normalizazioa

27
Api
2007

Burbuilaren estrategiak

Jarraitzen dut ELEren inguruko blogosferako kontuekin. Gaur ELE 2.0 Enseñando Español blogean burbuila inmobiliarioa dela eta ez dela klaseetan ere igartzen hasi direla, Las burbujitas inmobiliarias en clase de español mezua idatzi dute, irakurtzen hasi eta aipu honekin geratu naiz pentsatzen:

Así, no han sido raros los casos en los que nos han solicitado clases privadas para estudiantes que querían comprarse o reformar una casa en la zona y necesitaban manejar unas estrategias muy específicas (contratos, notaría, impuestos, permisos, presupuestos). Ahora con los rumores de "reajuste" o simple hundimiento del mercado, habrá que ir planeando programaciones que cubran necesidades opuestas (no de compra, sino de venta).

Grazia egiten digu inor euskaltegira etxea saltzeko edo erosteko entrenatzen etorriko dela pentsatzeak, ezta? Eta ez da tristea horrek barregura emateak? Eta ez diot etxebizitzarekin daukagun arazo tristeagatik, ez.

Gertatu zitzaidan bat gogoratu dut.

Behin udaletxera etxeko eskriturak eroan behar izan nituen hango agiriren bat jasotzeko, euskaraz dauzkat eginda, eta hango bulegoan mutil bat egon zen paperak arakatzen. Nire eskriturak ikusi, eta, ez, ez zuen aurpegi txarrik ipini, alderantziz, begiak zabaldu, niri begira, eta "Euskaraz daude!" bota zuen aho zabalik, pozarren, eta segidan berbetan hasi zitzaidan 3.-4. urratseko euskaran begiak ñir-ñir...

Hantxe eduki ninduen (eta ilaran atzetik neuzkan guztiak) apur baten. Gure euskaltegiko ikaslea izan zela jakin nuen, ikasten ibili zela baina orduan utzita zeukala, zaila zela,.. eskriturei begia kendu barik. Euskaltegitik aparte bizia dagoela konturatu izan balitz eta Mari jainkosa ikusteak edo Veleiako idazkunak aurkitzeak baino ilusio handiagoa egin zion etxeko eskritura batzuk euskaraz eginda esku artean edukitzeak.

Urrutiak eta biok seguruenik egundo pentsatuko ez genuen poztasuna ekarri genuen Bilboko udal-bulego tristera. Higiezinen munduko dokumentu mardul-triste batekin.

21
Api
2007

Irakurri, oparitu eta, gehien bat, gozatu

Topaguneak ekimen berria ipini du martxan literaturaren inguruan. Irakurri, oparitu eta gozatu dauka izena. Zer da? Ba, herriko liburutegian euskarazko 100 liburu edukiko dituzu aukeran irakurtzeko, irakurri ondoren fitxatxo bat bete ahal izango duzu liburua baloratzeko, eta horrezaz gainera gustatu bazaizu, erosteko aukera edukiko duzu %25eko deskontuarekin, edo gehiago euskara elkarteko bazkidea bazara. Zertarako erosi irakurri baduzu? Zeure apalategian edukitzeko lehenengo eta behin, eta gehien bat, oparia egiteko.

Ez da azalpen handia, Topaguneko lagunek euren webgunean hobeto azaldu dute, joan bertara ba! Egitasmoaren inguruko webgune berezia ere atontzen dabiltza, hemen daukazue, oraingoz ez dute osatu baina jarraitu egin beharko da.

Klasean liburuak irakurtzen eta lantzen dabiltzan irakasleentzat aukera polita izan daiteke literaturaren inguruan jarduteko. Nik zalantzak eduki ditut beti klasean liburuak eta literatura zelan erabili. Kasu honetan okurritzen zait irakurleen balorazioak izan daitezkeela liburuak aukeratzeko orduan orientatzeko informazio iturri interesgarria (edo klasean erabiltzeko testua ere bai). Igual zuei beste zerbait okurrituko zaizue. Bota beldur barik.

Ez dakit zer-nolako arrakasta edukiko duen, baina iritzia daukat euskara elkarteetatik ari direla etortzen azkenotan euskalgintzaren ideiarik freskoenak.

Irakurri, oparitu eta, gehien bat, gozatu. Batzuek gozatzen dugun modura.

31
Mar
2007

Ikaslea euskara erabiltzen

Euskara ikasleak ikas-prozesuan zehar euskara erabiltzeari begira zer-nolako pausoak ematen dituen, edo, hobeto esanda, hizkuntzaren erabileran nolako progresioa gertatu ohi den pentsatzen jarri naiz lankide baten hausnarketari tiraka. Boteprontoko baten honakoa irten zait:

  1. Eskola-jarduerei begira erabiltzen da euskara. Irakaslearen diskurtsoa, praktika gidatua,...
  2. Eskola giroan (ikastaldean) erabiltzen da euskara, irakasleak "behartzen" du euskarazko komunikazioa, euskara ez da oraindik harreman hizkuntza "normala".
  3. Ikastaldean (klasean zein klasetik kanpo) erabiltzen da euskara hizkuntza "normal" modura. Irakaslearen eragin barik. Euskaltegiko harremanen inguruan edo barnetegietan.
  4. Ikastaldetik kanpo, oso ingurune edo sare espezifikoetan erabiltzen da. Gertutasun, erraztasun edo motibazio handikoak. Jeneralean irakaslea edo konfidantzako pertsonak gidatuta, edo praktikarako antolatutako sareak (Aizu!, ikasleentzako literatura, berbalagunak, mintza-praktika, barenetegiko ingurua....).
  5. Komunikazio-sare batzuetan autonomo erabiltzen da: motibazio edo aukera handikoak (afektiboa edo profesionala adibidez),  trebetasun hartzaileak (prentsa, kultura,..) martxan ipintzen dira sarriago. Edonola ere, oso testuinguru espezifikoak eta aproposak izaten dira.
  6. Norberaren harreman-sare euskalduna eratzen da (familia, lana, lagunartea,...), txikia eta bigarren mailakoa jeneralean. Zenbait kultur produkzio normaltasunez jasotzen hasten da (bertsolaritza, literatura, hedabideak,..). Euskara erabiltzeko gune zehatzak ezartzen dira.
  7. Aukeran, euskara erabiltzen da. Gaitasun erlatiboan euskara eta erdararen artean parekatze-maila handia dago.

Zirri-borro mentala da ezer baino gehiago. Kontua da pentsatzen gabiltzala euskararen irakaskuntzatik zelan eragin daitekeen normalizazioan eta erabileran, eta horretarako programazio batean nola garatu eta optimizatu daitekeen hau guztia.

Atzo hain zuzen ere, berbalagunek atera zuten gaia, bat lanean euskarazko lehenengo erlazioak eratzen hasi dela, bestea umearekin ohitura hartu duela, besteak Berria irakurtzen duela gero eta sarriago,... Ez dakit, 4. eta 5. pausoen artean dabiltzala sumatzen dut. Hau horrela bada (zer diozue?) interesgarria izango litzateke azken pausu horietara ailegatzeko estrategiak aztertzea.

23
Mar
2007

Hutsaren aurrekoa

Euskadi Irratiko Mezulari saioaren tertuliaren zati bat entzun dut gaur arratsaldean. Korrika hasi dela eta, iruzkinean ibili dira hiru tertuliakideak (ez dut saioa normalean entzuten eta gaur ere ez dut osorik entzun, beraz ez ditut izenak entzun eta haien artean Mikel Irizar baino ez dut identifikatu).

Mikelek eta beste tertuliakide batek egin dute lehenengo irakurketa Korrika eta halako jaien inguruan. Euskaltzaleen artean azkenotan zabaldu den diskurtso baten ildotik jo dutela iruditu zait: halako makrojaiek ez dutela euskararen geroa ziurtatzen, egun edo sasoi labur bateko ilusioa baino ez direla... Beste tertuliakidea oldartu egin zaie, jaia eta ospakizuna behar direla hizkuntza biziko bada (Rousseau-ren aipamena egin du).

Errutina bihurtzen den ekitaldiak zentzua galdu eta prozesuan aurrera egiten ez duela laguntzen ulertu diot Mikeli, halaxe pasatzen dela horrelako makrojaiekin. Beste tertuliakideak hauen ekarpena hutsaren hurrengoa izan daitekeela esan du.

Ez da erraza (eta tertuliakideok horrela aitortu dute) Korrika edo Ibilaldia bezalako ekitaldi batez publikoan halakoak esatea, hain garbi berba egitea alegia. Kutsu afektibo-sinboliko handia daukate euskaldun eta euskaltzaleon artean, eta errazena erreakzio gogor-biszeralak piztea da. Nik neuk hala ere, guztiz bat etorri ez arren, gero eta gehiago estimatzen ditut horrelakoak, arrazoituta botatzen direnean gehien bat.

Gogoeta pare bat kontu honetaz, eskertuko nuke zuen iritzia:

Ekitaldi horiek une bateko ilusioa izan daitezke, bai. Lana egunerokoa da, eta egunero euskalgintzan lan egitea (euskara irakasleok, teknikariak eta gainerako profesionalak) ez da samurra izaten. Nahi genukeenetik urrun gaude oraindino eta ilusioa da galtzen errazena. Ez dakit horrelakoek noraino lagunduko diguten, baina -zer nahi duzue esatea?- Korrikak, neuri behintzat alde horretatik ez dit kalterik egiten. Egia da horrelakoak urteen poderioz errutina egin eta animo gutxiago ematen digutela, areago beraiek antolatzeko egin behar den ahalegina ezagututa, baina beharrezkoak ditugu oraindino.

Gauza bat hartu behar dugu gogoan, esatea politikoki zuzena izan ez eta gutxitan aipatzen den arren, ekitaldi horien helburu bakarra ez da festa eta ospakizuna, dirua dabil tartean, dirua oraindino behar delako. Korrika honetan argi esan da, batzen dena bi euskaltegi egiteko erabiliko da: Iruñean eta Baionan hain zuzen ere. Gordinegia iruditzen zaigu horrela esatea, baina esan egin behar da: euskararen normalizazioak dirua behar du ekitaldiaren osteko eguneroko lanari ekiteko. Eta ematen zaizkigun diru eta konfidantza horiek gure gain ardura ere uzten dute, gauzak ahalik eta hobetoen egitekoa.

"Euskararen aldeko jaia" leloarekin definitzen ditugu ekitaldiok. Zehatzago esango bagenu hobeto beharbada: "Begira, jai honekin nahi dugu hizkuntzarekin daukazun afektoa beste askorekin konpartitzen duzula ikusita sentimendu hori indartu dezazula, ze, hori da oraindik orain aurrera egiteko daukagun oinarririk sendoena, eta bestetik, honetan ari garenok lanean jarraitzeko dirua behar dugu, ze, sentimendu eta gogoarekin soilik ezin dugu aurrera egin egunerokoan. Emaiguzu adorea, eta dirua."

Hori bai, inork ez dezala espero euskara gure herrian hizkuntza "normala" den egunean hau etengabeko festa izango denik, euskara da errutina bihurtu behar duguna, ez euskararen aldeko jaiak.

05
Mar
2007

Erabilera, zer erabilera?

Erabilera berba gero eta gehiago erabiltzen dugu ahotan. HEOKen zorioneko paradigma aldaketan ezagutzatik erabilerara aldarrikatzen zen. Gaur egun euskalduntzeaz han eta hemen esan-idazten direnetan sarri agertzen da erabilera sustatzearen lelo hori. Eta ez nago seguru benetan zer aldarrikatzen ari garen.

Azken Hizpiden Josu Perales saiatu da ingurune naturalaren abantailak eta desbantailak aztertzen. Irakurri ostean, esango nuke ingurune naturalean murgiltzearen alde ez dagoela froga definitiborik, baina are gutxiago kontrakoa frogatzen duenik. Halako sinesmena daukagu, eta xede-hizkuntzan murgiltzea eta hura praktikatzea komenigarritik haragokoak diren jarduerak dira duda barik. Labur esanda, hizkuntza erabiltzea ikasteko ezinbesteko baldintza dugu.

Konturatuta gaude horretaz aspaldian, eta aspalditik ingurune naturala hurbil edo eraz ez daukagula, ikasgelaren inguruan bertan atondu ditugu erabilera-jarduerak (mintza-praktika, irakurgaiak, ikus-entzungaiak...). Areago, azken joera metodologikoek (AOI kasu) erabilera egiten dute ardatza eskola-jarduera planifikatzeko orduan. Atazaren kontzeptua ondo mamitu badut, esango nuke gehien bat hizkuntzaren "benetako" erabilera eskatzen duen zer egina dela. Esanahian fokalizatu lehenengo gero formaz jarduteko.

Horrez gain, indarra hartzen dabiltza azkenotan eskolaren jarduerarekin zuzenean lotu gabeko erabilera-jarduerak, euskaltegietako aktibitate soziokultural osagarrietatik hasita mintzalagun moduko ekimenetara.

Gauza hauen guztien balio pedagogikoa ez da dudan jartzekoa izango seguruenik. Hizkuntza hobeto menperatzen, ezagutzen eta sentitzen laguntzen dute, baina bada helduen euskalduntzeak daukan beste dimentsio bat, hizkuntza normalizatzen ari gara geu ere. Hizkuntza minorizatuaren normalizazioak erabilera esparruak eta ohiturak sustatzea eskatzen du, baina ez helburu pedagogiko hutsarekin, hau da, gure kasuan erabilera ez da soilik ikas-prozesuaren indargarri, hizkuntza-ohiturak arlo desberdinetako funtzio sozialetan sustatu edo eraldatu nahi dira bada.

