo zuzenduko dituzue urgentziazko laburpen honetan agertzen ari naizen ideiok. Nik Crystal irakaslearen beste ideia nagusi hau azpimarratu nahi nuke. Normala da hizkuntza txikietako erabiltzaileok izatea, bereziki, hizkuntza horren ardura eta kezka nagusia. Baina, bere ustez, mundu osoaren ardura da hizkuntza txikien biziraupena. Izan ere, hainbat eta hainbat hizkuntza daude gaur egun galtzeko zorian eta bidean (hamabostean behin bat galtzen omen da; historian zehar hizkuntza batzuk galtzen joan dira, baina sekula ere ez gaurko abiaduran. Eta hizkuntza bakoitza mundua eta bizitza ikusteko eta barneratzeko ikuskera berezi bat da. Batek ere ez du osoa eta globala eskaintzen, berea baizik. Hau dela eta, mundu osoak egon beharko luke kezkatuta hizkuntzen iraupenaz. Naturan ematen den hondamenediarekiko adinako sentiberatasunik ez du ikusten hizkuntzen alorrean. Eta hori lortu beharra dago,kontzientzia hori sortu beharra dago.

Hizkuntzen defentsa sutsua egin du. Baztarrikak Crystalen aurkezpenean azpimarratu duenez, eskertzekoa da munduko hizkuntzarik boteretsuenean, hots, inglesean nabarmendu den hizkuntzalari bat nabarmentzea, hain zuzen ere, hizkutza txikien defentsan.

Sindikatu edukia