08
Aza
2007

3. maila, aurkezpen ekitaldiaren kronika

Lehengoan iragarri genuen bezala gaur HABEk 3.mailaren inguruan prestatu dituen berrikuntzak azaltzeko aurkezpen saioa egin da Bilbon. Euskaltegientzat, EAEkoentzat nagusiki, informazio eta berri interesgarri asko eman dira berton. Ni, bestelako konpromisoak direla eta, ezin joan izan naiz aurkezpenera, baina kontuak garrantzia daukalakoan hona ekarri nahi izan dut eta lankide batek etxerako egin digun laburpenetik jakingarri interesgarrienak ekartzen saiatu naiz (eskerrik asko Otto).

Gaur goizean izan da Bilboko aurkezpen saioa. Bi ordu iragarrita zeuden arren, ordu erdi gehiago luzatu da kontua; izan ere, aurkezpenak berak ordubete pasatxo izan dituen arren, galde-erantzunekin luzatu egin baikara. Beraz, beste saioetara joateko asmoa duzuenok jakitun zaudete.

Mahaian, Joseba Erkizia, Juxto Egaña, Aintzane Ibartzabal eta Josu Goikoetxea izan dira; HABEko zuzendari nagusia, didaktika arduraduna, ebaluazio arduraduna eta, oker ez banago, EGA arduraduna, hurrenez hurren. Aurkezpenaren pisua Joseba Erkizia eta Juxto Egañak hartu dute.

Joseba Erkiziak prozesuaren nondik norakoen berri eman digu. Hainbat lege, dekretu eta agindu aipatu ondoren, euskara agirien (HABE, IVAP, Osakidetza, Ertzaintza, Hezkuntza eta Hizkuntza Eskola Ofizialenak) bateratzearen inguruan egindako lanak gogorarazi dizkigu eta, ondorio gisa, dauden agiriak parekatzeko moduan daudela, eta hauek, berriz, Europako Markoko mailetara ekar daitezkeela esan digu.

Testuinguru honetan kokatu ditu ikasturte honetan egingo diren kontu burokratikoak, eta, bere ustetan (uste sendoa, berarena) ikasturte honetan bertan baliokidetuko dira euskara agiri ofizial guztiak. Ez diot ondo ulertu (ni kontu burokratikoetan...), baina 3. maila beranduago bateratuko da (sei hilabeteko kontua). Hori dela eta, erabaki dute ikasturte honetan bertan 3. mailako azterketa ezartzea erabaki dute.

Aipatu ditu euskalduntze sistema osoaren koherentzia gordetzea dela helburua, ebaluazioa (agiriak) ikasprozesuari lotzeko beharra, euskaltegien autonomian sakontzea... Eta erronka bat ere badela: sistema berria, aztertzaileak prestatu, azterketa eredua...

Laburbilduz, ikasturte honetan, ez da EGA azterketarako deialdi itxirik egongo eta, horren ordez, 3. mailako azterketa ezarriko da. EGA, deialdi irekian baino ezin izango da egin. Proposamena dela diote, eta euskaltegiko ordezkarion ekarpenetara zabalik daudela diote.

Juxto Egaña kontu teknikoez aritu da gehiago. Horrela, azterketaren diseinua eginda dagoela esan digu. Zentzu horretan, lehenengo berrikuntza atariko proban dago. Ez da atariko probarik egongo, eta lan hori euskaltegiko ebaluazioak beteko du. Beste mailetan (1, 2, 4) gertatzen den moduan, azterketa egiteko aukera izateko, lehenengo euskaltegian eman behar duzu maila; beraz, 112 urratsa egiten dutenek, soilik, egin ahal izango dute azterketa.

Azterketari berari dagokionez, EGA hartu dutela oinarri diote. Baina hobekuntzak sartu nahi dizkiote: ahalik eta hurbilen nahi ei dute eguneroko eskoletatik; hau da, azterketak ez dezala baldintzatu eskolako jarduna, baizik eta azken horrek baldintzatu azterketa. Planteatzen dute idazlan bat barik, bi egin daitezkeela, beti ere testuinguratuta (rolak, egoerak); planteatzen dute mintzamena bi zatitan banatzea, ahozko azalpena eta mintzamena elkarreraginean; planteatzen dute elkarreragin hori neurtzeko ikasleak binaka jartzea... Ez dakite gramatikaren jakintza neurtzeko (sintaxia eta lexikoa, berridazketa eta sinonimoen ordez) sartu behar ote den baina, sartzekotan, beti ere, testuinguratuta, testu bateko gramatika, alegia. Hainbat ideia, baina oraindik lotu barik, antza. Edozelan ere, abendurako-edo izango dutela azterketa ereduren bat, pilotatuko dutela hainbat euskaltegitan eta Interneten-edo eskegiko dutela.

Zelan puntuatu ere oraindik aztertzen ari direla...

Aztertzaile kopurua ere ez dutela oraindik pentsatuta, ikasleen arabera izango baita. Baina EGAn aritu direnak eta beste berri batzuk hartu beharko direla. Irizpideak: prest egotea, 3. maila ematea txarto ez legokeela, eskarmentua aztertzaile gisa... Prestakuntza, beste mailetan bezala, bateratze saioen bidez egingo da.

Eta horra arte aurkezpenak eman duena. Beharbada, interesgarriena galde-erantzunen txandan heldu da; hainbat zalantza planteatu dira.

Lehenik eta behin, zenbat deialdi izango duen 3. mailako azterketak (eta, bidenabar, 1. eta 2. mailakoek). Inork ez du kontrakorik esan; beraz, pentsa daiteke euskaltegietako ordezkariak 2 deialdien alde daudela. HABEkoek, ordea, ez dute hain argi ikusten. "Aintzat" hartuko dutela eskaera eta aztertuko dutela, benetan euskaltegien eta ikasprozesuaren onerako dela ikusten bada. Gainera, eurek ikusten duten moduan, ikasleak bi barik, hiru aukera izango ditu aurten 3. maila lortzeko: EGA deialdi irekiko bi aukerak, eta euskaltegiko 3. maila.

Eskaerak, halaber, euskaltegiaren autonomia indartzeko, gaitasunen kudeaketa euskaltegien esku uztearen aldekoak.

Zalantzak:

  • beste mailetan bezala bada, ikasleak maila martxoan eman behar du
  • .aurrekoaren harian: HABE kritikatu dute ezin delako ikasturtean bertan egongo den aldaketa baten berri eman azaroan, taldeak martxan daudenean; zentzu honetan, proposamen bat egon da, aurten behintzat, EGA azterketa deialdi itxia ere egoteko. Atzerapenaren aurrean eurek esan dute baliokidetzea bermatzeko moduan egon ez diren arte ez dutela pausua eman, eta horregatik atzeratu dela kontua.

Azkenik, 4. mailaren inguruan aritu dira apur bat. Aurtengoa izango dela pilotajearen azken urtea, eta datorren urtean eskaini ahal izateko, irakasleen prestakuntza bideratuko dutela, prestakuntza didaktikoa eta prestaketa linguistikoa. Bigarrenaren ondorioz, parte hartzen duten irakasleek aukera izango dute 4. mailaren agiria eskuratzeko, deialdi berezi batez. Prestakuntza mistoa izango da (presentziala, eta on-line) eta abenduan hasi, eta uztailera arte iraungo du. Irakasle hautaketa egongo da, giza baliabideen urritasunak ez baitu ahalbidetzen eskaera masibo bati erantzuna ematea. Baina honen guztiaren ingurukoak datorren astean euskaltegietara helduko den gutun baten bidez jakingo dugu.

Honaino gaur Bilboko aurkezpenean egon den lankideak kontatu diguna.

Kantxa daukazue zuek ere han egon bazarete osatzeko, zehazteko, eta, egonda nahiz egon barik, -zer esanik ez- komentatzeko.

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia