Blogak

28
Ira
2006

Getxoko Udalak euskaltegietan eta gau eskoletan ibilitako irakasleen topaketa antolatu du

Getxoko Udalak euskaltegietan eta gau eskoletan ibilitako irakasleen topaketa antolatu du biharko -

Getxoko Udalak bertoko euskaltegietako langile eta aitzineko gau eskoletako irakasleen arteko topaketa antolatu du. Ekitaldi horretara Errepublika garaian, 1930ean, “Escuela Vasca” izan zeneko irakasleen ondorengoak ere gonbidatuak izan dira. Ekitaldia bihar asteazkenean, hilaren 27an, 19:00etan izango da Algortako Kultur Etxean, Villamonten. Imanol Landa (argazkian) alkateorde eta Euskara zinegotziaren arabera, “topaketaren helburua irakasle horiek helduen euskalduntze prozesuan egindako lana aitortzea eta eskertzea da, batez ere euren esfortzua eta konpromisoa baino baliabide asko gehiagorik ez zeukaten garaietan”...[UKberri.net]

Horren harira beste hau etorri da.
Euskaltegietako eta gau eskoletako irakasleentzako ekitaldi instituzionala kritikatu du AEK-ko hainbat kide ohik

Biharko Getxo Udalak prestatu duen euskaltegietako eta aitzineko gau eskoletako irakasleen arteko topaketa kritikatu du gutun irekian Uribe Kostako AEKn ibilitako seikote batek. Gabi Basañez, Ana Sagasti, Laura Castillo, Alfredo Rodriguez, Jon Mikel Aldatz eta Itziar Amezaga sinatzaileek “oso harro” agertzen dira AEKn eta euskalgintzan egindako lanaz, baina ez dute ahazten “herria euskaldundu zedin egindako lan guzti hori trabatzeko” EAJk eta gobernatzen zituen erakundeek, Getxoko Udala tarteko, HABE euskaltegien sarea sortu izana “AEK suntsitu nahian”... [UKberri.net]

28
Ira
2006

Albiste aukeratuak

Berrikuntza txikia sartuko dugu karrajuan. Orain arte gure interesekoak izan daitezkeen albisteak jarraitzeko eta erakusteko jario edo rss agregatzailea daukagu. Iturri desberdinetako albisteak eta mezuak jarraitu daitezke bertotik, euskaltegitan gabiltzanontzat (gure iritziz eta ezagutzen ditugun neurrian) interesgarriak izan daitezkeen iturriak.

Albiste asko etortzen dira hala ere, eta lantzean behin baten bat hartu eta blogean komentatzen dugu. Baina interesgarriak diren guztiak ezin ditugu jorratu, eta beharbada norbaitek guk ezer esan ez dugun baten baten gainean zerbait esango luke.

Horrela bada, hemendik aurrera albiste interesgarrienak bereiztearren eta komentatzeko aukera zabaltzearren orri nagusira ekarriko ditugu agregatzailetik, gure iruzkinarekin edo hura barik edonork komentatu ditzan. Baten bat irakurri eta zerbait esan beharra badaukazue, "gehitu iruzkin berria" sakatu eta bota.

Gure ustez azalera ekartzea merezi dutenei "albisteak" etiketa ipiniko diegu, horrela, eurak bakarrik ikusi nahi izanez gero hemen agertuko dira eta hemen daukate jarioa. Hona lehenengo alea.

Ez da gauza handia baina beste inbento bat daukagu martxan tontamentean.

28
Ira
2006

Bizkaiera, hutsaren hurrengoa euskaltegian

Bizkaiera, hutsaren hurrengoa euskaltegian

Bizkaiera etxean ikasten da, edo ez da ikasten. Ez euskaltegian behinik behin. Bizkaian helduak euskalduntzen dabiltzan askok eskaintzen dute bertako euskalkia ikasteko aukera, baina oso jaramon gutxi egiten zaio eskaintza horri. Hala, batua da nagusi hemen ere.[Argia astekaria]

27
Ira
2006

Ikasleentzako diru-laguntza

Irailaren 5ean euskara ikasleei mailako probak gainditzeagatik emango zaizkien diru-laguntzen berri eman zen. HABEren webgune berrian daude xehetasunak.

Emango diren gehienezko kopuruak hauek dira:

  • a) HABEk deitutako 1. maila: 600 euro
  • b) HABEk deitutako 2. maila: 400 euro
  • c) EGAko deialdi itxiak: 400 euro
  • d) HABEk deitutako 4. maila: 400 euro

Ikasle batek normalean maila bakoitza gainditzeko behar duen denbora ezagututa kontuak ez dira berdin irteten. 1. maila gainditzeagatik adibidez 600 euro (gehienez beti ere), kontuan izanda 1 maila horretara heltzeko ikasle gehienek bizpahiru urte egin dutela euskaltegian, eta ikasturte bateko matrikula prezioa zein den ikusita (500 eurotik gorakoa euskaltegi askotan), askok ordaindutakoaren erdia baino apur bat gehiago baino ez lukete berreskuratuko.

Goi mailetan ordea matrikularen %100 berreskuratu daiteke erraz, 4. mailako ikastaroak egin dituztenek adibidez. Ikastaro horiek laburragoak izanda matrikula prezioa diru-laguntzaren parean geratzen da sarritan.

Honi gehitzen badizkiogu udalen eta bestelako erakunde publikoen laguntza-politikak eta euskaltegi publiko eta homologatuen tarifak, euskara ikasi nahi duenak erraz asko pentsa dezake legerik gabeko azoka baten sartu dela.

Ezagun batzuen kasua adibidez. Bata enpresa pribatu bateko langilea, soldata proletarioarekin. Aurten euskaltegiak 600 euro inguru kenduko dizkio. Bigarrena funtzionaria, besteak baino 1.000 euro gehiago hilean, euskaltegia debalde eta liberatuta egon da, orain gainera ikastaroak ordaintzen dizkiote. Hirugarrena, langabezian egon da, euskaltegia ordaintzeko laguntza lortu zuen (ondo kostata). Total, hilabetea egin, lanerako deitu, euskaltegira ezin eta galdu. Eta hirurak hor dabiltzala laugarren bat - Gure auzoan Udalak euskara ikasteko klaseak 50 eurotan ipini ditu urte guztian.

Ez dut gehiago entzun, niganantza kontuok argitzen etorri orduko hobe alde egin. Ergatiboarena ulertarazteko gauza izan ninteke, baina hau 5. mailakoa da.

26
Ira
2006

Teknologia=metodologia?

Teknologia berriak ikasgelan: Ulibarri euskaltegiaren proiektu berritzailea | Ikasbil

Ulibarri euskaltegiak azpiegitura teknologiko berria instalatu du. Haririk gabeko sarea, ordenagailuak gela guztietan, dena zerbitzari bati lotuta,... Apustu interesgarria eta egia esanda gaurko teknologiak gutxiago ez du eskatzen. Gaur egungo euskaltegi baten hornidura teknikoa definitzen lagundu dezakete honelako proiektuek, ze, nago arbela, kasetea eta bideo-gela joango ez diren arren, beste tresna batzuk gero eta ezinbestekoago direla.

Ez da kontu txarra, ez, ba, zoriontzekoa baino. Eman duten justifikazioak eman dit zer pentsatua hala ere:

   Ulibarri euskaltegiaren apustua prozesuan (metodologian) jauzi teknologiko sendoa ematea da, era horretan emaitzak (euskararen ezagutza) nabarmen hobetuko direlakoan.

Jauzi teknologikoak berez ekarriko du jauzi metodologikoa? Teknologia berriek eurek bakarrik ziurtatzen dute emaitzen hobekuntza? Ez dut uste, eta Ulibarrikoek ere ez dute horrela pentsatuko seguruenik. Baina ideia hori azkenotan gehiegi zabaltzen ez ote gabiltzan nago, denok, ez Ulibarrikoak bakarrik. Teknologia berriak tresnak baino ez dira azken baten, gure emaitzak sano hobetzen lagundu dezaketenak. Baina orain arteko jokaerak eta ildo metodologikoak ingurune berrietara ekartzen asmatzen ez badugu, hobetu barik kakazteko boleto handiak dauzkagu, eta halakoren bat gertatu da dagoeneko. 

