idazmena

22
Urt
2011

Bihar itsu geratuko banintz...

Plisti-plasta | 2011, Urtarrila 22 - 14:31

EGA azterketan izango diren aldaketak direla eta, buru-belarri ari naiz testuaren planifikazioa, modulazioa, koherentzia eta abarrekin lardaskan. Paradoxa bada ere, aztertzen ari naizen testuak abiapuntu hau du: Bihar itsu esnatuko banintz… Gaur goizean, esnatu naizenean, duela urte batzuetako goiz euritsu batean itsu esnatu ginela otu zait; itsututa jarraitzen dugula, gainera.

Euskaltegiak azterketetarantz gehiegi fokalizatzeak idazmenaren gainkarga itzela ekarri du. Hiperlanketa. Bigorexia. Eta beronekin batera, eta ondorioz, euskara ‘isilaren’, akademikoaren eta administratiboaren, obesitatea. Iruditzen zait, azkenaldian, euskaltegietan egunkarietako erredakzioetan baino iritzi artikulu gehiago idazten direla euskaraz.

Ikasleek mintzameneko, irakurmeneko eta entzumeneko eginkizunak hurbilekoak dituzte gehienetan, beren bizitza ez-akademikoan txertagarriak. Baina, sarriegitan, ez dira honelakoak, ia trebe(traba)tasun nagusi bilakatutako idazmenekoak.

Mintzamenean, irakurmenean edo entzumenean ez diegu eskatzen H1en duten konpetentziatik gorakorik, baina idazmenaren zenbait alorretan (testugintzan, esaterako), bai.

Bitxia bada ere, metodo komunikatiboa hobesten dugun garaian, komunikaziorako gutxien erabiltzen dugun trebetasuna; are, trebetasun horren formaturik arrotzenetako batzuk lantzen ditugu neurrigabe.

Bada garaia urak bere lekura ekartzeko. Trebetasun bakoitzak izan behar duen dimentsioaz gogoeta egiteko, urrituta daudenak puzteko eta puztuta daudenak urritzeko. Trebetasunen lanketa esparruak eta formatuak komunikazioa eta euskara ‘bizia’ abiapuntu ditugula formulatzeko. Azterketa (hala badagokio) ikas-prozesuaren elementutzat eta ez abiapuntutzat hartzeko.

Aspaldian ‘zer egingo diogu, ba!’ esaten zen, punkiek ‘no future’ zioten, pasotek ‘ hori ez da nire arazoa’; orain, berriz, ‘dagoena dago’ esaten ohitu gara. Baina, dagoena ez dut gustuko, neure arazoa ere bada; eta etorkizuna izango badugu, badakigu zer egin behar den.

Beno, barkadazue ganoragabeko berriketaldi hau. Lanean jarraituko dut, buru belarri, testuaren planifikazioa, modulazioa, koherentzia eta abarrekin lardaskan. Ea… ea… ‘bihar goizean itsu esnatuko banintz…

Argazkia: Titulugabea (Flickr). Egilea: hitzak_soberan. Lizentzia: CC BY-NC-SA 2.0

09
Ots
2007

Idatzi ala idatzi?

Darle a la lengua blogean Felipe Zayasek, batxilergoko ikasleekiko esperientzia baten ostean eskola eta idaztea dela eta ez dela gogoeta batzuk utzi dizkigu:

Recuerdo que hace ya algunos años, un día que trataba de reflexionar con alumnos, posiblemente de 1º o de 2º de Bachillerato, acerca de los problemas que presentaban sus composiciones escritas, una alumna me advirtió: "Es que no tenemos costumbre de escribir". Yo quise aprovechar sus palabras y repliqué, a ver qué me respondía: "Pero si en la escuela y en el Instituto no hacéis más que escribir". Y la alumna (siento mucho  no recordar quién fue, porque su respuesta fue muy aguda) contestó: "Pero eso no es escribir".

Kontua ez zait urruna egin. Eskola mundutik gurera aldea badago ere, topiko batzuk etorri zaizkit gogora lehenengo: idazteko ohitura falta, ohikoak ez diren testuak idatzi, denok ez gara idazleak,...

Baliteke, baina euskaltegian gehien idazten den testuaren azterketa "komunikatibo" minimoa eginda, beharbada beste zerbait aurkituko dugu.

Testua zein da? Idazlana, jakina.

  • Non agertzen da testu hau: eskola eta irakaskuntza munduan
  • Zertarako idazten da? hizkuntza maila ebaluatzeko gehien bat.
  • Norentzat idazten da? Irakasle-zuzentzialearentzat
  • Zer "komunikatu" nahi diogu hartzaileari? Zer egina egin dugula, eta hizkuntza idatziz nola erabiltzen dugun. Eskatu diguna egiteko hizkuntza ondo menperatzen dugula konbentzitu behar dugu, alegia.
  • Zer espero du hartzaileak gugandik? Hizkuntza ahalik eta txukunen eta zuzenen erabiltzea, eta ahalik eta errore gutxien egitea. Paradoxa gertatzen da hemen sarritan hala ere. Ikasle batek testu perfektua egiten duenean zer egin ez dakigula geratzeko ikara sumatzen dugu une baten.
  • Zer kontatu behar dugu idatziz? Edozer, zuk nahi duzuna, boligrafo gorritik ihes egitea da kontua.

Idaztea, hori idaztea izan bada, dena dela Zayasen ikasle hark ez dakit idaztearen zein kategoriatan sartuko lukeen. Hala eta guztiz ere, azkenengo hausnarketa honekin ere geratzen naiz, "corta y pega" ipintzen duen lekua " gaia jarrita, idazlana" jarri eta egia santua da:

Por eso es muy difícil idear actividades que vayan más allá del simple "corta y pega" sin situarse a demasiada distancia de sus capacidades.

Sindikatu edukia