Hori horrela bada, ondorio batzuk bururatzen zaizkit boteprontoan:

  • Erabilera sustatzea ez da (soilik) ikaslearentzat erabilera esparruak sortzea, euskara erabiltzen den harreman-sareak, lekuak, uneak eta kanalak sustatzea baino. Honek euskaldun guztiok inplikatzen gaitu, ez trenera igo den azkena soilik, ze, erabilera esparruak denontzat dira urri.
  • Ikasleentzat praktika jarduerak eta guneak sortzea pedagogikoki ez ezik, sozialki ere onuragarria da oso, baina hortik aurrera jotzen ez bada, inora ez doan kaleak eraikitzeko arriskua dagoelakoan nago. Euskararen inguruan sortutako sareak dira, eta sareok beste zerbaitekin elikatzen ez badira, zaila dute biziraupen soziala.
  • Nik neuk, zuetariko askok bezala, ikasle askorekin egin dut lan, haietatik batzuk, ez nahi genukeen beste, behar den moduko hiztunak izatera heldu dira, hau da, "ikasi dute" euskara, baina azken horietatik gutxi dira euren bizimoduaren arloren batean (afektiboa, profesionala, soziokulturala, ...) euskarazko erabilera esparruak ezarri dituztenak (edozelako motibazioarekin ere). Batzuek euskaltegira bueltan etorrita edo praktika-jardueretan sartuta lortu dute zerbait, baina susmoa daukat esparru horiek bestelako elikadurarik gabe nekez iraungo dutela luzaroan.
  • Erabileraz dihardugunean bi dimentsio ditugu: pedagogikoa eta soziala. Gure kasuan bigarrenari pisua eman behar diogu hizkuntzaren biziraupenari eutsiko badiogu, eta hori ez da euskaltegiaren ardura soilik, ezta euskaltegiak inori pelota pasatzeko aitzakia ere, interesa daukagun norbanako zein erakundeen artean normalizaziorako lan koordinatu eta mailakatuaren katebegietako bat baino.

Norberaren burutik pasatzen dira horrelakoak sarri, inor konbentzitzeko barik, hor daukazue osatzeko, hankaz gora ipintzeko, egurra emateko, luzatzeko, laburtzeko eta, gehien bat, guztion artean ondorioren batera heltzeko.

16
Ots
2007

Ama-hizkuntzaren nazioarteko eguna

Egunero izaten da zerbaiten nazioarteko eguna, baina neuk behintzat gaur arte ez dut otsailaren 21ean ospatzen den honen berri eduki: Ama-hizkuntzaren nazioarteko eguna.

Aniztasun linguistiko eta kulturala sustatu eta gordetzearren ezarri zuen UNESCOk egun hau. Ospakizunak ere badira han eta hemen. Baina UNESCOk ama-hizkuntzaren kontzeptuari ematen dion definizioari erreparatu diot gehien bat.

Haren arabera ama-hizkuntza hauetako bat da:

  • Lehenengo ikasi dugun hizkuntza edo hizkuntzak
  • Idenfikatzen garen hizkuntza edo besteek idenfikatzen gaituzten hizkuntza.
  • Hobetoen egin eta gehien erabiltzen dugun hizkuntza(k)
  • Lehenengo hizkuntza.

Gurera ekarrita, uste dut euskaldun zahar/euskaldun berri bereizketa horretatik harago doala UNESCOren definizio hau. Eta bigarren puntua erraz lotu daiteke atzo aipatu genuen Joxe Manuel Odriozolaren artikuluarekin.

16
Ots
2007

Hizkuntzak berezkoa du identitatea (Joxe Manuel Odriozola)

Hizkuntzak berezkoa du identitatea - Joxe Manuel Odriozolaren artikulua argitaratu du Izaronews egunkari digitalak. "Euskalduntzearen eta alfabetatzearen emaitzak ikusita, inork gutxik ukatzen du gaur egun gure porrotaren handia. Inork gutxik aitor ditzake irakaskuntza formalean eta informalean lortu ditugun emaitzak ikusita, euskararen ikasketak euskaldunak sortzeko balio izan duenik. Aho batez ez baldin bada ere, ñabardurak... [Tiraka]

Hizkuntza eta identitatearen arteko loturaz dihardu Joxe Manuel Odriozolak artikulu horretan. Hausnartzeko kontu asko euskalduntzeari dagokionez. Edozelan ere, lehenengo baieztapen hori izan da niretzat deigarriena. Hainbesterakoa da gure porrota? Nortasun arazoa ote da?

Neuri behintzat identitatearen kontu hori gutxien-gutxienez apur bat labaina egiten zait.

 

Sindikatu edukia