30
Ira
2008

San Jeronimo egunean

Ez, ez daukat lehengo estiloko egutegirik bistan, Andu Lertxundiren bidez jakin dut gaurko santua zein den, San Jeronimo Estridonekoa. Santua izateko zer meritu hark? Eliza katolikoaren aitetako bat izatetik aparte, duela gutxira arte Bibliaren itzulpen ofizialaren egilea izan zen Jeronimo, eta ondorioz, itzultzaileek (itzultzaile kristau-katolikoek suposatzen dut) euren patroi izendatu zuten.

Itzultzaileen eguna gaur beraz.Sinestun izan edo ez, bihoaz lehenengo eta behin zorion sentituak eta mereziak itzultzaileen kolektiborarentzat.

Elebidun edo eleaniztun guztiok gara itzultzaile neurri batean edo bestean. Hizkuntza irakasleok ondo dakigu, "Nola esaten da...?" bat entzunda dar-dar hasten garenean gehien bat. Eta ikaslea? Seguruenik hura izaten da itzultzaile ekinena, ezta?

"Baina nola esaten da erdaraz?" edo "orduan erdaraz X da, ezta" entzuten dugu sarri, zerbait euskara ez den beste hizkuntza batera arrimatu ere egin barik azaltzeko estrategien kopuru zabal baina urri horretatik aukera ia guztiak eginda. Eta ordaina? Itzulpena eskatzea. Ez zarete inoiz -zeuen artean baino ez bada ere- haserretu horrelako bat gertatuta?

Eta inoiz ez diozue zeuen buruari galdetu: baina zergatik ez diot itzulpena zuzenean emango ba? Zergatik irakatsi behar dut euskara munduan beste hizkuntzarik ez balego bezala? Erantzuna ez da argia izaten, akaso:

  • Ikaslea euskaran murgildu behar da, euskaraz bizi behar du
  • Beste hizkuntzak (ama-hizkuntza gehien bat) erabiltzea kalterako da, horrela ez du inoiz euskara ikasiko.
  • Euskaraz "pentsatzen" ohitu behar da.
  • Ikaslea euskarazko hitza ikasi beharrean erdarazkoaren geratzen da.
  • Edo beste barik...sententzia: "Erdara ezin da erabili" eta kitto! Euskaraz eta kitto, alegia.

Jeronimo santu itzultzailearen aldean, bada gurean itzulpenaren estigmatitazio moduko bat. Baliteke antzinako tekniken estigmatizazioarekin etorri izana, itzulpena hizkuntzak ikasteko baliabide klasikoa da nonbait, eta gu ikonoklastak izanda... Edozelan ere, uste dut gaur egun gehiengo batek onartuko lukeela itzulpena oso baliabide, estrategia edo teknika interesgarria dela hizkuntzaren ikas-prozesuan.

Formación ELE blogean adibidez, "retroversión" izeneko teknika proposatu ziguten lehengo egunean. Eta maila teorikoagoan sarean berton topa daitezke itzulpena erabiltzearen inguruko proposamenak eta gogoetak, hona hemen pare bat:

Gehiago ere egongo da, zerbait ezagutzen baduzue gomendatzeko modukoa, bota beldur barik.

Itzultzea Babelekotik aurrera pertsonen jardun eta ofizio naturala izan da seguruenik. Estigmatizatzea behintzat ez luke mereziko, ezta?

Ilustratzeko "I love Lucy" telesail zaharraren pasartetxoa:

Erabat ados

Iñaki Calvo (ez da egiaztatu)-(e)k 2008, Urria 1 - 08:59-(e)an bidalia.

Ene iritziz, diozuna erabat zuzena da. Nik hizkuntza berri bat ikasten aritu naizen bakoitzean, hizkuntza berria ordura arte erabiltzen nituenekin erlazionatzen saiatu naiz, bai maila lexikoan bai gramatikalean.

Adibiderik freskuena alemanarena dut, udan hasi bainintzen hizkuntza hau ikasten. Eta ikastaro hau egiten ari nintzela, eskola-eguneroko bat idatzi nuen. Orain testu horren azterketa sakona egiteko momentua heldu zait (nire masterreko ikerketa nagusia egiteko) eta gauza asko topatzen ari naiz. Eta ikasteko erabiltzen ditudan estrategiei dagokienez, garrantzitsuenak itzulpena eta hizkuntzen arteko erkaketa -baita hizkuntza beraren barnekoa ere- direla ageri da. Nire kasuan, hizkuntza baten ikasketa eta itzulpena elkarrekin doaz, prozesu natural lez. Eta ez dut uste nire kasua inolako salbuespena denik...

Beraz, argi daukat nire eskoletan ikasleen hizkuntzetara jo daitekeela. Ene ustetan ikasketa prozesuan lagungarri izan daitekeen oro zilegi da.

Nolanahi ere, beti bezala, arazoa oreka bilatzea da: ikasten ari garen hizkuntzaz gain, besterik erabili daiteke, bai; baina zein proportziotan? Ez da erraza. Eta taldearen arabera ere errekurtso hau zaila izan daiteke: ez da gauza bera ikasle guztiek amankomuneko hizkuntza bat badute, edo ez badute; eta kontuan izan behar dugu ere irakasleak zein puntutaraino menperatzen duen hizkuntza hori. Beno, azken hau ez da euskararen kasura aplikatzen, nire azkeneko taldean pentsatzen ari nintzen (atzerritarrei gaztelera irakasteko ikasten ari naiz eta nire azkeneko taldean ikasleek jatorri oso ezberdinak zeuzkaten; Japonia, Txina, Alemania, Errusia, Afganistan, Brasil, Irlanda, Korea, Ukrania, Ingalaterra, Italia, Maroko).

Beste hizkuntzak

Benito-(e)k 2008, Urria 2 - 20:14-(e)an bidalia.

Ez ezazu pentsa, Iñaki, gurean ere gaztelania edo frantsesa ez beste ama-hizkuntza dutenen taldeak agertzen hasi dira, ez dira gehienak, ezta asko ere, baina egon badaude.

Edonola ere, gure kasuan egon da urteetan ikaslearen ama-hizkuntza ahalik eta gehien saihesteko joera moduko bat. Alde batetik efektiboa izan dena: ikaslea sarri klasean xede-hizkuntza erabiltzera bultzatu izan du, eta horrela, oro har, trebetasunetan hobekuntza nabaria lortu izan da. Dena dela, beste aldetik, batzuetan halako paranoia moduko bat ekarri du, munduan erdararik ez balego bezala jokatzera eraman gaituena, eta kontestu horretan itzulpena bezalako teknikak ia baztertuta geratu dira, eta lastima da. 

Zuk ondo esan duzun modura, itzulpena eta ama-hizkuntzarekiko erkaketa hizkuntza-ikaslearen estrategia erabilienak dira. Konstruktibismo sakratuaren printzipioetara jota ere, halakoak ez genituzke gehiago baliatu behar?

Gauzak neurrian eta euren lekuan kalterik ez dute zertan ekarri.

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia