03
Urr
2007

Batzuk eta besteak

Zabaldu.com-en bidez Deian Xabi Larrañagak idatzi duen artikulu honen berri jaso dut: Zenbakiek bozkario.

Xabik idatzi dituenak hona ekartzeko modukoak begitandu zaizkit. Ez dira politiko oso zuzenak eta polemikoak izan daitezke zelan irakurtzen den-eta.

Argudio testuetan akabuan ei dago tesi nagusia, eta honako aipua topatu dugu han:

Arazoa da ideologikoki ezinbestekoa zaigun hizkuntza ideologian eta praktikan behar ez duen jendea ikasten ari dela gehien bat. Eta jende horren gain utzi duela abertzaletasunak euskararen benetako salbazioa. Injustuaz gain absurdua.

Baiztapen absolutuegia iruditu zait. Abertzaletasunak euskara ikasleen gain utzi du euskararen salbazioa? Hala da? Baliteke batzuk euskara ikastearekin itsutu izana, baina ez dut uste euskaltzaleon artean ikuspegi orokorra denik inondik ere. Beharbada diskurtso sinplista batzuetan halakoak barruntatu daitezke, baina...

Egia esanda, abertzaletasunaz ari denean ez dakit euskaltzaletasuna ere harekin parekidetzen duen, ala askotan aipatzen den abertzale erdaldunen kolektiboaren erreferentzia ote den. Edozelan ere, termino horiek tentuz eta zehaztasunez erabili behar direla uste dut.

Euskara ikasleen inguruan beste baieztapen hau:

Gauza jakina baita ikasle gehienek agiriren bat eskuratzeko egin dutela matrikula. Horrek ez du esan nahi euskarari gorroto diotenik. Birjaiotzeko aukerarik izango balute guztiek nahiago lukete euskaldun sortu. Baina tituluaren beharra desagertuko balitz zenbatek oparituko lioke hainbeste urte eta izerdi hizkuntza honi -edo besteri-?

Ni neu apur bat nekatuta nago ikasleak tituluaren atzetik baino ez datoz horrekin, ez dut esango gezurra denik, baina eskatuko nuke botatzen denean arrazoitzea eta zehaztea. Topikoa sortzen ari garen sentsazioa daukat bestela, mesederik egiten ez digun topikoa.

Euskategietan 40.000 lagun matrikulatu badira (bide batez. Amaitu da matrikulazioa eta behin betiko datuak dira?) ez da hori arduratzeko seinalea, ikasle horiek "ikasten" dutena eta lortzen dutena bai ordea, eta gehien bat euskaldunon kolektiboa edo komunitatea suspertzeko estrategia eta politiketan dauden hutsuneak. Ikasten duten horiei euskararen beharra piztu beharko lieketenak hain zuzen ere.

Honetaz hausartzeko asteon prentsan zabaldu diren bi etorri zaizkit gogora. Bat, Txilardegik Larrunen egin dioten elkarrizketan normalizazio ereduez dioena. Eta bestea Garan atzo argitaratu zen artikulu hau: Mugak eta lagunak.

Tira ba, zuek zer diozue?

Eguneraketa eta oharra.

Blogeko sarrera hau publikatu bitartean Aitor Etxebarriaren artikulua heldu zaigu zabalik daukagun aukera erabilita. Bistan denez, gai berberaz dihardugu biok, eta zer komentatua eman dezakeenez, mezu honen iruzkinak itxi eta gonbidatuei zor zaien kortesiagatik eta eztabaida ez bikoizteagatik, Aitorren mezuan egin ditzakezue iruzkinak. Neurea mezu honetan eginda dago (oraingoz Wink)

Hemen daukazue Aitorrena:

Motibazioa eta normalizazioa