22
Urt
2011

Bihar itsu geratuko banintz...

Plisti-plasta | 2011, Urtarrila 22 - 14:31

EGA azterketan izango diren aldaketak direla eta, buru-belarri ari naiz testuaren planifikazioa, modulazioa, koherentzia eta abarrekin lardaskan. Paradoxa bada ere, aztertzen ari naizen testuak abiapuntu hau du: Bihar itsu esnatuko banintz… Gaur goizean, esnatu naizenean, duela urte batzuetako goiz euritsu batean itsu esnatu ginela otu zait; itsututa jarraitzen dugula, gainera.

Euskaltegiak azterketetarantz gehiegi fokalizatzeak idazmenaren gainkarga itzela ekarri du. Hiperlanketa. Bigorexia. Eta beronekin batera, eta ondorioz, euskara ‘isilaren’, akademikoaren eta administratiboaren, obesitatea. Iruditzen zait, azkenaldian, euskaltegietan egunkarietako erredakzioetan baino iritzi artikulu gehiago idazten direla euskaraz.

Ikasleek mintzameneko, irakurmeneko eta entzumeneko eginkizunak hurbilekoak dituzte gehienetan, beren bizitza ez-akademikoan txertagarriak. Baina, sarriegitan, ez dira honelakoak, ia trebe(traba)tasun nagusi bilakatutako idazmenekoak.

Mintzamenean, irakurmenean edo entzumenean ez diegu eskatzen H1en duten konpetentziatik gorakorik, baina idazmenaren zenbait alorretan (testugintzan, esaterako), bai.

Bitxia bada ere, metodo komunikatiboa hobesten dugun garaian, komunikaziorako gutxien erabiltzen dugun trebetasuna; are, trebetasun horren formaturik arrotzenetako batzuk lantzen ditugu neurrigabe.

Bada garaia urak bere lekura ekartzeko. Trebetasun bakoitzak izan behar duen dimentsioaz gogoeta egiteko, urrituta daudenak puzteko eta puztuta daudenak urritzeko. Trebetasunen lanketa esparruak eta formatuak komunikazioa eta euskara ‘bizia’ abiapuntu ditugula formulatzeko. Azterketa (hala badagokio) ikas-prozesuaren elementutzat eta ez abiapuntutzat hartzeko.

Aspaldian ‘zer egingo diogu, ba!’ esaten zen, punkiek ‘no future’ zioten, pasotek ‘ hori ez da nire arazoa’; orain, berriz, ‘dagoena dago’ esaten ohitu gara. Baina, dagoena ez dut gustuko, neure arazoa ere bada; eta etorkizuna izango badugu, badakigu zer egin behar den.

Beno, barkadazue ganoragabeko berriketaldi hau. Lanean jarraituko dut, buru belarri, testuaren planifikazioa, modulazioa, koherentzia eta abarrekin lardaskan. Ea… ea… ‘bihar goizean itsu esnatuko banintz…

Argazkia: Titulugabea (Flickr). Egilea: hitzak_soberan. Lizentzia: CC BY-NC-SA 2.0

Etiketak: azterketa | ega | idazmena | trebetasunak |
Bidalitako artikuluak

Egi putia. Lagun

Quan (ez da egiaztatu)-(e)k 2011, Urtarrila 22 - 16:05-(e)an bidalia.

Egi putia.
Lagun euskaldunberri batek dioen moduan, "sasi euskaldun" berri berak dioenez, Euskal Herria gero eta perfilatuago dago, euskaraz berak bezalako EGAdun askok eta askok jakin ez arren.

Egia biribila!

leire narbaiza (ez da egiaztatu)-(e)k 2011, Urtarrila 23 - 12:41-(e)an bidalia.

Ganoragabeko berriketaldia dela diozu. Ez,jauna (edo andrea)!
Hori da geratzen zaiguna: jo eta sua dihardugu ikasleei irakurri behar dutela ondo idazteko, idatzi behar dutela azterketa gainditzeko; izan ere, ia guztiek azterketa baino ez daukate buruan.
Batzuek iritzia izatera derrigortzen ditugu, inoiz planteatu ez dituzten gaien gainean euren pentsaera azaltzera. Idazle, eta maila oneko idazle, izan daitezen. Baina hori, ondo esan duzun moduan, ez da erreala, askok gaztelaniaz ere ez daukatelako gaitasun hori.
Inoiz baino gehiago ari gara euskaraz idazten, baina idazten dena inoiz baino laburragoa da. Ezin da eskolan ikasi genituen testu klasiko horietan sartu. Ahozkotik gehiago dauka. Eta hori bada erreala, ez idazlan bi 200 eta 300 hitzezkoak!

Idazmenaren lanketa

Plisti-plasta (ez da egiaztatu)-(e)k 2011, Urtarrila 23 - 16:44-(e)an bidalia.

Mila esker, Quan eta Leire, iritzi berekoak izateagatik. Baina kezkak partekatzen hasita, bada idazmenaren kontu honek sortzen didan beste zalantza handi bat. Hara, idazmenaren hiperlanketa honek, irakasleok trebetasun honetan dugun ezagutzaren gorakada ekarri du (beste trebetasunen ezagutzan, aldiz…). Denok hitz egiten dugu kohesioaz, koherentziaz, tesiaz, argumentazioaz… Ez dut ukatuko hori ona denik. Baina mailua daukanak iltzea besterik ez ei du ikusten eta ez dakit, bada, ez ote dugun metaidazmen gehiegitxo egiten. NOLA-ri ZER-i baino gehiago begiratzen, alegia. Urtean zehar idazlan (eta azterketa) askotxo zuzentzea tokatzen zait eta batzuetan iruditzen zait ikasleak ere NOLA horretan duela arreta (subjuntiboa sartu behar dut edo x kohesio forma edo…). Horiek horrela, hona hiru galderatxo:

• Idazmenaren gehiegizko lanketa egiten ote dugu zenbait jarduera didaktikotan?

• Gabezia oso nabarmena eta ezohikoa denean izan ezik, testugintzan ikasleak H1en duen ezagutzatik askoz haratago joatea, ez al da idazmenaren bigorexia seinale bat?

• Sarritan, senez, egiten dugun zuzenketa eta lanketa, formulazioari dagokiona, ez al da nahikoa eta bidezkoena, salbuespenak salbuespen?

• Hiru galderoi baiezkoa emateak hizkuntzaren ezagutza eta erabileran hain garrantzitsuak diren zenbait gaitasun (estrategikoa, batik bat) kaltetuko lituzke?

Sena eta zentzuz jokatzea izango dira erantzun zuzenak seguruenera.

Idaztea

Benito-(e)k 2011, Urtarrila 24 - 00:07-(e)an bidalia.

Berandu nator jardunera, baina azkenotan Europako Marko famoso hori (pdf) jorratu eta gauzatxo batek eman dit arreta. Eta arraroa egin zait orain arte gure artean hain gutxi aipatu izana. (Hemen duzue

Lau trebetasunen bereizketa horretaz ari naiz, EEMn ez da trebetasun hitza horrela aipatzen, koadroren batean agertzen da laukote hori (mintzamena, ulermena, irakurmena, idazmena), baina trebetasuna hitza beste adiera batean jasotzen da batetik (savoir-faire horren barruan):

Trebetasunak eta abileziak (savoir-faire): adibidez, hiztegia erabiltzeko, dokumentazio-zentro bat aurkitzeko erraztasuna; ikus-entzunezko edo informatikako baliabideak (Internet, adibidez) erabiltzen jakitea, ikasteko tresna moduan.

Eta bestetik laukote horren ordez beste hau topatuko dugu:

Ikasleak edo erabiltzaileak duen hizkuntz gaitasuna hizkuntz jarduerak gauzatuz jartzen da abian; hizkuntz jarduera horien artean sartzen dira harrera, ekoizpena, elkarreragina eta bitartekotza  (zehazki, interpretatuz edo itzuliz). Mota horietako guztietako jarduerak testuen bidez egiten dira, ahozko zein idatzizko testuen bidez, edo bietakoen bidez (32. orr.).

Ondorengo kapituluetan pertsonak hizkuntzaren bitartez egiten dituen gauzak honela sailkatzen ditu:

  • Ekoipen jarduerak eta estrategiak
    • Ahozkoa
    • Idatzizkoa
  • Jarduera hartzaileak
    • Entzutezkoa
    • Irakurrizkoa
    • Ikus-entzunezkoa
  • Elkarreraginezko jarduerak eta estrategiak
    • Ahozkoa
    • Idatzizkoa
  • Bitartekotza
    • Ahozkoa
    • Idatzizkoa

Lehen lau eduki dugun lekuan 9 "trebetasun" orduan?

Ez nabil EEMaren irakurmen-probaren azterketan egiten baina, kezka honi beste ikuspegi bat topatu nahian baino.

Gure munduan ez dela idazten diogu bateko, ikasleek ez dakitela idazten besteko. Ez dut uste. Esango nuke azken urteotan gero eta gehiago idazten dugula gainera, hori bai, ez dugu iritzi-artikulu eta erredakzio gehiago egiten gure bizitzan, ez. EEMren saikapen horri erreparatuta ez da idatzizko ekoizpena handitu, idatziko elkarreragina baino. SMSak, eposta mezuak, txat mezuak, foro-blogetako post-ak eta erantzunak,,, ez dira izaten norabide bakarreko idazkiak, elkarrizketa baten parte baino. Idaztea "popularizatu" egin da nonbait.

"Mintzamenarekin" antzerako fenomenoa izan dezakegu bestela. Zenbat jendek daki norabide bakarreko diskurtsoa prestatzen eta botatzen? Zenbat ausartzen dira adibidez publikoan hitzaldia ematen, telebistan hitz egiten, edo afari baten buruan diskurtsoa botatzen sikieran? Badirudi mintzamena jardun kolokialarekin lotu izan dela, eta idazmena normalean espezialisten esku uzten diren testuetan (iritzi-artikuluak, albisteak...) edo klasetik kanpo bizitza komunikatiborik ez duten testuetan (erredazkioak eta enparauak), edo ohiko bizimoduan formularioek ordezkatu duten testuetan (eskaera gutunak, kexak...) baino ez dela bizi dirudi.

Eta zergatik idazmenaren "bigorexia" hori? Ez dakit, baina susmoa dut azterketak ditugula hor. Hizkuntzaren ikas-irakaskuntzak xede-hizkuntzaren bidez hainbat ekintza egiteko gaitasuna eskuratzea badu helburua (horrela ulertzen dut nik ekintzan oinarritutako ikuspegi hori behintzat), konturatuko gara gurean hizkuntzarekin egin daitezkeen gauza guztien zerrendatik (komunikazio-jarduerak EEMn adibidez) geure helburu bakarrera mugatu dela: "Agiri bat lortzeko balio duen hizkuntz-azterketa bat egiteko gai izan" edo, eta agiri hori lortzeko "atazak": "ematen den gai bati buruz 300 hitzeko idazkia egin irakurriko duen pertsonak euskaraz zer ondo dakizun pentsa dezan", " emango den gai bati buruzko hitzaldi laburra ematea ezagutzen ez dituzun bi pertsonari", "hizkuntz-gurutzegrama batzuetan galderen erdia (edo) asmatu", "liburu edo hedabide batetik ateratako testu bati buruzko galdera batzuen erdia asmatzea", edo "irratitik grabatu den zati bati buruzko galderen erdia asmatzea".

Akaso horrela izan beharko dira hizkuntz-probak, agiriak emateko formaltasun apur bat beharko da, eta idatziko testua ebaluatzeko produktu erosoagoa, argiagoa eta erabilgarriagoa izango da, baina ebaluatuaren 300 hitz idatzi lortzeko beste modu batzuk daudela ausartuko nintzateke esatera.

Erronkariak

Plisti-plasta (ez da egiaztatu)-(e)k 2011, Urtarrila 24 - 10:24-(e)an bidalia.

Jota dago, beraz erronka:

edo ondo bereizten ditugu ikas-prozesua eta akreditazio fasea

edo akreditazioa ere benetako eginkizunetara eta komunikaziora lerratzen dugu

edo biak ala biak.

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia