ikaskuntza

07
Urt
2009

LLL eta gu (II)

Plisti-plasta | 2009, Urtarrila 7 - 22:14

Lehenagoko mezu batean, etengabeko ikaskuntzaz ari ginela bi galdera plazaratu genituen:

  • Zergatik etengabeko ikaskuntza kontzeptuaren berreraikitze lan hau, orain eta gaur?
  • Zeri erantzun nahi dio: sistemaren egokitzapen beharrei ala pertsonaren hazkuntza intelektualari?

Zenbait kontzeptu errepikatu arren, bi galderoi erantzuten saiatuko gara lehenbizi;  ondoren, euskararekiko inplikazioei ekiteko oinarriak izate aldera.

Historiaren hasieran lana eta ikaskuntza lotuta zeuden, ez zegoen eskolarik eta arituz ikasten zen ofizioa. Bizitza ez zegoen gaur egun bezain konpartimentatua (kontuan izan haurtzaroa bera nahiko kontzeptu ‘berria’ dela). Apurka-apurka ikaskuntza isolatu egin zen, eskolak, unibertsitateak eta aroak sortu. Honela guk ezagutu dugun garaira arte, non argi eta garbi bereiz ditzakegun ikasteko garaia, lan egitekoa eta erretiroa.

Ikasteko garaian bizitzarako eta lanerako beharrezko izango ditugun gaiak geureganatu ohi ditugu. Sistema honen eraginkortasuna zalantzan da gaur egun, ordea. Batetik, eskolak oso azkar aldatzen den gizarte berri baterako prestatu behar dituelako ikasleak eta honek izugarrizko moldaketa lana eskatzen diolako; eta, bestetik, bizitza profesionala gero eta ezegonkorragoa, inprebisibleagoa eta, beraz, aldez aurretik ‘prestatzen’ zailagoa delako. Sistemak arazoari aurre egiteko etengabeko ikaskuntzaren kontzeptua jarri du abian. Honela, langileak ez du soilik une jakin batean ikasiko, bere bizitzan zehar ikasteko une ugari izan beharko ditu aniztasun profesionalari, egokitzapen beharrari eta aldaketen abiadurari aurre egin ahal izateko, ‘fast’ gizartearen morrontzak, alegia. Morrontzak ala aukerak?

Etengabeko ikaskuntzak bietatik izango du seguruenik baina utz dezagun kontu bat argi. Langileok azken hamarkadetan lorpenik izatekotan berau, komatxoak komatxo, ‘ongizate-estatua eta estatusa’ izan da eta beronetan giltzarri: aisialdia. Aisialdia denbora librea da, libre sentitzen garen aldia, geure  aldia. Norberaren garapenerako aldia. Hauxe da garaikideon konkista handienetariko bat. Argi izan behar dugu kontzeptu hau. Ezin dugu aisialdiaren inbasiorik onartu, ezta etengabeko ikaskuntzaren aldetikoa ere. Etengabeko ikaskuntza aukera izango da, baldin eta pertsonaren hazkuntza intelektualari egokitzen bazaio baina morrontza izan liteke soilik egokitzapen profesionalaren beharrari erantzuten badio, kosta ahala kosta.

Eta euskara? Hara, nire ustetan ikasle askorentzat euskara izan liteke etengabeko ikaskuntzaren adibide. Ikasketa alditik kanpo, egokitzapen profesionalerako zabaldu behar izan duten ikasketa aro berri bat, alegia. Baina hizkuntza komunikazio tresna da, eta komunikazio tresna den neurrian pertsonaren ekinbidearen alderdi guztiak jaso behar ditu, lana eta aisialdia barne. Eta hortxe egiten dugu zenbaitetan kale. Dakargun aurreko paragrafoko pasarte bat eta begira diezaiogun berriro ere, oraingoan euskara buruan dugula ‘Etengabeko ikaskuntza aukera izango da, baldin eta pertsonaren hazkuntza intelektualari egokitzen bazaio baina morrontza izan liteke soilik egokitzapen profesionalaren beharrari erantzuten badio, kosta ahala kosta’. Jakin dakit ñabardura eta zirrikitu ugari dituela esaldiak baina adierazi nahi dudana zera da: ezin dugula euskara egokitzapen profesionalerako item huts bilakatu.

Azkenaldi honetan, bidea bata edo bestea izan, kezka berera heltzen naiz. Izan ere, egora soziolinguistikoak horretara ekarrita, oso desorekatua dugu euskara. Mundu akademikora eta lan mundura lerratuegi. Euskara noranahikoa dela erakuste nahi horri ere eusten ikasi behar dugu, noizbait. Ondorioz, hizkuntza euskararen profesionalen mundura eta araura (dela hizkuntzari berari dagokiona, dela akreditazio beharrari) lerratuegi ikusten dut. Aurrera egin dugu lan munduan eta mundu akademikoan (arrazoiak arrazoi, zenbaitetan kosta ahala kosta, ikaslearen aisialdia inbadituz). Bide errazenetik jo dugu (halabeharrez, agian). Sistema, administrazioa, erabili dugu euskara hedatzeko. Ezinbestekoa izan dugu, akaso, hizkuntzaren biziraupenerako, ezinbestekoa dugun moduan hiztun komunitatean oinarritutako  hizkuntza larrekoa, kolokiala, aisialdikoa, motibazio pertsonalari eta ez kanpotikoari erantzuten diona.

Argazkia: Studying in a train. Egilea: tanakawho (Flickr). Lizentzia.

07
Urt
2009

Ikasteko ingurunearen 10 osagai nagusiak

Robin Good ezizenaren atzetik Luigi Canali de Rossi dugu, sarean azkenotan teknologia, ikaskuntza, hezkuntza eta abarren ingurumarian nabarmendu diren figuretako bat. Webgune aktibo eta mamitsua du, eduki interesgarriz beterik, ingelesez, italieraz eta portugesez idatzita.

Haren artikuluen artean lehengo abenduaren 26an publikatu zuen The 10 Key Components Of An Ideal Learning Environment And The Timba Music School Model (Ikasteko ingurune idealaren 10 osagai nagusiak eta Timba musika eskolaren eredua) irakurri dut.

Erromako musika eskola baten funtzionamendua eta ikuspegia abiapuntu eta aitzakia hartuta, ikasteari buruz ondorio mamitsuak atera eta ikastea ahalbidetzen duen testuinguruaren 10 osagaien zerrenda egin digu.

Hau da zerrenda laburtuta (ez daukat astirik-gogorik-animorik itzultzen hasteko, baina baten bat animatzen bada...):

  1. Irekitasuna. Ez dago ordutegi eta leku banaketa zurrunik. Eskola irekita dago beti ikasleentzat, eta han dituzte baliabideak eta pertsonak.
  2. Ikasteko baliabideak, objektuak eta tresnak.
  3. Kide apasionatuak, gogotsuak, zaletuak.
  4. Eskarmentuko pertsonak, arituak,esperientziadunak, ibilitakoak, adituak nahi bada.
  5. Ereduak. Pertsona trebeak, konpetenteak, jarraitzeko modukoak.
  6. Profesionalak. Ikasi nahi den esperientzia horretatik bizi den jendea.
  7. Probatu, esperimentatu eta erroreak egiteko aukera.
  8. Erakusleihoa, eszenatokia, jendeaurrean (benetan) jarduteko aukera.
  9. Elkarrengandik eta elkarrekin ikastea, momentuan, proba eta azterketak ikusmiran izan gabe.
  10. Ikasketaria gidariaren eserlekuan. Zer-non-noiz-nola-norekin ikasi aukeratu.

Musikatik euskarara pasatzeko ez genuke egokitzapen handirik egin beharko, ezta? Nago hauek guztiak hemen inoiz nola edo hala aipatuta ditugula gainera.

Argazkia: Ikusten eta ikasten. Egilea: Thorbion (Flickr). Lizentzia.

02
Urt
2009

LLL eta gu

Hiru "L"rekin hasi da urte berria: LifeLong Learning, bizitza osan zeharreko ikaskuntza edo etengabeko ikaskuntza. Atoan-era ekarri nuen lehengoan Enric Serraren artikulu baten harira, Europan abian jarri den SteLLLa egitasmoaren aipamenarekin hain zuzen ere.

Etengabeko ikaskuntza ez da termino ezezaguna, lan munduan eta hezkuntzan hedatzen joan da azkenotan apurka-apurka. Eusko Jaurlaritzak adibidez  Etengabeko ikaskuntzari buruzko liburu zuria argitaratu zuen duela urte batzuk (eskerrik asko Ainhoa). Eta enpresa munduko marketiñenoan balio erantsiko berba egin dela dirudi.

Bestalde, ikaskuntzaren inguruan zabaltzen hasi diren gogoeta eta psikolasto berrietan ere agertzen zaigu: ikaskuntza informala, norberak gidatutako ikaskuntza, ikaskuntza soziala eta bizitza guztirako ikaskuntza moduko ideien usaina hartzen da sarri.

Termino "modernoa" dirudi bateko, baina arlo zehatz batzuei lotuta besteko: lan mundua, hezkuntza, teknologia.... Eta zer dio bada? Funtsean gauza sinplea dela esango nuke: ikastea bizitza guztirako jarduna da, etengabea. "Ezagutzaren eta informazioaren gizartean" ezin ei da bestela izan, aldaketak azkarrak dira eta etengabe ikasi eta egokitu beharra dago. Hartara, ikasteko eta egokitzeko konpetentziaz egiten da berba, zerbait jakitea baino baliozkoagoa da jakintza berrira egokitzen jakitea, etengabe.

Eta gurera ekarrita, euskararen ikaskuntza, zer? Zirriborro mailako ideia-gogoeta batzuk:

  • Gurean terminoa prestakuntza profesionalarekin lotuta dagoela ematen du. Hala ere, mugimendua handik haragokoa ere bada. Hiru.com adibidez. Baina helduen euskalduntzean orain arte ez da apenas entzun.
  • Euskara ikastea mugarri batzuen barruko prozesua da? Ikas-prozesua hasi eta amaitu egiten den zerbait da?
  • Europako Markoaren inguruan hizkuntzaren ikaskuntza norberak gidatzeko tresnak eta bideak ere ematen dira: portfolioa, biografia, pasaportea... Ez ote dugu mugatu handik datorren ikuspegia mailaketara? Zertifikazioa eta ikastaro formalen antolaketara hain zuzen ere.
  • Normalizazio prozesuan dagoen hizkuntza baten kasuan LLL kontzeptu honi ez genioke buelta pare bat eman behar? Azken batean euskara "jakin" eta erabili behar dugun guztiok ez gabiltza hizkuntzaren etengabeko egokitze prozesuan? Geure hizkuntza pertsonalaren egokitze prozesuan eta ingurukoen hizkuntzan eragiten? Ez da azken batean bizitza osorako jarduera?
  • Ez genituzke begiratu behar ikas-prozesuaren edo ikaskuntzaren antolaketa era zabalago batean? Hau da, euskara ikastea ahalbidetzea ikastaroak eta zentroak antolatzea eta jarduera egituratu hori elikatu eta ebaluatzetik harago ez doa? "Pertsona guztien ikaskuntza sustatzen duten lurraldeak ikaskuntzaren lurralde bihurtzen dira" diote Liburu Zurian. Ikas-paisaia aipatu izan dugu hemen.
  • Etengabe ari dira aipatzen azkenotan ikaskuntza era desberdinak: praktika-komunitateak, ikas-sareak eta elkarteak, ikasteko ingurune pertsonalak, ikas-paisaia... Autoikaskuntza izeneko kaxoi handi-marginal horrekin lotzeko joera egon dela begitandu zait askotan. "Ikasle tipologia batentzat baino ez dira egokiak" argudioarekin erraz garbitzen da eztabaida gainera. Iruditzen zait batzuetan helduek euskara ikasteko panorama osotasunean ez ikusteko aitzakia baino ez dela. Uste dut klabea ez dagoela ikas-estiloan, ikasteko aukeren aniztasuna baino, eta LLLaren ikuspegitik argi dago ikastea ezin dela mugatu jarduera egituratu-ofiziala eskaintzera.
  • Ez dago gure sektorean paniko moduko bat desegituratzeari, deskontrolari, hormetatik harago joateari? Ez da gure ardura edo oso konplikatua da batekin zuritu nahi izaten duguna? Azken batean euskaldun guztiok (berri nahiz zahar) ez dugu burutu hizkuntzaren ikas-prozesua une, era eta leku anitzetan? Eta ez dugu burutzen jarraitzen?
  • Ez genuke "ikasle" izendapena matrikula terminotik desbinkulatu beharko?

Ez dadila ulertu:

  • Jarduera akademiko egituratua desagertu egin behar denik. Iraultza zaleak izaten gara halakoetan, fuera lehengoa eta berria nagusi orain! Ez. Jarduera akademikoarekin batera ikasten lagunduko duten bide guztien ikuspegia izan behar da.
  • Euskara ikasten ez da inoiz amaitzen. Horrela da seguruenik, baina horrek ez du esan nahi bizitza guztia euskaltegian pasatu behar denik, ikastearen erak, bideak, intentsitatea eta dedikazioa aldatu egiten direla baino.
  • Ikastaro eta titulu gehiago sortu behar dira. Ezta. Ikasteko era eta bide gehiago izan behar dira gogoan helduen euskalduntzeaz jardutean. Ikastaro berriak sortzea eskatzen du horrek? Baliteke, baina ez derrigor.
  • Horrela ez dugu inoiz EH euskaldunduko. Alderantziz, hizkuntzaren etengabeko ikaste hori hizkuntzaren erabilera pertsonal eta sozialarekin egon beharko luke lotuta, eta hori guztia normalizazio prozesuaren baitan dago. Euskara ikastea ezin da bihurtu bizitza guztirako hobby hutsala edo tituluaren bilaketa bukaezina, hori da kaltea. Etengabe ikastearen beharrak azken batean hizkuntzaren bizitasunaren zantzua izan behar luke.

Hiru "L" horien inguruan derrepentean batu diren ideiak baino ez dira izan. Inork ez dezala pentsa hau manifestu berria izan denik, pentsatzeko puntu batzuk baino ez. Gaizki esanak barkatu eta merezi dudan egurra hartu eta bizitza guztiko penitentzia egingo dut hala behar bada.Cry

Irudia:I am still learning. Egilea: mimax. Flickr-etik hartuta, lizentzia.

06
Urr
2008

Ikasten.net aurkeztuta

Ikasten.net zerbitzua aipatu genuen lehengoan, baita haren aitzakiarekin gogoetan hasi ere. Sustaturen bidez haren aurkezpen ofizialaren berri izan dugu: online dela, Hezkuntza sailaren ekimena dela, doan dela, 60 unitate dituela, ikus-entzunezko materialak eta ariketak dituela... Atariaren informazio orrian ere irakur daiteke gehiago.

Une honetan dauden baliabideen osagarri izan nahi omen du. Aurrekoan esan nuen bezala, aukera interesgarrien esparru bat ireki dezake honek.euskara ikasteko aukerak eta bideak ugaldu eta eskura jarriz. Bide ugariago eta desberdinak zabaltzen hasiko al dira!

Ikus dezagun zer ematen duen bada!

04
Urr
2008

Ikasteko ingurune soziala eskura

Euskara ikasi nahi duen baten kexa irakurri nuen lehengo egunean Euskara21en. Astirik ez euskaltegira joateko eta BOGAren bidez egin nahi lukeela, 1560 euro, Eusko Jaurlaritzaren webgunea sartu berriz, eta han 45 euroren truke egin omen daitekeen bitartean.

45 euroena lehenengo momentuan ez dut jakin zer izan den. Handik gutxira iragarkia ikusi dut ETBn: Ikasten.net hizkuntzan ikasteko plataforma, euskara barne. Hiru.com-en barneko zerbitzua da, bertora joan eta begiratu dut informazioan, 45 euro ez, hau debalde da bata! Egia da

Euskara21koak aipatu duena beste zerbait izango da orduan. Edonola ere, EJren eskutik euskara online ikasteko bi aukera (hirugarrenik ez badago behintzat).

Lehenengo erreakzioa. Baina hauek zer dabiltza? HABEren bidez BOGA kolokatzen digute, eta gero EJak berak debaldeko aukera zabaltzen du beste leku batean (eta beste sail baten esku seguruenik)? Prezioan halako aldea gainera! Lotsagarria, salagarria eta garri guztien parrastada...

Bigarren erreakzioa. Egunotan Hizpideren kontura bota ditugunak gogoan. Kontxo! Orduan euskara ikastea ez dago pentsatzen dugun bezain araututa. Debaldeko aukerak lehendik ere egon dira, baina orain administrazioa bera hasi da sustatzen. Eta aukera horiek debalde, eta libre. Beste zerbaitekin osatzeko modukoak alegia.

Ikaslearen autonomiaz sano jardun da azkenengo Hizpide horretan, teknologia aitzakia gehienetan. Hau da hau autonomia eta ikaskuntza konbinatua! Ikasi nahi duenaren esku aukera desberdinak jartzen hasi dira, berak aukeratu eta nahi duen modura konbinatzeko. Ez asko, egia esanda, baina egon badaude:

Adibidez. Ikasten.net-eko ikastaroa egin, praktika apur bat hartuta mintzapraktika egitasmoren batean sartu, bitartean lantzean behin han edo hemen dauden baliabideak eta ikasmaterialak erabili, hiztegia segapotoan kargatu, nonbaiten galdetu zalantzak, euskaraz zerbait irakurri, zerbait idatzi ere bai, euskaltegi edo zentroren batean ikastaro laburren bat egin, tailerren bat edo, doako ikastaroak bilatu... Posiblea da hau guztia une honetan, ezta?

Eta gu ultramodernook, PLE, ikaskuntza informala eta halakoak hemendik urte askotarako entelekiak bailiren, pentsatuaz interneteko webgune berri zoragarriren batek ekarriko dituela horiek guztiak (HABEri bonbila pizten zaionean akaso). Eta berton dugu uste dugun baino gehiago.

Ikas-paisaiarena gogoratu dut (ez dut ahaztu hobeto esanda). Eta ez da hori azken batean ikasteko ingurune soziala?  Ikasteko aukera ugari, eskuragarri eta norberak antolatzeko modukoak sustatzea eta eskaintzea? Ikaslea, irakaslea eta edukiaren arteko elkarreragina testuinguru, une, gune eta bide desberdinetatik jorratzea.

Eta Plistik dioen modura -erabat ados gure objektua den hizkuntza zein den eta zertarako ari garen jakinda- triangelu horri kubo itxura emanda, hiztunen komunitatearekiko elkarreragina gehitu, hau da, hizkuntza errealitatean erabiltzea ikasteko bidea eta gainera helburua ere badela aintzat hartzea. Ikasteko ingurune soziala emateko ezinbestekoa dela uste dut.

Baina muga batzuetatik harago joan behar da:

  • Ikastea = ikastaroa = erakunde homologatua  ikuspegia.
  • Ikaslea = matrikula ikuspegia
  • Hausnarketa hau guztia teknologia kontuetara (teknologia = ordenagailua = internet = autoikaskuntza kateara hobeto esanda) soilik bideratzea.
  • Ikasprozesuaren antolaketa = mailak = agiriak
  • Irakaslea = irakaslea
  • Ingurunea = ikastaldea / erakundea
  • Helduen euskalduntze-alfabetatzea = euskaltegiak
  • Euskaldunak = hori ez da gure ardura.
  • Euskara = kontu sinbolikoa

Eta zer egin daiteke bada? Une honetan badira bideak, lehen aipatu ditugu batzuk. Baina horrez gain, esaterako:

  • Ikasle eta irakasleen arteko komunikazio bide berriak ireki, ikastaroen mugetatik aparte. Adibidez, eta norberarengandik hastearren, euskara irakasle blogari-interneterook ikasi nahi dutenekiko kanalak jorratu.
  • Ikasteko baliabideen bankuak hobetu, ugaldu eta ireki.
  • Kontsultak eta aholkularitza puntualerako kanalak zabaldu.
  • Euskaldun ez irakasleen ekarpenerako bideak jorratu. Ideia tonto baina interesgarri bat ingelesez.
  • ...

Aukerak uste dugun baino eskurago daudela begitantzen zait.  Downes-ek dio errealitatea dela berrikuntzaren arerio nagusia. Baina orain esango nuke errealitateak berak dakarrela berrikuntza. Kontua da errealitatea ikusteko (edo ez ikusteko) erak daudela.

Irudia: e-Learning Interaction MatrixJason Rhode).

30
Ira
2008

San Jeronimo egunean

Ez, ez daukat lehengo estiloko egutegirik bistan, Andu Lertxundiren bidez jakin dut gaurko santua zein den, San Jeronimo Estridonekoa. Santua izateko zer meritu hark? Eliza katolikoaren aitetako bat izatetik aparte, duela gutxira arte Bibliaren itzulpen ofizialaren egilea izan zen Jeronimo, eta ondorioz, itzultzaileek (itzultzaile kristau-katolikoek suposatzen dut) euren patroi izendatu zuten.

Itzultzaileen eguna gaur beraz.Sinestun izan edo ez, bihoaz lehenengo eta behin zorion sentituak eta mereziak itzultzaileen kolektiborarentzat.

Elebidun edo eleaniztun guztiok gara itzultzaile neurri batean edo bestean. Hizkuntza irakasleok ondo dakigu, "Nola esaten da...?" bat entzunda dar-dar hasten garenean gehien bat. Eta ikaslea? Seguruenik hura izaten da itzultzaile ekinena, ezta?

"Baina nola esaten da erdaraz?" edo "orduan erdaraz X da, ezta" entzuten dugu sarri, zerbait euskara ez den beste hizkuntza batera arrimatu ere egin barik azaltzeko estrategien kopuru zabal baina urri horretatik aukera ia guztiak eginda. Eta ordaina? Itzulpena eskatzea. Ez zarete inoiz -zeuen artean baino ez bada ere- haserretu horrelako bat gertatuta?

Eta inoiz ez diozue zeuen buruari galdetu: baina zergatik ez diot itzulpena zuzenean emango ba? Zergatik irakatsi behar dut euskara munduan beste hizkuntzarik ez balego bezala? Erantzuna ez da argia izaten, akaso:

  • Ikaslea euskaran murgildu behar da, euskaraz bizi behar du
  • Beste hizkuntzak (ama-hizkuntza gehien bat) erabiltzea kalterako da, horrela ez du inoiz euskara ikasiko.
  • Euskaraz "pentsatzen" ohitu behar da.
  • Ikaslea euskarazko hitza ikasi beharrean erdarazkoaren geratzen da.
  • Edo beste barik...sententzia: "Erdara ezin da erabili" eta kitto! Euskaraz eta kitto, alegia.

