Blogak

13
Ira
2006

Karrajua.com

Zerbitzari berria ezagutu dut mundua.com-en bidez (bide batez, blogak egiteko plataforma berria wordpress-en oinarrituta): Guebs.com. Azpiegitura ona eta prezio politak eskaintzen dituela ikusita kontua zabaldu dut bertan.

Oraingo zerbitzariak baino aukera gehiago ematen ditu (azpidomeinuak, php bertsioa,..) eta hobeto dabil. Oraingo ostalari honekin eduki ditudan arazo batzuk saihesteko modukoak, Drupal 4.7 eta beste programa batzuk instalatzea, adibidez.

Laster baten hara pasatuko dut karrajua seguruenik.

Karrajua.org domeinua hemen alojatuta daukadanez karrajua.com eta karrajua.net domeinuak hartu ditut.

Joaten bazarete momentuz instalazio gordin bi baino ez dituzue topatuko: oinarrizko direktorioan drupalen instalazioa eta wikia.karrajua.com domeinuan Dokuwikiren instalazioa. Ez dago edukirik oraindik baina laster okurrituko zait zeozer.

Lehenengo domeinuaren trasladoa egin behar dut.

12
Ira
2006

Tandem

Hemen sarritan jardun dugu mintzalaguna eta halako esperientzien gainean. Mintzalagunaren hastapeneko ideian hizkuntz-bikoteen edo hizkuntz-trukaketaren kontzeptua daukagu, eta horretan aintzindari Tandem fundazioa izan da.
Gurean ere badabil, Donostian hain zuzen ere, eta gaur haien eskaintza ailegatu zait.
Eskolak emateaz gain, logikoa denez, praktika eta trukaketarako taldeak eta bikoteak ere antolatzen dituzte, eta horrez gain ikasleentzako hitzaldiak eta aktibitateak. Trebakuntza estrategikoan nahiko zentratuta dabiltzala dirudi.
Urte askotako esperientziak zer erakutsi dien guretzako ere interesgarria izan liteke jakitea. Gainera, euskaltegi izena erabili barik euskara ikasteko jarduerak ere antolatzen dituzte.
Gaur egun tekonologia berriekin gabiltza iparra markatu guran, baina halako bide "humanoagoak" ere beste buelta pare bat emateko modukoak direla uste dut.

12
Ira
2006

Blog berriak: Mari Jose eta Agurne

Aurrekoan HABEk blogen inguruan antolatu duen ikastaroaren berri zabaldu genuen. Eginekin predikatzeko eskaria zabaltzen hasi orduko blog pare bat detektatu ditut gaur: Mari Jose Lasheras eta Agurne Azpitarterena (azken hau harena dela uste dut, ez baitu aurkezpenik egin, oraindik probetan akaso) HABEko teknikariak.

Aspaldian dabiltza publikatzen Agurne urtarriletik eta Mari Jose maiatzetik, nik gaur jakin dut baina. Ez daukate gauza askorik momentuz baina etorriko dira. Animoa ba!

Ez dakit baten bat gehiago dabilen. Technorati orraztu beharko da. Inperioaren kontraerasoaren aurrean gaude Plisti.

11
Ira
2006

Formazio eskaintza negurako

Euskaltegietako irakasleen etengabeko prestakuntzarako ikastaroak udazken, negu eta udaberrian | [HABE-Ikasbil]

HABEtik formazio eskaintza berria etorri zaigu derrepentean. Ikasturtean zehar egiteko on-line ikastaroak. Bi lehendik ere eginda daude.: Entzumena lantzen eta Irakurmena lantzen. Eta ikastaro berria: Internet didaktizatzen: blogosfera euskararen ikas-irakaskuntzan.
Ez dakit matrikula data hauetan jendea zelan ibiliko den. Urria hasi orduko izena eman eta matrikula eginda eduki behar da. Iraila (h barik) hil tontoa izaten da, eta asko oraindino oporretan edo euskaltegi askotako plantilak finkatu barik ere egongo dira.

Agurne Azpitarte eta Natxo Gillen teknikariak izango dira blogosferaren ikastaroaren arduradunak. Interneten aplikazioaren inguruan ibili dira lanean azkenotan dirudienez. Hizpiden artikulu pare bat argitaratu ere egin dituzte.

Ikastaro hauek guztiak on-line egingo dira. Badirudi era berean HABEk lehengo plataforma (Kanpusa) prestakuntzarako alde batera utziko duela eta Moodle-en aldeko apustua egin duela. Webgunea ere aldatu egin dute. Eusko Jaurlaritzaren web guztien diseinuaren barruan sartu dira.

Ez da albiste txarra. Hasieratik gabiltza hemendik euskaltegien inguruko blogosferari jarraipentxoa egiten. Lehenego euskaltegi-blogak eta gero ikasle-blogak. Ikastaroaren programan zerrenda atondu dute. Den-denak ez daude, azkenengo batzuk faltan topatu ditut (bide batez, erdarakadekin arduratuta ibiltzen zaretenok irakurri hau).

Falta diren horien artean ikasle-blogak deitu genituen horiek daude: Itsaspepinoak edo Erandioko Udal euskaltegikoena adibidez. Eta irakasleon blogen artean plisti-plasta ez digute aipatu (Inperioaren kontraerasoa ote?). Ez da erraza denak kontrolatzen hala ere eta hemen daukazue gure zerrenda.

Gure mundu honetan ez dakit blogosfera, internet eta teknologia berriekin norainoko jakinmina eta interesa dabilen. Urrutiko kanpaiak entzun eta ezagutu nahia izan daiteke, gauza berriak plazaratzeko gogoa, modaren tiradizoa,...

Blog didaktikoen eta on-line irakaskuntzaren mundua dudetan dabilela dirudi. Bidea urratu guran, baina iparra ondo markatu gabe oraindino. Etengabeko esperimentazioa (beta jarraia?), proba-errakuntza metodoan bigarrenetik asko, baina aurrera egiteko gogoa itzela.

Tira ba, zortea ikastaroa eman-egin behar duzuenoi, eta nahi duzuen eta ahal dugunerako badakizue non gauden.

Ea technorati, del.icio.us eta halakoetan euskaltegiak jarioa animatzen den.

06
Ira
2006

Adierazleak

Oporren aurreko azkenengo mezuan euskaltegien lanaren emaitzaz jardun nuen. Zer lortzen dugun, euskaltegiok normalizazioan zer paper jokatzen ari garen,...
Kasualitatez (karrajuaren boterea ez da handia ba!), iraileko lehenengo aste honetan HABEtik adierazleen zerrenda eta emaitza batzuk bidali dira euskaltegietara. Emaitzak denok edukiko dituzue euskaltegietan, beste baten heldu dakioke horri. Adierazleen zerrendari erreparatu diot oraingoan. Hemen daukazue (publikoa dela pentsatzen dut, beraz ez dut uste hemen jartzeko arazorik egongo denik):

1.- Adierazleak
Euskaltegien eta autoikaskuntzarako zentroen jarduera aztertzeko, honako adierazle kuantitatiboak hautatu dira:
 a) Talde-ratioa: aurrez-aurreko irakaskuntzan, taldearen iraupen-aldian izan den batezbesteko ikasle kopurua adierazten du. Ikasleei emandako orduen batura /(zati) talde orduen batura eginez lortzen da.
 b) Birmatrikula: datu honek adierazten du ikasturte bateko ikasleetatik zenbatek jarraitzen duen hurrengoan, eta ehunekotan adierazita ematen da. Jarraitze hori hiru aukeratan aztertzen da: edozeinetan, sarean eta euskaltegian.
  a. Edozeinetan: edozein euskaltegi edo zentrotan birmatrikulatzen diren ikasleen ehunekoa adierazten du.
  b. Sarean: sare bereko edozein euskaltegi edo zentrotan birmatrikulatzen diren ikasleen ehunekoa adierazten du.
  c. Euskaltegian: birmatrikulatze hori euskaltegi berean egin duten ikasleen ehunekoa adierazten du.
 c) Asistentzia: aurrez-aurreko irakaskuntzan adierazten du ikasle bakoitzak eman zaizkion eskoletatik zenbatetan parte hartu duen, hau ere ehunekotan adierazita.
 d) 100 ordu emanda lortu maila: urrats bat lortzeko, batez beste, ikasleei emandako zenbat ordu behar izan den adierazten da hemen. Emandako ikasle-orduen batura /(zati) lortutako urratsen batura eginez lortzen da. Ematen den kopurua absolutua da. Ondorioz, adibide gisara, Bizkaian guztirako laukian 0,56 azaltzen bada, honek adierazten du Bizkaiko euskaltegi eta zentroetan ikasleei emandako 100 orduko, batez beste, urrats baten erdia baino gehixeago gainditu dela, edo, bestela esanda, 178,6 ordu inguru behar izan dira batez beste urrats bat lortzeko.
 e) Ikasleen matrikula-orduen batezbestekoa: ikasleek egin dituzten matrikulen trinkotasuna adierazten du, matrikulen ordu teorikoen batura /(zati) matrikulen batura eginez lortzen da.
 f) Mailen egiaztapena: aurkeztuak eta gaindituak: HABEren mailak egiaztatzeko deialdietan eta EGAko deialdi itxietan izandako emaitzen berri ematen da, honako datuak eskainiz:
  a. Euskaltegiko ikasle eta aurkeztu: HABEren mailak egiaztatzeko deialdietan edo EGAkoetan parte hartzeko izena eman dutenen kopurua adierazten da, ikasle bakoitza ikasturte horretan ikasten aritu den euskaltegi/edo zentro guztietan zenbatuz (eta ez azterketa egiteko izena eman zuen euskaltegi/zentroan soilik).Kopuru absolututan ematen da datua.
  b. Euskaltegiko ikasle eta gaindituen %a aurkeztuekiko: aurreko horietatik ehuneko zenbatek gainditu duen adierazten du.
  c. Gaindituen % ikasle guztiekiko: euskaltegi/zentroko ikasle guztiekiko mailaren bat gainditu duten ikasleen ehunekoa adierazten du.

Eranskin gisara eskaintzen dira ikasle-orduak eta talde-orduak, jardueraren, eta lagin bakoitzaren, neurria izateko

2.- Adierazleen denbora-esparrua
Arestian azaldu diren adierazle hauek bi ikasturtetan aztertu dira, eboluzioa ikusteko: 2004-05 ikasturtean eta 2005-06 ikasturtean. Azken honetan neguko jarduerari dagozkionak soilik, eta 2006ko uztailaren 18ko datuen egoerara mugatuta. Horregatik, eta amaierako jarraipena soilik biltzen den jardueratan (autoikaskuntzan, bereziki), hainbat ikasleren matrikulak batere ordurik gabe daude, eta agian urratsen bat gainditua eman zaio, mailen egiaztapenean parte hartu ahal izateko.

3.- Adierazleen jarduera-esparruak
Helduen alfabetatze-euskalduntzeko jarduera-eremu bakoitzean euskaltegiak izan dezakeen esku-hartzea maila ezberdinekoa denez, lau multzotan sailkatzen dira adierazle bakoitzeko datuak: autoikaskuntza, talde berezi, ohiko talde eta guztira.
Euskaltegietako datuak kudeatzeko aplikazioan kolektibo jakin bat duten talde guztiak talde berezitzat hartu dira (IVAP, IRALE, enpresa, guraso,…).
Mailen egiaztapena: aurkeztuak eta gaindituak izeneko adierazlearen kasuan ez dira bereiztu jarduera-esparru hauek, taula gehiegi ez luzatzearren.

4.- Adierazleen laburpenetarako multzoak
Euskaltegi-zentro bakoitzak bere datuak erkatu ahal izateko bidaltzen zaizuen taula honetan, honako multzotan laburbiltzen da euskaltegi/zentroen jarduera:
- lurraldeak: talde edo ikasle bakoitzaren ikaste-prozesua gertatu den lurraldea.
- eskualdeak: talde edo ikasle bakoitzaren ikaste-prozesua gertatu den eskualdea, helduen alfabetatze-euskalduntzean erabiltzen ditugun eskualdeak kontuan izanda. Horien berri datutegian bertan jasotzen da, eta hor ikus daiteke herri bakoitza zein eskualdetan dagoen kokatua. Hala ere bada eskualde bat (99), barnetegietako jarduera guztiak, bai negukoak eta bai udakoak, bereizteko erabili duguna, barnetegietan edozein eskualdetako ikasleak aritu ohi baitira.
- sareak: euskaltegi/zentro bakoitzak badaki zein saretakoa den, eta sare jakin batekoa izan ezean, federatu gabeenean dago txertatua.
- tamaina: talde edo ikasle bakoitzaren ikaste-prozesua gertatu den herriaren biztanle-kopurua adierazten du:

  • 1: <5.000 biztanle
  • 2: 5.000-10.000 biztanle
  • 3: 10.001-25.000 biztanle
  • 4: >25.000 biztanle
  •  0: negu eta udako barnetegietako taldeak

Zer deritzozue? Gure lana baloratzeko eta ebaluatzeko adierazle egokiak dira? Nahikoa dira? Zerbait falta? Zerbait sobran?

06
Ira
2006

Jarrerak, hizkuntzen ikasketaren funtsa

Jarrerak, hizkuntzen ikasketaren funtsa - Hizkuntzen ikasketari buruz hausnartzean, pedagogiaren ikuspuntutik bereziki, alde batera uzten da gure ustez erabat funtsezkoa den alderdi bat: hizkuntz jarrerak. [Erabili.com: iritizi muinetik]

Artikulu interesagarria erabili.com-en agertu den hau. Ea datozen egunotan zer komentatua okurritzen zaigun. 

30
Abu
2006

Bueltan eta etorrian

Hemen gatoz bueltan. Amaitu dira kardaberen erretratuak. Gaur bueltako lehenengo eguna eta ospatzeko... posting.
Ez dakit besteok zelan ibiltzen zareten oporren ostean, gurean opor luzeak izaten dira eta ni neu behintzat honako lehenengo egunak orsay-n pasatzen ditut. Zertan genbiltzan? Zer eduki dugu egiteko? Hau, mahai gainean dagoen oharra zeozertako zen baina zertako? Bueltan zeozer inportantea egin behar zen atoan, baina zer zen hain inportantea? Hain inportantea zen? Zeozer inportanterik bazen benetan? Tira, izanaren azken muinerainoko buelta guztiak huts perfektuan amaitzeko.
Burutazio filoestupefazienteok derrenpentean amaitu dira baina. Abuztuan guardian eduki dugun lankideak iraileko glotodidaktikako zerrenda pasatu didanean. Overbooking-a daukagu bata! Jeseeeuuus! ikastaroa hasteko astebete faltan topea gainditurik eta ez dakit zenbat itxaron-zerrendan. Gure koadrilakoa izateko halako bokazioak! Ordutegi txarrak, seguritate gutxi, soldata ere ez da haziendari izkutatzeko modukoa... etorri datoz berriak hala ere.
Inoiz komentatu dugu helduen hizkuntza irakasleen label soziala. Euskara irakasleoi ere sarritan misiolariei legez begiratzen zaigu. Meritu makala zuena! Ondo neska-mutilok! Beharleku hau (berriro) hartuko ez lukeenaren ahotik jeneralean. Meritu handia eta iritzi ona baina balio erantsi gutxi.
Eta misiolarien modura helduen euskalduntzean jarduteko fedea eta bedeinkapena (EGArena eta unibertsitarearena) nahikoa dira nonbait. Urteak egin ditugunok aspaldi konturatuta gaude langintza hau konplexua dela, ez dela borondate eta bokazio kontu hutsa. Etengabe burua nekatzen ibiltzea derrigorrezkoa da gauzak ondo egingo badira, eta hasteko orduan askoz gehiago.
Hasierako formazio beharrik ez izatea eta gure prestigioa bat eginda datoz seguruenik. Honetan hasteko inolako formaziorik eskatzen ez bada, edo eskatzen dena arautu, batu eta antolatu gabe badago, jendartera zabaltzen duguna (ia) edonork egin dezakeen lanarena da. Gogo eta umore handia behar dira, baina ez prestakuntza berezirik dirudienez.
Helduen euskalduntzeak arrakasta eta segida izan dezan irakasle berrien formazioa hobeto antolatu behar dugulakoan nago, eta erakunde publikoei eta unibertsitateari begiratuko nieke, baina guk geuk ere ardura handia dugu horretan.
Zati baterako lana dago oraindino gurean, irakasleak jubilatzen hasi dira eta berriak beharko dira. Eman diezaiegun berrioi hasteko behar dutena: formazioa eta gure esperientziatik datozenak, kolaborazioa eta komunikazioa, tresnak eta baliabideak. Eta eman diezaiegun era berean lan honetan jarraitzeko bidea ere: errekonozimendua, sustengua,... eta ahal denik eta balio erantsietarik gehien (finantzieroa eta finantzieroa ez dena).

08
Abu
2006

Igarri da?

Abuztuan kardaberari argazkiak ateratzera dedikatzen naiz, sasoi onena da eta..

Kardabera Amayan

Igarri duzue oporretan gabiltzala ezta? Irailera arte konpintxeak.

www.flickr.com
Sindikatu edukia