hizkuntz-politika

03
Urr
2007

Batzuk eta besteak

Zabaldu.com-en bidez Deian Xabi Larrañagak idatzi duen artikulu honen berri jaso dut: Zenbakiek bozkario.

Xabik idatzi dituenak hona ekartzeko modukoak begitandu zaizkit. Ez dira politiko oso zuzenak eta polemikoak izan daitezke zelan irakurtzen den-eta.

Argudio testuetan akabuan ei dago tesi nagusia, eta honako aipua topatu dugu han:

Arazoa da ideologikoki ezinbestekoa zaigun hizkuntza ideologian eta praktikan behar ez duen jendea ikasten ari dela gehien bat. Eta jende horren gain utzi duela abertzaletasunak euskararen benetako salbazioa. Injustuaz gain absurdua.

Baiztapen absolutuegia iruditu zait. Abertzaletasunak euskara ikasleen gain utzi du euskararen salbazioa? Hala da? Baliteke batzuk euskara ikastearekin itsutu izana, baina ez dut uste euskaltzaleon artean ikuspegi orokorra denik inondik ere. Beharbada diskurtso sinplista batzuetan halakoak barruntatu daitezke, baina...

Egia esanda, abertzaletasunaz ari denean ez dakit euskaltzaletasuna ere harekin parekidetzen duen, ala askotan aipatzen den abertzale erdaldunen kolektiboaren erreferentzia ote den. Edozelan ere, termino horiek tentuz eta zehaztasunez erabili behar direla uste dut.

Euskara ikasleen inguruan beste baieztapen hau:

Gauza jakina baita ikasle gehienek agiriren bat eskuratzeko egin dutela matrikula. Horrek ez du esan nahi euskarari gorroto diotenik. Birjaiotzeko aukerarik izango balute guztiek nahiago lukete euskaldun sortu. Baina tituluaren beharra desagertuko balitz zenbatek oparituko lioke hainbeste urte eta izerdi hizkuntza honi -edo besteri-?

Ni neu apur bat nekatuta nago ikasleak tituluaren atzetik baino ez datoz horrekin, ez dut esango gezurra denik, baina eskatuko nuke botatzen denean arrazoitzea eta zehaztea. Topikoa sortzen ari garen sentsazioa daukat bestela, mesederik egiten ez digun topikoa.

Euskategietan 40.000 lagun matrikulatu badira (bide batez. Amaitu da matrikulazioa eta behin betiko datuak dira?) ez da hori arduratzeko seinalea, ikasle horiek "ikasten" dutena eta lortzen dutena bai ordea, eta gehien bat euskaldunon kolektiboa edo komunitatea suspertzeko estrategia eta politiketan dauden hutsuneak. Ikasten duten horiei euskararen beharra piztu beharko lieketenak hain zuzen ere.

Honetaz hausartzeko asteon prentsan zabaldu diren bi etorri zaizkit gogora. Bat, Txilardegik Larrunen egin dioten elkarrizketan normalizazio ereduez dioena. Eta bestea Garan atzo argitaratu zen artikulu hau: Mugak eta lagunak.

Tira ba, zuek zer diozue?

Eguneraketa eta oharra.

Blogeko sarrera hau publikatu bitartean Aitor Etxebarriaren artikulua heldu zaigu zabalik daukagun aukera erabilita. Bistan denez, gai berberaz dihardugu biok, eta zer komentatua eman dezakeenez, mezu honen iruzkinak itxi eta gonbidatuei zor zaien kortesiagatik eta eztabaida ez bikoizteagatik, Aitorren mezuan egin ditzakezue iruzkinak. Neurea mezu honetan eginda dago (oraingoz Wink)

Hemen daukazue Aitorrena:

Motibazioa eta normalizazioa

25
Ira
2007

Txis...pun!

Ez naiz berri-emale izateko jaio, horretan abilagoak eta profesionalak direnek bihar kontatuko dizuete gaur EAEn 0708 euskaltegiaren tenporada ofizialaren irekiera ofiziala egin dela. Lehenengo aldia izan ei da horrelako bat egiten dela. Autoritateak, zeremonia, hitzaldia eta konpintxeoa (pintxo jana konpainian, alegia).

Honako gauzak egiteak sustapen publikoari begira edukiko dute arrazoia, ez dut ukatuko. Baina, zer nahi duzue esatea? Ez naiz eroso egoten. Formalitate eta zeremonia gehiegi akaso. Azken batean han egon garenok lankideak gara neurri batean, eta giro informalagoa estimatzen dutenetakoa naiz. Norberaren kontuak azken batean.

Moreno Cabreraren hitzaldia entzun dut. Eta egia esanda apur bat hotzik geratu naiz. Gehiago espero izan dut (bai, Iñaki, nirea konstantea da). Haren gogoeten gainean Karrajuan berton jardun genuen aspaldian. Eta orduan proposatu zuen sesquilingúismo haren haritik tiratu du, eta orduan bezala hausnartzeko moduko ideia iruditzen zait, hala ere irakurketa arriskutsuak eduki ditzake gurea bezalako testuinguru batean.

Euskaraz egin behar dela, eta euskarari behar zaion onarpena eman behar zaiola bezalako ideiak azaldu dizkigu. Ondo, baina ez zait gauza berria iruditu, geure ohiko aldarrikapenak ez dira horiek guztiak? Seguru nago Morenok ideia eta hausnarbide interesgarriagoak jorratu ditzakeela. Beharbada inguru informalago batean kantxa eta saltsa gehiagorekin...

Bestela, pintxoak onak, blogarien topaketa ez hain kasuala... Baina hurrengo batean halako bat zeremonia gutxiagorekin... ikasturtearen hasieran ez bada ere.

Bide batez

Tenporadaren inauguraziorekin batera sarean agertu diren kontutxu bi:

Albiste hau agertu da El Pais-en

Konpetentzia nondik etorri eta...

Vaya Semanitakoen berri eman genuen lehengoan. Euskaltegiarena seriea izango dela dirudi. Dagoeneko bigarren kapitulua agertu da Youtuben. Hemen daukazue bada:

24
Ira
2007

Irakaslea izateko probak

Duela egun batzuk mezu hau irakurri nuen erabili.com-en Gurien atalean: Irakasle lan poltsarako hautapen proben egutegia zehaztuta.

Ikasturte hasieran publizitatearekin batera leiv motiv bietako bat, lana. Azpetiko Udal Euskalegiko irakasle lan poltsa osatzeko hautapen probaren iragarkia da berau. 

Ea ondo ulertu dudan:

  • Azpeitiko Udal euskaltegian irakasle postua eskuratzeko 4. hizkuntz eskakizuna behar da. Beste udal euskaltegietan ere bai?
  •  Helduen euskara irakaslea izateko glotodidaktika jakintza frogatu behar da. Zer jakintza? Zein da HEAko irakasle baten gutxieneko profila?
  • Non ikasten da hori guztia? 4. HE eta glotodidaktika.
  • Euskaltegi ez publikoetan dihardugun guztioi eskatuko zaizkigu baldintza horiek? Noiz? Zeintzuk zehazki?
  • Hori guztia frogatzen duenak lana edukiko du, edo lan-poltsa batean geratu beharko du zain?
  • Zer karajo esan nahi du honek guztiak? Proba probatzeko proba da?

Kezkagarria iruditu zait. Ez egin beharreko probengatik. Probak eurak eta probok egiteko moduarengatik baino.

Kasu honetan behin-behineko funtzionari postua betetzeko baldintzak zehaztu nahi direla dirudi. Inoiz definituko ote da HEAko irakaslearen profila? Eta horretarako formazio plana eta baliabideak zehaztuko dira?

Alde batetik, euskaraz jakin eta dagokion unibertsitate agiria daukan edonor izan daiteke euskara irakaslea. Bestetik, halako 4 HEa eta glotodidaktika ezagupena bezalako eskakizun lausoak ditugu.

Azterketitisa gure artera ere helduko ote da?

Hainbeste irakasle ote dago galbahea pasatzen ibiltzeko?

11
Ira
2007

Kobratzera!!!

Aizu!

Lehengo ikasturtean edo aurrekoan euskara ikasten ibili bazara, azterketaren batera aurkeztu eta gainditu baduzu, hau interesatuko zaizu:

Tira, 2. mailatik ez bazara pasatu hau irakurri beharko duzu akaso:

Baina EGAtik gora okurritu ere ez bigarrena irakurtzerik!

06
Uzt
2007

Azterketak eta euskaltegiak

Tiraka blog berrituan euskara ikasten dabilen administrazioko langile baten "idazlan" hau erakutsi digute, iragarki-ohol batean agertua.

Zorionez/Tamalez, euskaltegi batean nabil euskara ikasten, ditxosozko eskakizun hori gainditzeko. Panorama triste benetan da eta gizartearen potereek zer ikusirik badute. Nire ikaskide guztiak, gazteak gehienak, helburu bat besterik ez dute, hau da, azterketa(k) gainditzea. Ez azterketa bat, ez, eskaintza handiagoa da eta. Batzuek egin dute, gaitasun berbera lortzeko: HABEko oraindik baliogutxi duten azterketa (baina auskalo), EGA itxita, EGA irekita, Hizkuntz eskola, eta batzuek, aukera daukagunok, administrazioaren Hizkuntz Eskakizuna. ¿¿¿¿!!!!!!BOST azterketa ¡¡¡¡¡???? gauza bera lortzeko. Giro honetan parekotasuna handia lortu du euskarak beste hizkuntzekin (frantzesa, alemanera, italiera, eta datorren urtean txinera ere egingo dute Hizkuntz eskolaren batean). Euskalduntzeko prozesua, aitzitik, oso bide okerratik bidali dugu. Azken txanpa honetan klase bitxiak dira, Jendea azterketa ez pasatu heinean klaseak utzi ditu, honela, lau ikaskide gaude klasean, oraindik azterketak prestatzeko ditugunok, azterketa ez gainditzekotan, zertarako joan?. Esan liteke ikaskide horiek euskalduntzeko gogorik ez dutela. Hala ere, azterketak gainditzeko ahalegin handiak eskatzen dizkiete eta ateratzea lortuko dute, ziur nago titulua lortuko dutela, erabiliko dutela ordea, beste kontua da, helburua azterketa gainditzea baita. Ez dute bat ere disposizio txarra euskararekin, kasu batzuetan behintzat (besteetan ez ona ez txarra alemanierarekin bezala). Ez dakit nor den erruduna, konpon daitekeen, nola egin behar den... baina ziur nago honela ez. Egoera hain penosoa da ezen euskaltegiak kutsatuta baitaude eta euskalduntzeko beharrean, azterketak gainditzeko bideratzen dituzte klaseak, batik bat goiko urratsetan. Naturala da, horrela egingo ez balute ikasleak joango lirateke eskaintza egokia duen lekura. Atzo euskaltegiko irakasle batek esan zuenez, berehala, titulodun kopurua, euskaldunak baino handiagoa izango da. Egoera hau azaldu diot bati eta besteari eta, izugarrizkoa da, guztiak ados daude, ordun, mesedez alda dezatela sistema ahalik eta lasterren erremedioa daukan (badu) bitartean. Amaitzeko, testuan akats gramatikalaren bat, kohesio eza edo naturaltasun falta balego, barka diezadazuela eskatuko nizueke, hizkuntz eskakizuna oraindik ezin izan dut gainditu eta. (!!Ole esaldia, ondo balego gainditzeko aproposa izango litzateke!!)

Armando Llamosas Rubio

Ez da kontu berria. Azterketarako prestatzea euskalduntzea da? EGAduna=euskalduna? Ezezko erantzuna dator derrepentean, tentsioak sortzen ari dira azterketa eta hizkuntz eskakizunekin gainera. Hala ere, ikasle horrek ondo igarri du, sistema honek euskaltegiak elikatzen ditu. Alternatibak eskatzen dira, baina euskalduntzea bermatzeko eta zabaltzeko alternatibarik jorratu dugu?

Bide batez, emaitzen arabera taldea zelan murrizten den ikustea irakaslearentzat ere ez da motibagarria izaten, ezta?

14
Eka
2007

HABEk 1,25 milioi euroko laguntza

Patxi Baztarrikak eta Joseba Erkiziak prentsaurrekoa egin dute gaur HABEk ikasleei emango dizkien diru-laguntzak direla eta. Ikasbilen irakurri dugu albistea, eta hemen daukazue prentsa-oharra (pdf).

Diru-laguntzak eta euskara ikasleen ahaleginaz eta ekarpenaz jardun dute. Hona hemen aipu batzuk.

HABEk 1,25 milioi euroko laguntza eskainiko du aurten ikasleentzat, (...). “Horrela, ikas-prozesu eraginkorrak eta egokiak egiten dituzten ikasleak saritzen ditu HABEk”,(..).

Aipatu laguntza horiei esker, euskara ikasleei “kalitatezko irakaskuntza bat prezio egokituan eskaintzea” ahalbidetzen dela esan du Erkiziak, gaineratuz modu horretan euskarako klaseak hartzeko matrikula kostua zerbitzuaren “benetako kostua baino askoz murritzagoa izatea lortzen” dela. Bere esanetan, “euskara kalitate profesionalez baina prezio subentzionatuan ikasten da helduen euskalduntze-alfabetatze sarean”.

Bere iritziz (Patxi Baztarrika), ordea, elebitasun esparruak zabaltzeko “ez da ezinbestekoa herritar guztiak EGAdunak izatea, edo HABEren 3. edo 4. mailaren agiriak edota administrazioko 3. edo 4. hizkuntza-eskakizunak eskuratzea“. Gehitu du herritarron artean komunikazioa “posible egitea” dela gakoa, zeren eta elebitasunak ez du “zertan gauza simetrikoa izan”. Gaurko egoera soziolinguistikoan, “horrek esan nahi du euskaraz bizi nahi duenak euskaraz bizitzeko eragozpenik ez izatea landu behar dela”, azaldu du. Eta horretarako ez da behar denek bi hizkuntza ofizialak maila berean, “goi-mailan, menderatzea. Hala balitz hobe”. Belaunaldi gazteetan, jakina, horretara hurbiltzen ari garela esan du, baina helduetan denek ez dutela “euskaldun zahar, euskal hiztun eskolatu edo euskal hiztun aurreratu izan beharri”k euskararen erabilerari “lekua zabaltzeko”.

Lehenego inpresioa? Ahalegina, kostoa, meritua... Ez dut esango merezia ez denik, baina begitantzen zait euskara ikastearen inguruan gehiegi azpimarratzen direla horrelakoak, azkenotan gehien bat. Eta ikasteko motiboak?

Ikasleek, berriz, zer diote? Hona hemen Erandioko ikasle batena:

Nik arrazioa neukan!banekien ez nuela bigarren perfilako idazlana gaindituko eta horrela izan da.Irakasleak,aitzitik,baietz esaten zuen,setitzen dut baina nik,beti bezala ,arrazaoia neukan.Emaitza honekin ahozko azterketa gutxiago egingo dut,hori da alde ona eta txarra ez dut oraindik aurkitu.

Eta zuek, zer diozue?

20
Api
2007

Agurripez

Gaurko berbalagun saioan berbalagun bik istorio berdintsua kontatu dute. Haien ezagun banak, hizkuntz eskakizunetako proben presioa pasatuta eta gaindituta antzeko zerbait esan ei dute: "Hemendik aurrera agur ere ez dut esango".

Kontatu dutenak eurak arduratuta kontatu dute. Harritu barik hala ere. Horren arrazoia azaltzen ere saiatu dira. Jendeari gauzak euskaraz azaltzeko eta esateko kapazitate nahikoa daukate, euskaldun zaharrak dira. Oztopo gehiegi euskaraz dakitela frogatzeko, tentsio gehiegi.

Ez dakit istorio hauek noraino diren adierazgarri, berbalagunen harridura eza ez zait seinale ona iruditu, horrelakoak entzuten ohituta baleude bezala. Euskaldun-euskaltzaleon ikusmiratik harago zer egosten den guk baino hobeto dakitela iruditu zait.

Okurritu zaidan komentario bakarra. Hemendik aurrera erakunde publikoetako normalizazio planetan jarrerak positibatzen ere lana egongo da.

Plisti-Plastak aspaldian plazaratu zituen lehenengo zantzuak.

Sindikatu edukia