20
Urt
2007

Ikasbil vs. feed43, 1-2

Lortu dut azkenean Ikasbil jarraitzeko RSS jarioak ondo ibiltzea. Ikasbil-ek RSS jariorik eskaintzen ez duela eta han maiztasun batekin euskalduntze-alfabetatzearen mundu honetan gabiltzanontzat interesgarriak izaten diren albisteak, jakinarazpenak eta ikasmaterialak agertzen direlarik, pentsatu nuen interesgarria izan zitekeela RSSa edukitzea. Badakit, askok honez gero galdera bi hauetako bat edo biak erabiliko dituzue buruan:

  1. Zer da RSS?
  2. Zertako behar duzu RSStik jarraitu? Ez da nahikoa lantzean behin bisita egitea?

RSSa zer den azaltzeko ez dut aparteko ahaleginik egingo. Bakar-bakarrik maiztasun batekin eguneratzen diren webguneetatik (albistegiak, blogak,... )sortzen den informazioa etengabe bisita egiten ibili barik jarraitzeko modua dela. Hemen dauzkazue janzten hasteko link batzuk:

Bigarren galderan zentratuko naiz. Zergatik RSSa? Erantzuna zenbakiekin. Nire agregatzailean 100 jariotik gora dauzkat harpidetuta. Niri interesatzen zaizkidan gauzen inguruan (euskalduntzea, euskara, informatika, auzoa, argazkiak, informazio orokorra,...) gauza interesgarriak eskaintzen dizkidate gehienek. Egunero zer berri dagoen ikusteko webgune horietan guztietan sartu eta beraiek arakatu behar banitu, egun santu guztia eman beharko nuke hori egiten. Asko gainera maiztasun gutxirekin eguneratzen dira, ondorioz, erraz-erraza izango litzateke haiek ahaztea eta eskaintzen dutena galtzea.

Horren ordez, berriz, egunero, lanean edo etxean, lauzpabost biderrez kontsultatzen dut agregatzailea, eta hark esaten dit non-zer berri dagoen, nik bila ibili behar gabe. Titularrak ikusi eta interesatzen bazait agregatzailean berton irakurri ahal dut, askotan orrira joan beharrik gabe. Ondorioz, informazio gehiago eta eguneratuagoa jasotzen dut ahalegin gutxiagorekin. Eta horrela, adibidez, Karrajura berehala ekarri ahal ditut beste leku batzuetan topatzen ditudanak, eta komentatu.

Ikasbil-en kasuan ere hau interesgarria iruditzen zait. Ikasbil une honetan helduen-euskalduntze alfabetatzerako informazio, dokumentu eta ikasmaterialen iturri nagusia da. Egunero lautik gora eskola ordu ematen duen irakasleari adibidez erabilgarria egin dakioke azkenengoen berri berehala eta modu erosoan izatea, edo hango ariketak eta dokumentuak erabiltzen dituen ikasleari. Neuri behintzat horren berri ahalbait arinen izatea gustatzen zait.

Ikasbil-ek jariorik eskaintzen ez duela, sarean badaude horrelako guneen gainean zeure RSSa eraikitzeko aukera ematen dizuten zerbitzuak. Feed43 adibidez, huraxe erabili dut eta hona hemen Ikasbilen RSSak bada:

  • http://www.feed43.com/ikasbil-albisteak.xml: Gogoan izan atala
  • http://www.feed43.com/ikasbil-albisteak2.xml: Berriak atala
  • http://www.feed43.com/habe-berriak.xml: HABEren berriak
  • http://www.feed43.com/ikasbil-audioa.xml: dokutekako audio artxiboak eta entzungaiak.
  • http://www.feed43.com/ikasbil-ariketak.xml: ariketak
  • http://www.feed43.com/ikasbil-bideoa.xml: dokutekako bideoak
  • http://www.feed43.com/ikasbil-idatziak.xml: dokutekako idatziak
  • http://www.feed43.com/ikasbil-sekuentziak.xml: atazak ataleko sekuentziak

Zer egin daiteke hauekin (edo beste edozein jariorekin)?

