05
Mar
2007

Erabilera, zer erabilera?

Erabilera berba gero eta gehiago erabiltzen dugu ahotan. HEOKen zorioneko paradigma aldaketan ezagutzatik erabilerara aldarrikatzen zen. Gaur egun euskalduntzeaz han eta hemen esan-idazten direnetan sarri agertzen da erabilera sustatzearen lelo hori. Eta ez nago seguru benetan zer aldarrikatzen ari garen.

Azken Hizpiden Josu Perales saiatu da ingurune naturalaren abantailak eta desbantailak aztertzen. Irakurri ostean, esango nuke ingurune naturalean murgiltzearen alde ez dagoela froga definitiborik, baina are gutxiago kontrakoa frogatzen duenik. Halako sinesmena daukagu, eta xede-hizkuntzan murgiltzea eta hura praktikatzea komenigarritik haragokoak diren jarduerak dira duda barik. Labur esanda, hizkuntza erabiltzea ikasteko ezinbesteko baldintza dugu.

Konturatuta gaude horretaz aspaldian, eta aspalditik ingurune naturala hurbil edo eraz ez daukagula, ikasgelaren inguruan bertan atondu ditugu erabilera-jarduerak (mintza-praktika, irakurgaiak, ikus-entzungaiak...). Areago, azken joera metodologikoek (AOI kasu) erabilera egiten dute ardatza eskola-jarduera planifikatzeko orduan. Atazaren kontzeptua ondo mamitu badut, esango nuke gehien bat hizkuntzaren "benetako" erabilera eskatzen duen zer egina dela. Esanahian fokalizatu lehenengo gero formaz jarduteko.

Horrez gain, indarra hartzen dabiltza azkenotan eskolaren jarduerarekin zuzenean lotu gabeko erabilera-jarduerak, euskaltegietako aktibitate soziokultural osagarrietatik hasita mintzalagun moduko ekimenetara.

Gauza hauen guztien balio pedagogikoa ez da dudan jartzekoa izango seguruenik. Hizkuntza hobeto menperatzen, ezagutzen eta sentitzen laguntzen dute, baina bada helduen euskalduntzeak daukan beste dimentsio bat, hizkuntza normalizatzen ari gara geu ere. Hizkuntza minorizatuaren normalizazioak erabilera esparruak eta ohiturak sustatzea eskatzen du, baina ez helburu pedagogiko hutsarekin, hau da, gure kasuan erabilera ez da soilik ikas-prozesuaren indargarri, hizkuntza-ohiturak arlo desberdinetako funtzio sozialetan sustatu edo eraldatu nahi dira bada.

Hori horrela bada, ondorio batzuk bururatzen zaizkit boteprontoan:

  • Erabilera sustatzea ez da (soilik) ikaslearentzat erabilera esparruak sortzea, euskara erabiltzen den harreman-sareak, lekuak, uneak eta kanalak sustatzea baino. Honek euskaldun guztiok inplikatzen gaitu, ez trenera igo den azkena soilik, ze, erabilera esparruak denontzat dira urri.
  • Ikasleentzat praktika jarduerak eta guneak sortzea pedagogikoki ez ezik, sozialki ere onuragarria da oso, baina hortik aurrera jotzen ez bada, inora ez doan kaleak eraikitzeko arriskua dagoelakoan nago. Euskararen inguruan sortutako sareak dira, eta sareok beste zerbaitekin elikatzen ez badira, zaila dute biziraupen soziala.
  • Nik neuk, zuetariko askok bezala, ikasle askorekin egin dut lan, haietatik batzuk, ez nahi genukeen beste, behar den moduko hiztunak izatera heldu dira, hau da, "ikasi dute" euskara, baina azken horietatik gutxi dira euren bizimoduaren arloren batean (afektiboa, profesionala, soziokulturala, ...) euskarazko erabilera esparruak ezarri dituztenak (edozelako motibazioarekin ere). Batzuek euskaltegira bueltan etorrita edo praktika-jardueretan sartuta lortu dute zerbait, baina susmoa daukat esparru horiek bestelako elikadurarik gabe nekez iraungo dutela luzaroan.
  • Erabileraz dihardugunean bi dimentsio ditugu: pedagogikoa eta soziala. Gure kasuan bigarrenari pisua eman behar diogu hizkuntzaren biziraupenari eutsiko badiogu, eta hori ez da euskaltegiaren ardura soilik, ezta euskaltegiak inori pelota pasatzeko aitzakia ere, interesa daukagun norbanako zein erakundeen artean normalizaziorako lan koordinatu eta mailakatuaren katebegietako bat baino.

Norberaren burutik pasatzen dira horrelakoak sarri, inor konbentzitzeko barik, hor daukazue osatzeko, hankaz gora ipintzeko, egurra emateko, luzatzeko, laburtzeko eta, gehien bat, guztion artean ondorioren batera heltzeko.

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia