30
Abu
2006

Bueltan eta etorrian

Hemen gatoz bueltan. Amaitu dira kardaberen erretratuak. Gaur bueltako lehenengo eguna eta ospatzeko... posting.
Ez dakit besteok zelan ibiltzen zareten oporren ostean, gurean opor luzeak izaten dira eta ni neu behintzat honako lehenengo egunak orsay-n pasatzen ditut. Zertan genbiltzan? Zer eduki dugu egiteko? Hau, mahai gainean dagoen oharra zeozertako zen baina zertako? Bueltan zeozer inportantea egin behar zen atoan, baina zer zen hain inportantea? Hain inportantea zen? Zeozer inportanterik bazen benetan? Tira, izanaren azken muinerainoko buelta guztiak huts perfektuan amaitzeko.
Burutazio filoestupefazienteok derrenpentean amaitu dira baina. Abuztuan guardian eduki dugun lankideak iraileko glotodidaktikako zerrenda pasatu didanean. Overbooking-a daukagu bata! Jeseeeuuus! ikastaroa hasteko astebete faltan topea gainditurik eta ez dakit zenbat itxaron-zerrendan. Gure koadrilakoa izateko halako bokazioak! Ordutegi txarrak, seguritate gutxi, soldata ere ez da haziendari izkutatzeko modukoa... etorri datoz berriak hala ere.
Inoiz komentatu dugu helduen hizkuntza irakasleen label soziala. Euskara irakasleoi ere sarritan misiolariei legez begiratzen zaigu. Meritu makala zuena! Ondo neska-mutilok! Beharleku hau (berriro) hartuko ez lukeenaren ahotik jeneralean. Meritu handia eta iritzi ona baina balio erantsi gutxi.
Eta misiolarien modura helduen euskalduntzean jarduteko fedea eta bedeinkapena (EGArena eta unibertsitarearena) nahikoa dira nonbait. Urteak egin ditugunok aspaldi konturatuta gaude langintza hau konplexua dela, ez dela borondate eta bokazio kontu hutsa. Etengabe burua nekatzen ibiltzea derrigorrezkoa da gauzak ondo egingo badira, eta hasteko orduan askoz gehiago.
Hasierako formazio beharrik ez izatea eta gure prestigioa bat eginda datoz seguruenik. Honetan hasteko inolako formaziorik eskatzen ez bada, edo eskatzen dena arautu, batu eta antolatu gabe badago, jendartera zabaltzen duguna (ia) edonork egin dezakeen lanarena da. Gogo eta umore handia behar dira, baina ez prestakuntza berezirik dirudienez.
Helduen euskalduntzeak arrakasta eta segida izan dezan irakasle berrien formazioa hobeto antolatu behar dugulakoan nago, eta erakunde publikoei eta unibertsitateari begiratuko nieke, baina guk geuk ere ardura handia dugu horretan.
Zati baterako lana dago oraindino gurean, irakasleak jubilatzen hasi dira eta berriak beharko dira. Eman diezaiegun berrioi hasteko behar dutena: formazioa eta gure esperientziatik datozenak, kolaborazioa eta komunikazioa, tresnak eta baliabideak. Eta eman diezaiegun era berean lan honetan jarraitzeko bidea ere: errekonozimendua, sustengua,... eta ahal denik eta balio erantsietarik gehien (finantzieroa eta finantzieroa ez dena).

Bueltan, etorririk gabe

plisti-plasta (ez da egiaztatu)-(e)k 2006, Iraila 1 - 13:29-(e)an bidalia.

Orsay-n harrapatzia zeozer ere bada, ni ondiño hemen nau ordezkuen aulkitxuan zirkiñik ein be (gogorik bez). Etorrixe be, apenas (atsotitzetara jo bier izen dot). Beitxu:
Batetik, zera topau dot: "adin batera ezkero, disgustu gutxi, lana neurriz eta mokadu goxoa sarri sarri" baina hau be badau: "kardaberak ez dau pikurik emoten" (lastimia).Bestetik, biarraren kontuaz: "sei liburu baino maisu on bat hobe" baina "eztira egun batian egitxen santuak eta maixuak" hala ere, saiatu behar zenduke sarixa deko ta: "ondo bizi izateko apaizaren lana, militarraren jornala eta maisuaren oporrak" (maisu honenak behintzet amaitu dia, kaka!). Karrajuko paretan kontra negarrez topako nazu hemetik aurrera al dodanian.

Aldian behingo negarra, ogia bezain beharra

Benito-(e)k 2006, Iraila 2 - 02:45-(e)an bidalia.

Batzuk kardaberetan pikuak topatzen eta beste batzuk errefrauei errepasoa ematen. Maixuon oporrak ez dira batere estandarrak, ez ba. Horrela ez dakit bokazio askorik ekarriko dugun.

Gotzon Garateren altxorra ekarri didazu akordura (egun baten honen gainean pentsatuko beharko da zeozer). Batzuetan zelango ahaleginak esanda daudenak esateko berbak topatzeko.

Tira ba, hemendik aurrera anpulutan ere botako dugu, baina negarretan bakarrik ez etorri gero! Egunen baten pozez kantari ere etor daiteke. Sari hau tokatuz gero berbarako.
 

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia