08
Api
2007

Karrajua Aizu!n

Aizu! aldizkariko lankideek elkarrizketa egin didate karrajua dela eta ez dela, eta azken alean daukazue irakurgai.

Testigantzak atalean Blogen gaineko errepasoa egin dute, nitaz gainera Joxe Aranzabal (Faroa) eta Katixa Agirre (Gauez eta azpikeriaz) ere ekarri dituzte. Niri (eta zuei) mesedea egin didate eta (interneteko edizioan behintzat) ez dute nire argazkia publikatu Tongue out.

Halako titularra ipini didate:

"Egiten duguna zabaldu egin behar da, baten batek ikusi eta hobetzeko"

Ez dakit blogen inguruan dena esanda ote dagoen, baina esan gura ditugun guztiak esatea zaila egiten da. Aste pare batean, elkarrizketa bi egin dizkidate, ez dakit sarean saltseatzen ibiltzea hainbesterainoko motiboa ote den, baina dagoena baino gehiago dagoela inork pentsatu dezakeela uste izaten dut horrelakoekin. Dena dela, oraingoan gauza pare bat argi geratu direla uste dut.

  • Nire ustez blogak ez dira pontifikatzeko dorreak, norberak dakiena eta uste duena plazara botatzeko leihoak baino, bi aldeetaranzko norabidean: barrutik kanpora eta kanpotik barrura. Ideiak eta informazioa osatu, landu, biribildu, ikasi,... horretan gabiltza.
  • Beti esaten dut, baina Karrajua ez da blog hutsa, eta are gutxiago blog pertsonala. Sareak ematen dituen aukerak esploratzeko eta erabiltzeko gune irekia da, kolaborazioaren printzipio webdosazero horietatik abiatuta tresna desberdinak lantzen dituena. Bloga tresna horietako bat da, baina blog kolektiboa izateko jaioa da. mundu honetako partaide anitzek osatutako komunikazio-gunea.

Karrajuak zer erantzun eduki duen ere galdetu zidaten. Erdi-broman honetaz jarduteko lagun pare bat behintzat topatu ditudala esan nien. Beharbada, balantzea egiteko sasoia heldu da, ez da erraza, ahalegintxoa egingo dugu.

  • Kolaborazioaren aldetik partaide bi gara une honetan blogean publikatzen dugunak. Biak AEK-koak. Ondo egongo litzateke publikatzeko jende gehiagoren partaidetza lortzea, maiztasun gutxirekin bada ere. Karrajuaren ideia hurbilago dago Sustatu edo Erabili.com-etik blog pertsonaletatik baino.
  • Teknikoki Drupal ondo portatu dela esan daiteke. Software fidagarria eta malgua da, eta orain arte bururatu zaizkigunak gauzatzeko ondo erantzuten izan du. Arazotxo batzuk eman dizkidate modulu batzuek, baina ez dira desastrerako motibo izan.
  • "Arrakasta" publikoa neurtu behar badugu, ez da erraza zeri erreparatu erabakitzea. Bisita kopurua egunean 50-100 bitartean dabil. Ez dakit horietatik zeintzuk diren "benetako" bisitak eta zeintzuk pasadakoak eta robotenak. Jarioak Bloglines-en 40 harpidedun inguru dauzka, beste zerbitzu batzuetatik ere etortzen dira bisitak (aurki.com adibidez). Technoratik 500 estekatik gora adierazten ditu, baina gehien-gehienak karrajuaren barruko estekak dira (pozik egon behar dute gurekin).
  • Datu teknikoetatik harago esango nuke teknologian eta euskal blogosferan dabilen jendeak jarraitzen duela karrajua euskaltegietako jendeak baino gehiago. Inpresioa da, beste barik, euskalduntzearen partaideen aldetik erantzun eta oihartzun gutxiago sumatzen dut, ez dakit arrazoia zein izan litekeen: teknologiarekiko arazoak, publikoan jarduteko ohitura falta, edo, beste barik, karrajuak eta karrajukoek ez dute euskalduntzeko hainbat jenderen interesa piztu, denerik egon liteke hemen. Beste kontu bat erantzunak eta eztabaida dira, azkenotan sano jaitsi da kopurua. Ez dakit azken hau blogosferaren arazo orokorra ez ote den, blogen ugaltzearekin batera gertatutakoa.
  • Lana. Orduak egiten dira honekin, baina publikatzen baino gehiago kontu teknikoetan, probak edo moldaketak egiten. Nik neuk behintzat ez dut nekerik sumatzen, publikatzeko abilidade apur bat hartuta gero eta errazago egiten da (errazegi ote?).

Tira, Aizu!ko lagunek balantzea egiteko bide eman digute tontamentean. Ez dakit Karrajuaren jarraitzaileok balorazio horrekin ados zaudeten, edozelan ere, badakizue web2.0 honek zelan funtzionatzen duen, informazioaren eraikuntza soziala.

Lagundu eiguzue baloratzen,.... edo egiten.

Lehen iritzia

txerra (ez da egiaztatu)-(e)k 2007, Apirila 10 - 18:16-(e)an bidalia.

Ni ez naiz euskalduntze-alfabetzatzearen mundukoa (izan naiz, baina) eta zure bloga jarraitzen dut. Euskara irakasle asko ezagutzen ditut (lankide ohiak gehienak) eta horietako batzuekin komentatuta zure bloga ezagutzen ez dutela aipatu didate. Ni proselitismoa egiten eta eurak ezagutu ez. Teknofobia handia ete dago? Jeneralizazio guztiak gezurra dira, baina errealitatea hobeto ulertzen laguntzen dute.

Dena den, nire ustez gaitza larriagoa da. Euskaltegien munduan (denetarik dago, badakit) gauza berriak egiteari beldurra ikusi dut, esperimentatzeari beldurra. Erosoagoa omen da ez aldatzea, betiko eskemetatik ez aldentzea. Hortan datzala gakoa uste dut nik. (Apal-apal esaten ditut esandakoak, izan ere euskaltegietatik kanpo nago eta ez dut inor mindu gura).

Ez nau harritzen lankide

Benito-(e)k 2007, Apirila 11 - 03:48-(e)an bidalia.

Ez nau harritzen lankide askok karrajua ez ezagutzeak, egia esanda, askok oraindino ez dakite blogak zehazki zer diren ere. Interneten ingurukoak iniziatuen, frikien edo teknotxalaoen kontua dela pentsatzen da sarri (arlo guztietan bezala), urruneko kontua edozelan ere.

Alarmagarriagoa begitantzen zait komunikaziorako bideak esploratzeko orduan dabilen interes falta. Komunikazioa suspertzeko gogo, interes edo animo gutxi ikusten dut, eta hori seinale txarra da, eta ez teknologiari begira soilik, sektorean hobetzeko eta aurrera egiteko ilusioa eta sektorearen kohesioa bera sentitzen ditut makal.

Jeneralizazio guztiak gezurra, ados, baina kanpotik hartu duzun inpresio hori ez dut uste ilusio hutsa izan denik.

Bada gauza interesgarriak lantzen dabilen jendea ere, dena dela, nor-zertan dabilen jakitea zaila izaten da, eta elkarrekin jardutea zailagoa.

Zurekin erabat ados, Benito

jolaus (ez da egiaztatu)-(e)k 2007, Apirila 13 - 19:19-(e)an bidalia.

"Nire ustez blogak ez dira pontifikatzeko dorreak, norberak dakiena eta uste duena plazara botatzeko leihoak baino"

Ados. Arrankean ausardia puntu bat behar izaten da (eskolan iritziak entzun eta barneratzen ikasten denbora asko pasa dugu; zenbat, ordea, gure hausnarketak besteen aurrean adierazten?) baina gero, soltura piska bat hartzen denean, ez da gehiegi kostatzen. Halere, honekin ere arazotxoak izaten hasiak gara. Alegia, esperientzia gehiago duzun heinean, artikuluak patxada gehiagorekin prestatzen dituzu, hausnarketa sakonagoak egiten dituzu eta blogak kutsu "elitista" hartzeko arriskua har dezake. Ez dakit baina uste dut horrelako zerbait gertatzen ari dela gure blogarekin; irakasle gehiago inplikatu nahi ditut euren aportazioak egiteko baina denen erantzuna berdina da: "bai zera! Nik ezin ditut zuen mailako (????) artikuluak idatzi" Zer egin honen aurrean? Hasierako ispiritu fresko hura berreskuratu beharko genukela iruditzen zait.

"Egiten duguna zabaldu egin behar da, baten batek ikusi eta hobetzeko"

Ados ere. Duela urte pare bat oso ezkor nintzen honen inguruan baina onartu beharra daukat oso esperientzia positioak bizi izan ditugula honen inguruan. Gure ikastolan behintzat mezu honek eragina izan duela iruditzen zait eta, oraindik kostatzen bada ere, poliki poliki ari gara urratsak ematen. Zailagoa izaten da kontrako jarrerari buelta ematea, izan ere, geroz eta gehiago entzuten ditut ikastolan horrelakoak: "baina zer eskaini dezaket ba nik?"

"Komunikazioa suspertzeko gogo, interes edo animo gutxi ikusten dut, eta hori seinale txarra da"

Joe, ez dakit nik zer demontre gertatzen den honekin baina euskaldunok badugu zerbait honekin. Duela bi urte justifikazio modura zera esaten genuen: "tira, oraindik blog gutxi daude, blogen mundua ez daezagutzen, irakurleak falta dira..." Orain arrazoiak beste batzuk dira: "eske blog asko daude, irakurlegoa sakabanatuagoa dago orain eta leku guztietara heltzeko aukerarik ez dago" Eztabaida publikorako gaitasuna falta zaigu euskaldunoi? Kritika eraikitzaileak egiteko kapazidaderik ez? Nola da posible iruzkin gehien jasotzen dituzten artikuluak ospakizunen ingurukoak edota agurra esateko idazten direnak izatea? "aupa!" eta "animo!" al dira gure hitz faboritoak? Non ote dago jarrera honen jatorria?

Hausnarketa sasoia

Benito-(e)k 2007, Apirila 14 - 16:38-(e)an bidalia.

Balantzea eta hausnarketa egiten jarri gara batzuk eta besteak. Pozgarria, ea zerbait ateratzen dugun. Hain zuzen ere egunotan zureaz gainera beste gogoeta batzuk ere irakurri ditut eta mezu batean saiatuko naiz tiratzen. Bitartean zuk diozunetik ideia pare bat.

Kutsu elitistarena ez dut hain argi ikusten. Ez dut uste Ikteroen blogean edo Karrajuan publikatzen ditugunak elite mailaren adinako hausnarketa sakonak, landuak eta biribilak direnik, ez dira tesi doktoralak alegia, ezta nahi ere (ezta?). Beste komunikazio maila edo kanal bat ari gara jorratzen, "elitea" eta jardun informalaren artekoa. Nik neuk behintzat, hemen hausnarketa botatzen dudanean ez dut espero izaten inor loreak botatzen etortzerik, nik bota dudanari tiratzea baino: ikuspuntuak, esperientziak, gogoetak eta ñabardurak gehitzea, eta hortik denok ondorio baliagarriak ateratzea. Web2.0 izpiritu hori azken batean.

Beharbada, hezkuntzan eta helduen euskalduntzean halako beldurra dabil inork bereak plazara konplexu barik botatzeko. Igual oraindik argiago utzi beharko genuke blogak edo interneteko sare sozialak ez direla aldizkari zientifikoak edo egunkarietako zutabeak, hemen komunikazioa sustatzea da lehenengoa; hartu-emana, norabide bietan, ez "pontifikazioa" edo ex cathedra aritzea. Hain zuzen ere, horregatik uste dut gabiltzala kanal hau jorratzen, ikusi dugulako geure lanean hobetzeko behar dugun kanala dela, "eliteko" testuak baino hurbilagoa, eskuragarria, parte-hartzailea eta bizia.

Baina, orain dator kezka. Zergatik ez du funtzionatzen? Arrazoi batzuk apuntatu ditugu: teknologiarekiko zailtasunak, plazara irteteko beldurra, komunikaziorako eta eztabaida publikorako gaitasuna,... Esan dudan modura alarmagarriena hirugarrena iruditzen zait, eta hala bada, zer egin ahal dugu horri buelta emateko? Boteprontoan hau okurritzen zait:

  • Interesa daukagu gure lan kontuez publikoan jarduteko? Hortik zerbait jasoko dugula uste dugu? Onurarik ikusten ez bada, partizipazioa zaila da. Geuri buruari egin diezaiokegu galdera hasteko: Guk geuk zer ateratzen dugu hemendik?
  • Badakigu hausnarketa kolektiboa egiten? Eztabaida terminoa gero eta gutxiago gustatzen zait, helburua ez da eztabaidatzea, ondorioetara heltzea baino. Horrela bada, badakigu hausnarketa-eztabaida batetik ondorioak ateratzen eta bideratzen? Adibidez, orain dihardugun honi era batera edo bestera erantzuna ematen asmatuko dugu?
  • Interneteko sare sozialetan (gero eta gehiago gustatzen zait berba hori) jarduteko hizkuntza menperatzen dugu? Freskotasuna aipatu duzu, gure hizkera-idazkerak freskotasun hori isladatzen du? Irakurle potentzialarengana freskotasun horrekin ailegatzen gara? Gure idazkera harentzako eredua da? Nik neuk esango nuke IKTerook hori lortuta daukazuela neurri handi batean. Baina ez da erraza, idaztea behar dena baino formaltasun maila handiago batekin lotzen dugu inkonszienteki.

Tira ba, ea nora heltzen garen.

Tira, tira, ez nuen ideia

jolaus (ez da egiaztatu)-(e)k 2007, Apirila 14 - 18:35-(e)an bidalia.

Tira, tira, ez nuen ideia hori zabaldu nahi nire iruzkinarekin, ezta gutxiagorik ere!. Beti esan dugun bezala, gure blogak ikastolan bizi ditugun bizipenak eta hauen inguruko hausnarketak jaso nahi ditu. Hori zen hasierako helburuetako bat eta horretan jarraitzen dugu. "Elitismoari" buruz ari nintzenean nire lankideek jasotzen duten sentsazioaz ari nintzen. Zergatik diodan hau? Batez ere bi arrazoirengatik:

  • Alde batetik, nire lankide gehienek gurearen berri komunikabideen bitartez jaso dutelako. Honen eraginez, askok gure lana "hezkuntza munduko elitearen artean" kokatu dute, gure artean darabilgun filosofia zein den jakin gabe.
  • Bestetik, ezin da ukatu interneten bueltaka ibiltzearen poderioz, informazio iturri berriak ezagutzearen ondorioz... jorratzen diren gaiak "teknikoagoak" direla, bai IKT baliabideei buruz baita hauen aplikazio pedagogikoetaz aritzen garenean. Askotan ahalegindu naiz hauen inguruan eztabaida sortzen nire lankideen artean, baina gutxitan izan du arrakasta iniziatiba horrek. Nire ustez, gai hauek oso urruti ikusten dituzte irakasle askok (agia, didaktika eta pedagogian formazioa falta zaigu irakasleriaren gehiengo bati)

Eta ez dakizu zer amorrazio ematen didan horrek, hain zuzen ere, eta zuk diozun bezala, gure asmoa ez delako izan inongo dogmarik zabaltzea, gure egunerokotasunaren berri ematea baizik eta irakurleen lankidetzarekin, egiten duguna hobetzea, besterik ez.

Lankideak bultzatu nahi ditut euren esperientziak ere gure blogean jaso ditzaten, norbaitentzat lagungarriak izango direlakoaren esperantzaz eta, era berean, irakurleen iritziekin euren lana hobetuko dutelaren esperantzaz. Baina, "ni pa Dios"! Ez dakizu zenbat kostatzen ari zaidan lankideak saltsa honetan sartzen. Horregatik esaten nuen, agian hasierako freskotasun hura (edo inozokeria, agian) berreskuratzeko gogoa ematen didala.

Bestalde, arrazoia duzu esaten duzunean alarmagarriena komunikaziorako eta eztabaida publikorako dagoen gaitasun falta dela. Nik gehiago esango nuke oraindik: ba ote dugu autokritikarako gaitasunik? Norbera bere ahuleziak identifikatzeko gai ez bada, kostata ipiniko ditu bere iritziak komunitatearen mesedean. Gure kasuan, onartu beharra daukat Etengabeko Kalitatearen Kudeaketa Sistemaren (EFQM modeloa) inplementazioa oso baliagarria izan dela filosofia aldaketa honetan. Ohikoa da guretzat ditugun gabeziak identifikatu eta arlo horietan eredugarriak izan daitezkeenekin iritzi trukaketa egitea (benchmarking egitea deitzen dioguna, hain zuzen). Bestalde, norberak gidatzen dituen prozesuetan beti definitzen dugu hobekuntza plana: autokritika/autoebaluzioaren ondorioz egindako hobekuntza proposamenak jasotzen dituen marko orokorra da. Ez dakit aipatzen ari naizen honekin gaitik atera naizen, baina irudipena daukat lanerako filosofia honek asko lagundu digula gurearen berri publikoa eman dugunean gure blogean; azken finean, beti pentsatu izan dugu hobetzeko biderik egokiena gureraen berri ingurukoei ematea dela. Eta hori neronek, alegia, modeloaren aurka egon den aurkari sutsuenetako batek, onartzea ere adierazgarria da, ezta? Honen inguruan ere eztabaidatuko/hausnarketa egingo dugu egunen batean ;)

e

Eliteak

Benito-(e)k 2007, Apirila 14 - 19:51-(e)an bidalia.

Sentsazio hori neuk ere izan dut sarri, badirudi teknologian abila bazara, gainerako guztian ere abila izan behar duzula, eta horregatik akaso pentsatzen dute denetik dakizula, eta publikoan jarduten baduzu blogedohalakoinbentomoderno batean, buenooooooo, katedratiko Tongue out.

Nik lankideekin egia esanda ez dut ahalegin handirik egin saltsan sartzeko, nahiago izan dut neu hastea eta probatzea, eta asuntua ondo badabil eurak igoko dira gurdira (oso txarra naiz proselitismoa egiten). Ez dakit estrategia ona den, baina sikieran ez dut halako amorraziorik sentitzen, eta norbera gusturago. Egia da dena dela (Txerrak esan zuen lehengoan) askok ez dakitela Karrajua esistitzen denik ere, batzuk HABEren ikastaroan enteratu dira, beste batzuek "blog" hitza entzun eta antena beste sintonia batera eraman, baina nahiago dut autokritikaren ikuspegitik hartu eta pentsatu Karrajuak ez diela gauza handirik aportatzen eta buruari bueltak ematen segitu zerbait topatu arte.

Ingurukoek kasurik ez egitea edo kolaboratu eta ulertu beharrean loreak botatzera mugatzea ez da onena izango, baina honen moduko berriketek konpentsatzen dute soberan.

Wink

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia