rss

15
Urr
2006

Harpidetzak e-postaz eta RSS gabeko webguneak

Feedwhip tresna deskubritu dut gaur, ondo etor daiteke gure intereseko webgune batzuk jarraitzeko, gehien bat  rss edo sindikazioa eman ez eta agregatzaileen bidez jarraitu ezin direnak. Ikasbil eta HABEren webguneak adibidez.

Zerbitzu honek zehaztutako webguneak lantzean behin arakatzen ditu eta aldaketa dagoenean bi aukera ematen ditu: rss jario baten bitartez jarraitztea edo e-posta mezua bidaltzea. Lehenengoa, esan bezala, ondo dator rss gabeko webgune batzuk jarraitzeko, bigarrenak, berriz, horretaz gainera rss daukaten beste batzuen berri e-postaz izateko modua ere ematen du. Karraju hau adibidez. Honela bada, ezkerreko zutabean link berria daukazue karrajuko aldaketetara harpidetzeko, beraz, baten batek bertoko mezuen berri e-postaz jaso nahi badu hemen dauka aukera.

Hala ere, zerbitzua probatzen nabil oraindik. Ez da erraza webgune baten aldaketen berri jario agregatzaile baten modura ematea. Aspaldi dauzkaten hemen instalatuta feed43-en bitartez egindako feed batzuk, eta horiek ere arazoak ematen dituzte: albiste berdina behin eta berriz jaso, .... Ea oraingo honekin.

Nik, dena dela, jario-agregatzailea erabiltzea gomendatuko nizueke: on-line (bloglines. Alesti,..), ordenagailuan instalatuta (GreatNews, Feed Reader,..), edo e-postan edo nabigatzailean sartuta (thunderbird, firefox,..). Egia esanda milaka tresna daude.

Sindikazioak ate berri ugari zabaltzen ditu informazioa gero eta eguneratutago eduki behar den sasoi honetan. Ni neu behintzat enamoratuta nago feedekin. Karrajuko agregatzailea duzue adibide. Bide batez, lehengo egunean batek galdetu zidan nondik ateratzen dudan astia berri horiek guztiak webgunean sartzeko. Azaltzen joan nintzen, baina sigla arraroak eta ingelesezko berba pare bat botata ihes egin zidan. Hurrengoan hobeto azalduko al dugu! Bitartean hemen daukazue euskarazko wikipediaren sarrera hasteko.

Era berean, sindikazioa ematen ez duten webguneei ere eskatuko nieke jarioa lehenbailehen atontzea, areago denon intereseko informazioa edo informazio ofiziala ematen dutenei. Ez dut ulertzen zelan duela gutxi eta software berriarekin sortutako webgune batzuek ez duten jarioa eskaintzen, gaur egun edukia maiztasunekin eguneratzen duen edozeinek (blogak, webguneak, albistegiak,...) aparteko ahaleginik gabe bere ikonotxoa rss daukanean. Habe.org eta Ikasbilengatik nabil, bai. Beste batzuek, berriz, euren jarioa errebisatu eta egokitu behar dutela uste dut, adibidez AEK eta Udal euskaltegiak (biek arazoak ematen dituzte agregatzaile batzuekin, ez daude ondo egituratuta antza denez).

feed 

23
Mai
2006

klaserako.karrajua.org

http://klaserako.karrajua.org

 

Inbentorea deitu zidaten karrajua.org hau zabaltzen hasi zenean, eta famari eutsi egin behar zaio bada. Beste inbento batekin nator.

Egia esanda, ez da gauza berri-berria. Blogger-en hasi nintzenean web2.0 honen aukeretariko bat nola aprobetxatu proposatu nuen orduan. Beraz, ez dut berriro azalduko, lehengo link horretara joan eta zertaz nabilen ulertuko duzue.

Kontua da tontamentean link bildumatxoa egin dudala del.cio.us-en, neuk bakarrik, ze klaserako tag hori beste inork ez duela erabili dirudi, baina zerbaiten falta sumatu dut.

Sarean aurkitzen diren testuak markatu eta konpartitu bai, baina gure kasuan testua bera baino inportanteagoa da testuarekin egiten dena. Del.icio.us-ek ez du azalpen handirik botatzeko aukerarik, markatutako testuekin egingo genukeena azaltzeko hain zuzen ere.
Honetan nabilela karrajua.org antolazeko erabili dudan drupal-ek rss jarioekin lan egiteko bi aukera ematen dituela konturatu naiz.

Bata, aggregator deritzon modulua da. Honek nahi dituzun feed-ak jarraitu eta zeure gunean erakusteko, sailkatzeko, antolatzeko eta blog-eko mezu modura komentatzeko aukera ematen dizu. Honela prestatu dut hain zuzen ere "metabloga" edo albistegia eta horrela ekarri ditut albiste batzuk blogera (hemen azkenengo adibidea).

Dena dela, bloga apur bat mugatuta ikusten izan dut, eta halako testu baten aurrean edonork ekarpena egiteko modu irekiagoa nahi nuen. Honela aggregator2 modulua topatu nuen Drupalen aukerazko moduluen artean.

Aggregator2 honek aukera ematen dizu nahi duzun feed-eko elementuak zeure guneko post edo mezu modura ekartzeko, horrek ematen dituen posibilitateekin: elementu bakoitzaren gainean komentario-hariak zabaldu, kategorizatu,... Del.cio.us-eko link-ekin bloga egin adibidez.

Eta hemen dago inbentoa: http://klaserako.karrajua.org. Zerbitzariak eskaintzen didan azpidomeinu baten beste instalazio bat egin dut (karrajua.org ez kargatzearren), aggregator2 instalatu eta del.icio.us-eko klaserakoekin lanean jarri eta esteka bakoitzeko mezu bana sortzen du.

Ideia hau da: hasierako orrian ikusten diren elementuetariko bakoitza klaserako interesgarria izan daitekeen testua da. Zerbait okurrituz gero, "gehitu iruzkin berria" sakatu eta komentario modura bidali daiteke. Honela klaserako ideien bankua sortzen da apurka-apurka parte hartzen dutenen artean. Material banku kolaboratiboa hain zuzen ere. Web2.0 horrek ekarri diguna ustiatzeko modu bat.

Hau ere gune guztia bezala ideia eta esperimentua baino ez da. Norbaitek testu horien gainean ideiarik badauka botatzea dauka hala ere, eta estilo honetako beste aplikazioren bat bururatzen bazaizue bota edo proposatu. Aztertuko dugu eta.

Momentuz konpondu beharreko bat dago, Aggregator2-k del.icio.us-eko tag-ak inportatzeko aukera ematen du norberaren guneko etiketa bezala, baina drupal-en konpontzen dabiltzan errore bategatik banatuta ekarri beharrean (adib.:entzumena, historia, kronika), etiketa baten batuta ekartzen ditu: (entzumena historia kronika). Konpondu bitartean hala mantenduko dugu dena dela.

Adibide pare bat ipini ditut. Eta horrez gain lehengo egunean eibar.org-ekoek zabaldu zuten Zaldi Eroaren tiraren jarioaren gainean "inbento" berdina egin dut. Ea beronek ere klaserako ideiaren bat ematen dizuen,...edo tiraren gainean okurritzen zaizuena gehitzeko.
Inbentoa hor dago bada, CC patentea baino ez dauka gainera. Zer deritzozue? Beste zerbait okurritzen zaizue?

A! Ez ahaztu del.cio.us-en "klaserako" etiketa edonork erabili dezakeela, ez nik bakarrik, eta berdin-berdin jasoko da hemen.

29
Api
2006

RSS-ak

Iktak.net-ekoek metabloga deitu zioten gure jario edo rss bildumari (Drupal-en itzulpenean rss hornidura topatu dut bestalde). Tira ba, honez gero agregazioa edo edukien sindikazioa ezagutzen duenak badaki zertaz nabilen, webgune, blog edo on-line albistegi baten jarraipena egin ahal izatea behin eta berriz bisitatu gabe.

Helduen euskalduntze-alfabetatzean ditugun webguneen eta blogen jarraipena egiteko atondu dut jarioen bilduma, zer dabilen-eta jakitun ibiltzeko. Egia esanda, kuriositate modura instalatu nuen hasiera baten, baina egunotan nik neuk ere topatu diot erabilpena, ia rss-irakurle modura nabil erabiltzen. Ez dakit hau izan ote litekeen aspaldi baten batek eskatzen zuen zerbitzua.

Blogen jarraipena egitea ez zait zaila egin, ia guztiek atondu dute irakurtzeko moduko jarioa. Webgune "ofizialetan" zailagoa izan da berriz. HABE.org-ek eta Ikasbilek adibidez, ez dute jariorik eskaintzen (bistan behintzat), AEK-k jario izkutua-edo dauka, baina arazoak ematen ditu irakurle askotan (hemen adibidez), Ilazki-renak ere arazoak ematen ditu, Udal Euskaltegienak ematen dituen berberak. Santurtziko Udal Euskaltegiak aldiz, jario ona dauka (Moodle-ek ematen duena), eta beste euskaltegi eta erakunde askoren webguneen arazoa jarioa bera baino eduki dinamikoen falta izaten da, ez daukate albistegirik edo maiztasun batekin eskaintzen den informazio berririk apenas, euskaltegiaren katalogoa, publizitatea eta dokumenturen bat batzuetan, ez dago jarraitzeko moduko gauza askorik beraz (baliteke dena dela ondo bilatu ez izana).

Falta diren jario horiek lortzeko tresna pare bat topatu ditut sarean (badakizue, web-dos-a-zero power), feed43 eta feedyes, bigarrena errazagoa baina emaitza gutxiagokoa. ikasbil-en agertzen diren albiste-atal desberdinak ateratzen saiatzen ari naiz, momentuz zerbait lortu dut eta jarioen atalean sartu dut, euskaltegiak kategorian. Ea lortzen dudan jarioa hobetzea. Norbaitek bere rss-irakurlearentzat nahi badu eskatu eta daukadana pasatuko diot. Lehenago HABEkoek kasu egiten ez badidate eta rss-a atontzen ez badute behintzat.

Nahi baduzue, hemen (+) daukazue nire rss-en zerrenda.

euskaltegiak

Sindikatu edukia