30
Urr
2006

Karrajuak urtebete (III-blogak)

Novas Tecnoloxías e profesorado-n ikasblogen inguruko hausnarketatxoa egin dute. Karrajua blog modura zabaldu zen blogger-en eta hasierako asmoen artean teknologiaren bidez euskaltegien mundu honetan gure arteko komunikazioa eta gardentasuna sustatzea zen. Zer gertatu da duela urtebetetik hona euskaltegiblogen munduan? Artikulu horretan 4 ataleko sailkapena egin dute, eta baliagarria iruditu zait:

  1. Garapen profesionalari begirako blogak. Irakasle edo profesionalen blogak, han diote, eta erabat ados nago, ezagutza zabaltzeko eta informazioa elkartrukatzeko bide baliotsua dela. Zer daukagu? Hiruzpalau blog: Plisti-plasta, Zertzeladak eta Karrajua bera. Ez dut gehiago ezagutzen geure arloan kategoria honetan argi sartzeko modukorik. Hala ere, urte honetan kategoria honetakoek publikazio erritmoa eta erregulartasuna hobetoen mantendu dutenak dira. Gure artean harremana eta saretxua eratu da tontamentean gainera. Lastima sektore honetan kontatzeko gauza interesgarriak (guk bainoago ziurrenik) dauzkaten hainbat ere ez animatzea. Pentsatzen dut gauzak publikatzeko orduan oraindik klitxeak eta konplexuak dabiltzala gurean: ondo-ondo mamitutako eta hornitutako gauzak baino ezin direla publikatu, norberak uste/egiten duena agerian jartzeko beldurra, erakunde desberdinen arteko komunikazio zaila eta sekretismoa, mesfidantza azken baten. Gureak irakurrita batzuek igual publikatze hutsagatik jainkotu egingo gaituzte (horiek intelektualak!) eta beste batzuek "Zelan ausartzen dira horrelakoak publikoan esatera?" pentsatuko dute. Ez bata, ez bestea, seguruenik kontu bakarra konpartitzeko eta komunikatzeko gogoa baino ez da, ez pontifikatu, ez inor engainatu barik, kortse akademizistatik-formaletatik honago elkarrizketa birtual jarraian.
  2. Euskaltegi edo ikasguen blogak. Webgune klasiko baten ordezkoak izan daitezke hauek. Esango nuke gurean arrakasta gutxien izan dutenak direla. Kasu pare bat eta biak AEKtik etorrita. Garraldako AEKren Izena duen oro (aspaldian eguneratu gabe), eta Garazi-Baigorriko AEKrena (duela hilabete inguru sortua). Kasu hauetan funtzioen nahastetxua egon dela uste dut: ikasleekiko harremana, publizitatea, erakundea/euskaltegiaren berri-iturria,... webgune klasikoaren funtzioarekin nahastu, eta horrelako bat mantentzeko beste eduki, informazio, animo, baliabideak eta teknika edukiko dugun kalkulu txarra. Bestalde, blog kontzeptuaren inguruan dabilen nahaste horretan bertan, ez dezagun ahaztu blogen kategorian sartzen ez diren erakunde batzuen webguneek blog baten modura publikatzen dituztela albisteak, adibidez: AEK, Ilazki, Udal Euskaltegiak, SUE,.. Ikasbil bera akaso. Weblog edo blog kontzeptua sortu zenean albisteak kronologikoki berrienetik zaharrenera ordenatzen dituzten guneei aplikatzen zitzaien.
  3. Irakasleek ikasleei begira atontzen dituzten blogak. Hemen duela urtebete inguru halako eklosioa gertatu zen, autoikaskuntzaren inguruan gehien bat, baina baita komunikazioa eta praktika errazteko ere. Blog interesgarriak sortu ziren:  Zibergela, Barakaldoko Egalariak, Xabiren bloga, bErBeT@n. Baina uda buelta honetan ez ditut arrankatzen ikusi. Motorra berotzen? Desilusioa? Nekea? Helbidea aldatu? Ahaztu?... Lan politak egin dira eta norberak gustura ikusiko lituzke berriro martxan.
  4. Ikasleen blogak. Gutxi ikusi dira. Badira bloga egiten duten ikasleak -aipamen berezia Usaiarentzat, Karrajuko lehenengo irakurlea- baina ikasle-blogak gutxi. Aipagarriena Itsaspepinoak duda barik, ibili badabiltza behintzat. Ez da erraza izango hala ere euskaltegi bateko ikasleak euskara ikastearen ingurumarian blogeatzen jartzea.

Urte honetan euskaltegi-blog hitz konposatuaren bilakaera norberaren talaiatik. Ondorio modura: 1) Bloga etxeko abereen modukoa dela, asko eman dezake baina jaten emateko moduan egon behar da. 2) Inor endredatu aurretik hobeto norberagandik hasi. 3) Blogen hizkera eta protokoloa ez dira tabernako txikiteoarenak, baina Akademia gorenaren irekitze-ekitaldiarena ere ez.

Lehengo egunean Santutxuko lankide batzuk topatu nituen HABEk antolatu duen ikastaroko "debereak" egiten (irakasle, Moodle-ekin fidatzen ez bazara, ni lekuko). Gogotsu topatu ere. Hemen kontatutakoak gogoan daukazuena hobeto plantzeatzeko balio badizue ondo, bestela esan (iruzkinen ikasgaira heldu zarete?;-)). Neu behintzat, gustura nabil blogeatzen, gero eta gehiago (gehiegi igual).

bErBeT@n

Josu (ez da egiaztatu)-(e)k 2006, Urria 31 - 13:20-(e)an bidalia.

Galdakaoko bErBeT@n gelditze teknikoan dago, motorrak berotzen. Bestela esanda, nola aurrera eraman, nola suspertu hausnartzen ari gara. Eta helbide berria ere izango du: www.blogak.com/berbetan
Segi aurrera, Karrajua!

Beste blog bat

Xiber (ez da egiaztatu)-(e)k 2006, Urria 31 - 14:18-(e)an bidalia.

Gaur goizean beste euskaltegi blog bat deskubritu dut. Hauxe da helbidea: http://www.blogari.net/jurdangarin

Apuntatuta

Karrajua-(e)k 2006, Urria 31 - 16:21-(e)an bidalia.

Berbetan-en helbide berria apuntatuta. Gizon arruntaren blogak ez dauka rss-ik bistan, ezin dut agregatzailean sartu ere bai.  Eskerrik asko biei.

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia