trebetasunak

22
Urt
2011

Bihar itsu geratuko banintz...

Plisti-plasta | 2011, Urtarrila 22 - 14:31

EGA azterketan izango diren aldaketak direla eta, buru-belarri ari naiz testuaren planifikazioa, modulazioa, koherentzia eta abarrekin lardaskan. Paradoxa bada ere, aztertzen ari naizen testuak abiapuntu hau du: Bihar itsu esnatuko banintz… Gaur goizean, esnatu naizenean, duela urte batzuetako goiz euritsu batean itsu esnatu ginela otu zait; itsututa jarraitzen dugula, gainera.

Euskaltegiak azterketetarantz gehiegi fokalizatzeak idazmenaren gainkarga itzela ekarri du. Hiperlanketa. Bigorexia. Eta beronekin batera, eta ondorioz, euskara ‘isilaren’, akademikoaren eta administratiboaren, obesitatea. Iruditzen zait, azkenaldian, euskaltegietan egunkarietako erredakzioetan baino iritzi artikulu gehiago idazten direla euskaraz.

Ikasleek mintzameneko, irakurmeneko eta entzumeneko eginkizunak hurbilekoak dituzte gehienetan, beren bizitza ez-akademikoan txertagarriak. Baina, sarriegitan, ez dira honelakoak, ia trebe(traba)tasun nagusi bilakatutako idazmenekoak.

Mintzamenean, irakurmenean edo entzumenean ez diegu eskatzen H1en duten konpetentziatik gorakorik, baina idazmenaren zenbait alorretan (testugintzan, esaterako), bai.

Bitxia bada ere, metodo komunikatiboa hobesten dugun garaian, komunikaziorako gutxien erabiltzen dugun trebetasuna; are, trebetasun horren formaturik arrotzenetako batzuk lantzen ditugu neurrigabe.

Bada garaia urak bere lekura ekartzeko. Trebetasun bakoitzak izan behar duen dimentsioaz gogoeta egiteko, urrituta daudenak puzteko eta puztuta daudenak urritzeko. Trebetasunen lanketa esparruak eta formatuak komunikazioa eta euskara ‘bizia’ abiapuntu ditugula formulatzeko. Azterketa (hala badagokio) ikas-prozesuaren elementutzat eta ez abiapuntutzat hartzeko.

Aspaldian ‘zer egingo diogu, ba!’ esaten zen, punkiek ‘no future’ zioten, pasotek ‘ hori ez da nire arazoa’; orain, berriz, ‘dagoena dago’ esaten ohitu gara. Baina, dagoena ez dut gustuko, neure arazoa ere bada; eta etorkizuna izango badugu, badakigu zer egin behar den.

Beno, barkadazue ganoragabeko berriketaldi hau. Lanean jarraituko dut, buru belarri, testuaren planifikazioa, modulazioa, koherentzia eta abarrekin lardaskan. Ea… ea… ‘bihar goizean itsu esnatuko banintz…

Argazkia: Titulugabea (Flickr). Egilea: hitzak_soberan. Lizentzia: CC BY-NC-SA 2.0

Sindikatu edukia