  1. Agregatzaile baten bidez jarraitu. Hainbat eta hainbat daude. On-line agregatzaile baten (Alesti, Bloglines, Rojo, Google Reader,...), edo ordenagailuan instalatutako batean (Greatnews, Feedreader,...).
  2. Netvibes-en moduko sarrera-orri baten sartu eta nabigatzailea abiarazten dugun bakoitzean ikusi.
  3. Badira jarioa edukita, berriren bat dagoen bakoitzean e-postara mezua bidaltzen diguten zerbitzuak: Rssfwd, Feedblitz, Xfruits,... Egin behar den bakarra zerbitzu horietako baten gure e-posta helbidea eta harpidetu nahi dugun jarioa eman eta e-postaz jasoko ditugu azkenak.
  4. Jario guztiak hartu eta blog moduko baten ikusi. Xfruits-ek ematen du zerbitzu hau adibidez. Hemen daukazue bat: http://xfruits.com/bontxi/?id=13026. Dena dela, horretarako onena Ikasbilera bertara joatea da. Baina beste jario batzuekin konbinatu nahi badugu, hor dago aukera.
  5. Zeuen blog edo gunean erakutsi. Karrajuko agregatzailean egin dugun modura (Ikasbil sorta), edo Musestorm bezalako zerbitzuek eskaintzen dituzten honen moduko gehigarriekin:

Ikusten duzuenez, aukera ugari eta interesgarriak, eta ez gaude aukerak galtzeko moduan. Probatzera animatu eta zalantzarik edo arazorik badaukazue bota hemen beldur barik. Animatu, gomendatzen dizuet

Marka da!

plisti-plasta (ez da egiaztatu)-(e)k 2007, Urtarrila 21 - 14:53-(e)an bidalia.

Marka da zeuk hartu behar izana honelako lanak! Dena den, mila esker. Dagoeneko, Bloglinesen erabilgarri ditut eta.

HABEk zer kritikatu asko

Benito-(e)k 2007, Urtarrila 21 - 20:34-(e)an bidalia.

HABEk zer kritikatu asko edukiko ditu, eguneratu berria den Ikasbil moduko webgune baten RSSik ez atontzea izan daiteke bat. Baina horrelakoekin kezkatzeari uzten hasita nago aspaldion.

Larriagoa da, nire ustez, azken HABE aldizkarian Ikasbil dela-eta irakasle baten adierazpenetik igartzen den modura, honetan gabiltzanon lanek ispiliruk ez edukitzea. HABEk Ikasbilen bidez bereak plazaratzen ditu, hobeto edo txarrago, baina beste erakunde eta pertsona guztienak non daude?

Nik honekin ez daukat Ikasbil kritikatzeko edo haren gabeziak agerian uzteko asmorik. Bakoitzari berea, eta Ikasbil-ek zoriontzeko gehiago dauzka kritikatzeko baino. Bakar-bakarrik niretzako egin baina besteontzako erabilgarri izan daitekeen lan bat konpartitu nahi izan dut.

Karraju honetan zabaldu nahi den ideia bat horixe da, gaur egun gure artean komunikatzeko eta konpartitzeko ez dugula inoren menpe ibili behar, eta gure artean hain hartu-eman gutxi badago ez dela HABEren erruagatik (soilik).

Hau honela esatea ez da politikoki zuzena izango akaso, baina kontrakoa frogatzen didan gutxi ikusten dut.

Eskaritxo bat

txerra (ez da egiaztatu)-(e)k 2007, Urtarrila 22 - 12:57-(e)an bidalia.

aupa Benito:

Eskaera bat egin nahi dizut. Nik ere RSS jario batzuk ezarri nahi dizkiot webgune bati. Saiatu naiz zuk gomendatutakoak erabiltzen, baina ezjakintasunak ez dit utzi aurrera egiten. Tutorialen bat-edo ez da egongo, ezta?

Feed43

Karrajua-(e)k 2007, Urtarrila 22 - 13:31-(e)an bidalia.

Feed43k berak eskaintzen dizun laguntza nahikoa ondo dago. Funtsean pauso hauek jarraitu behar dira:

  1. Arakatu nahi duzun orriaren helbidea sartu. Extract sakatuta, orri horren kodea agertuko zaizu behean.
  2. Bilatu zuk nahi duzun informazioa kodean non eta zeintzuk etiketaren artean dagoen.
  3. Esan aplikazioari zer den bilatu behar duena.
  4. Zer formatotan aurkeztea nahi duzun zehaztu.

Horrela azalduta ez dizu asko lagunduko seguruenik. Nahi baduzu, esaidazu zein den erreseseatu nahi duzun orria eta saiatuko naiz laguntzen eta bide batez adibidea ematen.

Bestalde, badira Feed43 baino aplikazio sinpleagoak, hain zehatzak izan ez arren. Feedyes duzu bat, eta Feedwhip bestea. Azken honek orrian aldaketa bat dagoen bakoitzean abisua bidaltzen du bai rss-tik bai e-postaz, dena dela, behar ez duzun informazioa ere bidaltzen du sarritan. Nik oraingoz topatu dudan onena, nahiz hasieran apur bat konplexua izan, Feed43 da duda barik.

Orriak hauexek

txerra (ez da egiaztatu)-(e)k 2007, Urtarrila 22 - 16:53-(e)an bidalia.

Lehenik eta behin, erreseseatu nahi dugu aikor.com-en dagoen gure bloga: http://www.aikor.com/bloga/tximintx. Eta horrez gain aikor.com-eko albisteak eta artikuluak:
http://www.aikor.com/albistea/
http://www.aikor.com/artikulua/

Esker aunitz

Zeuen webgunea

Karrajua-(e)k 2007, Urtarrila 22 - 17:30-(e)an bidalia.

Baina horiek biak ez dira zeuen webguneak? Zer software-rekin daude eginda? Seguruenik software horrek aukera emango dizue sindikazioa edo RSSa gaitzeko. Galdetu diozue webgunea kudeatzen duenari edo instalatu dizuenari? Baliteke software-aren bertsio zaharra izatea eta eguneratu behar izatea, baina horrelako CMS gehienek gaur egun sindikazioa eskaintzen dute.

Nahi baduzue feed43 edo horrelako batekin egin daiteke, ez da zaila izango. Baina, nire ustez, apur bat erradikala da eta bide errazagorik badago. Horrelakoak jarioa eskaini ez eta norberak kontrolatu ezin dituen webguneetarako erabiltzen dira batez ere. Probatu ahal dut, baina webguneko administratzailearekin berba egiten baduzue errazago izango da igual.

badakit geureak direla ...

txerra (ez da egiaztatu)-(e)k 2007, Urtarrila 22 - 18:49-(e)an bidalia.

Kontua da behin behineko zerbait edukitzea. izan ere, programatzaileak esan zida(gu)n denbora puska bat beharko zuela RSS horiek jartzeko. Ez da horren erradikala, txo.

Bale, bale,... Gaur gauean

Karrajua-(e)k 2007, Urtarrila 22 - 19:01-(e)an bidalia.

Bale, bale,... Gaur gauean emango diot kolpetxu bat .

eskerrik asko

txerra (ez da egiaztatu)-(e)k 2007, Urtarrila 22 - 19:17-(e)an bidalia.

Eskerrik asko, Benito. Baina ez duzu zertan gaur gauean egin, ez dauka horrenbesteko presarik.

Hemen daukazue (bat)

Karrajua-(e)k 2007, Urtarrila 23 - 01:11-(e)an bidalia.

Tximintx-en blogerako hemen daukazu erresesea: http://feed43.com/tximintx.xml

Eta hemen nola egin dudan: http://karrajua.org/teknoendredoak/feed43

Ausartuko zarete bigarrena zeuek egiten?

Saiatuko gara, bai horixe

txerra (ez da egiaztatu)-(e)k 2007, Urtarrila 23 - 12:30-(e)an bidalia.

Eskerrik asko Benito. Gaur gauean saiatuko gara bigarrena egiten zure azalpenak jarraituta. Eskerrik asko berriro. Opariren bat-edo edukiko duzu laster.

Ummmm! Txorierriko

Karrajua-(e)k 2007, Urtarrila 23 - 15:09-(e)an bidalia.

Ummmm! Txorierriko mortxilakaz hasi naz amesetan...

Baina neska-mutilok, 43agaz gau-pasa egin barik!

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia