14
Api
2007

Balantzei tiraka

Aizu!ko elkarrizketa dela eta blogorreari eman nion kantxa eta Karrajuaren sasi-balantzea egin nuen lehengoan. Handik gutxira, berriz, sarean hausnarketa horretan jarraitzeko motiboa eman didaten hiru mezu irakurri ditut. Hona hemen mezuon aipua norberarenak gehituta:

Komunitate izpiritua

IKTeroen blogean bigarren urteurrena ospatzearekin batera balantze gazi-geza egin zuten Bi urte betetzen ditugu gaur mezuan. Kezkatuta egoteko motibo pare bat aipatu dituzte, eta gurera ekarri nahi nuke gogoeta, pasarte honetan esandakoak gehien bat:

Halere, eta Sareko Argia saria jaso genuen egunean esan nuen bezala, faltan botatzen dut komunitate ispiritua. Faltan botatzen ditut hausnarketa sakonak (aurrean ditugun erronkei aurre egiteko ideiak, proposamenak…), faltan botatzen ditut eztabaidak (nork ezagutzen ditu hiruzpalau iruzkin baino gehiago dituen irakaskuntzari buruzko artikulurik?), faltan botatzen ditut komunitatearen mesedean sorturiko proiektuak (HeziTop bezalakoak, adibidez), faltan botatzen dut… Euskal Herriko hezkuntza sistemarekiko identifikazioa eta atxikimendua. Zoritxarrez, interneten ere, oraindik hezkuntza sistema zatikatua bizi dugula iruditzen zait. Sare publikoak alde batetik, ikastolok bestetik, kristau eskolak euren aldetik, Lanbide Heziketakoek ere berdin… Nork ezagutzen ditu irakaskuntza mundutik bertatik, komunitatearen mesedean (komunitatea esaten dudanean, komunitate osoaz ari naiz, berezitasunik gabe) aurrera eramandako proiektuak? HeziTop-en atzean dagoen filosofia bultzatzen duen besterik ba ote dago? Mila aldiz esandako gauzak direla badakit eta, agian, norbaitek inozokeriak direla pentsa dezake, ez dakit. Internet, gaur egun bizi dugun fragmentazio hau gainditzeko tresna paregabea dela sinesten dut; gurea baino handiagoak diren beste komunitateetan aspaldi jabetu ziren honetaz, euren mesederako, noski.

Euskal Herrian hezkuntzaren mundua eta euskaltegien mundua bat ez diren arren, eta haien artean harreman handirik ez dagoen arren, IKTeroen sensatzio hori berori daukat neuk ere, hausnarketa, kohesioa eta komunikazioa ez dira asko ikusten gurean, publikoan behintzat. Atomizazioa eta zatiketa guk ere ohikoak ditugula uste dut. Han eskola sareak, hemen euskaltegien sareak, euskaltegiak eurak, administrazioa,... Horri gehituko nioke konpententzia eta mesfidantza ikutua.

Hezkuntza sistemarekiko atxikimendua eta identifikazioa dioten lekuan berriz, berdin esango nuke helduen euskalduntze-alfabetatzeari dagokionez, entusiasmo falta, helduen hizkuntza-irakasleen status laboral-sozialak areagotuta.

Ondorioak, komunikazio gutxi, ideia berriak ez dira martxan jartzen edo ez dira garatzen, "elite" bati egiten zaio kasu maila teorikoan, baina komunikazio eta hartu-eman gutxi egonda, sektorearen garapena geldoa eta astuna da, honek ere, jakina, ez du irakaslea asko motibatzen.

Patenteak eta eliteak

Bigarren gogoeta-iturria Julen Iturbe-Ormaetxeren Consultoria artesana en red blogeko mezu honetatik hartu dut: ¿Es posible una wikipedia de empresa?. Julen enpresa munduan dabilen kontsultorea da, blogari ekina, eta mezu honetan bezala beste edozeinetatik hartu daitezke ideiak eta hausnarketarako abiapuntuak. Gurean azkenengo urteotan enpresa munduari begira jarri gara kudeaketa kontuetan: kalitatea, prozesuak,... Ez zaigu gustatzen enpresak garela aitortzea, seguruenik enpresaren ideia klasikoak uxatuta, baina onartu egin beharko da profesional batzuek zerbitzua eskaintzen duten erakundeak enpresatik uste baino gehiago daukala. Julenen baieztapen (ironiko) pare bati buelta:

La empresa sufre de patentitis, quiere hacer negocio con lo que considera su conocimiento explícito.

Gure euskaltegietan ezagutza handia dago, pertsonengan gehien bat, baina ez dakit zergatik, uste izaten dugu erakundearen balioa saldu ahal dituen dokumentuetan dagoela: materialak, programak,... Patentepean eduki, edo bestela gordeta, inork ikusi ez dezan. Oraindik uste dugu geure balioa materialetan dagoela, eta digitalizazioaren era honetan dokumentatuta dagoenaren ibilia ia kontrolaezina da, "konpetentziaren" eskuetara erraz asko heldu daiteke alegia, baina ez dirudi horretan konturatu nahi dugunik. Software librearen mundutik etorri zen aspaldi edukien ikuspegi berria, zabalduz gero, egiten duguna ezagutarazi eta hobetzeko aukera ematen dugu, eta norberak daukan altxorrik handiena ez da eduki hori, eduki hori kudeatzen eta egokitzen duten pertsonak baino, eta pertsonak garatzeko tresnetariko bat komunikazioa da, ez giltzapeko karpetak.

La empresa ha endiosado el saber experto frente al saber profano. Su wikipedia carecería del 80% de lo que sus personas saben, simplemente porque cree que no es relevante.

Jolausek lehengo mezuari egin zion komentarioan agertzen zituen kezketako bati erantzuteko klabea dago hemen nire ustez. "Elitea" dago alde batetik (teknikariak-didaktikariak-adituak), "tropa" bestetik. Eta tropa hori ez da ziur sentitzen bere ekarpenak egiteko orduan, norbaiten bedeinkapena barik. Elite hori, bestalde, ez da erraz plazara agertzen, eta agertzen denean formalitate handiarekin (ahoz edo idatziz), kanal gutxi eta zailak. Norberaren ekarpenekin osatutako ezagutzak zaila dauka horrela aurrera egitea.

Auzoko lapikoa

Hirugarrena ELEren mundu paralelotik dator, gaztelania helduei irakasten dietenen mundutik. Mundu horretan blogosfera interesgarria dabilela aitortu dut behin baino gehiagotan, eta harritu egin naiz Makel.ele blogean irakurri dudan honekin: La botella medio vacía. Blogosfera horrek espero zena ez duela betetzen sentitzen hasi dira batzuk, guretik ikusita inbidia emateko motibo gehiago, baina tira. Balantze horretan arrazoi bat:

una cosa que me llama particularmente la atención es lo poco que los profesores y jefes de estudios que trabajan en el Instituto Cervantes hacen uso de las herramientas 2.0..

Eliteen asuntu horrekin berriro. Ez dut parekatze erraza egingo eta ez dut esango HABEko jendeak web2.0 zer gutxi erabiltzen duen (egia bada ere), oro har, gure sektoreko aditu-didaktikari-teknikariok zer gutxi erabiltzen dugun baino. Tropak erabiltzea nahi genuke, baina honetan lidergoa erakutsi beharko luketenak (aurrekoan aipatu duguna egia bada) ez dira komunikazioan aitzindariak izaten. Akademizismo gehiegi? Ez dakigu maila jaisten? Ala botatzen duguna ez zaio inori interesatzen? Edo ez dakigu interesgarri egiten?

Mezu horretako iruzkin bateko aipuarekin amaituko dut:

Quizá es que faltan herramientas comunes, plataformas que agrupen, “webrings” los llamaría Francisco Herrera (es una palabra que me encanta, tan retro…). Supongo que si la gente se mete como loca en cosas tan casposas1.0 como las listas de distribución es porque se siente en compañía…

Web2.0 honetan itxurarekin geratu gara sarri, ondo mamitu barik atzetik teknologia kontuak baino gehiago daudela. Denok blogari jartzeak ez digu ezer konponduko blog edo dena delako horien artean hartu-eman minimoa bermatzen ez bada, Jolausek aipatzen duen komunitate-izpiritu hori eraikitzen ez bada alegia. Sare sozial kontzeptua da nire ustez giltzarria, ez blog, wiki, tag, LMS eta enparauen parafernalia terminologikoa. Gune kolaboratiboak eta motibagarriak eraikitzeko ahalegina egin beharko genuke, zerbait aportatzen dutenak eta besteekiko harremana erraza egiten dutenak. Aukerak: blog kolektiboak, metablogak,..akaso. Edozelan ere, saltsa dabilen edozer.

Creative Commons Non-Commercial

luistxo (ez da egiaztatu)-(e)k 2007, Apirila 18 - 09:14-(e)an bidalia.

Lehen zure blog honen lizentzia kolaboratiboagoa eta motibagarriagoa zen, Benito. Orain Non-Commercial gehitu diozu aukeratutako CC lizentziari, eta horrekin copyleft izateari utzi dio.

CC hutsa

Benito-(e)k 2007, Apirila 18 - 18:45-(e)an bidalia.

Tira ba, CC hutsera aldatu dut. Lehengo litzentzia ere CC-NC zela uste dut, baina honekin kolaborazio eta motibazio gehiago lortuko badugu, dudarik bapez.

Hori bai, inor hemengo edukiekin komertziatzen hasi eta hainbesterako ateratzen badu, tragua pagatzea estimatuko genuke sikieran. Eta testamentuan gurekin akordatzea gehiago. Eta dirua zertan gastatzen duen kontuz ibiltzeko eskatuko genioke.

Copyleft!

Luistxo (ez da egiaztatu)-(e)k 2007, Apirila 19 - 10:51-(e)an bidalia.

Oso ondo, Benito!

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia