23
Ots
2007

Bore da

Cymruko (Gales) hizkuntza irakasle eta teknikari koadrila eduki dugu bisitari gurean egunotan. Gaur goizean AEKren bulegora etorri dira hain zuzen ere. Pentsatzen dut beste leku batzuetan ere izan dituzuela. Pozik ibili dira, harrera ona egin diegula eta gustura dabiltzala.

Europako hizkuntza minorizatuen irakaskuntza-berreskurapenean ari direnen zerrendetan maiz suertatzen gara galesak eta euskaldunak elkarrekin, beste hainbatekin batera (katalaniarrak, frisiarrak, bretainarrak,...). Hizkuntz-minorizatuen mapa politak eta aldarrikapen hunkigarriak sinatzen ibili ohi gara, baina egia esanda, hortik aurrera elkarren berri gutxi eta harremana gutxiago.

Behin ezagututa, hango gorabeheren berri asko barik, jende jatorra eta lanean geure antzera dabilena dirudi. Askok bigarren hizkuntza dute galesera, galdera asko eta interes handia sumatu diet guk egiten dugunarekin. Ez dakit geu hara joanda hain fin ibiliko ginatekeen.

Bisitaren aurretik dena dela apur bat dokumentatzen saiatu naiz (badakizue sarean-eta) kymrueraren helduen irakaskuntzan zer dugun eta zer dabilen, eta gauza deigarriak aurkitu ditut:

Batetik, Galesen inguruko informazioa ematen duen atari honetan kymruera ikasteko 10 arrazoien zerrenda egin dute. Gure kanpainetan esaldi laburrak eta agintera izaten dira nagusi, kymruera ikasten motibatzeko testu honetan indikatiboa dugu aditz-aspektu nagusia. Hona arrazoi batzuk (itzulpen saiakera oso-oso librea):

  • Ikerketaren arabera, behin bi hizkutza menperatuta, errazago duzu beste batzuk ikastea.
  • Apur bat ikasita ere inguruan daukazuna hobeto ulertzeko moduan egongo zara.
  • Edozer ikastea ona da zuretzat, ikasten zabiltzan denboran gogoa bizirik eta aktibo daukazu. Zergatik ez kymruera (edo euskara) ikasi orduan?

Onena berriz, azkena:

  • Batzuen ustez, kymruera zeruko hizkuntza da.

Ez dakit marketing estrategia modura eragingarria den, baina gurearekin aldea egon, badago. Igual handik ideiaren bat hartuko bagenu.

Hizkuntzaren irakaskuntzan diharduen Acen erakundearen atarian sartu naiz gero, kymruera ikasteko aukera askoren berri izan dezakegu berton: ikastaroak, jolasak, aldizkariak,... Asko daude, haien artean sari bitxia daukan lehiaketa ere bai: galdera batzuei ondo erantzunez gero (eta zortea edukiz gero), aukera izango duzu irakasle edo mintzalagun batekin (ez dakit hemen tutor hitza zelan itzuli zehazki) bazkari edo afari batean hizkuntza praktikatzeko, argazkian ikusten duzuen legez.

Guri zergatik ez zaigu halakorik bururatzen?

Mintzalaguna edo praktika ere antolatzen dute. Horretara dedikatzen den CYD izeneko erakunde bat dago. Honela aldarrikatzen du bere xedea: Cyd is an organisation that aims to help turn Welsh learners into speakers, ikasleak hiztun bihurtu, gustatu zait leloa. Hala bada, ikasleak eta hiztunak elkartzeko ekimen desberdinak antolatzen ditu  Gales guztian zehar, gure mintzalagun askoren antzera.

Dena dela, gaur goizean esan didate desagertzeko zorian dagoela, "no money". Txakurrak ortozik azken batean.

Pd: "Bore da" kymrueraz ikasi dudan lehenengoa da, "egun on".

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia