13
Aza
2007

4. mailari buruzko berriak

[Euskalduntzearen 4. maila: irakasleak gaitzeko ikastaroa: HABE - IKASBIL]

Honez gero euskaltegietara zabaldu dute informazioa (pdf) HABEtik.

Egunotako bileretan esan duten bezala, 4. maila fase pilotutik irten eta datorren ikasturtean eskaintza orokortu egin ahal izango da, hau da, nahi duten euskaltegietan eskaini.

Horretarako jardungo duten irakasleek prestakuntza-ikastaroa egin beharko dute, hizkuntzan nahiz metodologian trebatzeko.

Hemen daukazue informazio-idatzia:

4. maila: Irakasleen gaikuntza: 2007 – 2008 (pdf)

Laugarren hizkuntz-eskakizuna eta beste tituluekiko homologazioa bidean ei dago bestalde.

Plistiren estilora galderekin neu ere bai: Euskaltegi batean lan egiteko guztioi eskatuko zaigu 4. maila x epe batean?

Pd: Plisti eta bioi emango digute 4. maila hemen idazten dugun guztia proiektu modura aurkeztuta? (edo aurkeztu barik, hemen dago eta)Innocent

Benitoren irudiak

plisti-plasta (ez da egiaztatu)-(e)k 2007, Azaroa 13 - 20:55-(e)an bidalia.

Hotzikara sentiarazi didazu Benito, joer!

  • Filtroak mezuko irudia handitu eta ustetan F letrak zirenak gelatinazko laukietan harrapatutako gizakiak direla konturatu naiz (hura metafora!).
  • 4. maila emango diguten edo ez horren amaierako ikonoak izpiritu txinar lepamoztua ematen du: innocent jartzen du gainera (hori metafora!).
  • Eta bukatzeko laugarren mailako kandela horiek hilkutxa argiztatzen dutela dirudi. Gainean jarri eta HABEren orrira garamatzate, Gogoan izan sailera gainera (hau metafora!)

Hotzikara sentiarazi didazu Benito, joer!

Kandela!!!

Benito-(e)k 2007, Azaroa 14 - 02:15-(e)an bidalia.

Joe, Plisti, zurea mamuak eta defuntuak ikusteko fazilidadea! Ez da hori ba!

Kandelak batean eta kandelak bestean, asoziazio mentala egin eta derrepentean ¡Candelaaaaaaaaaaaaaaa! entzun duzu, segidan hauek guztiak hasi dira jotzen.... Eta hantxe denok ipurdia eta gerria meneatzen....

Zer dela eta? 4. maila eman digute!!!! ¡Candelaaaaaaaa!

Txantxarik ez

plisti-plasta (ez da egiaztatu)-(e)k 2007, Azaroa 14 - 19:00-(e)an bidalia.

Txantxak alde batera utzita badira 4. maila dela eta, kezkatzen nauten pare bat kontutxo:

