Hutsaren aurrekoa

Benito(e)k bidalita 2007, martxoa 23 - 02:07(e)an.

Euskadi Irratiko Mezulari saioaren tertuliaren zati bat entzun dut gaur arratsaldean. Korrika hasi dela eta, iruzkinean ibili dira hiru tertuliakideak (ez dut saioa normalean entzuten eta gaur ere ez dut osorik entzun, beraz ez ditut izenak entzun eta haien artean Mikel Irizar baino ez dut identifikatu).

Mikelek eta beste tertuliakide batek egin dute lehenengo irakurketa Korrika eta halako jaien inguruan. Euskaltzaleen artean azkenotan zabaldu den diskurtso baten ildotik jo dutela iruditu zait: halako makrojaiek ez dutela euskararen geroa ziurtatzen, egun edo sasoi labur bateko ilusioa baino ez direla... Beste tertuliakidea oldartu egin zaie, jaia eta ospakizuna behar direla hizkuntza biziko bada (Rousseau-ren aipamena egin du).

Errutina bihurtzen den ekitaldiak zentzua galdu eta prozesuan aurrera egiten ez duela laguntzen ulertu diot Mikeli, halaxe pasatzen dela horrelako makrojaiekin. Beste tertuliakideak hauen ekarpena hutsaren hurrengoa izan daitekeela esan du.

Ez da erraza (eta tertuliakideok horrela aitortu dute) Korrika edo Ibilaldia bezalako ekitaldi batez publikoan halakoak esatea, hain garbi berba egitea alegia. Kutsu afektibo-sinboliko handia daukate euskaldun eta euskaltzaleon artean, eta errazena erreakzio gogor-biszeralak piztea da. Nik neuk hala ere, guztiz bat etorri ez arren, gero eta gehiago estimatzen ditut horrelakoak, arrazoituta botatzen direnean gehien bat.

Gogoeta pare bat kontu honetaz, eskertuko nuke zuen iritzia:

Ekitaldi horiek une bateko ilusioa izan daitezke, bai. Lana egunerokoa da, eta egunero euskalgintzan lan egitea (euskara irakasleok, teknikariak eta gainerako profesionalak) ez da samurra izaten. Nahi genukeenetik urrun gaude oraindino eta ilusioa da galtzen errazena. Ez dakit horrelakoek noraino lagunduko diguten, baina -zer nahi duzue esatea?- Korrikak, neuri behintzat alde horretatik ez dit kalterik egiten. Egia da horrelakoak urteen poderioz errutina egin eta animo gutxiago ematen digutela, areago beraiek antolatzeko egin behar den ahalegina ezagututa, baina beharrezkoak ditugu oraindino.

Gauza bat hartu behar dugu gogoan, esatea politikoki zuzena izan ez eta gutxitan aipatzen den arren, ekitaldi horien helburu bakarra ez da festa eta ospakizuna, dirua dabil tartean, dirua oraindino behar delako. Korrika honetan argi esan da, batzen dena bi euskaltegi egiteko erabiliko da: Iruñean eta Baionan hain zuzen ere. Gordinegia iruditzen zaigu horrela esatea, baina esan egin behar da: euskararen normalizazioak dirua behar du ekitaldiaren osteko eguneroko lanari ekiteko. Eta ematen zaizkigun diru eta konfidantza horiek gure gain ardura ere uzten dute, gauzak ahalik eta hobetoen egitekoa.

"Euskararen aldeko jaia" leloarekin definitzen ditugu ekitaldiok. Zehatzago esango bagenu hobeto beharbada: "Begira, jai honekin nahi dugu hizkuntzarekin daukazun afektoa beste askorekin konpartitzen duzula ikusita sentimendu hori indartu dezazula, ze, hori da oraindik orain aurrera egiteko daukagun oinarririk sendoena, eta bestetik, honetan ari garenok lanean jarraitzeko dirua behar dugu, ze, sentimendu eta gogoarekin soilik ezin dugu aurrera egin egunerokoan. Emaiguzu adorea, eta dirua."

Hori bai, inork ez dezala espero euskara gure herrian hizkuntza "normala" den egunean hau etengabeko festa izango denik, euskara da errutina bihurtu behar duguna, ez euskararen aldeko jaiak.

Etiketak: | |
Benito (r)en bloga | View blog reactions

Erantzunak

Irizarri oldartu zaiona Ander Iturriotz soziologoa izan da. Haiekin zegoena hirugarrena uste dut Fabian Laespada Gesto por la Paz-ekoa zela.

Luistxo - Tagzania (ez da egiaztatu) | 2007, martxoa 23 - 10:44 | erantzun honi

Pulpitura igo eta tar-tar jarduten dugunok eskertzen dugu -nik behintzat asko- oihartzuna. Are gehiago hartutako arriskua aitortu eta estimatzen denean, orain bezala.

Niri ere ez dit Korrikak kalterik egiten. Agian, badago arrisku bat jai hauekin: urtean hiru edo lauetara joan eta pentsatzea horrekin euskara sustatzeko kuota ordaindu dugula.

Euskaraz bizi ahal izateko inguru elebiduna behar dugu, eta, horregatik, euskararen helburu nagusia elebakarrak dira. Horietara apenas iristen diren korrikak eta ibilaldiak, hor ikusten dut nik arazoa. Euskara badenik ere jakin gabe bizi diren horiekin.

Aukeran, onartuko nuke aldaketa hau: makrojaien ordez, han elkartzen diren milaka lagunek egingo balute egunero eta toki guztietan, lehen hitza euskaraz.

mikel irizar (ez da egiaztatu) | 2007, martxoa 23 - 12:59 | erantzun honi

Mikel, blogarion funtzioa oihartzun hori ematea dela uste dut, gogoetari tira egin eta "pulpituko" jarduna plazan jorratu. Eta pozten naiz tertulakideon artean (sarri uste denaren kontra) horren esperoan zaudetenak bazaretela ikusita.

Nire ustez gero eta gutxiago dira jaialdi hauekin kuota ordainduta dagoena pentsatzen dutenak. Arazoa da beharbada edo ez dela bestelako aukerarik ematen, edo gainerako lana norberaren esku uzten dela, edo egunero egin beharreko lan hori ez dela ez hain atsegina, ez baloratzeko orduan hain berehalakoa eta identifikagarria.

Makrojaien ordezko aukerarik ez nuke bilatuko. Beharbada, makrojaietan egunerokoan lortzen eta egiten duguna gehiago erakutsi beharko litzateke. Slogan gutxiago eta erakustaldi gehiago, marketing kanpainak informaziora eta egin behar dena pentsaraztera gehiago bideratzea alegia.

Luistxo, eskerrik asko informazioagatik. 

Benito | 2007, martxoa 23 - 16:14 | erantzun honi
Karrajua | 2007, martxoa 25 - 22:10 | erantzun honi

Makrojaiekin bakarrik inora ez, makrojairik gabe inora ez.
Gainera makrojaiek, korrikak... badute funtzio bat euskalgintzak betetzen duena eta aitortzen ez zaiona: muga guztien gaineko herriaren espresio bateratu bakarrak dira gaur egun. Herriaren adierazle eta aldi berean sortzaile. Izan ere, zenbat botoemaile abertzale ez zen sortuko (edo finkatuko edo...) belarriak zulatzen dizkiguten Ibilaldiko edo Herri Urratseko mozkorraldi erdaldunetan? Zenbatentzat ez ote da egun hori haien euskararekiko urteko kontaktu bakarra? Euskaratik hain urruti bizi diren horietako zenbatek ez ote zuen sentituko jai horietako baten lehen aldiz euskararen inguruan egituraturiko kolektibo politiko eta kultural baten kide dela?
Makrojaiek ez dute hizkuntza normalduko, baina (diruaz aparte) hizkuntzaren aldeko pertsonak irabazten dituzte, eta gurea bezalako hizkuntzek lagunak behar dituzte, nahiz eta hiztunak ez lortu.

Joao (ez da egiaztatu) | 2007, martxoa 26 - 22:50 | erantzun honi

Mikelek bere blogean eman zuen azalpenaren gainean Sekuentzia didaktikoa egin dute Ikasbilen, hemen daukazue. Blogeko artikulua irakurri ondorengo galdera-erantzunak eta hausnarketa-eztabaida da gehien bat, 2. mailarako.

Lastima, ez dute irratsaioaren grabazioa eskegi, saioan esan zena ondo egongo litzateke berriro entzutea.

Karrajua | 2007, martxoa 31 - 01:22 | erantzun honi

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
  • Lineak eta paragrafoak automatikoki egiten dira.
  • Link to content with [[some text]], where "some text" is the title of existing content or the title of a new piece of content to create. You can also link text to a different title by using [[link to this title|show this text]]. Link to outside URLs with [[http://www.example.com|some text]], or even [[http://www.example.com]].
  • Web and e-mail addresses are automatically converted into links.
  • Use <!--pagebreak--> to create page breaks.
Formatu aukerei buruz informazio gehiago Captcha Image: you will need to recognize the text in it.
Tekleatu goian ikusten dituzun letrak edo zenbakiak, mesedez.

Harpidetu

Bloga Webgunea Feedburner Erantzunak

opml Gure jarioak(OPML)

xFruits Karraju "guztiak": Xfruits


Bloglines-en harpidetu
Markatu del.icio.us-en

Mugikorretarako bertsioa


Creative Commons License
lan hau
Creative Commons-en baimen baten mende dago.

Jarraitu Karrajua e-postaz

Sartu hemen zure e-posta

Iruzkinak eta erantzunak e-postaz jarraitu



Powered by FeedBlitz


Send Me A Message

Estatistikak