Jeronimo santu itzultzailearen aldean, bada gurean itzulpenaren estigmatitazio moduko bat. Baliteke antzinako tekniken estigmatizazioarekin etorri izana, itzulpena hizkuntzak ikasteko baliabide klasikoa da nonbait, eta gu ikonoklastak izanda... Edozelan ere, uste dut gaur egun gehiengo batek onartuko lukeela itzulpena oso baliabide, estrategia edo teknika interesgarria dela hizkuntzaren ikas-prozesuan.

Formación ELE blogean adibidez, "retroversión" izeneko teknika proposatu ziguten lehengo egunean. Eta maila teorikoagoan sarean berton topa daitezke itzulpena erabiltzearen inguruko proposamenak eta gogoetak, hona hemen pare bat:

Gehiago ere egongo da, zerbait ezagutzen baduzue gomendatzeko modukoa, bota beldur barik.

Itzultzea Babelekotik aurrera pertsonen jardun eta ofizio naturala izan da seguruenik. Estigmatizatzea behintzat ez luke mereziko, ezta?

Ilustratzeko "I love Lucy" telesail zaharraren pasartetxoa:

28
Ira
2008

Tendentziak

Azkenengo Hizpide irakurtzen eta gainbegiratzen ibili naiz egunotan, tarteka eta gain-gainetik egia esanda. Gauza interesgarriak irakurri ditut, ez denak.

Azkenengo zenbaki honen lehenengo aipamena egin nuenean, txiste modura, artikulu egile guztiak oraingoan HABEko teknikariak direla erreparatu nuen. Baina gainetik irakurrita ere, horrek zerbaiten zantzua ematen duela konturatu naiz. HABEko teknikariak artikulu hauek idaztea ez da seguruenik kasualitatea edo honetarako hartu duten berariazko lana, egiten ari diren lanarekin lotuta egongo da, eta, ondorioz, HABEn zertan ari diren traza hartzeko bidea emango digute akaso.

Lehenengo inpresioa:

Moodle. Ikasten gunea antolatu dute. Bistan da Moodle-i etekina atera nahi diotela. Halaxe igarri dut Mari Jose Lasheras eta Agurne Aizpitarte eta Natxo Guillénen artikuluetatik: Ikaskuntza konbinatua: gaia zertan den eta Web semantikoa eta sare sozialak hizkuntza ikas-irakaskuntzan hurrenez hurren.

Lehenengoan ikaskuntza konbinatua edo bLearning-i buruzko azalpen ona izan liteke, eta horretaz interesa daukanarentzat abiapuntua izan daiteke artikulua. Edozelan ere, aurrez aurreko jarduna osatzeko baliabide eta aukeren zerrenda moduko bat falta izan dela uste dut, denak Moodle-en amaitzen duela ematen du.

Beste artikulua apur bat nahastosoa suertatu dela begitandu zait. Web semantikoa, sare sozialak... gero wiki eta blogetara bueltatzen da, web2.0ra alegia. Kontzeptu horiek guztiak ez dira erraz definitzen, are gutxiago teknologia kontuetan aditu-aditu ez denari, baina artikuluan dagoen porrusaldarekin ez dut uste ez argitu ez interesa piztu denik. Edozelan ere, deigarriena egin zait Moodle sare sozialetan sartzea. Kontzeptua zabal-zabala eta lausoa da, baina orain arte gutxitan ikusi dut Moodle-en aipamenik sare sozialez jarduten denean. Bitxia behintzat, edo zer egosten ari den adierazgarria ere izan liteke. Moodle-en dena amaitzen den sentsazio antzeko bat berriro.

Teknologia tentuz aplikatu. Luis Mari Txabarrik artikulu bitan jorratu du IKTen aplikazioa. Triangelu didaktikoaren kontzeptuan hartu du oinarri uneoro. Azken ondorioa, teknologiarekin ez itsutu eta gogoan hartu pertsonek ikastea dela kontua. IKTen erabileraren arrisku pedagogikoez ohartarazi  nahi izan duela begitandu zait, eta elkarreragina, autonomia, oinarri pedagogikoez jardun du luze. Teknologiaren liluraren arriskuez sarri jardun da irakaskuntzan eta hizkuntzen irakaskuntzaren mundua. Egia da euforia moduko bat dabilela sasoi honetan, hala ere, ez dakit zehazki honek zer ekarriko duen gurera. Azken aipuak utzi nau pentsatzen:

Eskatzen du, azken batean, gure kurrikuluaren oinarriak berraztertzea.

Ez dakit honi zer interpretazio egingo zaion zehazki. Teknologiak azkenotan sortu duen zurrunbiloari aterkina jarri eta tentuz ibiltzea akaso. Dena dela, teknologia dabilen abiadurari ausardia apur batekin erantzuten ez bazaio, atze-atzean eta gaindituta geratzeko arriskua ez da txikia.

Testua eta diskurtsoaren azterketa. Pello Esnalek Kontaketa, azalpena eta preskripzioa: sekuentzia nagusiak-en aspaldi jorratzen dabilen bideari ekarpen berria egin dio. Testuaren pedagogia, diskurtsoaren analisia, testuaren arkitektura  eta ingurukoak. Duela hiruzpalau urte 4. mailan hasi da ezartzen eredu hau, eta egingo nuke asmoa dagoela ikasprozesu osora zabaltzeko. Beharbada, gakoa testuaren analisia bera zelan egin baino, horri i(ra)kas-jardunera ekartzeko eredu baliagarria aurkitzea da. Zalantza daukat gure ikasle tipoak zelan erantzungo duen diskurtsoa eta testua aztertzeari begira jarritako jardunbideari. Edozelan ere, irakasleontzat baligarria da duda barik, baina hortik etor daitekeenerako prestatu beharko da, badaezpada.

Nire barruntoak honaino ailegatzen dira. Irakurri duzuenok (eta ez duzuenok ere bai) zer barruntatzen duzue ari dela egosten Donostiako Vitoria-Gasteiz kalean.

27
Urr
2007

Galderak eta erantzunak

Plisti-plasta | 2007, Urria 27 - 19:27

“Zazpi galderaz egunian, asko jakiten da astian”

Egunotan, ikasteko erabiltzen dudan Bloglinesi esker, Redes saioko pasarte labur baten berri izan dut eta ,egia esan, gogoan mamurka dabilkit. Onena ikustea izango duzue eta, ondoren, bideoaren barrunbeari egingo diogu begiratutxoa.

Hona pasarte honetan agertzen diren ideia nagusiak eta berauei buruzko komentariotxo bana.

Ezagutzaren igorpenean funtsatutako sistemak porrota eta frustrazioa ekarri ditu. Egungo sistema antzinako ideietan sustraituta dago, esperimentazioan eta hausnarketan oinarritutako ikasketa prozesu naturaletik urrun.

Ezaguna da paradigma berria irakaskuntzan baino gehiago ardazten dela ikaskuntzan. Eta ikasi eginez ikasten dela. Betiko adibidea jarriko dugu: auto-eskolakoa, alegia. Ziur nago zuetako edonork gidabaimena atera berritan baino hobeto gidatzen duela gaur egun , hau da, erabilerak ikasarazi dizuela. Baina zuetako zenbatek gaindituko luke azterketa teorikoa? Gutako zenbatek gaindituko luke selektibitatea?

Heziketa sistemak ikasle guztiek ahalik eta denbora laburrenean gauza berberak ikastea du helburu.

Guri ere honelako zerbait gertatzen zaigulakoan nago. Badakit hizkuntzen irakaskuntzan badirela zenbait eduki ikasle guztiek ikasi beharrekoak: mekanikaria ala medikua izan. Baina gure ikasleak hizkuntzaren erabilerarako prestatu nahi baditugu, pertsonalizazioari ere ekin beharko diogu. Ez dagigula gerta euskaltegietan ikasten denak bizitza errealean (norberaren lanean...) ezer gutxi balio izatea. Egun ikasle guztiak leku berera daraman trenaren bagoi bakarrean sartzen ditugun susmoa daukat.

Mende askotan ezer-gutxi aldatu da irakaskuntza.

Zalantza egin dut “gutxi aldatu da irakaskuntza” ala “gutxi aldatu da ikaskuntza” jartzearekin. Egia esan, biak ala biak dira gutxi aldatu direnak. Horretan irakasleona ere bada ardura, ezen ikaskuntza-irakaskuntza asimetrikoa planteatu baitugu etengabe, gure botereari, nagusitasunari, eutsi nahian.Batera ala bestera, gutxi aldatu da eskuarki. Berrehun urteotan lotan egondako irakaslea gure ikasgela batean sartuz gero, lasai asko hartuko luke klariona eta bere ezagutza igortzeari ekin. Ikasleak ere antzeko papera jokatuko lukeelakoan nago. Berdin gertatuko ote litzateke sendagile baten kasuan, adibidez?

Erantzuna da giltzarria (azterketak...) Gizarteak erantzuna lehenesten du (telebistako lehiaketak... adibide). Oraindik ere garrantzi handia ematen zaio memoriari. Baina honek ez du aurrerabiderik. Informazioaren gestioan makinek duten zeregina areagotu egingo da. Erantzunaren balioak gainbehera egingo du galderaren balioaren mesedetan.

Hauxe dugu bideoaren muina, tesia. Ukaezina da darabilgun sistemak erantzunari ematen diola sekulako garrantzia, produktuari prozesuaren kaltetan.Eta ez gainera edonolako erantzunari, erantzun konbergenteari (irakasleak edo programa informatikoak aurreikusitakoari), baizik. Erantzun dibergenteak (aurreikusi gabekoak, ataza irekiak...) paper txikiagoa du, besteak beste, sistemari giza-baliabide eta koste ekonomiko handiagoa ekartzen diolako.

Galderei dagokienez, sarritan, ebaluatzeko erabiltzen ditugu, ikasi beharrekoa ikasita dagoen baieztatzeko eta ez ikas-prozesuaren osagarri garrantzitsu lez (hausnarketarako...).

Egia da, azken urteotan galderok prozesuan txertatu ditugula gero eta gehiago, baina iruditzen zait ikasleengandik sor daitezen dinamikak abiatu beharrean, guk geuk edo ikasmaterialek egiten dituztela galdera horiek.

Kontu honetan, beraz, batetik, oreka handiagoa bilatzearen aldekoa naiz: galderen eta erantzunen artean, produktuaren eta prozesuaren artean, galdera konbergente eta dibergenteen artean. Eta bestetik, ikasleak berak galderak sor ditzan dinamikak sortu behar direlakoan nago.

Horiek horrela, kontuz ibili behar dugu penduluarekin; zaleak baikara ezkerretan zegoena eskumatan utzi eta desorekak sortzen. Nire ustetan egia da neurri batean bideoak dioena: burmuina baino biltegi hobeak izango dira ordenagailuak. Beraz, makinak hobekien egiten dakiena egin behar du eta gizakiak, berriz, informazioa pilatzen baino berau eskatzen, baloratzen, filtratzen eta erabiltzen jakin behar du (oraingoz horretan hobeak gara, zorionez).

Baina ideia orokor bezala egokia den honek hizkuntzaren ikaskuntzan baditu zenbait ñabardura. Ezen memoriarik gabe eta ezagutzarik gabe ezin baita hizkuntza erabili. Hizkuntza nolabait esatearren sistemaren barne-memorian dago .

Abokatu batek ez du ez dakit zenbat legeren formulazioa ikasi beharrik, ordenagailuak emango dio hori, beste trebetasun batzuk garatu beharko ditu dudarik gabe baina hizkuntza ikasle batek ezinbesteko du konpetentzien upela beteta izatea eta horretarako ezagutza eta memoria ezinbesteko izango ditu.

Adimen artifizialak heziketa ingurune berria ahalbideratuko du. Bertan esperientzia birtualak bizi ahal izango dira eta ikaskuntza praktikan oinarrituko da.

Badakit zuetako askorentzat zientzia-fikzio ukitua duela esaldi honek baina nik neuk ez dut zalantzarik. Horrela izango da eta ez luzera jota gainera (hor ditugu: Second Life, My world proiektua etab.). Gainera, honek ikaskuntza paradigma aldatzeko bide ez ezik, zenbait aukera berri eskainiko dizkigu hainbat arlotan (ikaskuntza kooperatiboan; ikaskuntza formalaren eta informalaren uztarduran; edukietan ez ezik, harremanetan oinarritutako ikaskuntzan...).

Adibide bakarra emango dizuet. Xabier Imaz ikasleak bere zaletasunei buruz aritzeko mintza-lagunak izan nahi ditu. Bere herrian, Sestaon, ez du txirrindularitzari buruz euskaraz aritzeko mintza-lagunik aurkitzen eta Second Lifera (jarri nahi duzuen izena) jo du. Bertan, Elgoibarreko eta Zornotzako lagun batekin aritzen da eta, gainera, igande honetarako ibilalditxoa ere prestatu dute. Hain ezinezkoa iruditzen al zaizue?

Beno, nahikoa da , bi minutu pasatxoko bideo batek bi ordu pasatxoko lana eskatu dit eta. Baina aizue, bidean ikasi egin dut, galderak egin dizkiot neure buruari eta erantzunak bilatzen saiatu naiz. Ez da gutxi. Banoa Xabier Imazekin bizikletaz ibilalditxoa egitera.

Sindikatu edukia