Blogak

22
Ira
2006

Nuvvo: LMS on-line

nuvvologoEz dakit LMS hitza jartzeagatik inor egile-eskubideak kobratzen etorriko zaidan, baina tira, sarean topatu dudan bitxikeria baten berri emateko baino ez da.

Sarean on-line ikastaroak, formazioa edo denetariko jarduera didaktikoan garatzeko hainbat tresna eta platafoma daude une honetan. Gehienak zerbitzariren batean instalatu behar dira. Ezagunena Moodle da seguruenik. HABE bera ere lehengo Kanpus-a baztertuta beronekin hasiko dela dirudi (egia esanda aurrekoa nahikotxo mugatuta zegoen).

Sarean saltseatzen, berriz, on-line ikastaroak sortzeko eta eskaintzeko aukera ematen duen zerbitzua aurkitu dut. Nuvvo dauka izena. Moodle eta halako LMSak bezalakoa baina zerbitzaria barik. Web2.0 ikutua dauka: etiketen sistema, rss-ak, blogak, erabiltzaileek eurek sortutak edukiak, eta gehien bat norberak zerbitzarian instalatu behar ez izatea.

Kontua zabaldu eta ikastaroak sortu daitezke segituan, ikasleak sartu,.... Hainbat ikastaro dauzka dagoeneko,  batzuk debalde, ingeles-ikastaro hau bezala.

Norbaitek on-line irakasteko grina badauka eta LMSa zerbitzarian instalatu eta  konfiguratzeko modurik ez badauka, hemen dauka aukeratxo bat. Aukera interesgarria izan daiteke era berean klaseko ikasgela birtual osagarri modura erabiltzeko, edo autoikaskuntza zentroetan, beste aukera teknikorik ez badago behintzat.

Nik hemen egin dut probatxoa. Ez dut asko saltseatu eta ezin dizuet deskribapen handirik egin zelan dabilen-eta, interesa badaukazue sartu eta probatu, debalde eta erraza da.

Hemen daukazue zerbitzu honi buruzko wikipediaren sarrera.

Espero izatekoa zen halako zerbitzuak ere etoritzea, harrigarriena orain arte gehiago agertu ez izana da.

22
Ira
2006

Nafarroako 27 toki erakundek euskara ikasteko kanpaina abiatu dute

Sareko Argia - [Del.icio.us: "Euskaltegiak" etiketa]

Aurrekoetan ere aipatu dugu Nafarroa, gehienetan euskaltegien inguruko kontu eskasak ekartzeko. Gaurkoan, berriz, albiste ona etorri zaigu Erresumatik:


Nafarroako 27 toki erakundek euskara ikasteko kanpaina abiatu dute

Nafarroako 27 udal eta mankomunitatek euskara ikasteko kanpaina hasi dute, AEK, IKA eta Zubiarte euskaltegiaren laguntzarekin, eta Nafarroako Gobernuaren babesarekin. Erdaldunei eta alfabetatu gabeko euskaldunei zuzendutako kanpaina izango da. 58.000 diptiko banatu eta 1.500 kartel zintzilikatuko dituzte eta lehen aldiz, sakelako telefonoen eta posta elektronikoaren bidez kanpainaren mezua zabalduko dute.

Holakoak etor daitezela denak hemendik aurrera! 

19
Ira
2006

Epaileak A ereduaren eta EGA gainditzearen arteko erlazioa ezeztatu du

Epaileak A ereduaren eta EGA gainditzearen arteko erlazioa ezeztatu du - [Sareko Argia]

Txelis-en blogean ere daukazue aipamena. Kontu larria ez zer esana emango du duda barik. Niri, geuretik ikusita galdera etorri zait. Eskolak ez badu euskalduntzea ziurtatu behar, nork ziurtatu behar du?  Euskaltegiok? Bufaaa!

19
Ira
2006

Sendi proiektua

Blog berria eta albiste berria:

sendi proiektua - ... SENDI PROIEKTUA 06/07 Zer da? Gure helburua da Getxoko umeen gurasoek euskara erabiltzea eta belaunaldien arteko hizkuntza transmisioan eragitea. Proiektu berri hau Getxoko Udala eta Egizu Euskara Elkartearen arteko elkarlana da. Norentzat da? + Getxoko ikastetxe guztietako A, B eta D ereduetan matrikulaturik dauden ikasleen gurasoentzat. ...sendi proiektua [Euskaltegiak Technoratin]

Getxotik etorri da gurasoentzako esperientzia berria: Sendi proiektua. EBPN eta halako makroplanetan transmisioa agertzen zaigu arlo lehenetsien artean. Transmisioaz jardutean gurasoak eta familiak izaten ditugu gogoan, eta proiektu hau interesgarria izan daiteke maila horretan. Ez da bakarra, asko daude, eta halako plangintzetan euskaltegiok ere ibiltzen gara sartuta.

Transmisioaren kontzeptuarekin daukat nik buruhaustea hala ere: familia kontuetara ekartzen da jeneralean, baina, hizkuntza familian baino ez dugu ikasi?  Ez, ezta? Ama-hizkuntza iturri anitzetatik etortzen zaigu: familia, eskola, hedabideak, lagunak, ezagunak, ezezagunak, etsaiak,.... eta gure kasuan, euskaltegiok ere azken baten ez gara hizkuntzaren transmisoreak? Hausnarketa polita.

15
Ira
2006

Euskaltegien "mapa"

Trankil, ez naiz zein euskaltegi non ipini behar den eta halakoetan hasiko. EH2.0 jardunaldiak direla eta, euskaltegietan mundu horretan hasteko egin daitezkeen gauzarik erraz eta entretenigarrietarikoa proposatzera baino.

Tagzania ezagutuko duzue askok, beste askok entzun ere ez seguruenik. Ez dakizuenontzat sinple-sinple azalduko dizuet. Arrazoi bat edo beste dela munduko mapan nahi ditugun puntuak markatzeko tresna da. Adibidez, Bilbora joan gara bisitan, taberna baten sartu, gustatu eta non dagoen gogoratzeko eta baten bati erakusteko, mapan markatu, eta tak! Hor daukagu nahi dugunean kontsultatzeko. Holango sinplea.

Niri AEKn sarritan gertatu zait euskaltegi batera joan behar izatea, eta non dagoen ez jakitea, eta inguruko inork ere ez, edo azaltzen zaila izatea. Tira, helbidea bilatu, Tagzanian sartu, euskaltegi hori dagoen herrira mapan zehar nabigatu, markatu eta gorde. 

Behar dudanean gordeta daukadan lekura joan baino ez dut egin behar. Horrela tontamentean AEKren euskaltegi asko lokalizatu ditut.

Sailkatzeko etiketen sistema erabiltzen da. Markatu duzun puntu bakoitzari etiketa batzuk jarri ahal zaizkio arinago bilatzeko edo taldekatzeko. Adibidez, Santutxuko AEK, etiketa hauekin idenfikatu ditut: Bilbo Bilbao Bizkaia Euskalerria Txurdinaga Mahatserria euskaltegia AEK santutxu. Etiketa horietako bakoitzean sakatuta, etiketa berdina dauzkaten puntu guztiak agertuko dira. AEK sakatzen badugu, AEK etiketarekin markatuta dauden puntu guztiak agertuko dira zerrendan eta mapan, Santutxu markatuz gero, Santutxu etiketarekin markatutako guztiak. Eta euskaltegia sakatuta, Tagzanian markatu diren euskaltegi eta euskaltegiekin lotutako puntuen mapa, euskaltegien mapa alegia.

Ondo, baina kontua ez da hemen amaitzen. Lokalizatu ditudan euskaltegi horiek ez ditut nik bakarrik ikusiko. Tagzanian sartzen den edonork ikusi ahal ditu, eta nik neuretzako batu dudan informazio hori tontamentean denon eskura dago. Areago, beste norbaitek ere gauza bera egin dezake. Ikasle honek egin du adibidez.

Zer gertatzen da? Ba ikasle hori eta bion artean euskaltegi gehiago batu ditugula neuk bakarrik batu ditudanak baino, beraz, guztientzako informazio gehiago. Eta jende gehiagok gauza bera egingo balu Euskal Herriko euskaltegi guztien mapa ti-ta baten eginda daukagu denon eskura. Hau da web2.0aren ezaugarri nagusietakoa: guztion artean eraiki eta zabaltzen den informazioa.

Animatuko gara euskaltegiak markatzen? Erraza eta debalde, Tagzanian erregistratu baino ez da egin behar.

Euskaltegi bat lokalizatzen duzuenean ipini "euskaltegia" etiketa mesedez, horrela mapa honetan agertuko dira:

euskaltegia tagged map - Tagzania

Bai, mapak norberaren blogean edo webgunean jarri daitezke. Txuloa, e? Eta argazkiak ere jarri daitezke,

Bale, dakizuenoi honek guztiak ez dizue ezer berririk esan, baina zuen euskaltegia markatu duzue?

Hurrengo baten argazkiak.

14
Ira
2006

Euskal Herria 2.0

Euskal Herria eta teknologia berriak elkarrekin nora eta nola joango diren gogoetan, berriketan eta azterketan ibiltzeko asmoz jardunaldiak antolatu dira hil honen 21ean eta 28an Donostian. Hemen lotura eta hemen programa.

Arlo askotan gabiltza teknologia eta gehien bat webdosazero horri bueltak, misterioa eta probetxuaren bila.
Euskal Herriaz jardutea euskararen gainean ere jardutea da, eta euskararen irakaskuntzak edukiko du bere txokotxua seguruenik. 21ean ez dakit, baina 28an joateko asmoa daukat. Ea zer jira dabilen. Nazio fisikoa ez dakit, baina EH birtuala indartuta irtengo dela sumatzen dut.

14
Ira
2006

Garbiketa

Iraila arrankatzeko hila izaten da, eta orain aprobetxatu behar da urtean zehar egiteko modurik izaten ez diren gauza horiek egiteko. Garbiketa adibidez. Begitu gure bulegoa zelako garbi geratu den.

Hemen egiten dugu lan
Elegante, ezta?

 

13
Ira
2006

Beste bat: Garazi-Baigorriko AEK

Blogak egitea merkea eta erraza duda barik. Beste txanpinoi bat agertu zaigu, Iparraldean berau: Garazi-Baigorriko AEKren bloga.
Funtzio anitzeko bloga aurkezpenean diotenagatik. Zalantzak, didaktika, argazkiak, eztabaidak, berriak,... Ea ba, zortea eta aurrera! Baina gogoratu blogak etxeko abereak bezalakoak direla, jaten eman behar zaie, bestela fosilizatu egiten dira.

Bide batez propaganda apur bat egingo dugu, je, je, je,....

Sindikatu edukia