25
Urr
2006

Karrajuak urtebete (II-asmoak)

Urtebetea joanda, atzera begira paratzeko tentazioan eduki liteke, beste baten igual. Orain nahiago dut Karrajurako zer egosten nabilen kontatzea.

Ez dira gauza asko, teknikoak gehien bat.

  • Funnymonkey-ko jendeak eskola mundurako Drupalekin aurrekonfiguratutako bi instalazio eskaintzen ditu: ikastaldeentzako gunea eta blog gunea. Drupalek, zabaltzen ari diren beste sistemen aldean, malgutasuna du abantaila nagusi. Karrajua antolatzeko orduan horixe baloratu dut gehien bat, eta zerotik hasita aukera pila zabaltzen dituen arren, ez da Moodle edo Wordpress bezain erraza toreatzen hasteko. Horregatik Karrajuko instalazioa liberatu nahi dut, nola egin dudan erakusteko eta norbaitek Drupal ezagutzen hasi nahi badu zer miatu eduki dezan. Une honetan instalazioa edukietatik garbitzen nabil eta espero dut datorren astean zabaltzeko moduan edukitzea.
  • Oraingo karraju hau drupal 4.6.6 bertsioarekin dago eginda. 4.7.x bertsioak hala ere itzelezko berrikuntzak ekarri ditu eta eguneratzeko desiatzen nago. Views eta CCK moduluek esate baterako malgutasun hori ikaragarri zabaldu dute. Zerbitzari aldaketa egin behar dut horretarako eta eduki eta modulu guztiak bertsio berrira ekarri, honekin apur baterako daukat oraindino.
  • Karrajutik aparte lanerako eta esperimentazio hutsagatik hiru gune lantzen ibili naiz. Lankideen ekarpenak jasotzeko eta komentatzeko gune bat (hau oraintxe jarri dugu martxan intraneteko zerbitzarian), materialak sailkatzeko direktorio-podcast antzeko bat (hau ekainean ibili ginen probatzen). Hirugarrenez, Groups.Drupal-en ereduan inspiratuta, eta Elgg-en ideiara ere hurbildu nahian, komunitateentzako gunea atondu nahian ibili naiz. Oraindik alpha-alpha (horixe ba, alfalfa) fasean dago, baina kukutxua egin nahi badiozue hemen daukazue (gune esperimental totala da, ez ikaratu). Denbora apur bat hartzen dudanean hauek ere zabaltzeko asmoa daukat.

Tira ba, ikusten duzuenez Drupal honekin nabil jo ta ke, Moodle eta bestez ari gara asko azkenotan, ez dira txarrak haiek ere, ez,  baina baten batek umorea eta ausardia badauka, Drupal-en aukerak probatzera animatuko nuke, burua nekatzen ematen den denbora malgutasunak eta irekitasunak konpentsatzen dute soberan, engantxatu ere bai. Hori bai, tresna batekin edo bestearekin itsutu barik.