agiriak

01
Ots
2008

"Polbo baten truke"

[PL3 polbo baten truke | Hamaika ikusteko jaioak gara]

Artikulu satiriko-gogorra Hamaika ikusteko jaioak gara blogean (eskerrik asko, Txerra). 3. hizkuntz-eskakizuneko tituluaren truke sexu eskaintza eta guzti.

Umore klabean ulertu behar da jakina, hizkera gordinaren puntu garratzarekin ere, atzetik daukagunari erreparatu behar zaio. Adibidez ikasle-azterketari baten sentsazioen deskribapen honi:

Dena den, nahiko beldurgarria da ahotz-frogaren giroa, gutxienez ni bezalako euskaldunberri putaseme batentzako. Goizian areto desertiko batean, erabilgarriak izan daitezken esaldiak errepasatuz, hara bapatean non agertzen diren SUPER-AZTERTZAILEAK!!! Begirada zorrotz batekin, galdetzen “Zeu zara hurrengoa?”. Nire buruan, hau entzuten dut: “Zu zara potroak ukitzera etorri den hurrengo belarrimotz-sasieuskaldun patetikoa?”

Jardunda gaude (eta jardun behar duguna)Karrajuan azterketak eta tituluak direla eta, asteon berton adibidez. Kezkatzen duen gaia da, eta umore gordinaren ikutuarekin bada ere, zer esana eman(go) duen kontua da duda barik. Geuri eta "biktimei": ikasleak, azterketariak, langileak eta hiritar korriente asko.

30
Urt
2008

Azterketen egutegia

[2007-2008 ikasturteko mailak egiaztatzeko deialdien egutegia (Ikasbil)]

HABEk mailako azterketen egutegia zabaldu du Ikasbilen bidez. Aipatzeko moduko bi:

  • Lehenengo aldiz HEOKeko 4 mailak egiaztatzeko probak egongo dira,
  • Bi deialditan gainera, apirila-ekaina bitartean lehenengoa eta iraila-azaroa bitartean bigarrena.

3. mailako proba izango da aurten interes handiena erakarriko duena seguruenik. Dena dela, ez ahaztu oraindik fase pilotuan egon arren, hor dauzkagula 4. mailakoak ere.

Proba hauek EAEko euskaltegi homologatuetan matrikulatutako ikasleentzat dira soilik.

Egutegia ikusita, hilabete eta erditik bi hilabeterako tartea dago lehenengo probatik azkenengora. Eta irakasle modura galdera etorri zait.

Zelakoak izaten dira eskolak proben artean? Probek, haien emaitzek eta bestelako faktoreek ( udaberria-eguraldia, ikasturte amaiera...) nola balditzatzen dituzte klaseak (giroa, asistentzia, programazioa...)?

25
Urt
2008

Baliokidetzaren azken ordua!

Etxepel (Santurtziko Udal Euskaltegia) | 2008, Urtarrila 25 - 18:36



Hona hemen, jasotako prezioan, Titulu eta Hizkuntza Eskakizunen arteko baliokidetzaren inguruko azken orduko berriak.

Urtarrilaren 14an izan zuten Gasteizen gai horretaz arduratzen ari direnen batzorde-bilera (HPS, HABE, IVAP, Hezkuntza Saila).

Dekretuaren zirriborroa aztertu eta ontzat eman zuten, guztien adostasunez. Orain Jaurlaritza barruan dekretuek izaten duten tramitazioan dago; beraz, txosten juridikoak eta abar jasotzen.

Edukiei dagokienez, baliokidetuko ditu:

  • IVAPen 1 HE, Osakidetzaren 1. HE eta HABEren 1. maila (Europako Markoaren B1 maila)
  • IVAPen 2 HE, Osakidetzaren 2. HE, Ertzaintzaren 1. HE eta HABEren 2. maila (Europako Markoaren B2 maila)
  • IVAPen 3 HE, Osakidetzaren 3. HE, Ertzaintzaren 2. HE, HABEren 3. maila eta EGA (Europako Markoaren C1 maila)
  • IVAPen 4 HE, Osakidetzaren 4. HE, eta HABEren 4. maila (Europako Markoaren C2 maila).

Sei hilabeteko epea ezartzen da gainerako agiriak ere taula honetara ekartzeko (Hezkuntzako irakaspostuen 1. eta 2. HE-k, Irakaskuntzako Zerbitzu Pertsonalarena, Hizkuntza Eskola Ofizialetakoak).

Aurreikuspena da apirilaren lehenengo astean argitaratzea beranduena ere, euskaltegietako ikasleen matrikulazio hasterako.


22
Urt
2008

Hizkuntza eskoletan ikasketa plan berria

[Ikasketa-plan berritua Hizkuntza Eskoletan - Santurtziko Udal Euskaltegia]

Hizkuntza eskolen inguruan jardun genuen duela egun batzuk, eta gaur Santzurtziko UEkoek hizkuntza eskolen ikasketa planaren aldaketaren berri eman digute.

Sei mailako banaketa egin dute, hiru bloketan: oinarrizkoak, tartekoak eta aurreratuak. Bloke bakoitzean bina maila. Eta bloke bakoitzaren amaieran Europako markoko maila baten pareko titulua lortuko da, A2, B1 eta B2 hurrenez hurren.

Santurtzikoek azpimarratu dituzten bi gauza:

  • Europako markoan(pdf) oinarritutako mailaketa diseinatzea. 
  • B1 maila da orain goreneko titulua. Orain arte 5. maila izan da azkena, eta beronetan EGAren pareko maila lortzen zen, EEMaren C1en parekoa ei dena. Zalantza sortzen du honek, bai.

Bilboko Hizkuntza Eskolaren webgunean daukagu plana azaltzen duen dokumentua (.doc, 80kb). Berton esaten denaren arabera ikasturte honetan hasi dira ezartzen, oinarrizko eta tarteko mailan hain zuzen, eta datorren urtean maila aurreratuan egingo da.

Estekak:

19
Abe
2007

3. mailako azterketa-eredua

3. mailako azterketa izango denaren eredua (pdf) zabaldu dute gaur HABEkoek. Ikasbilen Euskara-agiriak atalean jarri dute ikusgai 3. mailaren gainerako xehetasunekin batera.


  3. maila egiaztatzeko azterketa eredua (behin-behinekoa)

Gainetik begiratu dut. Orain artekoekin aldeak:

  1. Aurretik jakina. Ez da atariko probarik egongo. Horren ordez euskaltegian ikasleak 112 urratsa gaindituta eduki beharko du. Horretarako euskaltegi bakoitzak zehaztuko du ebaluazio-bidea.
  2. Gainditzeko gutxieneko puntu-kopurua 55ekoa izango da, 100 puntutik.
  3. Irakurmen eta entzumen probak orain artekoaren antzekoa izango dira seguruenik (ereduan ez dut ikusi halako probarik behintzat)
  4. Idatzizko azterketan 300 hitzeko testu bat edo 180ko bi eskatu daitezke. Eskatu den testua kontestualizatuta egongo da: artikulua, gutuna, txostena... Ereduan herriko aldizkariko artikulua eskatu dute, testu bakarra, euskarazko hedabideen kontsumoari buruzkoa (interesgarria izan liteke jakitea azterketariek zer pentsatzen duten gai horretaz, ezta?)
  5. Gramatika eta hiztegia atalean proba eta ariketa desberdinak daude. Testu batean oinarrituta egin nahi direla dirudi. Ereduan Andoni Egaña eta Koldo Izagirreren idatziak erabili dira adibidez, artikuluak dirudite. Probak: sinomimoen berridazketa klasikoak, akatsak zuzentzeko proba (berria, ereduan deklinabide akatsak dira gehien bat), sinonimoak (beste klasiko bat, baina orain testuan hautatutako hitzarentzat zerrenda edo multzo batetik aukeratu behar da), hitzak eta definizioak lotzea (berria esango nuke), eta cloze testa (beste klasiko bat, baina apur bat ahaztua akaso). Atal honetan ez dakit zehazki zenbat proba egin beharko diren.
  6. Ahozko proban ohiko gaiaren bakarrizketaz gainera (jaiotze-tasa baxuak ereduan), bigarren proba bat egongo da, elkarrizketa aztertzaileekin edo beste azterketariren batekin. Bertsolarien antzera irudi edo testuren batean oinarrituta berriketan hasi, hori bai, errima barik. Ereduan lehengo eta gaurko jostailuak aukeratu dira mintzagai.

Berrikuntzak daude, ez gehiegi, aurten behintzat ez dirudi EGA azterketetatik aldea handiegia izango denik beraz. Beste kontu bat da azterketa bera zelakoa izango den.

Entrenatzen hasteko bilatu erroreak mezu honetan. ;)

17
Abe
2007

3. maila eta bigarren deialdia

HABEtik mezua bidali dute gaur euskaltegietara, azkenotan iragarritako berrikuntzak baiesteko.

Batetik aurten 1. eta 2. mailako probekin batera, 3. mailako proba ere egingo da sistema berdinarekin. Euskaltegien bidez eta HABEk emango du EGAren parekidea izango den 3. mailako agiria.

...honen bitartez berretsi nahi dizut HABEren asmoa dela 2007-2008 ikasturte honetan HEOKaren 3. maila egiaztatzeko probak deitzea, 1. eta 2. mailak egiaztatzeko probekin batera.

Bestalde, proba hauetan guztietan, orain arte ez bezala, azterketariek bigarren deialdia ere edukiko dute.

Gainera, helduen euskalduntzearen sarean euskara ikasten ari diren herritarrek ahalik eta zerbitzurik osoena jaso dezaten 1., 2. eta 3. mailak egiaztatzeko bigarren  deialdia ere egingo dugu 2008an. Beraz, lehenengo deialdiko probak maiatzean eta ekainean izango dira –urtero bezala- eta bigarren deialdikoak urri aldera (data zehatzak urtearen hasieran finkatuko ditugu).

Bigarren deialdiarena argitu barik egon da orain arte. Euskaltegiak oro har eskakizun horretan bat etorri diren arren, HABEn zalantzak egon direla dirudi. Mezua irakurrita erabakia hartuta dago, eta aurten bigarren aukera bat ere egongo da beraz.

Datorren ikasturtean 4. maila etorriko da hau guztia osatzera, eta laster agiri desberdinen baliokidetza sistema indarrean jarriko dela ere jakinarazi digute mezuan.

3. mailako azterketa-eredu berriak aste honetan banatuko direla esan ziguten lehengoan. Gure lanean EGAtik 3. mailarako jauzia zenbaterainokoa den neurtzeko adierazlea izango da azterketa-eredu hori duda barik.

13
Aza
2007

4. mailari buruzko berriak

[Euskalduntzearen 4. maila: irakasleak gaitzeko ikastaroa: HABE - IKASBIL]

Honez gero euskaltegietara zabaldu dute informazioa (pdf) HABEtik.

Egunotako bileretan esan duten bezala, 4. maila fase pilotutik irten eta datorren ikasturtean eskaintza orokortu egin ahal izango da, hau da, nahi duten euskaltegietan eskaini.

Horretarako jardungo duten irakasleek prestakuntza-ikastaroa egin beharko dute, hizkuntzan nahiz metodologian trebatzeko.

Hemen daukazue informazio-idatzia:

4. maila: Irakasleen gaikuntza: 2007 – 2008 (pdf)

Laugarren hizkuntz-eskakizuna eta beste tituluekiko homologazioa bidean ei dago bestalde.

Plistiren estilora galderekin neu ere bai: Euskaltegi batean lan egiteko guztioi eskatuko zaigu 4. maila x epe batean?

Pd: Plisti eta bioi emango digute 4. maila hemen idazten dugun guztia proiektu modura aurkeztuta? (edo aurkeztu barik, hemen dago eta)Innocent

08
Aza
2007

3. maila, aurkezpen ekitaldiaren kronika

Lehengoan iragarri genuen bezala gaur HABEk 3.mailaren inguruan prestatu dituen berrikuntzak azaltzeko aurkezpen saioa egin da Bilbon. Euskaltegientzat, EAEkoentzat nagusiki, informazio eta berri interesgarri asko eman dira berton. Ni, bestelako konpromisoak direla eta, ezin joan izan naiz aurkezpenera, baina kontuak garrantzia daukalakoan hona ekarri nahi izan dut eta lankide batek etxerako egin digun laburpenetik jakingarri interesgarrienak ekartzen saiatu naiz (eskerrik asko Otto).

Gaur goizean izan da Bilboko aurkezpen saioa. Bi ordu iragarrita zeuden arren, ordu erdi gehiago luzatu da kontua; izan ere, aurkezpenak berak ordubete pasatxo izan dituen arren, galde-erantzunekin luzatu egin baikara. Beraz, beste saioetara joateko asmoa duzuenok jakitun zaudete.

Mahaian, Joseba Erkizia, Juxto Egaña, Aintzane Ibartzabal eta Josu Goikoetxea izan dira; HABEko zuzendari nagusia, didaktika arduraduna, ebaluazio arduraduna eta, oker ez banago, EGA arduraduna, hurrenez hurren. Aurkezpenaren pisua Joseba Erkizia eta Juxto Egañak hartu dute.

Joseba Erkiziak prozesuaren nondik norakoen berri eman digu. Hainbat lege, dekretu eta agindu aipatu ondoren, euskara agirien (HABE, IVAP, Osakidetza, Ertzaintza, Hezkuntza eta Hizkuntza Eskola Ofizialenak) bateratzearen inguruan egindako lanak gogorarazi dizkigu eta, ondorio gisa, dauden agiriak parekatzeko moduan daudela, eta hauek, berriz, Europako Markoko mailetara ekar daitezkeela esan digu.

Testuinguru honetan kokatu ditu ikasturte honetan egingo diren kontu burokratikoak, eta, bere ustetan (uste sendoa, berarena) ikasturte honetan bertan baliokidetuko dira euskara agiri ofizial guztiak. Ez diot ondo ulertu (ni kontu burokratikoetan...), baina 3. maila beranduago bateratuko da (sei hilabeteko kontua). Hori dela eta, erabaki dute ikasturte honetan bertan 3. mailako azterketa ezartzea erabaki dute.

Aipatu ditu euskalduntze sistema osoaren koherentzia gordetzea dela helburua, ebaluazioa (agiriak) ikasprozesuari lotzeko beharra, euskaltegien autonomian sakontzea... Eta erronka bat ere badela: sistema berria, aztertzaileak prestatu, azterketa eredua...

Laburbilduz, ikasturte honetan, ez da EGA azterketarako deialdi itxirik egongo eta, horren ordez, 3. mailako azterketa ezarriko da. EGA, deialdi irekian baino ezin izango da egin. Proposamena dela diote, eta euskaltegiko ordezkarion ekarpenetara zabalik daudela diote.

Juxto Egaña kontu teknikoez aritu da gehiago. Horrela, azterketaren diseinua eginda dagoela esan digu. Zentzu horretan, lehenengo berrikuntza atariko proban dago. Ez da atariko probarik egongo, eta lan hori euskaltegiko ebaluazioak beteko du. Beste mailetan (1, 2, 4) gertatzen den moduan, azterketa egiteko aukera izateko, lehenengo euskaltegian eman behar duzu maila; beraz, 112 urratsa egiten dutenek, soilik, egin ahal izango dute azterketa.

Azterketari berari dagokionez, EGA hartu dutela oinarri diote. Baina hobekuntzak sartu nahi dizkiote: ahalik eta hurbilen nahi ei dute eguneroko eskoletatik; hau da, azterketak ez dezala baldintzatu eskolako jarduna, baizik eta azken horrek baldintzatu azterketa. Planteatzen dute idazlan bat barik, bi egin daitezkeela, beti ere testuinguratuta (rolak, egoerak); planteatzen dute mintzamena bi zatitan banatzea, ahozko azalpena eta mintzamena elkarreraginean; planteatzen dute elkarreragin hori neurtzeko ikasleak binaka jartzea... Ez dakite gramatikaren jakintza neurtzeko (sintaxia eta lexikoa, berridazketa eta sinonimoen ordez) sartu behar ote den baina, sartzekotan, beti ere, testuinguratuta, testu bateko gramatika, alegia. Hainbat ideia, baina oraindik lotu barik, antza. Edozelan ere, abendurako-edo izango dutela azterketa ereduren bat, pilotatuko dutela hainbat euskaltegitan eta Interneten-edo eskegiko dutela.

Zelan puntuatu ere oraindik aztertzen ari direla...

Aztertzaile kopurua ere ez dutela oraindik pentsatuta, ikasleen arabera izango baita. Baina EGAn aritu direnak eta beste berri batzuk hartu beharko direla. Irizpideak: prest egotea, 3. maila ematea txarto ez legokeela, eskarmentua aztertzaile gisa... Prestakuntza, beste mailetan bezala, bateratze saioen bidez egingo da.

Eta horra arte aurkezpenak eman duena. Beharbada, interesgarriena galde-erantzunen txandan heldu da; hainbat zalantza planteatu dira.

Lehenik eta behin, zenbat deialdi izango duen 3. mailako azterketak (eta, bidenabar, 1. eta 2. mailakoek). Inork ez du kontrakorik esan; beraz, pentsa daiteke euskaltegietako ordezkariak 2 deialdien alde daudela. HABEkoek, ordea, ez dute hain argi ikusten. "Aintzat" hartuko dutela eskaera eta aztertuko dutela, benetan euskaltegien eta ikasprozesuaren onerako dela ikusten bada. Gainera, eurek ikusten duten moduan, ikasleak bi barik, hiru aukera izango ditu aurten 3. maila lortzeko: EGA deialdi irekiko bi aukerak, eta euskaltegiko 3. maila.

Eskaerak, halaber, euskaltegiaren autonomia indartzeko, gaitasunen kudeaketa euskaltegien esku uztearen aldekoak.

Zalantzak:

  • beste mailetan bezala bada, ikasleak maila martxoan eman behar du
  • .aurrekoaren harian: HABE kritikatu dute ezin delako ikasturtean bertan egongo den aldaketa baten berri eman azaroan, taldeak martxan daudenean; zentzu honetan, proposamen bat egon da, aurten behintzat, EGA azterketa deialdi itxia ere egoteko. Atzerapenaren aurrean eurek esan dute baliokidetzea bermatzeko moduan egon ez diren arte ez dutela pausua eman, eta horregatik atzeratu dela kontua.

Azkenik, 4. mailaren inguruan aritu dira apur bat. Aurtengoa izango dela pilotajearen azken urtea, eta datorren urtean eskaini ahal izateko, irakasleen prestakuntza bideratuko dutela, prestakuntza didaktikoa eta prestaketa linguistikoa. Bigarrenaren ondorioz, parte hartzen duten irakasleek aukera izango dute 4. mailaren agiria eskuratzeko, deialdi berezi batez. Prestakuntza mistoa izango da (presentziala, eta on-line) eta abenduan hasi, eta uztailera arte iraungo du. Irakasle hautaketa egongo da, giza baliabideen urritasunak ez baitu ahalbidetzen eskaera masibo bati erantzuna ematea. Baina honen guztiaren ingurukoak datorren astean euskaltegietara helduko den gutun baten bidez jakingo dugu.

Honaino gaur Bilboko aurkezpenean egon den lankideak kontatu diguna.

Kantxa daukazue zuek ere han egon bazarete osatzeko, zehazteko, eta, egonda nahiz egon barik, -zer esanik ez- komentatzeko.

Sindikatu edukia