HABE

21
Mar
2007

Ikasbil: Euskara-agiriak, atal berria

Atal berria Ikasbilen: Euskara-agiriak

Atal horretan HABEren euskara-agiriak zein diren zehazteaz bat, maila bakoitzaren ebaluazio-irizpideak, azterketa-ereduak eta deialdien xehetasunak eskaintzen dira.(Ikasbil:gogoan izan)

Ikasbil atarian sartuta, ezkerreko barran aurkituko duzue atal berria: Euskara agiriak izenburupean. Sarrera orokor batean azalpen laburra ematen da agiriei buruz, maila bakoitzerako HEOKen azalpen labur batekin. Ondoren, maila bakoitzaren atala daukagu:

Mailakako deskribapen hauetan azterketaren formatoa eta arauak, HEOKen helburuak trebetasunetan banatuta, deialdiak eta orain arteko azterketak ere badaude. 1 eta 2 mailako probak baino ez daude hemen, hau da, HABEk berak antolatzen dituenak.

Ondo etorriko da informazio hau leku "ofizial" baten edukitzea. Baten batek azterketa eredu gehiago nahi lituzke hala ere, azterketa prestatzeko azterketen errepikapen mekanikoa baino hoberik ez dagoela pentsatzen dutenek gehien bat.

17
Mar
2007

1, 2, 4, BOGA

Aurtengo azterketetarako deialdiak irten dira. Ikasbilen daukazue informazioa:

1. eta 2. mailak egiaztatzeko azterketa deialdia 

2007ko martxoaren 16ko EHAAn (54 zk.) argitaratu da Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Kurrikuluaren lehen eta bigarren mailak egiaztatzeko 2007ko azterketen deialdia egiten duen EBAZPENA.

4. maila egiaztatzeko azterketa deialdia 

2007ko martxoaren 16ko EHAAn (54 zk.) argitaratu da Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Kurrikuluaren laugarren maila egiaztatzeko 2007ko azterketen deialdia egiten duen EBAZPENA.

BOGA oporretan joaten da?

Euskarazoak blogean irakurri dut hau Bogari buruz mezuan:

Nik honeri buruz kexa bat nahi nuke aipatu. Nahiz eta ikasle arruntek ordaintzen duten  guk beste ordaindu, eta bakarrik astean behin euskaltegira joan mintzapraktika egitera, ikasle arrunta ia egunero joan bitartean. Eta nahiz eta Boga sistema erabili denbora gutxi daukagulako, zergatik serbidorearen konexioa mozten da oporretan?

Ez naiz BOGArekin ibili izan, eta, egia esanda, orain arte ez dut honelakorik entzun. Egia da BOGA oporretan eten egiten dela?

Baten batek argitu ahal badu, hemen berton, edo hobeto Euskarazoakeko lagunari, galdera egin du eta.

12
Mar
2007

Ikasten plataforma euskaltegiei irekita

HABEk duela gutxi zabaldu duen Ikasten plataforman euskaltegiei euren gunea kudeatzeko aukera emango die, ikastaroak eskaintzeko nahiz barne kudeaketa eta komunikaziorako, Moodle instalazioa erabiltzeko aukera azken baten.

Hemen daukazue HABEtik bidali duten informazioa:

IKASTEN plataforma erabiltzeko eskaintza

HABE erakundeak euskararen irakaskuntzan Informazio eta Komunikazio Teknologia berriak sustatzeko asmotan, IKASTEN izeneko plataforma euskaltegien esku jartzea erabaki du. IKASTEN plataforma Moodle-n oinarrituta dago. Moodle ikastaroak sortzeko eta kudeatzeko software multzoa da eta GNU (Iturri irekia) lizentzia publikoaren baitan garatzen da.

IKASTEN plataformaren bidez euskaltegiek mota askotako jarduerak burutu ditzakete: ikastaroak eman, ikasle eta irakasleen arteko komunikazioa indartu, klaustroaren zereginak bideratu, euskaltegiko egutegi eta jarduerak antolatu, ikastaro eskaintza zabaldu eta abar.

Erabilpen hori modu eraginkorrean burutu ahal izateko, euskaltegi bakoitzak IKASTEN plataforma orokorrean esparru berezitua izango du, beste euskaltegietatik aparte, baina betiere IKASTEN marka nagusiaren azpian. Euskaltegi bakoitzak administrari bat izendatu beharko du eta hau arduratuko da euskaltegiaren esparrua kudeatzeaz.

Euskaltegi bakoitzak zerbitzariaren diskoan 5 Gb-eko espazioa izango du bere jarduerak bideratzeko. Horretaz gain, euskaltegi bakoitzak bere esparruaren itxura aldatu ahal izango du muga batzuen barruan.

HABE erakundea arduratuko da IKASTEN plataforma bideratuko duen zerbitzaria eta honek behar dituen softwareak eguneratu eta mantentzeaz. Bestalde, IKASTEN plataformaren orrialde nagusian euskaltegi guztien ikastaro eskaintza erakutsiko da.

IKASTEN plataforma erabili nahi duen euskaltegiak ezinbestekoa du ondoren datorren eskaera-orria osatzea. Bertan berari dagozkion datuak beteko ditu eta euskaltegiko arduradunaren izenean sinatuta, HABE erakundeari helaraziko dio. Agiri horretan jasoak daude, besteak beste, euskaltegiak bere gain hartzen dituen betebeharrak.

Agiri hori jasotzean, HABEren zuzendariak ebazpen bidez onartuko dio Euskaltegi horri IKASTEN plataforma erabiltzeko eskubidea.

Hezi Top-ek norberaren ikastaroak eskaintzeko aukera eman zigun duela egun batzuk, orain HABEk ikasten plataforma zabaldu die euskaltegiei. Zerbitzua interesgarria da, baina alde batetik euskaltegiei inor Moodle kudeatzen trebatzea eskatzen die eta bestetik euskaltegi eta erakunde batzuk euren plataformak antolatzen hasita daude dagoeneko, ez dakigu eskaintza hau beranduegi ez ote datorren hain zuzen ere orain arte aktiboenak izan direnentzat.

Bestalde,  euskaltegi bakoitzak bere gunea edukitzeko pentsatuta dago, interesgarria izango litzateke, irakasleek, pertsonak alegia, eurek elkarrekin komunikatzeko eta konpartitzeko aukera edukitzea era berean.

12
Mar
2007

Urruneko irakasleak

Hizpide 63ri errepasoa eginez J.F. Zinkunegiren Mugak gaindituz. Euskara urrutitik ikasi artikulua irakurri dut.

Argentinako Euskal Etxeetarako euskara irakasleak trebatzeko prozesuaren berri ematen digu artikuluak. 2003 urtetik dabil martxan programa, eta dirudienez, irakaslegaiak euskaraz trebatzea da lehenengo fasearen helburua, oraindino amaitu ez dena.

Urruntasuna eta ikasleen euren sakabanaketa geografikoari aurre egiteko hizkuntz-trebakuntzarako autoikaskuntzaren autonomia mailara heldu barik, sistema gidatuagoa atondu dute teknologia berriak lagun, eta aurrez aurreko barnetegi batzuekin osatuta. Interesgarria oso bidea aukeratzeko hausnarketak eta prozesuaren kontaketa, nahikoa zehatz kontatu eta dokumentatu digute gainera: programak, jardueren antolaketa, emaitzak,...

Hiruzpalau urte hauetan irakaslegaiak 0 mailatik 1A mailara eta batzuk 1Bra ere iritsi dira, hasierako helburuetan halako lorpenak espero ziren.

Bestalde, dokumentazioan aipagarriena egindako programa desberdinak nire iritziz. Hasierako mailetarako ikastaroen diseinuan adibide edo eredu modura erabili daitezke. Informazioa oso konpletoa eta adierazgarria. Hala ere, estimatzekoa izango litzateke programazio zehatzak eta ikasmaterialak nonbait eskuragarri edukitzea.

Gauza bik utzi naute apur bat arduratuta hala ere.

Batetik, hiruzpalau urteko ibilbidea egin behar izan dute ikasleok 1a maila batera heltzeko. Egia da Argentinan ia bakarrik euskara ikastea ezin dela izan hemen EHn ikastea bezain bizkorra. Baina astean euskara ikasteari 10 ordu 9 hilabetez gehiegi ote den gero eta sarriago galdetzen den honetan, eta horri alternatibak bilatu behar zaizkiola, ez da oso esperantzagarria sistema alternatiboek zirriborratzen digutena.

Bestetik, egitasmoak berak utzi nau apur bat harrituta. Argentinan berrogei irakasle inguru trebatzeko ahalegin handia egiten dabiltza, baita inbertsioa ere (txarto ulertu ez badut). Bitartean, hemen EHn helduentzako euskara irakasleak prestatzeko ez dago ez prestakuntza bide homogeneorik, ez onarpen ofizialik, ez horretarako inbertsio publikorik. Adibidez, AEKn bakarrik urtero 70 irakasle berri inguru behar izaten ditugu, geuk trebatu behar ditugu, eta horretarako ez dugu ez dirurik, ez laguntzarik jasotzen, ez geuk, ez irakaslegaiek.

Irakasle berrien formazioa euskaltegi batzuek mahaigaineratu dute duela gutxi, eta negoziazioetan ari dira HABErekin, baina kontua astiro doala dirudi.

EHtik kanporako egiten ari den ahalegin horren izpitxo bat egingo balitz gurean, sikieran.

Amaitzeko deigarria egin zaidan kontu bat, Argentinako irakaslegai horien prestakuntza pedagogikorako antolatu ziren jardunaldien izenburua: "Nociones básicas de grámatica española para el aprendizaje y la enseñanza del euskera".

Besarkada handia Argentinako irakaslegaioi, eta zerbaitetan lagundu ahal badugu, hemen gaituzue.

Estekak:

07
Mar
2007

Hizpide 63 (!?)

Oraintxe aurkitu dut gutunazala laneko mahaiaren gainean. HABEtik etorrita, liburua dirudi, zabaldu eta Hizpide 63. Gaur hilabete idatzi genuen hemen Hizpide 62ren berri, eskuetara heldu zitzaidan egunean bertan. Hilabetean ale bi?

Ez da hori kontu bakarra gainera. Aurrekoan ez nion datari erreparatu, oraingoan bai, nik 2007ko otsailean jaso nuenak 2006 maiatza-abuztua dauka data. Gaur jaso dudanak, berriz, 2006 iraila-abendua. Ez dakit ba, zerbait gertatu da Hizpideren edizioarekin? Besteoi ere gertatu zaizue? Arazorik egon da?

Bide batez, noizko ipiniko dira artikuluok sarean? HABE gobernatzen duen enpresa bereko beste departamendu batek Hizkunea argitaratzen duen bezala adibidez? Horrela edizio nahaste hauek saihestuko genituzke (eta paper asko aurreztu ere bai).

Tira ba, utzi ditzagun anekdotak eta gatozen geurera.

Lau artikulu oraingo honetan:

  • Jose Frantzizko Zinkunegi. Mugak gaindituz: Euskara urrutitik ikasi
  • Josu Perales, Gainbegirada bat Cloze-testei
  • Joseba Ezeiza, Ikasle hasiberriei euskara irakasteko meterialak (II): Kontzientzia, autonomia, eta benetakotasuna ikusmiran.
  • Jennifer Summervile, Sareko "Jokabide-kodea" garatzen.

Gainbegirada baino ez diot egin. Joseba Ezeizarena aurreko zenbakian argitaratu zenaren jarraipena da, bistan dago. Josu Peralesek ohiko dituen azterketa zehatzetako bat egin du orain ere dirudienez. Kinku aspaldion munduan zehar bidaiari ikusi dugu, euskararen irakaskuntza urruneko herrietan gidatzen, oraingo artikuluan esperientzia horiek batu dituela ematen du.

Azkena AACE Journaleko artikulu baten itzulpena da (hemen daukazue jatorrizko bertsioa nahi baduzue). Internet bidezko ikastaldeetan jarraitu beharreko bideen inguruan dihardu.

06
Mar
2007

Aisa ikastaroak

Lehengoan Aisa eta Ostalaritza ikastaroak emateko baldintzen berri eman genuen.

Gaur Aisa ikastaroak antolatzekoak ikusi ditugu.


Bide batez, etorkinentzako hiztegi hau daukazue sarean:

05
Mar
2007

Dendariak eta ostalariak

HABEren webgunean ostalaritzako langileentzat eta dendarientzat ikastaro bereziak antolatzeko prozedurak eta arauak argitaratu dira.

Euskaltegiek nahiz udalek egin dezakete eskaria, eta baldintzen artean Dendaketan eta Ostalaritza ikasmaterialak erabiltzea dago, berauek ikastaroaren ardatz gisa erabili behar dira hain zuzen ere.

 

28
Ots
2007

HABEk NABOren esku jarri ditu 1A mailarako mintza saioak

HABEk NABOren esku jarri ditu 1A mailarako mintza saioak -

Euskal Etxe dezente dira AEBetan BOGA eskaintzen dutenak. Hori horrela, ikasleak etxetik aritzen dira euskara ikasten, baina, mintzamena lantzeko, aldiro-aldiro euskal klubetan elkartu behar izaten dute irakaslearekin.

Irakasle gehienak ez dira irakasle lanbidez, eta, zaila egiten zaie taldea bideratzea. Hori horrela, irakasle horiei mintza saioak bideratzen laguntzeko HABEk, Maizpide barnetegiarekin elkarlanean garatutako mintza saioen gida jarri du NABOren esku. Aipatu gida 1A mailarako da, eta, 30 mintza saiotik gora garatu dira, hau da, Euskal Etxeetako erritmo standarrean bi urtetarako materiala.

Irakurri gehiago-- Delivered by Feed43 service [Ikasbil: gogoan hartu]

Ez dut mintzasaioen gida hori ezagutzen, ez dakti AEBetako ikasleentzat berariaz egin den ala lehengo baten egokitzapena ote den, baina egingo nuke hemengo askok gustura egingo luketela kukutxo bat. 1A mailan mintza saioak zelan bideratu galdera orokorra izaten da, eta horretarako tresnak eskertu egingo lirateke, duda barik.

Sindikatu edukia