  • Orain arte euskaltegi guztiek eta irakasle guztiek izan dute edozein maila emateko gaitasuna baina hemendik aurrera eta laugarren mailari dagokionean ez. Laugarren maila irakasle gaituek bakarrik eman ahal izango baitute, antza.
  • Konforme nago 4. maila emateko hizkuntzaren aldetiko gaitasuna eskatzearekin. Ez litzateke oso bidezkoa izango laugarren maila ez daukan batek maila hori ematea. Baina gaitasun didaktiko berezia ere eskatzen zaio eta galdera da: 4. maila emateko 1. maila emateko baino gaitasun didaktiko handiagoa behar al da? Finean ez al da hau maila altuen sobrebalorazioa eta maila baxuen gutxiestea?
  • Datuetara etorrita, porrotik handiena lehenengo mailan ematen da. Beraz, hortxe jarri beharko genuke azpimarra didaktikoa. Bestalde, lojikak esaten dit laugarren mailan dagoen ikasleak lehenengo mailan dagoenak baino askosaz garatuago dituela estrategia kognitiboak eta txikiagoa dela behar duen laguntza didaktikoa.
  • Badirudi espezializazioaren aldeko apustua egin nahi dela baina oso espezializazio konpartimentatua da hau: laugarren mailako irakaslea, hirugarrenekoa... Nik neuk nahiago nuke espezializazio transbertsalagoa eta trebetasunei begirakoa.
  • Zeri begirako hobekuntza eskainiko zaio ikasleari? Hizkuntzari begirakoa (testualitatea...) edo/ eta beronen erabilerari begirakoa; bere lanerako trebatze espezifikoa, adib.?
  • Trebatze espezifikoari begira: nekez lortuko ditugu abokatu edo ekonomilari talde homogeneoak. Aurreikusita al dago horrelako lana ahalbidera lezakeen on-line inplementazioa?
  • Materialgintza euskaltegi bakoitzaren esku utziko da ala badago ekimen bateratuagoren bat abiatzeko asmorik?
  • Azterketa eta proiektua (bere lanbideari lotua?) izango al dira ikaslea ebaluatzeko tresnak?

Nahikoa gaurkoz, normala ere bada gauza berrien aurrean zalantzatsu ibiltzea. Eskertuko nuke baten batek informazio zabalagoa emango baligu. Banoa horrela izan dadin Buen Vistako Ama Birjinari beste kandela bat piztera.

Metodologia eta beste

Benito-(e)k 2007, Azaroa 15 - 02:25-(e)an bidalia.

Nik neuk ez daukat informazio handirik emateko, baina dakidan apurragatik gaikuntza didaktiko horren arrazoietako bat 4. mailan erabiltzen den ildo metodologikoa izan daiteke. Bronckart-en testu-arkitekturan oinarritutako bidea diseinatu da eta hari jarraitzen zaio. HIZPIDE 57rako Pello Esnalek eta Lurdes Elosegik idatzi zuten Euskaltegi-kurrikuluak egiteko jardunbide bat artikuluan dugu nondik-norakoen azalpena.

4. maila honetarako ildo didaktikoa ere markatuta dago nonbait. Oso zehaztuta dator alegia, irakasle zehatzek euskaltegi zehatzetan, metodologia zehatza... Edo, nahiago badugu, orain artekoaren aldean oso desberdin antolatu da. Ez dakit gero kontrol didaktikoa norainokoa izango den baina bide hori hartu dela ematen du.

Aipatu dituzun kontu pare baten inguruan, taldeak eta erabilera, boteprontoan neuk ere eskaintza hori gauzatzeko arazoak ikusten ditut, taldeak egitea ez da erraza izango hainbat lekutan, are gutxiago talde homogeneoak lortzea.

Goi-mailako trebakuntza honetan uste dut eskakizuna bestelakoa izan daitekeela hain zuzen ere: norbanakakoarena, sakabanatua eta egin beharrarekin oso lotua.

Talde klasikoentzat gainera ez dut uste alternatiba bakarra ikastaroen on-line eskaintza denik, aukera bat da, baina eskaintza (eta eskaria) "ikastaro" kontzeptutik harago doa beharbada: tutoretza, lanpostuko hizkuntz-artapena, baliabide bankuak... Ikasteko eta trebatzeko eskaintza anitza eta modularra akaso. Horixe, igual modernoegi nabil, baina hizkuntza lantzeko ikastaroa+titulua bikotea da gainditu behar dena beharbada.

Inoiz aipatu dugu azkenotan loratzen dabilen kontzeptu bat: trebakuntza. Egia da ez dela beti 4. mailarekin parekatzekoa, baina profesional askok seguruenik gurago lukete euren lanerako behar den hizkuntz-gaitasuna eskuratzea titulu berria baino.

Honegatik eta beste gauza batzuengatik, dudan nago 4. maila hau normalizazioan aurrera egiteko benetan behar duguna ote den.

Geroak erranen.

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia