05
Uzt
2007

Facebook

Interneteko tendentzia markatzaileak azkenengoa zabaltzen hasi zaizkigu, Facebook sare soziala. Gurera ere heldu da, Sustatun ikusi dugu gaur, baina aurretik abisu pare bat egon dira.

Gari Araolaza apur bat eszeptiko agertzen da sare sozialak direla eta ez direla, baina Facebook honi berrikuntza interesgarriak aitortu dizkio. Luistxo Fernandezek entusiasmo gehiagorekin hartu du kontua berriz.

Gogoratu dut aspaldian Patxitraperok proposamena bota zuela sare sozialen inguruan. Hantxe geratu zen kontua.

Twitter-ekin bezala, neuri ere, Gariri legez, kostatu zait hasiera batean liluratik haragoko erabilgarritasuna aurkitzea. Baina gureari dagokionez hain zuzen ere zerbait barruntatzen da.

Jendea sare sozialak hizkuntzak ikasi eta praktikatzeko erabiltzen hasi da. Horretarako sare batzuk sortu dira berariaz, eta arrakastatxoa daukatela dirudi. Baina kontua ez da hor amaitzen. Gomendioari jarraituta, Facebook probatzen hasi naiz neu ere. Eta kontu interesgarri bi deskubritu ditut.

Bateko, Facebook-eko aplikazioen artean Language Exchange izeneko bat aurkitu dut. Facebook-en interesatzen zaizkizun hizkuntzak ezagutzen dituztenak topatu eta haiekin trukea egiteko sareak edo harremanak antolatzekoa. Hemen daukazue haren orri nagusia, 200 lagunetik gora hor.

Besteko "network"etan kuxkuxeatzen, sare erregionaletan Spain sarean sartu naiz, eta, bat, hizkuntza praktikatzeko eskari eta ekimen askotxo ikusi ditut, eta bi, gaztelania ama-hizkuntza ez daukaten asko dabiltza, ez dakit beren-beregi hizkuntza praktikatzen ala saltsan beste barik, edozelan ere hizkuntza praktikatu eta ikasi egingo dute.

Tira ba, hortxe daukagu erabilpen bat, jendeak berak erakutsi digu. Euskara ere ikasi eta praktikatzeko balioko ote diguten aztertu beharko da. BBBn komentatu genuen bezala, asmatzea da kontua. Edo jendeak berak erakutsi arte itxaron.

Probatu nahi baduzue, hemen daukazue nire profila (baina lagun gutxi dauzkat oraindino... buaaaaaa!).Cry

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia