hizkuntz-politika

27
Ira
2006

Ikasleentzako diru-laguntza

Irailaren 5ean euskara ikasleei mailako probak gainditzeagatik emango zaizkien diru-laguntzen berri eman zen. HABEren webgune berrian daude xehetasunak.

Emango diren gehienezko kopuruak hauek dira:

  • a) HABEk deitutako 1. maila: 600 euro
  • b) HABEk deitutako 2. maila: 400 euro
  • c) EGAko deialdi itxiak: 400 euro
  • d) HABEk deitutako 4. maila: 400 euro

Ikasle batek normalean maila bakoitza gainditzeko behar duen denbora ezagututa kontuak ez dira berdin irteten. 1. maila gainditzeagatik adibidez 600 euro (gehienez beti ere), kontuan izanda 1 maila horretara heltzeko ikasle gehienek bizpahiru urte egin dutela euskaltegian, eta ikasturte bateko matrikula prezioa zein den ikusita (500 eurotik gorakoa euskaltegi askotan), askok ordaindutakoaren erdia baino apur bat gehiago baino ez lukete berreskuratuko.

Goi mailetan ordea matrikularen %100 berreskuratu daiteke erraz, 4. mailako ikastaroak egin dituztenek adibidez. Ikastaro horiek laburragoak izanda matrikula prezioa diru-laguntzaren parean geratzen da sarritan.

Honi gehitzen badizkiogu udalen eta bestelako erakunde publikoen laguntza-politikak eta euskaltegi publiko eta homologatuen tarifak, euskara ikasi nahi duenak erraz asko pentsa dezake legerik gabeko azoka baten sartu dela.

Ezagun batzuen kasua adibidez. Bata enpresa pribatu bateko langilea, soldata proletarioarekin. Aurten euskaltegiak 600 euro inguru kenduko dizkio. Bigarrena funtzionaria, besteak baino 1.000 euro gehiago hilean, euskaltegia debalde eta liberatuta egon da, orain gainera ikastaroak ordaintzen dizkiote. Hirugarrena, langabezian egon da, euskaltegia ordaintzeko laguntza lortu zuen (ondo kostata). Total, hilabetea egin, lanerako deitu, euskaltegira ezin eta galdu. Eta hirurak hor dabiltzala laugarren bat - Gure auzoan Udalak euskara ikasteko klaseak 50 eurotan ipini ditu urte guztian.

Ez dut gehiago entzun, niganantza kontuok argitzen etorri orduko hobe alde egin. Ergatiboarena ulertarazteko gauza izan ninteke, baina hau 5. mailakoa da.

19
Ira
2006

Epaileak A ereduaren eta EGA gainditzearen arteko erlazioa ezeztatu du

Epaileak A ereduaren eta EGA gainditzearen arteko erlazioa ezeztatu du - [Sareko Argia]

Txelis-en blogean ere daukazue aipamena. Kontu larria ez zer esana emango du duda barik. Niri, geuretik ikusita galdera etorri zait. Eskolak ez badu euskalduntzea ziurtatu behar, nork ziurtatu behar du?  Euskaltegiok? Bufaaa!

11
Mai
2006

Mintzo!

Mintzoa eskatu digute Euskalerria irratiko lagunek, eta hemen neurea, badakizue mintza-praktika zalea naiz eta. Euskalerria irratiak ibili behar du oraingoan atxikimendua, laguntza eta mintzo eskean.

Nafar agintariek euskararekin darabiltena ez dut uste ez deskribatu, ez azaldu behar dudanik, jakina da soberan. Iritzia emateko ere ez dut orain arte esan ez denik topatzen.

Duela gutxi AEK-ko lankideek ere haserrea eta nekea agertu zuten, ez da inor libratzen bada, irratiak, euskaltegiak, ikastolak,....

Helduen euskalduntzean gabiltzanok geure lanaz, kezkez eta eskolaz jarduteko guneen beharra azpimarratu dut hemen behin eta berriz, baina gaur egun argi dago gure lanaz hitz egingo badugu didaktikaz, pedagogiaz, eta teknologia berriez gain beste kontu batzuk ere badauzkagula mintzagai, oraindino eta zoritxarrez. EAEko euskaltegien epeltasunean akordura sarri etortzen ez zaizkigunak.

Desioa eskatuko dut, Nafarroako euskaltegietako irakasleen mintzagai nagusia ikasleak Euskalerria irratia bezalakoek eskaintzen duten programazioa ulertzeko zelan trebatu izan dadila ahalbait arinen.

Interferentziarik gabe.

 Hemen daukazue atxikimendua bidaltzeko bloga: http://www.blogak.com/euskalerriairratia/atxikimenduak

05
Mai
2006

Euskararen mailarik gorenena arautu dute

4. mailaEuskararen mailarik gorenena arautu dute - Helduen euskalduntzearen oinarrizko kurrikuluaren 4. maila arautu du Jaurlaritzak. Helduen euskalduntze alfabetatzeak eta oro har gizarteak euskararen laugarren maila lortu ahal izango dute, Kultura Sailburuak maila horri dagozkion eduki eta ebaluazio-irizpideak onartu ondoren. [Erabili.com berriak]

Maila gorenenera ailegatu ote gara?

Erabili.com-ekoek izenburu deigarria jarri diote albisteari bada. Orain arte euskara ikasleentzako erronka sorta zirudiena, euskaldun guztiontzako erronka bihurtu daiteke. Euskaraz ondo, zuzen eta egoki jarduteko gauza garela ez ezik (jakina), elegante ere jardun dezakegula frogatzeko proba edukiko dugu.

Zertifikazio berriarekin barik, alderdi didaktikotik euskara irakasleontzat erronka berria eta interesgarria zabaltzen da. Programa berriak diseinatu eta burutu, materialak egokitu,... 4. maila honetarako egin diren ekarpen didaktikoak ere ikusteko parada eduki dut: testu-arkitektura, genero testualak, edukiak zehazteko jardunbide eta taxonomia berriak (orain artekoaren aldean behintzat) boteprontoko akordatze arin baten. Pello Esnal eta Lurdes Elosegik Hizpide 57an plazaratu zituzten ildoetatik jo dute eta 4. maila honetarako ez ezik euskalduntze prozesu guztian ere baliabide eta jorratzeko moduko ildo gehiago dauzkagu. Baten bat hauen inguruan lanean hasi da dagoeneko.

Dena dela, HABEren adierazpenetan ikaslearen motibazioa eta parte hartzea ezinbestekotzat jotzen da. Gaur egun gizartean euskara haraino lantzeko halako grina zabalik badago? Motibazio instrumentalak adore nahikoa emango ote du? Tituluen amuak noiz arte iraungo du euskarak benetako indar soziala hartu arte? Agiri gehiago ezartzea nahikoa ote da euskalduntzeari behar den moduko sakada emateko? Zerbait gehiago behar delakoan nago, CACA zertifikatuarekin akordatu nahi ez badugu behintzat.

28
Api
2006

Legebiltzarrak eta parlamentuak

Parlamentu bitatik etorri zaizkigu gaur euskararen inguruko albisteak. Europan euskara, katalana eta galegoari itxi dizkiete gaur bertako Parlamentuko ateak. Eusko Legebiltzarrean, berriz, sozialisten legez besteko proposamena aprobatu da aho batez edo. Eta zer eskatu da? Euskara ikastea erraztea, hizkuntz-eskola moduko sistema batez, matrikulen doakotasuna,... baita debaldeko barnetegiak ere.

Duela aste batzuk auzoko lagun batekin berbetan, erdalduna hura (hemengo gehienak lez), euskararen kontua irten eta hark (30 urte ingurukoa) honekin daukan moskeoa azaldu zidan. Hara, beraren anaia gazteak euskaraz daki, eskolan ikasi du, hogerleko eta eurako bat ere pagatu barik. Berak, ostera, ez eskolan, ez inon, kurrela klaseko jendea, eta dirutan halako larri ez badabil ere, inoiz ez ei da euskaltegian matrikulatu anaiarenarekin daukan moskeoagatik. "¿Y yo por qué tengo que pagar?" Laguna ez da batere euskararen kontrarioa, alderantziz, pentsakera abertzalekoa, sano. Minduta dago kontu honekin bada. Nik ez nuen jakin zer esan, kontuari ez nion ez orduan ez orain justifikatzeko modurik topatzen, eta neure burua eta honetan gabiltzanok zuritzea  burutik pasatu ere ez. Inpotentzia eta mozolo-aurpegiaren arteko zerbait.

Ez dakit Gasteizen erabaki denak zer bide egingo duen -ez nuke esango urrun egingo duenik- baina gustura kenduko nuke mozolo-aurpegikera hau.

Sindikatu edukia