Gaurko ordenagailuak ez dira HAL 900 haren modukoak oraindino. Kristonak egiten dituzte, bai, eta aukerak zabaldu ikaragarri, baina eurak bakarrik euskara irakastera ailegatzeko apur bat falta zaie oraindino. Bitartean gure ardura da zer egin behar duten esatea, eta ondo azalduta gero eta hobeto egingo dute. Ulibarrin seguru horretan ari direla.

24
Ira
2006

Berezia izatea zer den!

Gara: Bigarren plan estrategikoa garatzeari ekingo dio AEK-k

Geltokia gehigarrian AEKri buruzko erreportajea dakar gaur (06/09/24) Garak. Matrikulazio kanpainan gaude eta prentsa idatzian zein sarean euskaltegien gaineko informazio eta publizitate ugari egoten da, beste sasoi batzuetan baino gehiago.

Erreportajean neure izena agertzen da, eskaintzaz berbetan, haritik tiratzeko eskaintza-talde-xede berezien inguruan zertan gabiltzan azaltzeko parada hartuko dut.

Euskaltegietan leku guztietan legez, eskaintza etengabe gabiltza berrizten. Aurten adibidez honako nobedadeak ikusten dira: AEKren idazkuntza lantegia, Mondragon Linguaren "Formazio konbinatua" (b-learning?), 4. maila euskaltegi gehiagotan (Labayrun adibidez), Osalan,... Ez ditut euskaltegi guztien katalogoak arakatu eta gehiago daude segurutik (jakinarazi mesedez, ideia ona izan daiteke nobedadeen katalogoa egitea eta komentatzea).

Kontua da gurean aspaldi jarri ginela eskaintzaz hausnartzen. Ikastaro bereziak, talde bereziak, talde txikiak, ohiko taldeak,... gerora HABEren bidez etorri zen Xede Bereziko Ikastaldeak,... Terminologia nahastosoa eta klitxez betea.

23
Ira
2006

Mintzalagunen inguruko blog berriak

berriketan

Berba-mintza-solaskide-lagunak motorra berotzen dabiltza dagoeneko. Euskal Herri osoan zabaltzen ari den jarduera da eta sarean ere islada dauka, blog berriak agertu dira azkenotan. Jarioen agregatzailean sartu ditut baina ez dut aipamenik egin. Hona beraz azkenengo errepasoa:

  • Lea-Artibaiko berbalaguna: esperientzia berria eta berritzailea neurri berean. Etorkinei zuzendutako programa baten atal modura jaio da, eta euskara ezagutzea (Aisa) eta praktikatzearekin batera integrazioa eta kultur-trukea dauka helburu. Kataluniako Voluntaris per la Llingua programatik hartu du oinarria neurri baten. Honek zer fruitu emango duen ezagutzea eta aztertzea interesgarria izango da duda barik.
  • Berriketan (Bergara). Deba Goienako beste egitasmoaren, Arrasateko Zaharberriren (beronek webgunea eta bloga, biak dauzka) egitasmo "anaia" deklaratzen da. Harreman handia dago egitasmo bien artean eta horra euren albiste.
  • Tximintx (Derio). Tximintx euskara elkartearen bloga da hau, ez berbalagunarena soilik. Hala ere, berbalagunaren inguruko informazio ugari zabaltzen dute berton.
  • Bizkaiko berbalagunak.Bizkaian AEK eta Topaguneak egindako hitzarmenaren barruan koordinatzen diren egitasmoen bloga. Ez da sarri eguneratzen, baina zer-nor dabilen jakiteko balio dezake.
  • Egizu (Getxo). Lehenengo esperientzietakoa da hau, baina blog potentea eta txukuna daukate. Argazkiak, bideoak eta guzti. Landuena dudarik gabe.
  • Hauezaz gain, bloga izan barik beste batzuk ere badaude: Muskizko Ostabe egitasmoaren webgunea edo euskara elkarte batzuen webguneek euren egitasmoez ematen duten informazioa: Donostiako Bageraren Mintzalaguna edo Bilboko Mahatserriko Asapalaren Berbalaguna.

Baten bat faltako da, eta sarera salto emateko daude beste batzuk. Detektatzen ditugunean emango dugu haien berri.

Egitasmo berriak ere sortuko ei dira, Bizkaian eta Araban gehien bat. Ea ba!

23
Ira
2006

Partikularrak

Technorati-n euskaltegien inguruan bilatzeko jarioak jarraitzen du fruituak ematen. Gaurkoan eskola partikularrak ematen dituen neska baten bloga edo space-a topatu dut. Windows live spaces-en barruan.

Bide batez, blog plataforma klasikoetan (blogger, blogsome, blogak.com, blogari.net, mundua.com...) topatzen den jendearen aldean oso bestelakoa izaten da hemen dabilena: gaztea, informalagoa,...biziagoa ere bai. Ez dira blogari klasikoak baina jeneroa egon badago, eta gauza interesgarriak topatzen dira, edo entretenigarriak, freskoak,... behintzat (Ubuntu eta Firefox erabiltzen ari naiz, zin dagizuet).

Harira joanda, eskola partikularrak ematen ditu neska honek eta bere ikasleen arazoa kontatu du post honetan. Ez da gauza berria, hemen eta beste leku batzuetan inoiz jardun dugu horretaz. Langile jende askorentzat euskara ikasteak dakarren ahalegina, titulazioa lortu beharraren presioa eta horretarako ze erraztasun gutxi ematen zaizkien. Ez diot horri buelta gehiago emango dena dela, ez zait ezer berririk okurritzen eta.

Irakasle partikularrekin akordatu naiz berriz. Ez dugu inoiz haien gainean berba egin egia esanda. Inoiz gerrilariak aipatu ditugu, baina partikularrak ez.

Zenbat jende dabil euskara-klase partikularrak ematen? Ez dut uste jakiteko modu errazik dagoenik, baina ez direla gutxi barruntatzen dut. Euskara gainditzeko arazoak dauzkaten umeak eta gaztetxoak, titulua behar duten funtzionarientzako eskola estrak, ... Era berean, partikularrak deitu dakieke hainbat karguri (politikariak, enpresariak, exekutiboak....) eskola indibidualizatuak ematen dizkietenak ere (ez dut uste Ibarretxe, adibidez, euskaltegi bateko talde arrunt baten ibili denik). Hauek ere Partikular izenpean ere sartzen dira, baina ez dut uste kategoria berean daudenik ezta?

Irakasle partikularren beharrak pentsatu liteke euskaltegion (edo eskolaren) hutsuneak uzten dituela agerian: eskaerari erantzuteko gaitasuna, emaitzak lortzeko zailtasuna,... Egia esanda ez dirudi euskaltegiok eta gure inguruko erakunde ofizialak horregatik lar arduratuta gabiltzanik.

Bestalde, irakasle partikular hauen dedikazioa eta egoera laborala zein den ere ez da erraza asmatzen. Honetatik bizi direnik badagoela dakit, ez dira gehienak izango hala ere, gehienentzako ikasi edo bestelako lana (euskaltegi baten askotan) aurkitu bitartean dirutxua lortzeko modua besterik ez da izango segurutik.

Neska honek dioenetik gauza bat igartzen da hala ere, euskalduntzearekin ardura daukate batzuek behintzat. Ez dakit zer prestakuntza pedagogiko izango duten, ezta eskolak zelan planteatzen dituzten edo zer material erabiltzen duten ere, baina sikieran errespetoa eta laguntza mereziko dute askok. Eta euskaltegion eta erakundeen partetik hutsune horietaz hausnartzea.

Sindikatu edukia