28
Mai
2008

Euskara ikasteko.net

Euskara ikasteko.net izena baina www.euskaraikasteko.com helbidean galde-erantzunen jokoak eskaintzen dituen webgunea agertu da asteotan.

Euskara ikasten ari direnei laguntza ematea da Ametsa Soft-en proiektu honen asmoa, horretarako 1.500 galderaren jokoa prestatu dute. Jokoa erraza da, sartu, izena eman, kategoria bat hautatu (aditza, gramatika, ortografia, esaerak, hiztegia edo sinonimo-antonimoak), eta galderei erantzuten hasi.

Egia esanda, atariko proba baten estilokoak dira galdera gehienak, hutsunea betetzeko hiru aukeratatik zuzena aukeratu eta momentuan esaten dizu asmatu duzun ala ez, erratuz gero, "bizitza" bat galtzen duzu, horrela aurrera jarraitzen duzu bizitzak amaitu arte edo galetegia osatu artea. Galderak eta erantzunak pdf formatuan ekar daitezke ordenagailura bestalde.

Proiektuaren gidan (pdf) irakur ditzakezue beronen nondik norakoak, eskoletako umeei zein nagusiei dago zuzenduta, irakasleentzako tresna osagarri modura edo norberak bere kasa erabiltzeko.

Funtsean gramatika eta hiztegiaren inguruko edukiak ditugu nagusi. Jolas modura aurkeztuta, erakargarriago egiten dira, eta hori beti da txalotzekoa, eta erabilgarria.

Hala ere, teknologia tartean dabilela hizkuntzak ikasteko tresna hauetako askorekin sentsazio berdintsua izaten dut sarri. Ez dira hizkuntza ikastearen eta hizkuntzaren beraren ikuspegi zabalagoa eta irudimen apur bat falta?

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia